Breyten Breytenbach:
Burnizko behiak* izerditan egon behar du
Felipe Juaristi
Hegoafrikako egoerari buruzko satirarik krudel eta pietarik gabekoena ez dator bertako idazleengandik, arduratuak beraiek horren hurretik ikusten duten errealitatearekin. Tom Sharpe ingelesa da bere bi nobelatan, Riotus assembly (Bilera zalapartaria) eta Impudie exposure (Erakusketa lotsagabea) izenekoetan Hegoafrikako egunerotasunaren desitxuraketa ematen diguna. Desitxuraketa idazten nahita. Tom Sharpek Arlow sarjentoaren istorioa ekartzen digu oroitzera. Sarjento honek harro harro kontatzen zuen berak bakarrik 13 beltz hil zituela. Zoritxarrez 13 zenbakiak ez zuen zoriontsu egin. Azkenean bere soldaduek hil zuten Namibian maniobra militar batzutan. Nazio horretako egunerokoa nahiko desitxuraturik egonik, zer gehiago egin dezake literaturak? Zer gehiago egin dezakete Breyten Breytenbach, Nadine Gordimer, Andre Brink, J. M. Coetzee-k? Zer gehiago egin dezake polizia bat hiltzearen akusaziopean heriotz zigorrera kondenatu zuten poeta beltzak? Hegoafrikan ostiraletan hiltzen dituzte urkamendian kondenatuak, txoriak segadan harrapatzen diren bezala. Frantziaren eskariz poeta honi bere sufrimenduak luzatzea erabaki zutela irakurri nuen. Aplazatu egin ziotela heriotz eguna. Harrez gero ez daki inork ezer. Ostiral batetan kartzela lagunen kantuez estalirik, Breyten Breytenbachen ipui batetan bezala, urkatuko zuten.
Breyten Breytenbach Hegoafrikako idazleen artean mediterranearra da, Capetown (lurmuturra) hirian jaio bait zen, bere klima mesedegarriagatik (mahastiak eta guzti daude) ezaguna den lurraldean. Eta tenperamentala. Saiatzen da Anaximandrok egun batetan aidera bota zuena betetzen: «gizasemeak infinitotik bereiztuta egoteagatik penitentzia egiten du...» Hegoafrikako agintarieei infinitoa zer den galdetuko bagenie, diktadore eta tiranoek ahoan duten hitzarekin erantzungo ligukete: «infinitoa gurea da». Horregatik da Breyten Breytenbach errejimen arrazistarentzat bi aldiz traidorea. Zuria da eta zuriak ondo gorde eta defendatzeko sistema hautsi nahi du, apartamenduaren kontra dago, eta gainera andre bietnamdar batekin ezkondu zen, arrazen arteko ez ezkontzeko legeari kasu gutxi eginik. Absurdoa, apartamendua. Absurdoa, aipatutako lege hori. «Gizon zuri bat zulu etniako andre batez maitemindu eta ezkondu zen. Bere burua beltzatzat hartu zuen, paper legal guztietan beltza zela adieraziz. Andrearekin getho batetara joan zen bizitzera. Ez zen gehiago zuria izan» Kontatzen digu Tom Sharpek. Apartamendua sasikoen legea dela dio Bryten Breytenbachek. 9 urtetarako kartzela zigorrera kondenatu zuten 1975.ean (guretzat oroipen gozoak dakartzan fetxan). 7 besterik ez zituen bete, nazioarteko presioak zirela medio. «Kuue vuur» (Su hotza) kartzela garaiko poema liburua da. Bigarren traizioa, agintarien hizkuntzan, afrikaan, agintarien kontra idaztea. «Tribu nagusiaren hizkuntzan idazten dugunok ardura berezia dugu, afrikaner guztiek bezala...» dio Breyten Brytenbach-ek.
Eta Hegoafrikako literaturaren ezaugarrira iristen gara. Italo Calvino zenak kontatzen zuen literatura persegitua dagoen lekuan literaturak indarra duela, hitza hitza ez dela boterearen kontrako arma baizik. Gogoratzen dugu literatura persegitua dagoen lekuan idazleak ere persegituak direla. Eta idazleak bezala zerbait aldatu nahi dutenak. Nelson Mandelak 22 urte daramatza kartzela zulo batetan. Apartamendua gizartearen oinarri bihurtu duen estadu batetan, beltzak piztien mailara dekretoz degradatu dituen estaduaren zerupean idazle izatea ez da erraza. (Ezta beltza edo mestizoa edo errejimenaren kontrakoa ere suposatzen dut). Kontzientzia arazoa. Idazlearen barneko ikuspegia eta inguratzen duen kanpokoaren arteko oreka. Hegoafrikako idazleen egoera arrazismoari lotuta dago. Alde edo kontra egon beharra.
Ez dago idazlerik apartamenduaren alde dio Breyten Breytenbach-ek. Ez dago idazlerik izurrite (horrela definitzen du Brink-ek) horren alde idazten duenik. Baina Hegoafrikako idazleen egoera areagotuta dago bere larritasunean. Distantzia handiek intelektualak sakabanatzen dituzte. Bestalde hango literatura Europako eragina eta sustrai afrikarren arteko perfekzioa lortzen saiatzen da. Eta azkenik hizkuntz arazoa: afrikan (menperatzaileen hizkuntza) eta ingelesa (besteena). Gobernua ahalegintzen da kreazioa mugatzen, zentsuraren bidez batez ere. Idazle-intelektual gehienek kanpora joan behar dute bizitzeko.
Breyten Breytenbach Parisen bizi da. Eta bere esiliotik ari da lege arrazisten kontra, lege diskriminatzaileen kontra. «Pareta hau (apartheid) berezitasun hau gure suizidioaren antolaketa, hilketaren espazio da. Katastrofera goaz» zioen idazleak. Aditu politikoen ustetan ez dago itzulibiderik Hegoafrikan. Egun hauetan egunkariak diotenez ahots guztiak dira isilaraziak, Nobel Saria eman zioten gotzai beltzarena izan ezik. Atxilotuak, Hildakoak. Sutan dagoen estadua. Armatan dagoen errejimena.
Breyten Breytenbach-ek Paristik idazten du, burnizko behiaz (idatz makinaz) idazten du: «edozein diskurtso politikoa da. Borroka guztiak klasekoak diren bezala. Ez dago kulturarik, klase kultura baizik». Marx-i errepasoa ematen. Idazten du idazteak kontzientzia, metamorfosia, justiziaren aldeko borroka eternoaren komunioa ekarri dezakeelako. Bere hitzak dira. Afrikako hegoan, Europan ipuinik politenetakoak idatzi dituenarenak.
* Breyten Breytenbachen poema baten izenburua. Burnizko behia idazteko makina da.
|