J.M. Coetzee:
«Michael K...» edo apartheid denontzat
Juan Antton Zubikarai
Aurtengo maiatzean argitaratu da Frantzian J.M. Coetzee-k duela bi urte plazaratu zuen «Life and Times of Michel K» nobela. Aurretik «En attendant les Barbares» eta «Au coeur de ce pays» kaleratuak ziren, frantseseraz. Datorren urtean 1974ean idatzitako «Ternes de crepuscule» azaltzen denean, hamarkada honran Coetzee-k egindako lana, hots, lau nobela hoiek, mundu guztian literaturaren gehiengoa maniatzen duren bi hizkuntzetan hedaturik izango da. «Lurralde honen bihotzean», gainera, zinemaren itsasoetan sartua da, Marlon Hansel belgikar zinegileak liburu horren mamiarekin filma bar osatu bait zuen.
Sophie Mayoux-ek «Life...» titulu honren lautasun berberarekin aurkeztu du bere itzulpen garbi eta zuzena, «Michae. K, sa vie, son temps» izenburua eman diolarik nobela honi. Ba du itzultzaileak, beraz, Coetzee-ren hariari tenk egiteko intentziorik. «La vie et le temps de Michael K» batek, adibidez, Mayoux-ek ezarritako beste titulu horrek baino indar eta orijinalari begirune gutxiago zitekeen.
Funtsean biografia bat ez dela esango genuke. Are gutxiago norbaiten biografia bat, titulua salbuespen, bizitza horren jabetasunik inondik inora agertzen ez denez eta bai, alderantziz, pertsona baten izatea kanpoko eta barneko (baina barrukoa ez norberetasunez. iruntsitakoaren bidez) eraginez beretik estrainatua. Hain sinplea ez bada ere, militar eta polizial gizarte (?) edo sistema baten artetik bizitza edo ez-bizitza baten jardutea azaltzen da liburu hontan. Bidai luze baten kontakizunak betetzen du nobela honen lehen eta, bentaja haundiz, orritsuen den zatirik garrantzitsuena.
Nobelaren hasieran, Michel K eta bere ama Cap-etik Prince Albert-erainoko bidaia prestatzen ari direnean, agertzen da haren bizitzaren ezaugarri, edo hobeto esanda, eragile ezezagun horretariko bat: Michel-ek ez daki zergatik abiatu behar diren Prince Albert-era, bainan halako baten argi egingo zaiolakotan leporatzen du betebehar hori. Ordurarte ere antzerakorik gertatu zitzaion, Huis Norenius-en pasa bait zuen bere haurtzaro guztia amak arrazoi ilunen bat zuela baina inoiz argi egingo ziola pentsaturik. Absurdo baten dihoazkio, bada, Huis Norenius eta Prince Albert-en bitarteko ulertezinezko bere bideak. Are gehiago, bere ama hil ondoren, Prince Albert jarraituko da bere jomuga izaten, ez dakigu ez daki zergatik. Aurreko gogoeta baten agertzen zen: «Zertarako zegoen mundu hontan? Erantzuna aurkitu zuen, azken batean: bere ama zaintzeko zegoen mundu hontan». Gero amaren heriotzaren ondoren, Prince Albert-era heltzeko ahaleginak reductio ad absurdum esplikazioa besterik ez darama. Izan ere, norabide gabeko bizitza batetan absurdora berritzultzeak beste edozerk baino normaltasun gehiago erakusten du, kaosa erregelen aurretikoa bait da.
Normaltasunaren garantiarekin mugitzen da absurdo hori. Ez bakarrik pentsamenduaren edo arrazonamendu gabeziaren legeak horrela eragiten dutelako, baita gizarte deshumanizatu baten aginte eta joko biolojikoak ere hortara bideratzen du. Ba da legerik, usadioa lege bada. Nahitaez ezartzen ditugu guk ere K honen eta Kafkaren pertsonaiaren (agrimensorearen) artean paralelismoak. Hala, adibidez, K hori Administrazioaren baimenaren berri eskatzera dihoanean, trenerako erreserbak eskuan ditularik. Funtzionariak beti erantzuten dio gauza berbera: korreoz jakinaraziko diola berri hori. K horrek, ordea, ezin du berri hori bereganatu, bere helbidea kanpoan diren lagun batzuren postalekuan ezarria duelako eta kutxa horren giltzik ez izatean. Funtzionariak ezin dio bere paperari uko egin, eta K-ren irtenbide bakarra logikatik kanpokoa da: jokoari utzi eta beste bide bat hartu.
Arrazismoaren gainetik
Elkar jasan ezin duten plano bi horien esistentzia da eleberri honen sorburua. Bi horien arteko interakziorik ez da posible, agian, eta bietatik baten desegitea derriorrezkoa ikusten da.
Ez da interes kontrajarrien arteko borroka bat ere, eta, beraz, egileak ez du parte hartzerik. Esposizio soil batera mugatzen du bere lana, nobela hontan hainbat pasaleku, lehen pertsonan idatziak izanarren. Azken lekzio moralaren asepsia berarekin protagonista bera harrittzen da: «Nire errua sakel bakoitzean hazi bat, mota bakoitzeko ale bat ez edukitzea izan da» ... «Bainan hau al da historia guzti honen morala: denetarako badugula behar den denbora? Honela etorri behar al dira moralak, eskatu gabe, gauzen harira, gutxien uste denean?».
Idazlearen galderak historiaren zentzuari berari dihoazkio zuzen-zuzenean. Ba al dago beste historia bat egiteko ahalmenik? Indar sozialen aginduen ertzetik biderik ikusten al da beste jokamolderik, naturari berari dagozkion bizitza motarik aurrera eroateko posibilitaterik? «Lagun bat»-ek sinatutako eskutitz batean Michel K-ri salaketa hau igortzen zaio: «Zu bakarrik, zeure izar ergelaren gidaripean, ...paketik eta gerlatik kanpo... aintzinakoen erara bizitzera heldu zara, denboren harira joanaz, aroen agintepean, historiaren bidea ondar-ale batek ahal zitekeen neurrian aldatzeko ahaleginik ere egin gabe».
Historia inposatu hori denori zabaltzen digu oraingoan J.M. Coetzee-k. Eraiketa razional batetan behintzat, historiaren konprentsioa ezaupide edo birrezagutza semantikoetan datza. Baina derriorrezko historia horrek ez du semantikaren eraginetan bere oinarririk, erakunde artifizial batzuen (kasu hontan sistema poliziala edo militarra lekuko) arrazoiaren kontrako mekanikan baino.
«Michel K...» nobelan Coetzee-k bere aurreko «En attendant les barbares»en problematika partikularra gainditzen du, dudarik gabe. Lehengo hartan lurraldearen izenik aipatzen ez bazuen ere, tartetik ondo ikusten zen bere esanak Hegoafrikako arazoari lotzen zizkiola. «Michel K...» liburuan geografia arloan behintzat begizabal gabiltz: Cap, Karoo, Prince Albert..., baina ez da inoiz hor beltzen eta zurien arteko iskanbilarik agertzen. Gerla batek inguratzen du dena, ez dakigularik ze koloretan astintzen diren batzuk eta besteak. Bazirudien lehenagoko nobela hartan biolentziaren agerraldiak ere konkretuagoak zirela. Zehaztasun gordinez deskribatzen zituen han Coetzee-k bertako koronelak arteztutako makilaketak, zigor astunak, «Etsaia», «Etsaia», presoen lepoan idatzi ondoren. Michel K-ren historian basakeria momentu guztietan da bizi, gartsu, gizadi osoa eskuloturik dauka, baina ez da basakeriaren berebiziko deskripziorik. Bai, ordea, eta behar bada idazlearen beraren irtenbide bezala, protagonistaren isileko bizitzaren pasadizu baketsuen esposizio luze eta apainak.
Biolentziak errefinamendu bihurrienak daramatza berarekin hemen, gizasemearen burura dihoalarik zuzen-zuzenean, joko dialektikoaren jantziaz baliatu nahiean, egiturei dagozkienez behintzat.
Michel K-ren ahaleginak alperrik izango dira, bere ekinak esplikaziorik ez badute kanporako. Lehengoari jarraitzea ukatzen zaio (hala aurretik zegoen etxe baten bizitzen ahalegintzen denean) eta bere ahaleginei esker sortzen diren ekintza berriek ez dute sistemaren onarpenik. Ez berez txarrak direlako, sistema hortan esplikaziorik ez dutelako baino. Ondorengo erorketa fisikoak edo moralak ez dute, ez, kasu exenplar baten indarrik, ez, dirudienez, sinbolismo esanairik. Gaizki oinarritutako eraiketa logiko baten egitura residuala besterik ez da. Azken batetan, «apartheid» berezi hori denoi zabaldu digu nobela honek. Michel K-ri bere bizitza eta bere garaia ohozten dizkion tankera berbertan.
|