L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-3 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Liburua beti irakurtzen da bi aldiz

 

Sabin Oregi

 

        Azpaldidanik dut gogokoak ditudan liburuak berrirakurtzeko. Eta horixe bera gertatu zait «Karteroak beti deitzen du bi aldiz» nobela irakurtzerakoan. Liburu hau sortzez ingelesez idatzita dago, eta 1934 urtean idatzi zuen James M. Cain-ek, bere garaian kazetari ospetsua izatera iritzi zena, eta geroago Annapolisko St. Johns Collegeko kazetaritza irakasle bilakatu arte.

        Esku artean daukaten itzulpen hau, Xabier Olarrak egina; oso samurra gertatzen da irakurtzeko orduan. Eta gauza harrigarria gertatzen da itzulpen honetan: hain ondo dago idatzita, euskaraz sortua dagoela dirudiela.

        Ihaz Xabier Olarra Bordeleko Unibertsitatean zebilela ohartu zen hango jendearen artean nobela beltzak duen inportantziaz, eta berak pentsatu zuen horrelako zerbait euskaraz ere egiterik bazegoela. Eta horrela hiru edo lau hilabetetan burutu zuen bere itzulpena. «Ez nintzen egunero horretan jarduntzen, ahal nuenean baino. Bestela behar bada denbora guttiagon idaztea nuen», baina geroago gogoratzen digu hori sekulan ez dagoela esaterik. Bestalde ez du Karteroarekin bere lana amaitzeko asmoa, bidean ditu beste bi inglez nobela: «Pop 1280» Jim Thompson idazlearena, eta «The long googway» Raymond Chandler-ena. Azken idazle hau oso kontsideratu zegerren El Viejo Topon egindako inkesta batetan, inkesta horren erantzuleak munduko zenbait idazle eta kritiko ziren.

        Xabierren idazkera erraza agertzen zaigu, eta jostaria. Oso egokia horrelako bi alprojen komeriak kondatzeko. Ondoan aurkezten dizuegu idazlan honetako zati bat, bertan SacKett distrituko fiskala eta Frank Chambers-en arteko hizketan, harek Frank nahaspilatzen ari da.

 

* * *

 

—Bost axola zaizula eta gandorra altxata, e? Ondo da. Zuentzat okerrago. Juradoak entzungo duena esango dizut orain hitzez hitz. Lehendabizi zu emakume horrekin oheratzen zinen, ezta? Gero Papadakisek akzidente koxkor bat izan zuen, eta zuek ederki aprobetxatu zenuten, gauez elkarrekin lo eginez, egunez hondartzan eta tarteetan eskutik helduta batak besteari gainetik begirik kendu ere egin gabe. Eta orduan ideia eder bat bururatu zitzaizuen. Istripu hori izan zuen horretan, poliza bat eginerazi eta gero garbitu. Beraz zuk ospa egin zenuen berari bidea errezago uzteko. Saiatu ondoren azkar asko lortu zuen. Gizonak poliza sinatu zuen, eta ez txantxetakoa, 46'72 dotar kostatu zitzaion eta istripuak, gaisotasuna eta abar bere gain hartzen zituen. Dena prest zegoen. Handik bi egunetara Frank Chambersek ustekabean eta kasualitatez Nick Papadakisekin topo egiten du kalean, Nickek lanera bihurtzeko eskatzen dio. Eta noski, berak eta andreak Santa Barbarara joatea erabakia zuten, hoteleko gelak eta abar bientzat hartuak zeuzkaten, baina aspaldiko laguna zela eta, Frank Chambersek ere hara joan behar. Eta baita joan ere Greziarra piska bat mozkorrerazi, zerorrek ere piska bat edan, eta botila pare bat kotxean sartu polizia despistatzeko. Gero berriz, Malibu Lakerako bidea hartu behar zenuten noski, Corak Malibu Beach ikusi ahal zezan. Ez zen batere ideia txarra. Gaueko hamaikak ziren eta berak hartu beharko zuen kotxea etxe pila bat eta aurrekaldean olatu batzuk ikusteko. Baina ez zineten iritsi. Gelditu egin zineten eta geldituta zeundetela ardo botila horietako bat hartu eta greziarrari kankarreko on bat eman zenion. Botila ez da batere txarra horretarako, Chambers, eta inork ez daki hori zuk bezain ongi, Oakland aldean ere trenbideetako detektibe hari botilkazo galanta eman bait zenion gaztan. Ondoren berak arrankatu zuen eta oinak jartzeko tokira igo zen, zuk atzetik makurtuz bolanteari heldu zenion, eta esku azeleradoreaz aurrera egin erazten zenion. Segundan egonik ez zen zaila, ez zuen gasolina asko behar. Gero berak hartu zuen bolantea eta esku azeleradorea, eta zuk irten egin behar zenuen orduan. Baina zizpatuta zeunden, ezta? Makalegi ibili zinen, bera, berriz, azkartxo; eta kotxea ertzetik aurrera joan zitzaion. Berak salto egin zuen, baina zu atera ezinik gelditu zinen. Juradu batek ez al du hau sinistuko? Bai, sinistuko du, esan dudan gauza bakoitza frogatu egingo bait dut, hondartzako bidaietatik hasi eta esku azeleradorearen konturaino. Eta orduan ez da zuretzat errukirik izango, gazte. Urkabea izango da eta zu sokaren muturretik zintzilik, eta jeisten zaituztenean zu bezalako babo arraio guztien ondoan lur emango dizute, urkabetik libratzeko okasioa izanik nerekin traturik egin nahi izan ez duten guztien aldamenean.

        —Ez zen horrelakorik gertatu, nik gogoan dudanez behintzat.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.