Aitonaren ebatondoa
Aitona X...n
Aitona, zer duzu buruan?
Buruan duten ebatondo honek badu bere kondaira.
Hona: Nire gaztaroan ez zen hemen bizi modurik eta beste lagunekin batera abiatu nitzen Ameriketara. Artzain euskaldunek harrera ona zutela paraje haietan, zioten, ta gehiago pentsatu gabe, paperak egin t'ondoan, itsasuntziratu ginen gazte multzo bat Ipar Amerika alderantz. Garai hartan artzain premia haundiena Idaho-n zen. Haruntz jo genuen, ta denbora gutxi buruan han aurkitu ginen alokairu onakin, lan nekezkoaren ordez izanik ere.
Han ibiltzen ginen artaldearekin basamortuaren bazterretik hilabeteak iraganez herrian sartu gabe. Asto gainean eramaten genuen kanpainadenda, janariak eta beharrezko tresnak. Gu, zaldien gainean ibiltzen ginen, hauen kaprestuetan zorro luze bat riflea eramateko genuelarik. Riflez eta zakurrez zaintzen genuen artaldea bere etsaietatik, bereziki koiotegandik. Ala igarotzen zen gure bizia, koioteak, beroak, otzak, erauntsiak, bakardadea... Gu bai ginela nekazariak, zinez gure saria nekearen saria zen, baina oraindik ez zen agertu gure gaitz haundiena.
Behin batean, eguardi aldera, bazkaldu ondoren, atseden piskabat hartzeko asmoan ginelarik entzuten dugu ikaragarriko zarata: oihu, zaldien irrintzi ta harrapalada, zaunkak... Nortzu heldu ziren zaldi gainean? Indi-amerikarrak, ta ez nolanahikoak, basatienetatik, buruzko ilaia bere larru puskarekin gizonei kentzen ziotenak. Gero ala kendudako ilaiak ematen zioten bakoitzak bere sendiari, erakusteko zein kementsu ta trebe ziren gudako arloan.
Gu ihesari emango genion. Baina nola? Gure zaldiak bereganatu izan zen egin zuten lehendabiziko lana. Nahitanahiez borrokan aritu ginen. Gure rifleak onak ziren haien fletxen aldean, ala ere gu hiru lagun ginen ta beraiek, gutienez, berrehun.
Nire lagunak il zituzten eta ni bularren zauritua, axaleko, min haundirik gabe. Larritasun hartan ez nuen besterik asmatu baizik nire burua lurrean etzanda uztea hilik egon banintz bezala. Indioak sartu ziren gure kanpainadendan eta nire lagunei kendu zieten buruko ilajea ohiturari jarraituz. Ni garai hartan naiz gaztea izanik, oso ilaje txarra nuen, oraindik ez nintzen orain bezelako buru soila, baina ilea franko bakandurik neukan. Aihotz baten puntaz ebaki ninduten buruko larrua eta indioa nire ilajea jasotzera prest zegoelarik lagunak esan zion «ilaje txar hori emazteari ematen badiok gaitzez hartuko dik».
Hitz horiekin hasi ziren nire zorionak. Ez zidaten kendu ilajea, laster atera ziren; naiz odola zarrataka dario poztu nintzen, bi eskuz estaltzen nuen buruko ebakia eginhalak eginez ahal bezein odol gutiena galtzeko. Laster ere etorri zen neska india gazte bat eta esan zidan mutur zuri, zer egin dizute?. Erakutsi nion ebakia eta esan zuen bere gain hartzen zuela nire sendapena. Indioak erabiltzen duten enplastoz bai ta ere janariaz gero ta gehiago indartzen ari nintzen. Galdetu nion izenaz nire ongileri eta irrifar goxo batez erantzun zidan Egunsentiko lorea.
Neska polita zen Egunsentiko lorea ta biotz onekoa dudarik gabe. Oso adiskideak jarri ginen, ez ziren txantxetakoak egun haietan erabili nituen burutapenak. Baina azkenean beti oroitzen nintzen Iparragirreren abestiaz. «Herrialde guzietan toki onak ba dira, bainan bihotzak dio: Zoaz Euskal-Herrira».
Iparragirrena jarraitzea erabaki nuen. Gau batez, Egunsentiko loreari agur esan gabe atera nintzen kanpora. Nire zaldia, txistu berezi bat eginez nereganatu nuen ta erraz alde egin paraje haietatik, ez baizen inor konturatu gure jokabidez. Lehenbiziko portua erdietsi nuelarik eta jakinik Europara zetorren itsasuntzi bat han zegoela, berehala saldu nuen zaldia, naiz pena handia izan. Pasaia ordaindu ondoren itsasuntziratu nintzen. Eguraldi onaz iragan zen bidaia, alfer ez egotegatik marinelak laguntzen nituen euren lanetan eta atseden handia hartu nuen nire anka Euskal-Herrian sartzekoan.
Elzaburun (herri koxkor bat), arkitu nuen lana eta han geratu nintzen.
Ez duzula asmatzen nor ezagutu nuen Elzaburun?
Baietz. Elzaburun ezagutu zenuen amona, eta gainerakok badakizkit ongi: Han ez zenuen zaldirik ta Iparragirreren ahotsa isildu zen, esposatu zineten, hiru alaba duzue, nire ama eta nire izebak. Sei ilobaren aitona zarela edozeinek daki, denei esaten diozu...
Aski! Aski! Badakizu nork irabaziko duen futboleko liga?
Ez.
Barzelonak ziur dauka.
Ez du beti Errealak irabazten?
Ez duzu uste Errealak urtero irabaziko balu aspergarria izango litzatekela?
Beharbada bai aitona, musutxo bat, gabon.
Gabon.
|