L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-2 (1985-urria) —Hurrengo artikulua




 

 

Nadine Gordimer:
Zuri-beltzeko munduan koloreen bila

 

Nerea Azurmendi

 

        Johannesburg-etik 50 bat kilometrotara zegoen Springs zelako hiriskan jaio zen 1923an Nadine Gordimer ingeles jatorrizko bitxigile sendi batetara. Artean, hamar urte besterik ez zituen oinarrizko ideologitzat zurien nagusitasun diskutiezina zuen alderdi nazionalista, eta hogei bat pasatuak ziren «boer»en azken gerra amaitu zenetik. Urre-mehaztegi baten ondoan bizi zen famili hartan jaiotako umeak Lettie izeneko beltz lodi baten magala beti irekita zeukan bere atsekabeak babesteko, eta hiria inguratzen zuen «veld» zabalean «afrikaner»ak bizi omen ziren —haiek baserritar trakets eta fanatikoak...—, baina berak ballet dantzari izan nahi zuen. Bederatzi urte zituela, ordea, eskenatokiak Springs-etik oso urrun zeudela iruditu zitzaion, eta idazteari ekin zion. «Idazten hasi nintzenean, politika zer zen ere ez nekien. Idazle guztiek bezala, mundua ulertu ahal izateko idazten nuen».

        Hogeitasei urterekin unibertsitatea utzi eta seriotasun piska batez idazteari ekin zionean, ordea, berak ulertu nahi eta behar zuen mundua uste baino konplikatuagoa zela ikusi zuen. Garai hartan idatzitako lehenengo nobelan zuri baten eta beltz baten arteko adiskidetasun ezinezkoa erabiltzen du gaitzat... Sufritu ondoren idatzi. Orduz gero, hamalau bat liburu kaleratu ditu Nadine Gordimer-ek, sari ugari eskuratu, bi zutaberen gainean eraiki bere idazlana: «Gaitzaren aurkako borrokan ezin dezakegu amore eman. Eta hemengo gaitza appartheid-a da».

        «Nik ez dut sekula obra politikorik egin, ez eta moral kutsukorik ere», aitortzen du. Naturalistaren zehaztasunez, edozein federen jabe denaren lasaitasunez, aparteko sentsibilitatea duen pertsonaren sarkortasunez, probintzietako hiri txiki batetatik mundu zabalera irtendako gazte baten kuriositatez..., suertatu zaion mundua ezagutzeari ekin zion Nadine Gordimer-ek.

        Honetarako ez dago panfleto eta sermoien beharrik. Deskribaketa aseptikoena nahikoa da. Bestalde, bere obretan «zuri sermolariei» eskaintzen dien unea ez da erosoegia. Kontzientzia usteldutik sortzen den militantismoari ez dio errespetu handirik Nadine Gordimer-ek. Baina bere deskribaketak ez dira aseptikoak, maisuak baizik: aberatsak, neurtuak, humoretsuak zenbaitetan, koloretsuak baina kontrolatuak... Bere begi zuriek erakusten diotena baizik ez digu erakusten. Mundua ulertu nahi du, gutxitan ekiten dio mundua asmatzeari. Mundu hura aldatu nahi dutenen akzioak politikoak izan daitezke eta dira, baina Nadine Gordimer-entzat hori «akzioa» da, nobelagile gutxik bezala lantzen duen akzioa.

        Gaurreguneko V. Woolf baten aurpegi luze eta zorrotza duen Gordimer gezurretan harrapatzea ez da gauza erraza. Zuriak dira bere begiak, eta ez du aurretik kristal beltzik jartzen. Inguruan dituen gizakiak interesatzen zaizkio, baina badaki berak sakonean ezagutzen dituenak zuriak direla, eta ez du muga hau neurriz-kanpoko ausardiz hausten. Hau dela eta, Nadine Gordimer-en nobeletan benetako beltzak aurkitzea zaila da. Eskema bat, apunte bat izaten dira gehienetan pertsonai beltzak, azken batean bere arazoa zuriena bait da. Halere gutxitan erortzen da kasu hauetan errazak izaten diren tentaldietan: gehiegizko sinplifikazioak, mitifikazioak, folklorekeria. Ez da beltzen arimak salbatu eta gidatu nahi dituen misiolaria, ez eta berak asmatutako identitate bat eman nahi dien inspiratua ere. Beltzak beltza saltzeko gauza dira, zuriak bezala, zuriek beltzak infiltratzen dituzte beltzak espiatzeko, zuriak bezala, beltzek ahalegiktak egiten dituzte jabe zuria munduko irrifarrerik gozoenarekin engainatzeko, zuriek bezala, beltzak bakarka lortu dituzten «eskubideak» defendatzeko anaia salatzeko kapaz dira, zuriak bezala.

        Eta zuriek ezin guzti hau ulertu, ezin inguruaz jabetu, ezin mendetan beraiena izan den paisai hartan etxean bezala sentitu (adibiderik hoberenetakoa, 1974ean argitara emandako «The Conservationist» nobelaren protagonista (1)).

        Arazo guzti hauen ondorioz, eta idazle honen maisutzari esker, Nadine Gordimer-en nobeletan ez dago odolik, ez eta orroerik ere, ez dago zuri torturatzailerik, ez da trintxerarik aurkitzen..., gehien jota, sakoneko tentsio kontrolakaitza, idazlearen eskutik ihes egiten duten izpiritu definiezinak, bere azken nobelak dioenez, «Something out there», zerbait, hor nonbait...

        Nobela honetan, hirurogei urteren bueltan dagoen Nadine Gorditner-ek bere gabeziak birtute bilakatu ditu. Johanesburg-eko auzategi aberatsetan lehenik, hiri guztian ondoren, izaki ezezagun bat agertzen da noizbehinka, haurrak ikaratuz, txakurrak akabatuz, golf-ean ari direnak harrituz. Ba dabil zerbait, eta inork ez daki zer izan daitekeen. Ikerketak egiten dira, polizia mobilizatzen da, ez dago beste solasgairik Johannesburg-eko bileretan. Bienbitartean, handik urrun ez dagoen baserri batetan, lau gazte —bi beltz eta bi zuri—, beste zerbait prestatzen ari dira, auskalo zer izango den. Azkenik, elektrizitate zentral bat desegiten du lehergailu batek, eta baserria hutsik gelditzen da. Egun berean, tximino bat hilik agertzen da, tiroz joa: bera zen Johannesburg-ek bere tentsio guztiak justitikatzeko behar zuen mehatxu izugarria, gosez hilda eta galduta zebilen abere zahar bat. Nobela honetan bertan, baserrian isolatuta dauden lau lagunen arteko harremanak zailak dira. Neska zuriak ezin askotan ulertu gazte beltzen jarrera, beltzek ezin jasan zurien bizimodua: eta laurak borondate onez beteak, muga beraren atzetik dabiltzan borrokariak... Zer ez ote da izango tentsio hau gizarte mailan.

        Nadine Gordimer-ek ez du salbatzaile ala profeta konplexurik. Halere, 1981ean utopiak asmatzeari ekin zion «July's people» deritzan nobelarekin. Hego-Afrikako egoerak eztanda egiten du, eta beltzak jabetzen dira aginteaz. Zuriek hanka egin behar dute ahal duten eran, hura ez baita gehiago beraien herria. Smalestarrek, halere, hamabost urtetan beren zerbitzari izan den July-ren etxean inon ez zeukaten babesa aurkitzen dute, hiritik urrun dagoen herriska batetan. Mundua hankaz gora gelditu da, July morroiaren eskuetan ugazabaren bizitza eta etorkizuna. Urte asko egin ditu morroi bezala Julyk bapatean bere nortasuna eskuratzeko, eta, dena atzekoz aurre badago ere, nagusia da errespeto guztia merezi duena. Ez dago July-rengan mendeku egarririk, ez eta gutxiago ere. Beltzek ez diete zuriei beraiengandik jasotako tratamendurik itzultzen...

        Baina zenbaitetan, Nadine Gordimer-ek Hego-Afrikan jaio dela ahaztu egin nahi du. Eta «Something out there» liburuan Kafkaren aitak Franz-i idatzitako erantzun eskutitz miresgarri bat moldatzen du, urteek desegin dituzten kolorerik gabeko amodioak laztandu, amodiozko eskutitz zahar batzuk berpizten dituzten sentimenduak ferekatu...

        Azken batean, izakia da Nadine Gordimer-en obraren nagusi bakarra, izakia bait da ulertu nahi duen mundu horretan sartuko duen giltza bakarra. Hego-Afrikakoa bezalako egoera batetan, izakia bera eraldaturik agertzen zaigu, egoera estremoetan, giza-emakumeen portaera ere estremoa da. Nadine Gordimer-en pertsonaiak pertsona izan daitezen, egoera aldatu beharra dago, eta pertsonaz inguratua egon nahi du idazleak munduan eta bizitzan aurrera egiteko. Hego-Afrika dagoenik ere ez dakien edonork goza ditzake Nadine Gordimer-en lanak. Kanpotik datozkigun erreferentziak beste kutsu bat ematen diote irakurketari baina, funtsean, Gordimer-en nobelak kanpoko historiarik gabe ere tente eta zutik gelditzen dira, barnean bait daukate behar duten klabe-jokoa, literaturaren historian zehar idatzi diren lan handi guztiek bezala.

        «Zaharra hil da eta berria ez da oraindik jaio; tarte honetan gaitzaren sintoma sorta zahal bat sortzen da». Gramsci-ren hitzokin aurkezten du Nadine Gordimer-ek «July's people» nobela. Tarte honetan bizitzea suertatu zaio, gaitzaren sintomak inguratzen dute, itotzen dute, ito nahi dute. Nadine Gordimer-ek ez du bere jaioterria utzi handik at dorre zuri bat asmatzeko, ez dio bere idazle bokazioari amore eman. Dena aldi berean egin nahi izan du, bai eta egin ere. Beltzen artean, zuri, zurien artean traidore, Victoria erreginaren garaitatik datorkion zunzentasunak salbatu du Nadine Gordimer, eta zuzentasun berak salbatu du norbaitek «Johannesburg-eko Simone de Beauvoir» izendatu duen emakume honen obra.

        Agian, halere, Nadine Gordimer idazlea izango da Hego-Afrikako zentzugabekeriaren biktimetako bat.

 

        (1) «The conservationist» nobela «El conservador» tituluarekin argitaratu zuen iaz Tusquets argitaldariak «Andanzas» bilduman. 1966ean, Seix-Barral-ek «Un mundo de extraños» delakoaren gaztelerazko bertsioa kaleratu zuen eta Brugerak, 1978an, Nadine Gordimer-en nobelarik famatuenetako bat, «La hija de Burger» izenburuarekin.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.