L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-4 (1987-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

Miguel Delibes edo idazteko artea

 

Julián Moreiro

 

        Aintzinako herri baten inguruan nekazari batek altxor zeltiberikoa aurkitzen du, horretarako eskabazio lanak bukatuta daudenean. Altxorra Gamones herri barrutian agertzen da, baina aurkitzen duena, don Lino, ondoko herrian bizi da, Pobladura de Anta herrian. Bi herrien arteko lehiak eta don Linok berena zen zerbait ostu dienaren ziurtapenak ematen dio bukaera ikerketa arkeologikoari, zeren xestra bila dabiltzan auzokoek zirikatuz, gamonestarrek arkeologoei amenazoka ihardungo diete eta ezin haiek beren lana bukatu. Horrela berebiziko aurkikuntza izan zitekeenak porrot egiten du. Luze labur hauxe da «El Tesoro» Miguel Delibes-en azken nobelaren argumentoa.

        Gainetik begiratuta, Delibes-ek «El disputado voto del señor Cayo (1978 an)» nobelan tajuz eta graziaz tratatu zuena planteatu duela dirudi: bi kultura aurrez-aurre, errealitatea ikusteko eta ulertzeko bi era aurrez-aurre: kapitaleko gizona eta Kastillako baseritarra, azken hau zibilizazia eta progresoaren eraginez bere nortasuna galtzeko zorian. Nolazpait, arazoa gamonestar batek zertzen du arkeologoek beren eskubideen parolarekin lataka datozenean: «Madrilgoa Madrilgo izango duk, baina gamoneskoa bertakoa». Hala ere, Cayo jaunaren istorian nobelagileak —beste merito narratiboen ezean—, gazte eta jerga politikoaren interpretazioa, kastellano petoaren hizkuntza sendo eta sakonaren azalpena egiten zuen. Kontraste horretatik bi mundu ezberdin eta kontrajarrien arteko istilu ideologiko eta bizia sortzen zen. «El Tesoro» nobelan ostera Delibes ttiki bat daukagu.

        Narrazio ondo egina eta izugarri ondo idatziaren aurrean gaude, Valladolid-eko idazlearen guztiak bezalakoa. Oso zaila da ordea aurrekoetan aurkitzen diren bitxikeriekin topo egitea. Delibes-ek ezin ditu erabiltzen dituen topikoak gainditu; alderantziz, nobelaren une gailurraren ezaugarri nagusia topikoa da: kultur ordezkari probintziala —demokraziara berriki moldatutako artaburu bat— Gamonesko hiru kontzejalekin biltzen denean (kontzejalak sozialistak, noski). Une horrek «Los caciques» ekartzen digu oroimenera. Hala ere, desitxuraketa, karikatura bezala ere sineskaitza da, bere gehiegikeriengatik. Lehen aipatu dugun kulturen arteko kontrajartze edo gatazka ezina da hemen, zeren ez bait dago bata edo bestearen papera hartu dezakeen pertsonaiarik.

        Kritiko batzuek Delibes-i askotan narratzeko duintasun falta leporatzen diote. Liburu honekin juzgatu beharko bagenu, arrazoia eman behar. Baina inoiz inork dudatan jarri ez duena bere lan guztian azaltzen den gazteleraren edertasuna da. Berriro daukagu hemen estilo apal eta indartsu hori, deigarria izateko sintasi-gehiegizkoen beharrik ez duen estilo hori: hizkuntzaren, idatziaren erakargarritasuna. Hori dela eta, bere eskasiak eta guzti «El Tesoro»n irakurleak hitz zehatz eta aldaezinak, objetuei, arbolei, paisajeari bere izaera propioa ematen dieten hitz guztiak aurkitzen ditu. Bat Delibes-en gramatika sinplearen aurrean harrituta gelditzen da: hemen sustantiboa, hor adjetibo zehatza, beharrezko aditza nola sartzen dituen izugarria da. Ondorioa? Gaztelera paregabea, pedagogikoa. Bere hizkuntz-norabidea galtzen ari den nazio honetan (gazteleraren pobretzeagatik gero eta kritika ugariagoak entzuten dira) Miguel Delibes omendu beharko lukete.

        Eta hona hemen arazoa: benetako altxorra ez da Gamones herrian aurkitzen dutena, hitza erabiltzeko idazleak erakusten duen artearen baitan baizik (hitzontzien adibide eta eskribidoreen eskarmentu gisan).

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.