L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-2 (1985-urria) —Hurrengo artikulua




 

 

Patxi Perurena Loiarteren

Joannes d'Iraolaren poema bilduma

 

Felipe Juaristi

 

        Euskal poesiaren barruan norbaitek atea ertirekita utzieta haizeak gogor jo duela diote; harria harea bihurtu dela dio Jon Cortazarrek. (Aresti versus Atxaga). Horrelako baieztapen batekin segituz esan dezakegu esan gaurko euskal mundua hondartza luzea dela eta Etiopia, izenak ezkutatzen duena, harea ezberdinezko bederatzi zirkuluk inguratzen duten harealdea. Poesiaren majia, hitza, harea bezala behatzen artetik isurtzen da, basamortu bakartia. Akorde askotako espresiobidea hitz baten leuntzea epitafio modukoa idaztea dela iruditzen zait «Praka handi» harrijasotzailea goian bego... edo eskola-kumeentzako testugintza Etxahun, bertsolaria. Denok ados jarriko ginateke berehala, eztabaidatuz gero, errealitatea konplexua dela, ezin dela egunkarietako orrialdeetan kabitu; baina poesia, badirudi hitz gutxi batzutan, ia monosilaboetan laburtu daitekeela. Aipatzen ari naizenak agian badu zerikusirik ondoren datorrenarekin, eta ez badu, ez zait ajolarik. Asturiasen poeten batzarrean esandakotik datorkit burura. Dena den, gogoratzekoan gogoratuko nioke edozein kritikori (eta neure buruari) Annie Hall izeneko pelikulako eszena bat. Intelektual batzuk (garbi dago filmean intelektualak direla) zinemarako txartelak erosteko iladan Mac Luhan-i buruz ari dira eztabaidan, Mac Luhan-ek hau eta hura esaten duela. Eta iladatik nor sortuko? Mac Luhan bera noski, eta zuzentzen zaie intelektualei esanez «zuek ez dakizue ezer nitaz». Askotan gerta daiteke. Gerta daiteke ere alderantzizkoa, kritikoak kritikatua denak baino gehiago jakitea kritikatzen denari buruz. Badakit hitz jokoa dela baina gertatzen da.

        Honenbestez aitortu behar dut ez dakidala ezertxo ere Patxi Perurena Loiarteri buruz. Bere bizitzaz eta beste xehetasunez nire ezjakintasuna Gobi desertua baina handiagoa da. Joannes d'Iraolaren poema bilduma besterik ez dut ezagutzen eta detektibe bati utziko diot Joannes d'Iraolarengandik Patxi Perurena aurkitzeko bidea. Nahikoa dut poematan utzitako arrastoak arakatzea.

        Fernando Pessoak edo Ricardo Reisek (ez dakit non hasten den bata eta non amaitzen bestea) poesia metafisikoa ez legezkoa dela dio, poesiaren oinarria sentimendua bait da eta metafisikarena pentsamendua (arrazoiaren ekintza). Zentzurik ez duen eztabaida da nire eritziz, aspaldidanik bait dago planteatuta eta eskolak sortzeko besterik ez du balio izan. Ez da horren erraza sentimendua eta pentsamendua bereiztea. Patxi Perurenaren liburua esistentzialista da, Heidegger-ek esistentziari ematen dion zentzuan «heriotzarako aurretik ikusitako martxa». Eta martxa horretan ikus dezakegu gaua eguna estaltzen, etsipenak esperantza amiltzen, tristurak pozaren izpiak lainoz betetzen; eta heriotza: «herioa baita soilik / libertadeari eskua / luzatu nahi dion / azken amildegi izua» (1). Lortezinak dira benetan zoriontasuna, libertadea, lasaitasuna. Liburu pesimista. Nonahi agertzen zaizkigu ezerezaren sentimendua, bizitzaren noraeza. Azkenean ez da ezer geratzen, ezta esperantza ere: «Ah. badea esperantzarik ordea?» (2). Ezer ez, ezer ez geratzearen hutsunea betetzeko. Sentimendua eta pentsamendua bat egiten dira liburuan zehar. Poesia metafisikoa.

        Azken bolada honetan poema esistentzial ugari azaltzen ari zaigu letren artean. Ohargarri eta aipagarria da. Gazte izatearen eragina? Beharbada. Ala heldutasun seinale? Zergatiz ez? Heriotzaren gaia betiere tratatua izan da. Zein poetak edo idazlek ez du idatzi bizitza, heriotza, minari buruz eta abar. Heriotza beti egon da presente. Askotan obsesiboki. Errealitatearen islada? Errealitate aurreko sentimendua? Nola jakin? Errealitatea galtzen bait da poetaren baitan. Hala ere seinalagarria da azkenaldi honetan heriotza gaiak indarrez eta beste modu batez egin duela agergena: poeta heriotzaren aurrean ikusle, espektadore.

        Zerbait esan behar dut formaz ere. Liburuak baditu hartzekodunak, batez ere Joseba Sarrionaindia eta Jon Mirande. Hizkuntza landu eta kultoa, beste Joannes bati, Leizarragari gustatzen zitzaion bezela. Eta itsaso ahantziarena lehendabizi idatzi zuena. Eta ondo dago, berriak ez bait du ezer balio aurrekoarekin zerikusirik ez duenean. Hala ere hipoteka ordain ezinean erortzeko arriskua dago holakoetan. Eta hortik aurrera hondamendia. Etxe osoa harea bihurtzeko.

 

        (1) Joannes d'Iraolaren poema bilduma 49 orr.

        (2) Idem 61 orr.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.