L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-3 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Groucho Marx-en zigarro purua (1)

 

Italo Calvino

 

euskaratzailea:
Felipe Juaristi

 

Groucho Marx, pantailako beste komiko handiengandik bereizten bada, bere mozorroa (disfraza) prestijioa, arrakasta, agintea duenaren, ahalmenez jantzirik dagoenaren, bizitzen dakienaren bistako ezaugarriez horniturik azaltzen zaigulako da: puroa, bibotea, jaka iluna eta pauso luzeak emanez ibiltzeko era hori, belaunak kanpora begira, patinatzen bezala (bere asmaketa mimikorik sinbolodunena).

        Bere bi anaiek ongitxo murgildu eta igeri egiten duten espazio bitala askatasuna eta guztiz pobrearen handinahiak adierazten dutena da (Chico mende haserako Brooklyn-en eroritako etorkin italiarraren jitearekin; Harpo aingeru erori eta gaizkilaren itxurarekin, Chagall-en zerutik lurreratua) —eta horretan Chaplinek, Keaton eta Woody Allen-ek erabili dituzten, jantzi dituzten mozorro berdintsuez ikusi ahal ditugu: egokitzen ez denarena, bizitzak kate-zakurra bezala ostikadaka tratatzen, eramaten duenarena, underdog sozial eta sikolojikoarena egiten— Grouchok adierazten dituen paperak beti, nolabait, boteredunarenak dira (diktadore, millonario, enpresari, abokatu ospetsu, irakasle).

        Baina botere horregatik, Grouchok aidera ateratzen ditu azpikeria eta zikinkeria, prestijioak estaltzen duen lokatza, errespetoaren mozorroak berarekin duen zinismoa; arrakasta guztia, bizitza honetako goian egoteko ahala ilusiorik gabeko oporketa besterik ez dela demostratuz, gero abiapuntuaren ezerezean amiltzeko. Underdog-aren figura errepresentatzen dutenek porrota sublimatzen badute, Grouchok arrakastaren mitoa baldineko sublimaziorik gabe uzten du agerian, eskala sozialean gora igoteak dakartzan miseria eta zirtzilkeria erakutsiz.

        Viveur (2) porrokatua eta neskatan paregabea, Groucho alargun ile hori, haragi askoko, lodi samarren atzetik dabil, batez ere bankuan duten diruagatik, baina bere maitasunezko balentriak aurrera eramaten ditu ilusio eta ganora handirik gabe, eta honek kentzen dio lorpen, garaipenari balio eta esanahi osoa. Azken finean, bere sarkasmo aldaezinean arrakasta eta porrota balio berekoak dira, txanpona osatzen duten bi aurpegiak. Grouchok bai bait daki ekintza baten helburua, anbizio edo nahiaren muga, ezereza edo deusaren hurrengoa dela.

        Esan daiteke Grouchok ez duela aurpegian mimika: bere begitartea aldakaitza da beti (Chico eta Harporen alderantziz, begiak beti dantzan); bere gag guztiak hitzean daude oinarrituta; bere espresiobide guztia hitzezko kortozirkuitoetan dago eroso, jarrera aldatuz. «Mila dolar eskatzen dut». «Hamar eskaintzen dizkizut...» «Ah, ah, ah!» Errukia eta destaina adierazten dituen parra, eta berehalaxe: «I take it!» (2) («Konforme!).

        Chicok etorkinen ingeles traketsez hitzegiten du, eta Harpo mutua, poltsiko infinitoetatik behin ere bukatzen ez diren gauzak ateratzen espresatzen da. Biek musikaren bidez ordezkatzen dute beren hitzegiteko ahalmenik eza. (Bata oso iaioa da pianoarekin, bestea arparekin). Groucho aldrebesa da musikan, ezerezaren islada, beti musikaren armoniak apurtzen bere desafinatzeko abilidadearekin.

        Baina autoilusio guztia burutik kendu, sasi urrea desegin eta den hori gizonaren oinarri sinplea bihurtzen duelako, Grouchok den moduan azaltzen denaren duintasuna azaltzen du, kartak mahai gainean jokatzen duenaren errurik eza, garaipen guztiak kea direla dakienaren ez ajola.

        Horregatik, guzti hori dela merio, kentzen dut sonbrerua Groucho zenaren aurrean eta uda honetan utzi gaituen beste ziniko batekin elkartzen dut oroimenean; bera giza jendea begiratzen zuena ikuskizun komiko eta zakarra balitz bezala, hizkuntzaren malgutasunarekin jolastuz (ingelesarekin, hizkuntzarik elastikoena) izaeraren purrustak eta zangalatrabak agerian jartzeko: Vladimir Nabokov nobelagileaz ari naiz.

 

        (1) Corriere della Sera egunkarian lehendabizi agertua, 1977-8-28an. Badago gaztelerazko bertsioa: Punto y aparte. Brugera. Gabriela Sánchez Ferlosioren itzulpena.

        (2) Jatorrizkoan agertzen diren moduan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.