L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-3 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Txillardegi: Kosmodromo like a virgin

 

Felipe J.

 

        Kosmodromo liburua osatzen duten lau ipui horietatik Txillardegik bi idatzi zituenean, artean Madonna Louise Ciccone-k ez zuen lehendabiziko abestiaren nota jaurti (aita eta ama harritu batzuen aurrean, I supose) lehendabiziko mutila ezagutu; lehendabiziko miresleari artean ez zion sufriarazi. Ez zen jaioen mundura sortua. Eta noski ez zuen Txillardegi ezagutzen. Orain ere beharbada ez du ezagutuko. Txillardegik beharbada ere ez du Madonna ezagutuko, haren aho muxu jalea, begiratu ezkero preso hartzen zaituzten begi horiek, zirimolaren atrakzioa duen gorputz hori, moja kolejioko neska bihurri (baina ona) eta printzesa punkyaren arteko itxura hori. Ama guztiek beren alaba horrelakoa izatea nahi luketen neska. Esan dezakete Madonna disko munduan dauden enpresari, publizistek sortutako irudia dela, merkatuan edo munduan (mundua merkatu luze bat da) ezer erakargarririk ez egon eta sortutakoa, sinbolo sexualak behar dituen publiko anonimo eta anodinoari zuzendutakoa, irentsia izateko. Madonnak berak bestalde beraren eskuetan erortzen direnei, armiarma ezagun batek bere maitaleei egiten diena egiten die: jan.

        Txillardegi ez da Euskadiko show business batetik sortutako, fabrikatutako, moldatutakoa. Euskal kulturaren alor guztiak jorratu dituen gizona dugu. Euskara zer zen ere ez genekienean berak idatzirik zeuzkan literatura orri ugari, eta prosa politiko eta konbatezkoan irakurri ditugun kalitate handienetakoak. Bera beti aurrean, euskara arin batez bere pentsamendua, ur jauzia moduan, isurtzen. Txillardegi euskaraz idazten hasi zenean Mick jagger, David Bowie, John Lennon eta belaunaldi honek eman dituen mitoak mukizuak ziren. Ingalaterrako tranbietan debalde sartzen zirenak eta fabrika artean zapatak puskatzen zituztenak. Oraindik musika egiten segitzen dute batzuek, besteak desagertu ziren, batzuk hil. Irauten dutenek urtean behin edo zerbait kaleratzen dute: berria. Bizirik daudela adierazteko eta publikoaren motomania asetzeko. Gazteagoak ere badaude, eta musika ondo egiten dutenak. Hauek ordea ez dute oraindik mito status-a lortu, ez dute beren buru gainean argi ingurua, ez dira balio segurua. Agertzen dira eta desagertzen uda gau batetako amets freskoa bezala.

        Txillardegi ez da euskal literaturan mitoa (gizarte honek beste bideak erabiltzen ditu mitoak sortzeko eta mitoak sortzen dira kontsumitzeko ahalmena handia denean). Denbora pasa ahala, Txillardegi-k utzi dio literatura egiteari edo behintzat literatura argitaratzeari (ez berrargitaratzeari). Horren kasuan beste idazle asko daude Euskadin barrena, adinez antzekoak; eta noizpait idatzi zutenek berriro ikusten dute inprentek ekartzen duten zerua, berriro dira irakurlearen eskuetan erortzen diren maitaleak, irakurleak dasta ditzan. Oraingo gazteek ez dutela horren ondo idazten, beren lanak ez dutela kalitate medioa, eskuizkribuen inpernuan egotekoak direla. Beharbada? Baina euskal literaturan balio seguruak, eternoak daude, aberriaren sortzaileak izan direnenak (aberria oraingo kontzeptoan) eta horiek beren intelijentziaren fruituri beti partidurik onena ateratzen dakite. Hortik bizi direla. Pozgarria benetan euskal literaturaren desertuan oasirik aurkitzea. Osasungarria. Xarma dute beraz egiten duten guztiez bizitzeko lain badute. (Mida erregeak ikuitzen zuen guztia urre bihurtu zuen, bere zoritxarreko). Pribilejiatuak. Talento pribilejiatua dutenak. Intelijentziari probetxo ateratzen jakitea. Madonnak bere gorputzari, bere sexo-deiari ateratzen dio. Isurtzen zaion lurrun sexualak inguratzen zaitu, atrapatzen, miresle bihurtzen zaitu. Zori-zoritxarreko. Eta Madonnari dena barkatzen zaio, sexoaren arrazoietan ez jakinak garelako eta denok sexoa maite dugulako. Dena barkatzen zaio Madonnari, baita birjina izatea ere. Txillardegiri ere dena barkatzen zaio, euskal mundua urria delako, aintzinako merituengatik omenaldia modukoa. Dena barkatzen zaio, garai batetan ipui ez onak idaztea ere. Kosmodromo argitaratzea ere. Madonnak abesten duena «You know that we are living in a material world, and I am a material girl». Badakizu gu mundu material batetan bizi garela, eta ni neska materiala naiz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.