L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-3 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Eusko Olerkiak (1930-34)
edo bi paralela guruzatzen direnean

 

Tere Irastorza

 

        Arana-Goirik ameztu zuen Pizkundea, guda aurreko 1926-36 hamarkadan Aitzolen eraginez hasten da gauzatzen olerki egunen inguruan.

        Ordudanik denbora aski pasa da begi kritikoez epaitu ahal izateko pizkunde nahi haren fruituak.

        Hemen, toki faltaz, ikuspegi historiko soil batetik azaltzen du egileak fenomeno hura. Agian, edizio hain masibo batek beste erizpide literariagoen bitartez azterketa hau osatzea eskatuko luke, ugaritasunaren uholdean itota gera ez dadin irakurlea.

 

        «Euskaltzaleak» bultzatu olerki guduak, Arana-Goirik ameztu izan zuen Pizkunde egarrian du hazia. Arana-Goiriren proiektu hori, guda aurreko 1926-36 hamarkadan, Aitzolen proiektu kulturalean hasten da gauzatzen, eta Eusko olerkiak (1930ean hasirik) Pizkunde nahi horren gorabeheretan kokatu behar da beti ere.

        Hordagok argitara eman dituen bost tomoetan agertzen denari so eginik, bi dira, nagusiki, olerki egunetan hautatzen ziren poesia moetak; 1932tik aurrera topatzen ditugun deiturek diotenez.

                1. Olerkarienak

                2. Euskal Poematxoak

        Lauaxetaren Bide barrijak (1931) eta Lizardiren Biotz begietan (1932) sortu polemikari begiratuz aski argi jabetzen gara bereizketaren muinaz. Olerkarien lana ez da poesia tradizionala dagitenenaren antzera herri-euskaran oinarritua, Foruen desagerketa ondoren gertatzen den poesia narratibo, eta gai mitologiko zenbaitez ornitua. Olerkariek beste gai berri batzu zekartzaten, «filosofikoagoak» edo, eta horretarako behar zuten euskara asmatu egin behar. Baina lehen aipatzen genuen Aitzol horren projektuan, Eusko olerkiak kontutan hartuz, bi memento bereizirik, argi dago lehenik (1930-1932) Olerkariena hobesten zuela, eta hori ikusi genezake 1931koaren hitzaurrean honako hau dionean:

        «Txalogarria, beraz, aintziñako itz-asmoen izorraldi ori berritzea (...) Elburu onek, ordea, utsak baditu. Bertsoan doñua gogortxoa izatea, bat: ulerkaitza, aditzea zailxamarra izatea, bestea. Ez da nolanaiko lana izkerari erdoia kentzea.»

        Herri-poetak beharrezko direlarik ere, «Euskalzaleak», eta Aitzolek 1930etik 1932ra, poesia bidez euskera loretu asmoz literatur kultuaren tradizioa hautatzen dute, erdalerriko poeten ezagutza aitortzen dutenena (Lauaxeta, Lizardi, Larramendi) eta onak izan arren, beste estetika eta poetika bati jarriki eginak (Jakakortajarenak 1931 eta 1932an) direla aitortu arren ez dira saridun gertatzen.

        Eskuartean ditugun bost tomu hauen arauera, ordea, 1933tik aurrera 1932an «Euskal-poematxo»en artekotzat hartuko genituzkeen poema moetakoak dira. Eta 1933ko saioari egin hitzaurrean ikus daitekeenez Etxeberria'tar Pantzesko, S.J.ren poema komentatuz Aitzolek berak erakusten digu hauta-bideak aldatuak direla:

        «"Bost lore" azaletik irakurri izateak guri ere alako ezbearren bat egin ote zan iruditu zitzaigun. Beintzat, igazi ziran beste urteetako olerkien mailakoa ez zeritzagula edo. (...) Alegia, gorengo ertilariak gaurdaiño taitu ez duten erara eder-gaiak, antziduriak, eta amets ereduak, eusko kutsu yatorraz asma eta sor lezaketela (...) eta ez atzerritar ertilariak erakutsi diguten gisara».

        Aipatu ditugun Aitzolen bi testuen arteko alde nabarmena argi geratzen da. Ez da iada Olerkarien alde agertzen, herri poeten alde baizik. Baina bi joera hauen borrokak, ez gaitu erabat kontrajarriak zirela pentsatzera eraman behar. Aitzolen aldaketaren arrazoietariko bat praktikoa izan daiteke: 1930ean euskera indartzeko, euskara berritzeko olerkarien lana jotzen zuen derrigorrezko.

        Baina olerkarien lanak ez dira oso ulerterrezak eta bide hau zailtzen dute. Horrek ez du esan nahi, ordea, joera bat eta ez bestea bultzatzean bi mundu ikuspegi ezberdinen arteko aukera dagienik. Bietan mamiari dagokionez ez da bide kontrajarrien artean hautatzen.

        1930ean «Ludiko gauza orori abes» zion Enbeita'tar Imanolek «Euzkotar olerkarija» poeman. Baina bere poemetan, nahiz «Euskaltzaleak» antolatu ote zituen olerti-gudutan aski errez da kantagai hori non eta nola muga zitekeen aztertzea. Eta mugaketa horretan euskaldunei buruz esanetarik frango topatzen dugu.

        Batetik, mendiko euskalduna da, euskaldun tipoa, eta aipatu dugun Enbeita'tar Imanolek dionez «mendijan gora» kokatzen du olerkaria. Alexander Tapiak ere «Etxea utzirik dago itsaltsutzoruntz» adierazten du 1932an. Lizardik berak ere «Basora naiz» aitortzen du «Bizia lo» poeman. Eta harik eta G. Aresti Maldan behera abiatu gailen da euskaraz sortutako literaturan mendi-basoetako euskalduna, itsasborroketakoa bost liburu hauetan barna kausitzen dugunez («Orein zuria», «Lore igarra», «Urretxindorrak», «Lote bikaiña», «Baztango mendian», «Bost lore» 1933an, edo 1930ean «Andre Maya Erregiñari abestia», «Itzai zekena», «Txori mindua», «Euzkotar olerkarija», «Arraunketa», «Mitxeleta», «Itxasuan», batzu bederen aipatzearren).

        Eta naturako irudien euskalduntasuna aipatzen du Aitzolek 1933an, batzu erakutsiz. Baina horren funtsa hautapen batetan datza, urte horretan bertan aitortzen duen batetan hain zuzen ere, hitzaurrean argi geratzen denez:

        «Euskalduna izadi-zale purrukatua zaigu. Berez dioazkiote guretarrei, ez uritarrei noski bai mendikoei ordea, buru-belarri begiak izadi ondoren».

        Nonbait euskalduna, «baskoa» beraz «baso-koa» omen da eta Pio Barojak ere bere euskal pertsonaia gehienak ez bada gehientsuenak mendi eta itsasondoko herrietan jartzen zituen, Fantasias vascasen esaten zuenez «hirietako biziaren aurrean egon nahi ez sakona sentitzen» bait zuen. Hemen ere ageri da euskaldunen iturri garbietarik gertu izan nahi izatea, eta horren ondorioz asko dira mendiko nahiz itsasoko bizitzaren bitartez Euskal Herri osoa kantatzen dutenak. Bi pertsonai horiek bait dira Zaitegi'tar Yonentzat, Aitzolen hitzetan, «euskaldunaren bizitza berezia egokiena ezagutu-arazi» ditzaketenak (1934).

        Basokoa izaki euskalduna, lehen euskaldun basokoak mirestu beharrekoak Jakakortajarena'tar Txominek 1932an «Len-euzkotarra gaia»n dagienez, haiek bait dira jentilen aurkako borrokaren ondoren Jainkoa aitortzen dutenak:

        «Sutan eskeñi zion jainkoari EUZKADI aberri-alde opari.»

        Askotan dakusagu bigarren ezaugarri hau poema hauetan eta ez da harrigarri, oraintxe arte hautsi ez den ezaugarritzat eman bait zen, bai imajinen erreferente moduan bai gai antzera (ik. 1930ean «Maite kutuna», «Yainkoagan bat», «Agur», «Mitxeleta», «Aingerutxoa», «Maitasun zutiñak», «Egun bat»; 1931ean «Gaueko otoitza», «Arrantzalien arrats-otoitza», eta beste hainbat). Aitzolek ere lehen garaiean, 1930ean, horregatik agonatzen zuen Lauaxeta, kanpoko irakasle parnasotarrengandik bereziki «Urkiaga Barden, txukun eta ziñisko ordea.»

        Eta egin zuten euskalduntasun azterketa honetan hitz gutxikoa hautatzen zuten, laburra hitzetan aspaldidanik aplikatu ohi zaigun topikoaren isladaz. Eta formalki ere beti esaldi laburra hobesten da. Esaldi laburra, baina argia, imajin errezduna, eta horretan ez zetorren bat olerkariekin. Baina puntu hau mamiari bezala doahio adierazpideari, eta bere horretan utziko dugu, besteak beste aski aurreratua dagoelako puntu honen azterketa, eta azterketa estilistiko bati ekiteko posibilitaterik kausitzen ez dudalako, korpusa eta artikula honen luzaeraren eskakizuna desorekatua denez.

 

        Eusko olerkiak. Poesías vascas. 1930-34 (I, II, III, IV, V tomuak). Donostia: Hordago, 1985.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.