L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-3 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Giltzapeko zorion iheskorra

 

Karlos Santisteban

 

Gaur gogotsu iratzarri naute goixaldeko lehen eguzki errainu hozkirriek. Beha, laguna, beha ezazu nire leiho honen zehar eta han urruti puntutxo dirdaitsu bat antzemango duzu zeure begiak ongi irekiz. Zeure begimiran duzu, ezta?, orain izar goiztiar horrek nola agurtzen nauen begizta dezakezu, bai, laguna, bai, Artizar da, goizero etortzen zait nire ernatzean laguntzera eta ñir-ñir egiten dit irritsu, aurpegi zabal, pozkatu egiten nau, benetako adiskide dut, adiskide mina.

        Beste egunean berarekin joan nendin gonbidatu ninduen. Begiak itxi nituen eta apurtxo baten Artizarren urrezko soingaineko distirakorrean nengoen alai haren izar lagunen txirula miragarrien soinuaren arabera dantzaka eta jauzika, lehertu beharrez jauzika. Eup! Ai jai jai! Lalalatraralala! Eup!

        Hain zuzen ere jaiak ziren Esnebidean eta ikuskizun miragarria zegoen han. Jaiei hasiera emateko artifiziozko suak zeuden. Berebiziko gonbidatua nintzenez neuri eskaini zidaten jaiei hasiera ematearen ohorea. Izarloka bati su eman nion buztantxoan eta zzzsssshhh!, espazioan zehar abiatu zen arin baino arinago eta egundako trumoi baten eztula aditu zenean jaiak hasi ziren. Lehena artifiziozko suak, astroei izugarri laket zaizkielako.

        Hasi ahal izateko iluntasuna behar zenez, eklipse bidez amatatu zen zegoen argia, planeta, satelite eta eguzki guztiek eklipse egin zioten elkarri eta iluntasun sakon hondogabean koloreaskotako izarlokek, ostarriek, tximistek, eguzkiek, izar kiñulariek eta gainerako astroek paregabeko emanaldia eskaini zuten, inoiz Lurrean ikusi gabeko kolore eta forma asko ikusi nituelarik, eklipseekin batera gau artifizial hura bukatu zen arte. Ondoren, denetik zegoen jaietako egitarauean, denetik inoiz bukatzen ez ziren jai haietan, azkengabeko unibertsoan orduak ezertxo gutxi baitira.

        Gehien gustatu zitzaidana mila milioi kilometroetako lasterketa izan zen. Hasieran korrikalari guztiak pare-pare zebiltzan baina laster izarlokak, bakoitza bere aldetik aldendu ziren norarik gabe, izar arinak pixkanaka-pixkanaka ahitu egin ziren, Herensugeari ahoko sua itzali zitzaion eta Orga Handia aurrea hartzen hasi zen eta lehena heldu ere, Orga Txikia, gure Eguzkia eta gainerako astro guztiak oso atzean utziz.

        Pozarren nengoen hantxe, gehiago ikusteko irrikaz, baina Artizarrek itzuli beharra nuela adierazi zidan, edo bestela zahartu egingo nintzela. Egia zen, niri han egona unetxo bat iruditu arren, egun osoa iragana zen, unibertsoa presarik gabe dabil.

        Gaur, triste esnatu naiz, laguna, triste, eguna bezain goibel, Hodeiek betetzen dute ortzegoia eta haietan zehar senti badut ere, ezin dut neure Artizar ikusi. Eguzki errainuek ere lotsorrez bidaltzen dute beren argia, beren beroa, beren alaitasuna. Goizeuri lasa ari da atertu gabe eta giroa guztiz heze dago, bustita, blai. Itxita daukat neure leiho hau, itxita, laguna. Eta oso txiki dakusat. Haren kristalaz bestaldean burnihagak daude orain eta ezin dezaket neure esparru honetatik alde egin, giltzapetuta, lotuta nago. Beigak ixten saiatzen naiz, alferrik, momentuzko iluntasun horrek gorputza ikaratzen baitit osotoro eta beldurra hezur-muinetaraino sartzen zait inolako kupida gabe.

        Latza da hau, latza, laguna, ia jasanezina. Ordu luzeak iragan behar ditut gelatxo ziztrin honetan eta minutu bakoitza egun osoa iruditzen zait, segundu bakoitza ordubetea, eta egunean dauden segunduak zenbatzen hasten naizenean zoratu egiten naiz.

        Gaur, amestu ere ezin dut egin, laguna, dar-dar dut gorputza, ilun dago oro, egunargiaz gaua jabetu da, etsimenduan eroriko naiz, hala ere, badakit goiz-zirrinta argitsu gehiago etorriko dela, eta arrastiri oskarbiak, eta Artizarrek, Ostargi Gorriak eta Ilargiak laguntza emango didate, bestela galdurik nago, laguna, galdurik gartzela honetan...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.