Etnografia jenero literario bezala
Joseba Zulaika
Bertsolari batek bere bertsoak kopista bati kantatzen dizkio honek transkriba ditzan. Bertsoak «idatziak» gertatu dira, baina bertso hoien funtsak «ahozkoa» irauten du. Poeta batek, alderantziz, bere bertsoak idatzi egiten ditu, eta hoien ahozkatzeak ez luke inoiz bertsolariaren bat-batekotasuna irabaziko. Eskribitua ala ahozkoa, bi testugintza guztiz desberdinen aurrean aurkitzen gara teknika, pentsamolde, egitura, eta esanahiaren aldetik. Adibidez bertsolariak inprozisazioaren debora-gabeziarekin konposatu behar du; poetak nahi beste denbora du bere bertsoa osatzeko: gauza antzekoak esanda ere, bi bertsogileen esanahiak testuinguru desberdinetan daude. Bersolariarenak «haizeak eramaten ditu», eta momentuko transparentzia horretan lortzen dute beren grazia. Idazlearenak berriz bertso «fijatuak» dira, denboraz eta redundantziaz josiak. Idaztearen finkapen honek referentzia modu desberdina sortzen du eta, azken batetan, idazteari berari sor zaio ahozko kreazio batek lor ezin duen testugintza propioa.
Antzeko diferentzia egin daiteke etnografiazko lanetan ere. Magnetofoi bat eskuetan hartu eta herriko tabernan entzundakoak edo etxeko amonaren ipuiak grabatzen dituzu. Estudiante bati ordaintzen dizkiozu paperera pasa ditzan, eta lan etnografiko bat burutu duzu. Edo inkesta bat besapean hartu eta hauzokoengana jotzen duzu: galdekizun eta erantzunekin tomo ugariak ateratzen zaizkizu denbora gutxitan. Lan etnografikoa ari al da egiten gure antropologoa? Etnografian ere, literaturan bezala, kopista-lana eta eskribatze-lana ez dira zeregin berdinak. Kopiatzen diren testuak baliozkoak direnean, kopistaren lana beharrezkoa da, baina azkenik, bertsoak plazakoak eta bizitzakoak bertsolaria dute heuren autore, ez kopista. Etnografoak erabaki dezake, ordea, magnetofoiak, galdekizunek eta inkestek diotena ondo entzun eta alde batetara uztea, gai guzti hori fetitxe ukiezin bezala eduki beharrean horrekin testu «eskribatu» bat osatzen entseiatzeko. Etnografoak ere, denok entzun eta ikusten duguna aitzakitzat harturik, eskribitzen ausartzen denean, zerbait berria ezagutzeko eta esateko harriskua hartzen du bere gain.
Badira 30 urte Evans-Pritchardek gaur eguneko antropologiaren joera nagusia markatu zuela zera esan zuenean: antropologiak ez ditu sistema naturalak aztertzen, baizik eta sistema sinbolikoak; ez berezko legeak, baizik eta diseinu eta modelo kulturalen barne-konsistentzia; ez ditu esplikazio zientifikoak bilatzen, baizik eta deskribapen eta interpretazioak. Zer egiten du antropologoak? Idatzi. Baina jende tartetik idazten du; hau da, bere egiak jendearen harremanetan ikasi behar ditu, egoera konkreto batetan lekututako lanaren arabera. Ez dabil hauzo edo mendi bateko jendea estudiatzen, baizik eta jendetarte batetan arazo edo igarkizun konkreto bat asmatu nahiean dabil. Teoriaz eta aurreiritziz gidatua dago edozein ikerlan, eta ez dago metodo majikorik jendearen pentsakera eta sentikera deskubritzeko. Kolonialismo denboretan misiolari eta administradoreek inkesta ugari egin zituzten natiboen ohiturak ezagutzeko; eredu bezala har daiteke Ingelesek 1874 urtean osatutako kuestionario orokorra; gure artean Barandiaranek osatutako galdekizuna ibili izan ohi da eta ibilten oraindik ere. Zer esanik ez konpilatze lan hau guztiz da beharrezkoa, baina gaur egun, benetako lan antropologikoaren atarian gelditzen da lan hori.
Lekuan lekuko inbestigazioa Malinowskik orain 60 urte profesionalizatu zuenetik, antropologoari gizarte-bizitza baten ikerketa bere kabuz egitea eskatzen zaio. Gizadomeinu desberdinen arteko harremanen azterketa orokorra eratu behar du. Deskribapen eta interpretapen hauek maila desberdinetakoak izan daitezke. Gertakizun edo elkarrizketa soil batzuen berri eman dezake; ekintzak dituzten forma eta prozesuen arteko harremanak azter ditzake; testu sozialaren eta honen kontestuaren arteko dialektika begira dezake. Ondorioz, etnografia modu desberdinak gertatuko dira.
Distantziamendu mekanismo bat eginaz, antropologoak natibo edo salbajearen irudia mantendu du, honen aurka bere gizarteari buruz egoera ez-salbaje bat suposatuaz. Geure kulturaren etnografia egiten hasi ezkero, geu gara biak batera, ikerle eta natibo. Filipinetara joan eta gizarte lepo-moztaile hoietako bat estudiatzen baduzu, zeure gizartea behintzat eta zeu ere ez zarete lepo-moztaile. Baina zeure gizarteaz idazten ari bazara, eta zeure herrian ere lepo-moztea edo antzeko zerbait obligazio bezala ikusia badago, orduan zeu ere hor nunbait lepo-moztaile izango zara. Galdetu bestela Moloise hego afrikar poeta urkatuari.
Bere kulturaz idazten ari den antropologoaren zeregina poeta homeriko batenarekin gonpara daiteke. Honi tokatzen zitzaion aintzinako Grezian bere kulturaren aurreiritziak eta mugak seinalatzea. Bere gizonen ohoreak eta lotsak goraipatuz, ekintza modu hauen barne-kondizioak deskribatzen zituen. Orden kultural bat ulertzeko modurik egokiena zein kontradikzio inponitzen dituen agertzea da. Hizkuntzan eta kulturan soluziogabe diren antinomia hoien konprensioa bilatzen du poetak; gizonen ekintzari itxitura estetiko bat ezarriaz, ulermenerako zentzu bat apuntatzen du. Antzeko zerbait entseia dezake etnografia batek ere: kulturaren baitan finkaturik dauden interpretapenak interpretazio-gaitzat harturik, beste maila batetako komentarioa osa dezake. Era honetan, kultura barneko iritziak eta exegesiak itzulpen berri bat irabazten dute.
Edozein literaturarekin gertatzen den bezala, azken batetan etnografoak ere deskribatzen ari den realitate hori bera konstituitu egiten du. Bere burua lenengo natibotzat duenean idazleak ere bere haragian sufritu behar ditu bere kulturak ezartzen dizkion paradoxak. Poema homeriko baten kasuan bezala, antropologoak ere, berak sortu behar du mundu bat bere kulturako hypotesiak gai bezala harturik, eta edozein artegintzan bezala, gizarte barruan dauden bertsio aurrerakoiak azalera atera behar ditu. Zein auto-definizio ulertzen dugun eta zein ez, idazleak beraz bizi duenarekin zerikusia izango du, ezinbestez.
|