Tolosako azken «San Juan» Literatur Lehiaketa
Imanol Aranburu
Aurtengoan ere, eta ohizkoari uko eginez nolabait, urtero bezala kaleratu da «Tolosako San Juan Literatur Lehiaketa»-n saritutako lanek osaturiko liburutxoa, antolatzaileei iaz garaile suertatuko lanak urtebete beranduago argitaratzea luzeegi jotzea zela iruditu omen zitzaien eta.
Aurreko urteetakoekin erkatuz poesia sailan bi maila besterik ez daudela konturatu gara. Euskal Literaturgintzari egin zaion kritikarik gogorrenetako bat prosa baino poesia gehiago idaztea izan bada ere, badirudi gauzak zertxobait aldatuz doazela. Poesian uste baino jende gutxiago aurkeztu omen da, eta horren ondorio gisa epaimahaia bi maila batzea erabaki beharrean aurkitu da eta.
Are gehiago esango nuke: prosa saila nahiko zehaztua dagoen artean, poesia sailean ez da gauza bera gertatzen; poesia lan gisa uler ditzakegunak eta bertso berriak nahasturik azaltzen bait dira. Hau kontutan harturik, badirudi prosa saila orekatu eta landuagoa dela, bi urte hauetako idazleen adibideari kasu egiten badiogu bederen.
Berrikuntza aldetik ere, prosa lanetan ditugu ugarienak eta azpimarragarrienak. Irudimen oparoa erakusten dute lanek; kontatzeko moduak ere biziak dira orokorrean eta berritzaileak zenbait kasutan.
Gaiak ohizkoetatik kanpokoak, ez arruntak, berriak, esanguratsuak, irudimen handikoak. Biziki pozten gaitu hau zehazteak, potentzian literatur sorketarako behar diren osagarriak hor ditugula erakusten digute eta.
Azpimarragarria bestalde, gazteengan ikusten dugun heldutasuna literatur lanean iharduterakoan. Trebetasuna eta heldutasuna dira ezaugarri nagusiak literatur munduan bide berriak urratzen hasi diren gazte hauengan, eta duhinki moldatzen dira zeregin honetan.
Zerrenda luzea bada ere, hauek dituzue liburu hau posible egin duten idazleak:
1984ko prosan: Andoni Gorostidi, Jone Galarraga, Izaskun Arandia, Gorka Jimenez, Moira Ceberio, Xabier Alkorta, Juan Migel Calahorra, Arantxa Iturbe eta Dina Bilbao.
1984ko olerkian: Migel Angel Mariezkurrena, Juan Joxe Esnaola, Xabier Ugartemendia, Mateo Esnaola, Garbiñe Ubeda, Estanislao Urruzola «Uxola», Nina Agirrezabala eta Imanol Laskibar.
1985eko prosan: Edurne Etxeberria, Onintza Elduaien, Ainhoa Dominguez, Xabier Olarra, Amaia Karrera, Gorka Jimenez, Aitor Urkola, Patxi Xabier Jauregi, Juan Migel Calahorra eta Yurre Ugarte.
1985eko olerkian: Juan José Esnaola, Juan Karlos Ugartemendia, Jose Antonio Sasiain, Kepa Fdez. de Larrinoa, Mateo Esnaola eta Nina Agirrezabala.
Beraz eta laburbilduz, eritzi bat ematerakoan, emaitza heldu baino freskoago hau gure eskuetan dugularik poza eta alaitasuna besterik ez dezakegu senti. Aurrekoek esku onetan utziko dute lekukoa idazle berri hauek beren ihardunean jarraitzen badute, beren nahiak eta sormen lanak garatuz. Idazle hauek beren emaitzak ekoizten badituzte baikor agertu behar euskal literaturari dagokionean bailara honetan.
Horregatik eta amaitzeko, bide berri hau urratzen hasi eta hastekotan lehen saioak egiten ari zareten guztioi, aurrera jarrai eta gogoz ekiteko esan besterik ez. Ekin eta jarrai horretan.
|