L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-2 (1985-urria) —Hurrengo artikulua




 

 

Arantxa Urretavizcaya

Aspaldian irakurrita zaitudalako ez naiz kontentu geratu

 

Begoña del Teso

 

        Zergatik Panpox denok irakurri dugun liburua izan da. Euskalduntzen ari ginenok motibo ugari genuen erosteko, merkea, motza eta esaldi sinple dituen liburua zen, geroxeago lehengo orriak pasatzean zerbait garrantzitsuagoa nabaritu genuen, Zergatik Panpox literatura zen, euskera mardul eta bizia kurritzen zen esaldietan zehar eta ageritan geratzen ziren sentimenduak egiazkoak ziren eta ez plastikozkoak euskaldun berrientzako egindako hainbeste liburuetakoen antza. Arantzaren obrak euskal literaturaren ateak ireki zizkigun askori.

        Beranduxeago, edozein ikastaro batetan, Panpoxerekin egin genuen topo berriro eta ez merke eta motza zelako, ez; oraingo arrazoiak «sakonagoak» ziren; barnebakarhizketa, joera barnerakoia, emakumezkoen literatura. Hitz guzti horiek ez zuten estaltzen lehengo irakurketak sortu zigun iribarre mingotsa.

        Ilusioz jaso genuen urrengo liburua, Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekulan bakarrik. Bide beretik zihoala ikusteak ez gintuen harritu, zergatik ez? 3 istorio, 3 emakume, 3 bihotz min. Sentimenduak, beti sentimenduak...

        Bainan aurki ikusi genuen zerbait estrainu gertatzen zela, zela ala hobe esanda, zitzaigula, ala apika, zitzaiola... Lehengo liburua berria zen, guztia erdoildua, zaharkitua agertzen zen gure begien aurrean; ezin urrundu «déjà vu, déjà lu» inpresio desatsegina.

        Halare mailaketa bat ezarri dezakegu 3 istorioen artean; lehengoak zure jakinmina sorarazten du, horrek bultzaturik orriak pasatzen dituzu, alferrik, bukaera dator eta hutsune bat besterik ez duzu sentitzen; buruan galdera bat darabilkizu: Nola borobildu narrazio motz bat?

        Bigarrena ez dago lehengo pertsonan kontatua, bainan kontatzaileak guk bezain gutxi daki (Badakit bai hau guztiz zilegi dela gaurko narratiban bainan...) Goian planteatutako galderak ez zaitu uzten. Zergatik geratzen da beti motza narrazio motza? Istorio horrek askoz gehiago eman zezaken kontua zera da, norbaitek atera beharra dagoela.

        Hirugarrena ahulena da eta gaia ezagunegia, munduan izan diren literato, zinegile eta abeslari guztiek erabilia (La señorita de Trévelez, Calle Mayor, Solterita me quedé...).

        Zergatik Panpoxen agertzen zen emakumea zaharkitu zaigu, luzaroegi bizi da penatan eta bere azalak ez du haize freskoaren ukitua sentitu.

        Zaila da bihotza behin ukitu ziguna berriro erabiltzea, zaila dena esanda dagoenean zerbait gehiago esatea, arriskutsua, asko gainera gai zahar bat pintzelada batez gaztetzea. Errez usteltzen dira sentimenduak, are errezago behin aurkitutako altxorrean kokatzen badira.. .

        Dudarikpe, Aspaldian... Zergatik... baino landuago dago, ados, bainan lantze horrek bizitasuna kendu dio, lehengo liburuan idazlearekin ahaztea posiblea zen, honetan, personaiak bere maskarak besterik ez dira.

        Zergatik... emakumeak idazteko premia sentizen du ala bururatutako guztia jartzen zuen paperean, Aspaldian... idazleak lan literario bat burutu nahi izan du. Arantxa Urretabizkaiak xenda bat ireki zuen behin eta xenda beretik abiatu da, tamalez, xenda hori, tangoarena bezala osto ustelduaz dago estalia.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.