Jim Thompson «1280 arima» (beltzak barne)
Xabier Olarra
Duela hilabete batzu plazaratu da 1280 Arima, Jim Thompson-en obrarik ezagunena eta haren unibertsoa hobekien isladatzen duena, seguru aski.
Ez omen da ezaguna gurean. Baina ezezagun hau uste baino ezagunagoa dugula esango nuke nik, konturatzen ez bagara ere. Nork ez du gogoan, adibidez, Sam Peckinpah-en Ihesa (The Gateway, Jim Thompson-en izen bereko nobelan oinarritua)?
Duela aste batzu eman dira Donostiako zineetan Stanley Kubrik-en zuzendutako bi filme. Bata, The Killing (Atraco Perfecto), Lionel White-ren Clean Break nobelan oinarritua. Eta handik piska batera, bestea, Paths of Glory, denbora askoan zentsurak debekatu ondoren azkenean estrainatu dena. Bien gidoietan hartu zuen parte J. Thompson-ek.
The Killing, ikusi duenak nekez ahaztuko ditu zaldi-lasterketetako apustu-bulegoko enplegatu gizajoaren eta bere emazte aluaren arteko dialogoak. Horietan, Thompson-en eskua nabari baino nabariagoa da.
Dena den Arnold Hano, J. Thompson-en editore eta lagun minak dioskunez, J. Thompson-entzat lan hau (gidoigiletza) kaltegarria izan zen, besteren aginduetara lan egin beharrak bere onetik ateratzen baitzuen dirudienez, eta edatera bultzatzen.
Jim Thompson-en obra
Idazle honen obra eta bizitzari buruz oraindik argitu ez diren zenbait puntu daude, batez ere nobelen argitalpen data eta idatzi zituen garaia finkatzerakoan. Berdin gertatzen da Hollywood-eko «sorgin-ihizi»aren garaiko lista beltzean egin zuen agerraldi laburrari buruz.
Dena den, 30 nobela eta beste zenbait lanen egile dugu idazle hau, 1942-tik hasi eta 1972a bitartean. Hemengo ikuspegitik begiratuta, agian idazle oparotzat jo beharko genuko. Baina sail honetako beste zenbait idazlerekin konparatuez gero erdi maila batean geratuko litzateke. J. Hadley Chase-k 60, Erle Stanley Gardner-ek 120 eta John Creasy-k 500 idatziak omen dituzte, izan ere (1).
Gaur egun nobela beltzaren klasikotzat badaukagu ere, bere karrera literarioa ez zuen bide horretatik hasi. Idatzi zituen aurreneko bi nobelek, Now and On Earth (1942) eta Heed The Thunder (1946) joera soziala agertzen zuten. Eta kritika onak jasoagatik arrakastarik lortzen ez zuela konturatu ondoren erabaki omen zuen berriketak utzi eta irakurlego zabala erakar dezaketen bi gaiez idaztea: bortizkeria eta sexuaz gatz-ozpindutako nobelak, alegia. Bigarren nobelaren arrakastarik eza ikustean esan omen zuen: «Ez diat gehiago honelako zaborreria esoterikorik idatziko. Hemendik aurrera lan erotiko eta gordinak idatziko dizkiat (sexy and earthy), bizitza den-denean azalduz».
Horrela ekin zion 1949an bere buruari markatutako bide berriari Nothing More Than Murder argitaratuz. Ondoren Lion Books argitaletxean, non bere lagun Arnold Hano baitzen erredakzio-buru, hamabi nobela argitaratu zituen sei bat urteren buruan. Hauen artean bere gazte denboraren autobiografia nobelatua dena ere azaldu zen, frantsesez Vaurien izenburuaz joan den urtean argitaratu zena. Obra honetan aurkituko ditugu gero beste zenbait nobelatan agertuko zaizkigun pertsonaia, lanbide eta lekuak.
Thompson-en obran gehien harritzen gaituena, koherentzia da. Badirudi bere autobiografia hori dela nolabaiteko ardatza eta bertan azaltzen diren zenbait pasartek, gero beste nobela oso bat egiteko adina gai ematen diotela. Eta beti, hartzen duen gaia hartzen duela, gizonaren gaizkirako isuria agertuko digu eta «erdi-lotan dauzkagun fantasmei buruz geure buruari galdezka jartzera behartzen gaitu» J-P Deloux-ek dioen bezala (2).
Horregatik esan dezakegu Jean-Jacques Schleret-ekin batera: «Sail beltzeko ezein autorek ez du desesperazioaren azken mugetaraino hain deliberatuki jo, eta giza-arimaren ustelkeria hain gordinkiro azaldu. Sail honetako idazlerik handiena eta zalantzarik gabe 20. mendeko amerikar literaturako idazleetan garrantzitsuenetako bat dugu Thompson, beraz» (3).
1280 Arima
Nobela hau 1964ean argitaratu zen baina sail beltzaren kritikoen artean lehenagokoa ote deneko susmoa dago.
Marcel Duhamel frantsesezko Série Noire-aren garai bateko zuzendariak egin zuen frantsesezko itzulpena eta Thompson-en hautemailetzat har dezakegu, USA-n sekula arrakastarik izan ez zuen idazle hau gaur egun denek aitortzen dioten lekuan jartzeko bidea urratu bait zuen.
«El viejo Topo»-k aspaldi egindako inkesta batean, kritikoek sail honetako hiru nobela onenen artean jartzen zuten. Zer dela eta?
1280 Arima-ren osagarriak aski harrigarriak dira eta sail beltzeko nobela ugari irakurri ondoren, berehala ohartzen da edozein, nobela honek baduela zerbait berezi, besteetatik nabarmentzen duena.
Hasteko, protagonista antiheroe garbia da. Nick Corey sheriffak kontaketa lehen pertsonan emango digu, antiheroeei dagokien bezala. Bere burua inozo gisa aurkezten digu hasieran, baina tonto izpirik ere ez duela konturatuko gara piskanan-piskanan.
Bestalde, estruktura trinkoa du nobelak: Nick Corey hasieran zeharo galduta dabil, ez daki zer egin «boterea» bere eskuetan mantentzeko. Bukaeran ere halaxe ibiliko da, txikizio galantak egin ondoren, berriro ere lehengo puntuan dago. Eta bitartean gertakizunen haria maisukiro harilkatuko du autoreak, pertsonaiak elkar deuseztatzera ezinbestean bultzaz, eta xantaia eta hilketa sail ederra crescendo aluzinatuan txirikordatuz.
Sheriff inozo honen abildade bakarra bere hilketak besteri eransteko gaitasun paregabea da, besteri tranpak jarri eta erortzen direnean ederki aprobetxatzea.
Bortizkeria eta sexua ditugu beste bi oinarrizko osagai. Bertan aurkitzen dugun bortizkeria, kantitatez baino kalitatez da txundigarriago. Nick Corey-k Uncle John edo Tom Hauck hiltzen dituenean adibidez, gogorrena ez da garbitzea bera, baizik aurretik bakoitzari botatzen dizkion diskurtsoei darien suminduraz eta zinismoz betetako gorroto beltza.
Sexuari dagokionez nobela honetan, hasiera hasieratik dena bere onetik aterata ageri zaigu: Nick sheriffa Myrak bortxaketa salakuntza faltsu baten pean eraman du ezkontzara. Gero, emazteak koinatu izenean maitale berezi bat ekarri du bikotearekin bizitzera, «voyeur» erdi-inozo, hamalaukerten bat. Nick-en maitale ofiziala, Rose Hauck, alta den zakurra baino likitsago agertzen zaigu. Eta Amy, Nick-en aspaldiko andregaia bakarrik libratzen da, honi dagozkion eszenak erotismo aski diskretoan gelditzen dira, amodio ideal eta ezinezko baten agerkari gisa.
Triangelu koadratu edo koadruplikatu honek sor ditzakeen egoerarik absurdoenak irudimen bihurrienaz imajinatuta ere, ez da erraza asmatzen piskanaka sortzen diren korapilo eta katramilen haria nondik nora askatuko den.
Azkenik, alde guztietatik dario umorea obra honi, umore beltza, xartagi-ipurdia baino beltzagoa gehienetan: protagonistak bere burua aurkezteko eran (nobelaren bukaerako eroaldi mesianikoak alde batera utzita), hilketa eta gainerako astakeriak egin ondoren beti agertzen duen jarrera zinikoan, eta elkarrizketa paregabeetan.
Izan ere, M. Duhamel-ek dioen bezala: «Segun eta nondik begiratzen zaion, obra hau abominazioaren apologia, munduko alukeria guztien kontrako salaketa, edo-ta baita ere, goraxeago esan bezala, pailazokeria hutsa da». Agian bai, eransten zuen idazle frantsesak itzulpenaren hitzaurrean, «edo bestela, agian, botereak erotu egiten duen seinalea».
Eta ni azken ikuspegi honekin bat nator. J. Thompson-ek fartsa ikaragarria aurkezten digu, gizartearen karikatura, gizartean ematen diren harramenen karikatura. Baina azpi-azpian ez ote digu azaldu boterearen ezinbesteko izaera, hau da, bere egoera mantentzeko bortizkeria, xantaia, eta zapalketa mantentzeko ostiak eta errezoak, mesianismoa eta zinismorik latzena erabili beharraren ezinbestea gogorki salatu? Bai, agian boterearen paranoiak erotu egiten duela erabaki beharko dugu.
(1) Datuok Historia del relato policial-etik hartuak daude. Julian Symons autoreak berak ere datuok badaezpadakoak direla esaten du, baina beude.
(2) «M. Zéro et l'infini», J.P. Deloux, Polar 2. zenb. 1979.
(3) «L'âge d'or du roman noir américain», J-J. Schleret, Europe, août-sept. 1984.
|