L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-3 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Peter Handke-ren «Munduaren pisua» edo eta
liburuak liburu baino askoz gehiago direnean

 

Juan Luis Zabala

 

        Juan Luis Zabala. Biografia moduan, nota batzuk

        Azkoitian jaio eta koskortutako idazlea da, Kontzejupean pelotan asko egin ez bazuen ere ezaguna den azkoitiar idazlea. Azkoitiko «Txortan» aldizkari ziztrinean eman zioten (injenuoak) lehendabizi idazteko beta. Eta gustoa hartu zion, idazteko makinan dauden tekleei sakatzeari eta hor dugu El Cid bezala, aurkezten den tokietan irabazle ateratzen. Debako «I Tene Mujika Ipuin Lehiaketa» irabazi zuen 1984.aren hasieran eta urte bukaeran berriz «X. Azkue Saria»ren elaberri sailean garaile geratu zen «Zigarrokin ziztrin baten azken keak» izeneko lanarekin. Aurten «VI Errenteria Hiria ipuin lehiaketa» irabazi du. Hala ere Azkoitiko ipui lehiaketan ez dute epaimahaiko hartzen, eta bera ez da presentatzen. Irabaziko luke. Laster Atano kanpeoia plazako iturri gainetik kendu, eta idazle honen burua jarriko dute txapela eta guzti. Ikustekoa.

 

        Bolada hartan bakarrik ibiltzeko joera nuen. Lagunartean baino hobeto sentitzen nintzen bakarrik. Peter Handke berak esango zukeen bezala: «Bi egun egon nintzen ea inork ezer atseginik esaten ote zidan —ondoren atzerrira joan nintzen». Gisa horretako zerbait zen gutxi gora behera. Mendira edo itsasaldera joan ohi nintzen, eta ordu luzeak ematen nituen mendi tontor batetik haranera begira edo itsasbazterreko harkaitz baten gainean itsasoari so. Eguraldi txarra zegoenean ganbarara igo ohi nintzen leihotik zehar euria erortzen ikusteko. (Harako hura datorkit gogora hori esandakoan: «Ontasunezko, ulerkortasunezko, horizonte zabaltasunezko une bat, lanbro hotz eta etsipenezko egun batean, telebisioko sintonia eguerdian durundi eginez etxe askotan»). Herriko parteko aulkietan ere gustora egoten nintzen zenbaitetan. Neska bat, edo eta bestela zakur bat behar nuela iruditzen zitzaidan bakartate hura gozoroago dastatzeko. Horretaz pentsatzean irribarre egiten nuen, funtsean alde handirik ez zegokeela esaten nuen neure artean, nahiz eta niri, egia esan, ez zaizkidan inoiz animaliak larregi gustatu. Azkenean, ordea, ez bata eta ez bestea, liburu bat aukeratu nuen ene bakartateko lagun mintzat: Peter Handkeren «Munduaren pisua».

        Liburua letu ala, Peter-en adiskide izaten hasi nintzen. «Idatziko ez banu, bizitzak irrist egingo lidakeela pentsatzea». Horixe zen, bai, neuk ere nire egonaldi bakartiekin ekidin nahi nuena, bizitzak irrist egin zekidala alegia. Eta hark ere bakartatea behar zuen luma eta paperaz gain: «Neuregandik irten arte ibiltzea», «Ez dago soluziorik, batbedera eta munduaren arteko dibortzio eternoak normala izaten segitzen du, eta guztia behin betiko, hasperen batean, soluziona dadineko esperantza batzutan behintzat efekturik lortzen duen plazebo xiringatu baten antzekoa da», «Ezezagunarekiko beldurra baino okerrago: bat batean, ezagun baten beldurra». Funtsean baliteke bakartate haren premia Handkek hain argi azaldu zidan huraxe izatea: «Oso atzetik hartu zuen abiadura, bakartatetik, lagunkoi izateko gauza izan zedin» Seguru asko.

        Negargura gozo bat eragiten zidan liburu haren zenbait istorio xumek, odola atera barik likido garden ikustezin bat isur arazten zidatela ziruditen laban zorrotz urrikigabeak: «Goizean behatzean ebaki bat egiten duten eta gero, gauean, harrikoa egiten ari direlarik, esparadrapua erortzen zaien etxekoandre kontaezinengan pentsatzea; orain, sukalde asko eta askotan, esparadrapu busti eta biribilkatuak daude tantaka ari diren plateren ondoan deskantsatzen»; «Abiadura bizian iragaten diren motoristak, eta tiroka botatzen ditudala imajinatzea; hain lasai geratu nintzen hori pentsatzean, non hurrengo petralari biziki harriturik utzi zuen etxekotasun batez begiratu nion»; «Geltokitik gertu: adin ertaineko emakumea bidaizorro bat eskuetan, oso makal iragan zen, begiak malenkoniaz beteta, eta nik zera pentsatu nuen: bidaia luzeak ere ez du ezertarako balio izan»; «Gaur, dendan, gatza erosi nahi eta bilatzen ari zen pakete txikia aurkitu ez duen agurea; handia hartu behar izan du eta txikiak hiru urte iraun ohi ziola esan du —isiltasun estrainio bat hedatu da dendan, zaharrak bere azkeneko gatz paketea erosi berria zueneko ideia publikoa egiten zihoan bitartean».

        Ez zen nolanahikoa liburu hura, ez horixe! Ostera eta egonaldi bakarti luze haietan ene lagun Handkek bere bizimodua ireki eta osorik eskaintzen zidan batere lotsarik gabe, ahal zuen guztia egiten zuen, ez zion mugarik jartzen bere zintzotasun gordinari. Eta gainera neure antza hartzen nion, bat egiten bait nintzen maiz berarekin —edo eta bera nirekin—: «Nire suminkortasuna, ezagutzen ez dudan norbait maitatzetik datorkit, eta maitemindurik ez naukan eta ezagutzen dudan norbaitekin egotetik: mundu guztiari ostiko bat emateko gogoa»; «Mundu guztia bere erabateko arrarotasun eta xelebrekeriaz jabetuko balitz, bere normaltasuna mantentzea zelati ezkutuan gorderiko maina sorta amaigabe bati esker lortzen duenaz, ez litzateke inor inori minik egiteko gauza izango»; «Denda batetan sartu eta saltzaileak bere irribarrerik atseginenaz agurtzen nauenean, badakit aurrean iztarbegi mami posible bat dudana eta hark aurrean iztarbegi bat duena»; «Aurrerapena batbederak besteekiko tratuan egiten dituen eguneroko zozokeria ezinbestekoek ez naute lehen bezala molestatu egiten, neure buruari irri egiten diot egiten ditudan bitartean»; «Ezin esan nezake nor naizen, ez dut nitaz ideiarik txikiena ere: jatorririk gabeko, historiarik gabeko, aberririk gabeko norbait naiz eta horri atxekitzen natzaio»; «Emakumea bakarrik hondartzan, arratseko eguzkitan, arropa kendu eta itsasora korrika egin zuen, sorbalda bat murgilduz lehenik gero bestea: nostalgia sentitu nuen hura begiratzean, eta berak ezin konpartitu zuenez, nostalgia min egin zen ni baitan»; «Gutxiagotasunezko sentimendua ilusioak egiten dituenarekiko —itxura ederra du egiten dituen bitartean»; «Ez dut norbait ulertzen— eta zozoa dela diot neure artean; gero ez dut beste bat ere ulertzen —eta beldur naiz jada mundua ez ote dudan ulertuko».

        Behin, gogoan dut, ilundurik zegoela itzuli nintzen etxera eta karrika estu batetan polizi kotxe bat ikusi nuen zoko ilun batetan. Ez dut esango beldurtu ez nintzenik, baina neure buruari egin nion txiste batek egoera hura irribarre batez gogoratzera bultzatzen nau egun. Zera esan nuen neurekiko «Ezin didate ezer egin, beraiek armak dituzte baina nik munduaren pisua eskupean». Eta ez zen hura izan liburu haren eragin babesgarria sentitu nuen mementu bakarra.

        «Peter Handke lagun ona dut», idatzi nuen behin itsasbazterreko harkaitz batetan eserita, itsaso zabalari begira, «benetako lagun mamia. Bere baitako labirinto oro erakusten dit, konfidantza osoz, eta begirune handia dit, alegia, antzematen du ni ez naizela bere auzoak bezala. Maitasun handia diot Peter Handkeri, ez bait naiz batere jeloskor». Aurretik ere zera idatzia nuen: «Nik bezalako egoistak geure burua baizik ez dugu bilatzen. Hala irakurtzen ditugun liburuetan nola egiten ditugun lagunengan. Peter Handke ene lagunik minena bihurtzen ari da».

        Beste batzutan liburu hartan gehien liluratzen ninduten zatiak kopiatzen gozatzen nuen besterik gabe: «Hodeitxo txuriak ari ziren Notre Dame atzetik iragaten Jean Renoir-en pelikula zahar batetan, eta nik zera pentsatu nuen: hortaz, hodei horiek hortik iragan ziren orain dela berrogei urte pasa»; «Norbaitek, lagunartean, bere buruari maiz esana dion zerbait esaten du, eten egiten du bat batean eta hitz egiten du: "Ez du zentzurik esaten dudanak —Eskerrak noizean behin bat lagunartean egoten den!"»; «Ile gaztainikaradun emakumea metroan, sendoa eta bizitzaz betea: gainerako aurpegiak artifizialak egin ziren— eta jaisten zen bitartean hargan betirako galdutako norbaitengan bezala pentsatuz begiratu nion». Gustoko lana nuen horrelakoak kopiatzea.

        Beste garai batzu izan ziren haiek nire bizimoduan. Orain medikuek liburuak debekatu egin dizkidate eta txakur beltz txiki bat daukat.

 

        Peter Handke: El peso del mundo. Un diario (noviembre 1975-marzo 1977), Laia, Barcelona, 1981.

        Edizio orijinala: «Das Gewicht der Welt», Residenz Verlag, Salzburg, 1979.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.