L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-2 (1985-urria) —Hurrengo artikulua




 

 

André Brink:

Ahots-kate mardul bat

 

Mikel Azurmendi

 

        A Chain of voices, Ahots-kate bat. Idazle honen bosgarren nobelaren izenburua baino gehiago deritzagu izen horrek, literaturak berarentzat duen eragina adierazteko izen aproposa bait da. Munduaren izaera, gizasemearen joanetorria, nola ahots mota bakarrez adierazi? Giza-zanpaketa bera ere zuzen eta lineala ote da? Zuria eta beltza, nagusia eta langilea, ar eta emea, zer da guztiz garbi eta guztiz zikin, zein menderatzaile huts edota menderatu soil? Eskema sinplegiak erabili ohi ditu historiak, linealegiak, historia bera (edozein herriarena nahiz edonorena ere) linealtasunaren zerbitzupean asmatua izan bait da. Esperantza inozoaren izenean, nahigabe edo nahita, Hegel maisu. Gauzak ordea hamar mila ikuspegi iheskor ditu, zeken eta itzulinguruz betea da. Ahots-kate bat osatuta ere, gauza bat bera ez da oraindik agortua eta esana izan. Horregatik, bizitzeko, gauza aditu eta ulertzeko, mundua adieraz osatu eta osotzeko, literatura behar du André Brink-ek.

        «Zein idazlek ote daki zehatz-mehatz zerk bultzatzen duen idaztera?» erantzun zien Brink-ek idaztea zer zen galdetzen ziotenei. Eta adibide batzuk ipintzen jarraitu zen. Behin batean kartzelatik ateratako lagun batek kartzelako ormetan hamaika zikinkeri eta birauen artean «Looking an Darkness» (1) esaldia ere idatzita ikusi omen zuen. Beste batean, Hego Afrikako gizon beltz erbesteratu batek zera idatzi omen zion gure idazleari: honen liburuak lehenago irakurri izan balitu, ez zitzatekeela herria utzi beharrean gertatuko. Unibertsitari zuri batek esanda dakigu, Brink-en liburuak irakurri aurretik ez omen zuela beltzjendea gizatiartzat jotzen. Ahots guzti hoiek bukatzen ez den katea osatzen dute. «Eztarri horien atzetik mar-mar ari zait ahotsik gabe ilunpean dagoen jendea... eta neu idazten jarraitzen naiz» esaten zien Brink-ek azkenean.

        Historiaren eta gauzen linealtasunik eza, A Chaine of voices, esan dugu. Eta nobela hau, Roland Barthes-en honoko hitzokin basten da: «l'histoire est toujours et avant tout un choix et les limites de ce choix», eta oparo dihoaz hitzak, hotsak eta aukerak 600 orrialdetan zehar. Joan ere eztarriz-eztarri katiatuaz doaz, ez bait dago nobela honetan narrazio-aria duenik, ezta pertsonai nagusirik ere. Denen ahotsak dira beharrezkoak gauza adi-adi zehazteko. Eta gauza, 1824 gertatu zen.

        Beltzen matxinada bat besterik ez, hasiera batean

        Hego Afrikako plantazio batean. Garai hartan izan zen esklabu-matxinadarik bakarrenetako bat huraxe izan omen zen. Barend eta Nicolaas van der Merwe, bi anai baserritar zurien kontra zenbait beltzjende altxatu zen, Galant zeritzan bat buru zelarik. Galant hori Nicolaas-en haurtzaroko titi-kide zen, Mama Rosa esklabu beltzaren esne bereko edale izana. Hazi elkarrekin hazi ziren, baina hezi, bata nagusi eta bestea esklabu. Hiru zuri hil zuen matxinadak, Nicolaas tartean. Galant eta besteak harrapatu, epaitu eta hil egin zituzten Capetown hiriburuan; denen bixtan urkatu, lepoa moztu eta buruak makila baten puntatik zintzilik ipini zituzten usteldu arte.

        Nobela gertakari honen inguruan eraikitzen da, edota hobe esan, gertakari honen inguruan garai hartako errealitatea kostruitzen du A. Brink-ek, «aukerak egin eta mugatuaz» noski, R. Barthes-en eritziaren arabera. Baina gaurko Hego Afrikako egoera ulertu nahi duenari makina bat uler-bide irekitzen dio nobela honen «historiak». Barend eta Nicolaas-ek, apartheid garaian bizi ez baziren ere, gaurko zuri-nagusikeriaren kontzientzia ona eta eskubide osoak hezurmamitzen dituzte. Eta, egun, esklaburik ez egon arren, esklabutza-egoeraren antzeko zerbait ez ote dago? Nobelaren indarra susmo horren baiezkuntza bat deritzagu.

        Barend eta Nicalaas baserrian errotuak daude, handik aldegin nahiko luke batek, Nicolaas-ek alegia, baina ezin du inolaz ere, lotuta bait dago. Nekazaria lurrari lotu eta katiatua dagoen bezala dago esklabua nekazariari, eta berdin dago gaurko hego-afrikar zuria ere lur hari atxikia. Ezin da lur hartatik eten. Bere gurasoen gurasoak bertan sortuak dira; zuri famelien zuztarrak ia ez dira Holanda edo Inglaterra. Etorria ala jatorria, atzerria ala herria, Europa ala Afrika, zuriaren aukerak markatu dio bere historia. Hortixe afrikaans hizkuntzaren bere gaurko erreibindikazio amorratua.

        Baina paradojaren paradojaz, beltzjende asko eta asko ere berdin datza. Jatorriz bertakoa da, izan, baina gurasoz guraso Mozambique, Zinbadwue, Molucas, India, eta beste hainbeste lurralde urruneko ezpalak dira, esklabu gisa bertaratuak asko, edota morroi eta langile gisa erakarriak beste asko. Zuriak eta beltzak dauzka Hego Afrikako lur horrek katiaturik. Eta horixe garbi uzten du Brink-en nobelak.

        Esklabutza-egoera modernoaren susmoa ere beste leiho batetik ikus daiteke: ar-emearen artekotasunetik barrena (leiho, zulo zikin, ala leize ote den zeinek jakin?). Nobelako andre zuriak ezin luke behintzat senarra utzi, emakumea gizonarentzat eta kito, arraren pean dagoke beti emea. Kalbinismoaren konbentzioek suspertu eta mugatzen dute afrikaaner baserritarraren bizitza eta giro osoa. Esklabua nahi hainbat zigortuko du nagusiak, baina gizona ere emakumearen nagusi da. Eta emakumea eta andrea nola erabili eta zigortu gero! Egunero, lana izardiz ongi busti ondoren, eguzkia sartzen denean eta denentzat pakea eta esperantza sortuko balitz hezala, esklabuak bildu, andre-alabak bildu, eta Biblia irakurtzen die guztiei nagusiak. Vox domini, vox dei. Baas Barend, Baas Nicolaas. «Ja, Baas», «bai nagusi» Domeinuaren ahotsa. Jainkoa nagusiaren ahotsetik dario; nagusiaren eguneroko irakur-aukera dateke Jainkoaren nahia. Gero ohean andrea biolatuko du, edo nahi duen txaboletako esklabu emea, edo sukaldean etzanda dauden neskameak. Hori desioen erabera, aukera maukeran Jainkoaren hitza esana izan bait da.

        Hitz jainkotiar horrek berak galerazten ditu gaur Hego Afrikan diru-apostuak, prostituzioa eta pornografia. Emakumearen ohorea publikoki aldarrikatu eta zaindu beharrean omen dago zurien Estadu teokratikoa. Faltaba más! Denek dakite-eta emakumea, berez, sugearen hitz ederrei jarraitzeko prest dagoela beti. Hitza hitz eta emana zor, esan dezake lasai gaur ere kalbinisten jainko zuriak, eta bitartean zuriek, Barend edo Nicolaas-en baserrietan gertatzen zen bezalaxe, beltzei nahi hainbat «pekatu-leku» libre utz diezaieke (2). Pekatua, orduan gaur bezala, zuriek finantziatutako beltzen gauza dateke. Entzun ezaiozue bestela hilzorian dagoenean Barend eta Nicolaas-en aitari, Piet-i alegia: «Nere bizitzan zehar Zure Manamenduak zaintzen saiatu natzaizu, Jainko jauna, galde ezaiezu etxekoandreari eta besteei... (eta Manamenduak errepasatzen hasten da banan bana. Seigarrenara ailegatuala, dio:) Ezkontza hautsi? Ezta, ezta; andrea hartuz geroztik ez dut andrerik ikutu, andre zuririk noski, Zuk, gure Jainko horrek ez bait duzu besteez ezer esaten. Besteak guri atsegin poxin bat emateko eginak izan bait dira, bestela bizitzea lana eta nekea baizik ez litzateke izango...»

        Jainkoaren hitza eta mundua. Badirudi biak betidanik elkarrekin joan direla Mendebaleko gizartearen ustetan behintzat. Harek esan eta mundua izaten hasi, dena bat. Gizartea bera eta gertaera oro Jainkoaren nahi-zati bat. Ezer gurenik ezin ikutu beste inork, baina bestearenak guk alda genitzake, Jainkoak horrela nahi bait du: Ebanjelizazioa, konkista, zibilizazioa, kolonialismoa, zera. Eta gureak harrixku gorrian diranean? Entzun Barend-en azkeneko ahotsa: «Esklabuek tiro bakar batez gure bizitzeko era osoa, mundu guzti guztia aldatu dute, Jainkoak eraiki duen ordena aldatu, alajaina! Jainkoa bera ez ote dago mehatxaturik? Dinbili-danbala dago guztia. Den dena suntsi liteke. Esklabuen sutegietarako dena erregai da. Lur tinko zena, ur bihurtu da; eta ura su».

        Hasieran beltzen matxinada baten historia litzatekeena, gaurko bizitzaren oihartzuna gauzatzen da nobelan zehar.

 

        Ahotsez ahots askatasuna

        Lekuko Land-Drodst edo goarda antzeko bat, Du Toit jauna alegia, gertatuaren berri komisariari eman beharrean dago; hara zer idazten duen: «Galant deritzanak berotu omen diela burua esan dute guztiek. Aspaldidanik esklabuak libre utziko zituztela entzuna zuten, bainan inondik inora horrelakorik gertatzen ez delako, inoren zai egon gabe nork bere burua berak askatzea zeukala, eta kito».

        Nork bere burua askatu. Askatasuna da besteren artean nobelako gai bat. Hego Afrikan apenas izan zen esklabu-matxinadarik. Esklabua, bere egoera hartan nagi eta etsitua, omen. Beharko. Ez da zaila asmatzen zergatik. Entzun ahots bi.

        Ontong izeneko esklabuari bere andrea gauero kentzen dio nagusiak, baina berak ttintik ere ez: «Zertarako protesta egin? Hori ez da nere gauza. Ederki dakit-eta zer gertatzen zaion protesta egin duenari. Nitaz ez dut ezer esateko, nirerik ez zaio inori axola. Nire gorputza beren eskutan dago, baina nire gogoa, nire burutazioak nire-nireak dira (...) Nagusiak andrea izorra diezadake, nire gorputzarekin ere nahi duena egin dezake. Gure gorputzok horienak dira...»

        Goliath deritzan esklabuak protesta egin zuen behin, baina ehun eta berealdikoak hartu ondoren, zera dio «Hartaz geroztik, agindutako lan guztia egin dut, kexarik gabe. Bizi ahal izateko modu bakarra horixe zen. Bizi ez banaiz, hilik nagoke. Eta bizitzaren izpi ttikiena ezagutzen ari naizelarik ere, heriotzaren berri ez dut jakingo».

        Ahots ugari behar da nobelan esklabuarentzat askatasuna zer den zertxobait zehazteko: norberaren ametsen jabe izan; arnastu eta arnasten ari naizela jakin; noranahi joan; gura dudan bezala joan-etorri; gizon gisa ibili ahal izan, hau da, oinetakoekin eta ez oinhutsik; gose banaiz jan; gogo dudanean emaztekia ukan; triste nagoela, biolina jo eta kanta; inor ez zure ondoan eduki «hau egin» eta «beste hori ere egin» agintzen; neuk aukeratutako etxean eta herrian bizi; ni neu izaten ausartu.

        Halere, azkeneko orrialdetan volteface itxurako zerbait bezala gertatzen da. Iraultzari buruz Brink-ek esperantza gehiegirik ez balu bezalako zerbait azaltzen du. Iraultza guztiak iraultzaile bera irentsi eta usteldu dueneko susmo batek eragindako zerbait ote da? Edozer lortzea baino, gure betirako libre-izateko-nahia interesgarriagotzat jotzea ote da? Baliteke dena gauza bera izatea. Dena den, Galant esklabu argiak ahots berri-berri bat azaltzen du matxinada gaizki bukatu eta gero: «Irabazi edo galdu, berdin berdin zait (...) Izan dugu hitzegiteko premia genuen garaia, irabazteko edo galtzekoa, libre izatekoa. Baina orain nire semearengan dut gogoa, bere aitak libre ala esklabu izatea aukeratu ote zuen jakin nahiko duen seme horrengan dut nire gogoa».

        Geure bizitza librea, nola aukeratzen dugun arabera dela esaten du esklabu horrek. Funtzionariak ezin esan dezakeela gero: «es ke agindu egin didate; ez niri galdetu, nire goikoei galdegin». Beste edonoren aitzakiz inork ezin ditzakeela bere eskuak gorde. Benetako askatasuna ez dela hau, hori edo beste hura lortzea bakarrik, askatasun-desio iraunkorra pizturik edugitzea baizik. Instituzioak? Demokrazia, apartheid, zentralismoa, Konstituzioa? Hego Afrikan beste edonun bezala, gizonen artean pakea eta gozoa lortzeko gauza ez direnean, eta askatasun-gogoa pizturik gordetzeko gauza ez direnean, utikan! Gure askatasun-desioak bakarrik izan litezke proiektu eta erakunde libreagoak gauzatzeko lain. Horregaitik Galant esklabuaren hitzok Foucault-en beste hura gogora arazi digu —eta buruz botatzen dugu, gutxi gora behera—: garrantzitsuena ez da errepresio gabeko kultura eta gizartea lortzea, edo lortu ote litekeen galdetzea, ez. Garrantzizkoa zera da, errepresio barnean mugaturik dagoen gizarteak ea jendeari uzten dion ala ez dion uzten muga horiek aldatzeko askatasuna. Semeak ez dizkigu gure lorketak bakarrik balioan jarriko, eta ez hori batezere, baizik ea geure lorketak aldatuaz-aldatuaz aurrera eraman ditugun, gure libre-izateko grinen arabera. Galant-ek ederra bota du nobelaren azken orriotan; bere eritzia osatzeko ordea zerbait falta da: askatasun-apostua aukeratzerakoan, zihurtasun-egoera lasai utzi egin behar dela adieraztea. Apostua beti jokoan dagoelarik, dogmaketa kondenak alperrikakoak direla esatea.

        Baina nobelaren increscendo honetan, bada hori ere aldarrikatzeko ahots bat, Mama Rosarena hain zuzen. Baliteke Mama Rosa nobelako pertsonai ederrenetakoa izatea; ez gaitu harritzen, beraz, aukeraren lojika jarraituaz, berak bereganatzea pietá bertute hori, askatasunari dagokion beste alde eszeptiko eta desohitu hori alegia. Horregaitixe, erailketa ondoren berak ez du inor kondenatzen: ez zuri ez beltz; denei lots-maitasunez begiratzen die, urrikal: «Bere gorputzean dolua besterik ez zegoen. Denak zitzaizkion dolugarri, hildakoak eta aukera bakarrez hilegin behar izan zutenak. Gurasoak eta haurrak. Zuriak eta beltzak, denak dolugarri». Mama Rosarentzat gauza guztiak baduke bere mina; horregatik ezin dio matxinadak dakarren minari ezar erantzun. Baina zapuztu ere ezin du. Hantxe zegoen zutik, esklabu asaldatuen ondoan, stabat mater dolorosa, baina ez lacrimosa, negarrez ez, lots-mindua baizik, malkoak eta sofrimenak inolako eskubiderik ematen duenik uste gabe.

        Askatasuna, Brink-en azken koadroan, etikaren eta estetikaren arteko zubia balitz bezala azaltzen da.

        A Chaine of voices, frantseraz «Un turbulent silente» itzuli dute, «zarata ixila» edo antzeko zerbait. Baliteke askatasunari buruzko bi esklabu beltzen azken eritzi ixil hoiek mundua aldatzeko zarata gehiena atera dezaketenak izatea. Gu hortan gaude behintzat. Dena den, Brink-en «Le Mur de la Peste» irten berri den azken nobelan, ohizko iraultzaile normalaren aukera bikoitza eskeintzen zaigu berriro: borrokatu ala ihes egin. Peste-gaitzaren aurrean bagina bezala: ala bertan iraun su-eman eta erretzen, ala hanka eginaz neu salbatu eta besteak hor konpon.

        Urteak eta esperientzia aurrera doazen neurrian, artea eta ekintza bizitzarako tartean behar direlarik, duda-mudatan gelditu ohi da maiz zenbait gizon, Brink horietakoa deritzagu. Artezi paregabea erakusten du narratzeko eran, estilo poetikoneean daki maitasuna eta biolentzia azaltzen, baina apartheid-kultura zanpakorraren aurrean artezia eta ekintzaren arteko aukerak nola bereganatu dabil. Brink XX.n mendeko literaturan mugarri bat delakoan gaude. Denbora testigu, egun batak bestea gertu dauka.

 

        (1) Horixe da Brink-en lehendabiziko nobelaren izenburua, «Gauaren beltzenean» edo horrelako zerbait emango genuke euskara libre batean.

        (2) Bobhuthastaswana-ko hauzo beltzean ezaguna da zuriek irekitako Sun City aldea. Bertan inolako galera moralik ez dago. Dekretoz morala altxatzea zurien negozio bikaina izan omen da.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.