«Anark-herria» itsuen herrian okerra alkate
Bixente Alberdi
Liburu hau duela hilabete batzu, argitara eman zen Txertoa editorialaren «Larrun» bilduma barruan, Marc Legasse eta Jakue Pascual-en eskutik.
Irakurketa kritiko batek, gauza bi salatzera erakarri gaitu. Alde batetik, euskerak jasan duen tratua. Besterik, iruzur baten aurrean gaudekeen susmoa.
Euskal liburugintza urrian, liburu berrien argitaratzea eskergarria bada, ez deritzagu hau denik «Anark-Herria»ren kasua. Edukinez eskasa agertzen bazaigu, formaz onartezina da. Ondoren arrazoiak ematen saiatuko gara.
Gaiaren haria jarraituz, bereziki, bi konzeptu nagusitzen zaizkigu: anarkismoa eta herria (irakur Euskal Herria). Anarkismoaz ez da gauza berririk esaten, ezagunegia egiten zaigun topikoa aldarrikatzen delarik behin eta berrrio Estatu, Jaun eta Legerik ez!. Bestalde Herria, konzeptuak, bi ezaugarri daramatza osagai: garbitasuna bata, eta elkarrekikotasunarako joera bestea. Molde hauen arauera herri mitiko baten irudia eskaintzen digute. Estatu, erakunde absolutu edo bestelako manupe formarik (arrotza izan ezik) ezagutu ez duen herri honek, ohoretzat dauka, bere historian zehar, guzti horren kontra ihardutzea, besteentzat eredu bihurtuz. Azpimarratzekoa da, egileek darabilzkiten premisak ez dituztela inolako dokumentu edo erreferentzi historikoez laguntzen. Aipu bat ere ez, aurretik, zehatz eta sakonago gaia tratatu dutenei. Hara hor, A. Ortiz-Osés, J. Aranzadi, F. Krutwig, Ortzi, J. Caro Baroja, A. de Otazu besteak beste. Ahantzita geratzen dira baita ere, anarkismoaren espaloiatik, Beltza (E. Lopez Adan) baten eskribuak (1). «Anark-Herria» ez da, gutxiagotik ere heltzen, ikertzaile hoien lanen mailara. Funtsik gabeko errepikapen hutsean erortzen delarik. Eta gauza berririk esaten bazaigu, honako hau da: egungo anarkismo eta iraultzaren abangoardia zutoihal beltzaren eramale «punk» gazteria dela. «Punk» gazteak berarekin dituelako legeen kontrako gorrotoa eta erreboltaren suak.
Dena den, liburuaren akatsik handiena eta artikulu honen kari, alde formalean aurkitzen dugu. Sarri gertatu ohi den bezala, itxura, egiazko izateari kontra-jartzen zaio. Liburu honekin antzeko gauza bat gertatzen da. Hasieran erbia uste genuena katu beltza bilakatzen zaigu. Irakurlea (eroslea bera) azpikeri baten biktima sentitzera ailegatzen da, jokuz kanpo sartutako golaz jabezen denean. Galtzaile atera da, ordea, besteek (egileek alegia) jokuaren arauak bete ez dituztelako. Ikus bestela erakusgarri den pasarte hau:
«Gainera erdi askatasungo momentu hoiek, gainera hori dena herrialdeak semilatargia politiko batean murgiltzen du, ez sinistearen estuprefakzioa eta deskonfiatza instintibo baten baturaz» (30 orr.).
Edota beste hau:
«Humano eskala batean existentzialismoaren bilaketa herrialde hau anarkista ideologiaren lehenego marrazte batera eramango zuen» (46 orr.).
Tankera honetan idatzi den liburua irakurtzeak, ekintza heroiko bat bihurtzeko arriskua dauka. Alicia-ren pasadizoak Lewis Carroll-en «Mirarizko Herrialdean», ez du parekorik honen aldean. Pentsa, Lewis Carroll-ek, Alicia neskatoa, kaos ordenatu (hots, bere arauak betetzen dituen ez-munduak) batean murgiltzen duela. Guk berriz, nahas-mahasian emandako kaos linguistiko bat besterik ez dugu antzematen, liburuaren edukina jaso baino geihago imajinatu egiten delarik.
Xalbador zenak honela zioen bertso eder batean: Herria da gorputza, hizkuntza bihotza / bertzetik bereixtean bitarik bakotxa / izaite horrendako segurra hil hotza.
Guk, bertsoa parafraeiatuz, hizkuntza bat ere, gorputz eta bihotzez osatzen dela esan genezake; lexikoa eta joskera araudiez hain zuzen. «Anark-Herria»-k biak lehenengo kolpetik jota uzten ditu. Horregatik konpreni ezinezkoa geratzen da:
«Separatismoa erabiltzeko modu asko daude, hizkuntzaren desarroiloa, ohituren mantentzea eta euskal errealitatea aurrera eraman dezakeen guztiaren potezailizazioa» (43 orr.).
aldarrikatzea, aldi berean ematen zaigun exenplua kasu:
«Sabotaia agertzen den azken da boterearengandik ezartzen zaiguna hutsapen orokor bat besterik ez danean, bere designioekin jarraitzea besterik ez dagoela aspertu arte errepikatu digutenean> (55 orr.).
Itsuen herrian okerrak alkate uste zutenei bihoakie guregandik dezepzio eta haserradurarik handiena. Lotsagarrizkoa deritzagu liburu honen aurkezpena eta bera salgai edukitzea. Burura etortzen zaigu, aspaldi ez, hiztun euskaldunari egin ohi zaion burla, gaztelaniaz mintzatzeko zukeen dorpezia zela eta. Zer pentsa liburu honetaz!
Azken orrialdean eta amaiera modura egileek diote:
«Norbaitek liburu hau dogmaz betea eta nagusiaz idatzia dagoela kontsideratzen badu. Boikoteatu dezala, erre saltzen diren liburudendak, asaltatu» (90 orr.).
Ez ditugu, guk, liburudendak erreko, ez da liburuak erregai bihurtuko.
Bukatzeko, ohar bat. Kontrazalean irakur daiteke:
«Epikulo zioen filosofatu eta par egitea beharrezkoa zala».
Epikulo ez, baina bai Epikuro-k, atseginaren iturburua dela esan zuen ere, eta zuhurtzia dela neurria zer den irakasten digun bertutea.
Marka guztiak hautsi dituztenez gero, neurria gordetzen ikas dezaten gomendatzen diegu urrengo batetarako. Gure aldetik behintzat, zihur gaude, aurrerantzean zuhurrago jokatuko dugula, are gehiago «salgaia apainduri ederrez» eskaintzen bazaigu.
(1) A. Ortiz-Osés: El matriarcalismo vasco / J. Aranzadi: Milenarismo vasco / F. Krutwig: Vasconia / Ortzi: Historia de Evzkadi / J. Caro Baroja: Los pueblos del Norte / A. de Otazu: El igualitarismo vasco: mito y realidad / Beltza: El nacionalismo vasco.
|