Juan Luis Zabala: Zigarroaren kearen ondorioa
Felipe Juaristi
Hitzaren suntsipenaren atzetik, materia poetiko bakar bezala hizkia, letra, geratzen zaigu. Ez ditugu hitzak suntsitu nahi, beste hitzak sortzeko; isiltasuna konkretatu, ezereza idatzi nahi dugu» utzi zuen paper galduren batetan Isidore Isou-k, seguruaski sinbolismoaz, kubismoaz, dadaismoaz eta ezagutzen zituen ismo guztiez asperturik. (Asper horrek ez zion oztopatu beste ismo bat sortzea: letrismoa). Isourengandik titulu zoragarriak eta poema irakurezinak geratzen zaizkigu. Komunikazioa, honegatik edo horregatik apurtuta dagoenean, momentu bat nahikoa da konturatzeko azkenera iristen dela komunikazio hori, hiltzera. Literatura sintasia txikitzen hasi zen, gero esaldia desitxuratzen, ondoren hitza hausteko. Eta hitzaren atzetik hizkiari, letrari, tokatzen zitzaion hondatzea, untzi pisuegiari bezala. Literaturari (gizonen irudia izanik) horrelako gainbeherakako aldapatik herrestan joatea tokatu bazaio, zer gertatu gizonari? Zer gertatu zaio komentatzen ari garen liburuaren pertsonaiari? Eguzkia denentzat den bezala, bide guztiak denek korritzeko dira. Marc Outryve-k (2) azkenean espresiobide guztiak suntsitzen ditu, baliogarriak ez zaizkiolako. Ezereza idatzi nahi du, bere gorputza ezereza bihurtuko duen ordua hurrean sentitzen duelako. Baina lehenago zerbait gehiago suntsitu da berarengan. Haserako gaixotasun sendaezina krisi ideolojikoa bihurtuko da, zibilizazioaren errautsa izaten bukatzeko. Ezerezak ez du ezerezaren kontzientzia ere adierazten. Bukaeraren bukaera inon ez bukatzeko.
«Beti interesatu izan zait Bretonen ideia bat, bi gerra bizi izan dituen kultura ezin daitekeela onartu, beste gisako kultura bat landu behar dela. Hala ere kultura berriak bere mugak dituela laster ikusi dut eta azkenean hor ere ez dagoela soluziorik» dio Juan Luis Zabalak, bere pertsonaiaren luzapen moduan.
«Protagonista hil behar duela jabetzean sentitzen duen bakardadearen aurrean bat ez ere idazteko premia sentitzen du eta inoiz komunikatu ez dituenak komunikatzeko. Lehen ere sentitu zuen eta lehen ere ezezagun bati zuzendutako gutunetan espresatu zuen premia hori. Nobelan zehar hori da egiten duena, bere kezkak azalduz». Argumentua, Jose Luis Zabalaren hitzetan. Mac Outryve-k itzulibiderik gabeko komunikazioa inauguratzen du, pertsona anonimo, ezezagun bati zuzentzen zaio, bera bezain gutun anonimoak bidaliz. Bi hipotesi bota daitezke horren zergatia adierazteko. Bata, idazleari gutunak idaztea gustatzen zaio eta orduan Kafka, Pavese eta hainbat idazlek jorratutako ariketa baten aurrean gaude, gure idazleak (eta ez da pejoratiboa) ezer berririk aportatu gabe. Eta bigarrena, ezezagun, anonimo baina mortal bati zuzentzen zaio Jaungoikoari zuzentzeko beharrik sentitzen ez duelako (Jaungoikoa anonimo, ezezaguna, mortala duelako). Gutunak idazteko abilidadearen erakustokia baino gehiago da nobela: tesia-nobela.
«Hogeigarren mendean ez dago Jaungoikorik, ez da sinisten Jaungoikoarengan, Jaungoikoaren babes hori galdu da. Fedeak irauten du baina ez du indarrik. Babes gabe geratzen, eszeptiko geratzen da». Juan Luis Zabala berriro, bere pertsonaia bideratzen.
Esaldi arabiar batek dioenez mamuz asko mozorrotzen dena mamu bihurtzen da. Eszeptizismoa asko aipatzen duena eszeptikoa da seguruaski. Mac Outryve azkenean izenaren jabe besterik ez da. Beste guztia kea bezala aideratu zaio, nortasuna, besteekiko harremanak, nonbaitekoa izateko kontzientzia, kontzientzia bera ere... Ez da heriotzera alforja gehiegi, zama ugari eraman behar.
«Euskalduna baino gehiago europearra sentitzen naiz, erremediorik gabeko europearra. Ez dut esaten ona ala txarrik denik» Juan Luis Zabalaren aitorpen modukoa.
(1) Zigarrokin ziztrin baten azken keak. Juan Luis Zabala. Elkar (euskal literatura-elaberria sailean) 28. (1985).
(2) Nobelaren pertsonaia.
|