L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-2 (1985-urria) —Hurrengo artikulua




 

 

Gandiagaren «Denbora galdu alde»

 

Mikel Lasa

 

        Gandiagaren obra poetikoaren ildoan liburu hau parentesis bat da. Aurrekoak poeta batbederaren garapen eta agerpen besberdinak badira, egileak ez du hemen zuzenean produkto literario bar egiteko asmo zuzenik izan, liburuxka osoa bertso, poema neurtu edo librez eta prosa poetiko zatiez osaturik badator ere. Mintzaira poetikoa alabeharrez dario egileari, poeta izanik expresio-bide hori bigarren natura bezala erantsi zaiolako urteetan zehar eta agian orain, beste biderik ez du ezagutzen zerbait adierazi nahi badu.

        Poesia ez da liburu honetan exijentzi bat, are gehiago, exigentzi hori liburuko pasarte batetan esplizitoki uxatzen du Gandiagak.

        Liburu hau Gandiaga gizonak duela laupatbost urte jasan zuen malenkonia krisi baten lekuko eta aitorpena da. Krisiaren nondik norakoak eta leherketa xehetasunez jarrai daiteke aitorpen honetan zehar agertzen diren poetaren bizitzari buruzko oroitzapenetan, eta hori aski ez balitz, liburuan diagnostikoen fac-similetan.

        Jadanik klasiko bihurtu den liburu batetan (1) Tellenbach-ek tipo malenkoniatsuari dagokion ezaugarri nabarienak aipatzean honako zertzelada hauek azpimarratzen ditu: lehenik eta behin ordenuari atxikitako nortasuna agertzen du. Bere bizitza zintzotasunez eta beharraren konzientziaz harildua dago. Tipo malenkoniatsuak ez dio eginbeharrari sekula hutsik egingo. Zaletasunari emana dago bere bizitza; besteak ere halatsu ikusten dute bera. Hypernormala bezala agertzen da, beharrarekiko hypertrofiak laudorio eta ohoreari baizik bide ematen ez duelarik.

        Aipaturiko ezaugarri hauen pasadizoz beterik dator Gandiagaren liburua. Bere bizitzaren errepasoa egiten duenean eta bere nortasuna kupidegabeki irakurlearen aurrean bilusten, ezaugarri hauek behin eta berriro agertzen dira tema obsesibo gisan.

        Halabaina ordenuarekiko atxikikortasun horrek hautskortasun edo frajilitate moduko zerbait sortarazten du, eta gero, halako batean, gertakizun itxuraz ez funtsezko batzu direla medio, suntsipena dator, ilusio galtzea; begirada fixaturik gelditzen da urrunera begira zer edo zer gerta edo nor edo nor ageri zai, ala Gandiagak berak dionez «begien pareko murru arre eta iraganezin» bati buruz buru; aurrean agertzen zaion paisaia desertu baten pareko da, waste land bat, argi saturniar batez doi argitua; isiltasuna inguratzen zaio, apokalipsiako isiltasuna prefiguratzen duen Leizarragaren «silenzio egin zedin» hura.

        Malenkonia hitza grekoek finkatu zuten, Aristotelek tipo malenkoniatsuaren paradigma jenioen malenkonian ikusi zuen. Harrez gero, renazimendu garaian batikbat, malenkonia jenioen figurari erantsi zaio. Bere bizitzaren azken urteetan etsipenean erortzen delarik, Michelangelo zaigu Aristotelen ideia enkarnatzen duen jenio malenkoniatsuaren figura erreala:

        Bere ingurukian muina bezala, nago isolaturik, pobere, bakarti, ardoaren ispiritua boteilaren baitan...

        Malenkonia dut adiskide, ene tormentuak elikadura zaizkit. Maitasunaren garra itzalia da, arima xahutua...

        Eta Durer-ek garaia beretsuan, eman zion Malenkonia ideia honi dagokion eite plastikoa burilaren zehatztasun hotzez, Melancholia izenez ezaguna den grabatuan. Bertan azaltzen den figura nagusia, aingeru-damak, jenio kreatzailearen ispiritua sinbolizatzen du, lanaldi prometeikoaren buruan etsiturik eta unaturik sentitzen denean amaigabeko mundu informeari so. Bere alboan agertzen diren irudi geometriko hutsak, poliedros eta esferak, informeari forma eta zentsua emateko jenioak duen grinaren sinboloak dirateke; emaitza urria, egiteke dagoenak ez baitu mugarik, eta bere perfekzio irrika ase ezina denez, etsiturik dago. Eskena guztia, grabatuaren gainkaldean, ortzemugan kokaturik agertzen den Saturno (malenkoni kreatzaile emailea) planetaren argi goibelez blaiturik datza.

        Malenkoniaren ideia filosofiko eta literario hau agian ez da idealizazio eder huts bat baino, eta ez du zer-ikusi haundirik gizakume arruntak paira dezakeen malenkoni krisiarekin. Liburu honetan ere malenkonia ez da inolaz ere haundinahiko giro tragiko batetan inguratua nabaritzen. Halabaina egilea poeta bat denez, alde honetatik liburu honi darion oinaze ankerrari, malenkoni idealizatuaren giro tragikoa hondoko teloe gisa ipintzeari eder eritzi diot.

        Gandiagaren prosa poetikoaren erakusgarri bezala, Denbora galdu alde liburutik krokis miragarri hau aukeratu dugu:

        Behin batean bazen gizon bat, denbora joaten ikusten zuena. Gizon hark erreka bat ikusi zuen behin, uholde-egun batez. Uharreak zeramatzan errekak harro eta azkar. Uharretan edotariko zaborrak zekuskien gizonak: belar, orbel, egur-zati eta abar. Bazekusan sasi-aihen luze bat ere. Erreka-ertzean ondo sustraitutako aihen bat zen, zurtoina errekaz kanpo zuen, baina punta uretan sartua. Puntara begira, sasia uraren abiadan zihoala zirudion. Halaxe zeragiten eragin ere ufalek, baina zurtoinera begiratzen bazuen, sasia lehengo lekuan zegoen beti. Sasi-puntarena ikusgarria zen, urak eraman eta zeramala irudi bait zuen alde batetik, eta bestetik, orain kateatzen zuen zabor bat eta gero beste bat eta galdu ere halaxe zituen galtzen zaborrak. Gero sasia begiratzeari utzi eta ufalei begira jarri zen. Edotariko zaborrak zeramatzan errekak, eta zaborrei eta ufalei begira zegoela, berari ere joan zihoala iruditu zitzaion ikuspen hark sortzen zion zorabioa bide. Burua zeramakion urak, baina oinak betiko erreka-ertzean zituen beti. Eta sasi-aihenaren fenomenoaz oroitu zen eta harengan obserbatu zuen fenomeno harekin erlazionatu zuen bere fenomenoa, ez orain jadanik errekara begira, denborari begira baino.

 

        (1) Tellenbach, La mélancolie, P.V.F. Paris 1979.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.