«Familia baten maldan beheratzea»
Pako Aristi
«Barranco»
Rafael Soler
54. orria: «Horrela Damian-en ezteietan, apaizak bikotearen zorionagatik Jainko Alguztidunari erregu egiteko paparra puztu eta aurrera ateratzen zuen bitartean, berak narruaren zirrikitoak Gillermorekin argitzea erabaki zuen. Lau hilabete luzeetan untzira-lekuan asetu zituzten gerripeko grinak, paraje goxo bat horbel eta hosto, eta olatuen lehertze isilak babestua. Bera ere beso baldar eta zorrozturiko izar baten gisa biluzten zen. Larrua jotzen zuten. Gillermo arnaska hasten zen, eta bera, zuhurki, arnaska hari lotzen zitzaion. Maite zaitut, a, maite zaitut. Nahiz eta, han, mundruzko diadema artean etzanik, bere beste amodio galduan pentsatu».
«Barranco» nobela irakurri dudanetik pertsonak icebergak iruditzen zaizkit, «Barranco» nobela-iceberg bat bait da. Iceberg bat izan zen Titanic munduko untzirik erraldoiena eta Jainkoa berak ere hondatu ezin zezakeena urpera eraman zuena, baina nobela honetan iceberg bat da mundu ezkutu eta sugestibo bat orrietara ekartzen duena. «Barranco» familia bati buruzko nobela da, eta gisa honetako nobela guztiak bezala, familia ugaria da, Pablo aitona, Isabel, Gloria eta Emiliano, Marcos eta Damian suhiak, Carolina, Nazario, Anita seme alabak, Alan, Marina, Luisa eta Carlos familiko lagunak. Haseran adar ihartuetatik eroritako hostoak bezala agertzen dira orrialdeetan. Nobela aurrera doan heinean, bakoitza hobeto ematen da ezagutzera. Herritik apartexeago dagoen finka batean bizi dira, eta nobela hauetan sarri gertatzen den bezala, aitonak bere lanarekin jaso eta eraiki zuen finka, etxaldea. Sakanan, trokan eraikia dago etxaldea, eta hasierak nolabait amaiera markatuko du: azkenean familia maldan behera hondatuko da, guztia eraiki zuen pertsona berberak bultzaturik: aitonak. Guztia saltzea erabakitzen du bere azken egunetan, jadanik alargundu delarik eta familiko guztiak hirian etxe bila hasten dira. Inperio familiarraren dekadentzia ez da gai berria literatur munduan, bizitza errealean ere zaharra den bezala, baina nobel honen bereizgarria gorago aipatu dugun iceberg izaeran dago. Nobela batean ohizkoa ez den moduan, elkarrizketak betetzen ditu orririk gehienak. Nobelak beti narrazioa izaten da gorpuzki nagusia, deskribapenak besoak eta hankak dira, eta elkarrizketa burua da. Imajina dezagun «Barranco» buruak bakarrik osaturiko nobela dela, hau da, iceberg baten gisa, zazpi zatietako bat bakarra uzten duela agerian. Gisa honetako nobela batek irakurle-buzeadoreak eskatzen ditu, ez ikusmira-irakurle soilak. Jakina nobela guztiek dutela esaten ez duten zerbait, lerroen atzean edo azpian ezkutatzen den elementu eta pentsakizunen bat, nahita ere ez bait dago sentimundu (sentimentuen mundua) guztia hitzekin adierazterik, baina «Barranco»k gehiena uzten du lerro artean gordea. Honekin ez da esan nahi irakurlea enteratzen ez denik pertsonai bakoitza noren semea edo aita edo iloba den, eta gaztetan zer halako egin zuen eta egin zioten. Honekin esan nahi da, mus jokoan enbido edo pasoekin bezala gauzak ez direla erabat esaten, insinuatu baizik, pertsonai bakoitzaren barnera sartzeko ateak ireki besterik ez da egiten nobelak dituen 171 orrietan, batzuetan egoera arruntak deskribatuz, bestetan sensualidadez bustiriko pasarteen bidez, sarri pertsonaien flahs back guztiz beharrezkoak entresartuz narrazioaren harian. Horrela «Barranco» Capilla Sixtina ikusten den gisa irakurtzen da, poliki, zatika, azkenean panoramika oroaz gozatuz, satisfamendu osoz amaituz, obra ulertu delako batetik, eta ulermen prozesoa amaitu delako bestetik. «Barranco»n istorioak zatika agertzen dira, orrialdeetan zehar murgildu eta berriro urgaineratzen direlarik. Bizitzaren aro guztiak dira presente nobelan, eta horrela, pintzeladaka, surrealistek pintatzen zuten gisan aurkeztuak, zati gorri bat goian, marra luze urdinska bat beherago, txuriak zeharkatzen du ezkerreko zingira edo horiak estaltzen eskubiko mendi gaina. Heriotz, asesinato bat ere badago orrialdeetan zehar, zeina azken orrialderaino argitzen ez dena. Nobelaren mundua familira mugatzen da, agian mundu hestu samarra saga familiaren gustoa konpartitzen ez dutenentzat. Dena den, iceberg estiloa, gainekoa, puntakoa bakarrik kontatzeko abilezia ondo menperatzen du Soler-ek, eta azpikoa susmatzeko, kortina artean ikusteko behar diren klabeak ere menperatzen ditu, eta batez ere elkarrizketa menperatzen du Soler-ek, eta nobela guztietan sortzen denez edozein motatako identifikazio bat, ni elkarrizketekin identifikatu naiz, elkarrizketa biziak, izakerak ondo markatzeko eginiko elkarrizketak, hain maila onekoak dira non pertsonaiak elkarrizketen bidez errekonozibleak diren, idazleak zeinek hitzegiten duen jartzen ez badu ere zati askotan. Idazle erdaldun askok erosiko lukete prezio altuan elkarrizketarekiko erraztasun hori. Euskaldunek ez lukete behar aina dirurik bilduko, kilo asko beharko lituzkete eta. Baina nobela hau irakurri dudanetik pertsonak icebergak iruditzen zaizkit. Eguneroko harremanetan aurpegi inkolore eta mehe bat besterik ez da somatzen gure interlokutoreetan, eta zati bat ikusirik, joku polita bihurtzen da azpian ezkutatzen diren sei erresuma karakteriologiko/emozionalak susmatzea, susmatu bakarrik egin bait daiteke ezkutuan gelditzen diren zerekin, ondo bait dakigu erresuma horietara ez dela inoiz argirik iritsiko Soler-en nobela/icebergera iritsiko ez den bezala, baina merezi du azalean ageri diren 171 orri irakurtzea, batez ere hotza edo euria egiten duen egunetan eta estufak bere sare artean engantxatzen gaituenean, beroari alde ezinez, beroaren barrankotik atera ezinez.
|