L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-6 (1987-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Maitasuna, emakumeak eta erridikuloa

 

Felipe Juaristi

 

        «Ai gizon eta emakumeok, triste bizi da pertsona bat ezer ezta inor ere seriotan hartu ezin duenean» idazten du Milan Kunderak Edouard eta jainkoa (1) izeneko ipuian.

        Ironia horren bidez seriotasunaren aurka altxatzen da idazlea, berea seriotasunaren kontrako matxinada, bera hankaz gora botatzeko saio tematsu eta luzidoa da. Seriotasuna bere indarrez nagusitzen eta bertute bihurtzen ari den mundu batetan; Txekoslobakian, ortodoxia determinatu bat gorde nahi duen estadu sozialistaren barrenean.

        Baina ez gaitezen engainatu. Seriotasuna ez da estaduen bereizgarria, gizon-emakumeena baizik. Batzuk duten zigilu espezial eta ezaugarri bat da eta horren bidez den-dena beste ikuspegi batetik ikusten dute.

        Zigiluaren izena: fedea, edo hipokresia.

        Badaude ordea guztiz alderantzizkoak, txantxetan beti ibiltzen direnak, jolastariak. Baina langileriaren paradisua eraikitzen ari den Lurrean ez dago, antza denez, umorearentzako lekurik, ez bait da fededun edo esku-zuri.

        Hala ere umorea da etengabe Kunderaren pertsonaiek erabiltzen dutena. Kunderak berak erreibindikatzen eta aldarrikatzen duena.

        Eta seriotasun eta umorearen arteko enfrentamendu horretan erridikuloa nagusitzen da, gizonaren ekintza. guztiak komikoak, parregarriak bihurtuz. Baina erridikuloa ez da pertsonen berezitasuna bakarrik, estaduena ere bai, hauek gizonen ekintza (txantxetakoa batzutan) bait da.

        Parrearen eta ahantziaren liburua-n (2) zera irakurri daiteke, Klement Gottwald lider komunista Pragako balkoi barroko batetan nola agertu zen, bere ondoan nola Clementis, beste lider komunistak, bere buruko txanoa kendu eta Gottwald-i eman zion. Hori argazki batetan inmortalizatu zuten. Baina handik lau urtetara Clementis estadu horretako patu gaizto batengatik desgrazian erori zen. Traidoretzat hartu zuten eta bere argazki guztiak ezabatu zituzten, Historia ezabatzen zutelakoan. Clementis horrengantik txanoa geratzen da ordea.

        Horixe da estadu baten erridikuloa, Historia erridikulatzeko modua, baina Historia eta estaduak biluztuz gero pertsonak agertzen dira. Erabakiak hartzen dituztenak, horretarako ahalmena dutelako, honelako edo halako agintea dutelako. Eta erabaki horiek jasaten dituztenak ez dira ezkutatzen.

        Pertsonak, inork hutsik egin gabe, inguru batetan erridikuloak gertatzen direla ez da frogatu behar, bere pisuaren-pisuaz mantentzen den egia horietakoa bait da, berdaderoa eta horregaik askotan mingarria. Adibidez, imagina dezagun txiste kontalari, jokoso eta trebe bat hileta batzuetan. Umore ona duenaren lojikaz dago horniturik, baina inguruak ez dio gehiegi laguntzen. Hasiko litzateke txisteak kontatzen parrea eragiteko eta luze gabe ixildu araziko lukete, errespetoa ez gordetzeagatik bidaliko lukete, atxilotzen ez balute.

        Horrelakoak dira Kunderaren pertsonaiak: bromazaleak hileta perpetuo baten barruan. Adierazgarria da Broma (3) izeneko liburuan nagusi den gaia. Ludvik-ek bere pribilegio guztiak galtzen ditu txantxetan ibiltzeagatik. Ez diote ulertzen eta azkenean zigortzen dute. Bere ondorengo bizitza broma horrek markatuko du, kalterako.

        Edo-ta Inork ez du parrerik egingo (4) ipuinean gertatzen dena. Broma batengatik, pertsonaiaren egoera porrotaren hurrengo bilakatuko da. Errespetoa galduko diote eta bere etorkizun guztia broma horrek eragingo du, bestearen kasuan bezala kalterako.

        Bai batean eta bai bestean bromak ez dira ez ondo ez gaizki hartuak. Ez dira onartuak eta kitto. Orden bat apurtzera doan edozer gauza bezala, errotik mozten dute desordenarako bidea. Eta bietan bi pertsonaia-moeta agertzen dizkigu. Alde batetik: pertsona humanoak, bizitzan aurpegi asko dituztenak, irekiak, parre egiteko tendentzia dutenak, libreak azken finean. Eta bestetik: pertsona serioak, dogmatikoak, inkisidoreak, hertsiak, aginduak betetzen dituztenak, esklabuak. Erridikuloak dira, nimiñoak, ez dira ausartzen benetako parrea egiten, bromak sortutako parrea ez da beraien ezpainetan marrazten. Eta besteek ordaintzen dute beraien ausardiaren ondorioa: zigortuak dira.

        Kunderak askotan konparatzen du aingeru erorien egoera, deabruen egoera, gizonarenarekin. Parrearen eta ahantziaren liburua-n zera idazten bait du: «Parrea jatorriz deabruarena da. Badago horretan malizia apur bat (gauzak izan nahi zutenaren diferenteak ateratzen dira) baina badute ere zerbait mesedegarri (gauzak ematen duten baino arinagoak dira, libre bizitzen uzten digute, beraien gogortasun hertsiaz ez gaituzte estutzen).

        Aingerua deabruaren parrea lehendabizikoz entzun zuenean sor eta gor geratu zen. Hori alboroka batetan izan zen, jendez beteta zegoen eta bata bestearen atzetik kutxatu zuen deabruaren.parreak. Aingeruak argi eta garbi somatu zuen parre hori Jainkoaren kontrakoa zela, bere lanaren duintasuna ikuitzen zuela. Bazekin erreakzionatu egin behar zuela eta lehenbaitlehen, baina ahul eta defentsarik gabe sentitzen zuen bere burua. Bere kasa ezer asmatzeko gauza ez izaki, kontrakoari imitatu zion, baina kontrako zentzua emanaz. Deabruaren parreak gauzen absurdoa adierazten zuen bitartean, aingeruarenak, alderantziz, munduan dena ordenatuta, ondo pentsatuta, eder, on eta zentzuz betearen aurreko poza aldarrikatzen zuen».

        Azkenean aingeruaren garrea absurdoa izan ezezik erridikuloa da, parregarria. Eta deabruak lehertu arte egiten du bestearen garrea sentitzean.

 

        Maitasuna eta sexoaren eremuak

        Deabruaren parreak den-denak kutxatu zituen bezala, erridikuloak ere gizonaren ekintza guztiak bustitzen ditu, adibidez maitasuna. Maitasunean gertatzen dira egoerarik absurdoen eta erridikuloenak.

        Baina maitasunaz hitzegitean tranpa batetan erori gaitezke. Izan ere Kunderak oso ondo zehazten bait ditu maitasuna eta sexoa. Gorputza eta arima oso ondo bereizten dituen moduan. Horregatik dita kuriosoak Kunderaren pertsonaia femeninoak, ugariak bestalde bere nobela guztietan.

        Gorputza eta arimaren arteko bereizketa da Kunderaren nobelagintzan planteiatzen den eztabaida lehendabizikoa. Gorputza eta arima independienteak dira, askotan arrotzak. Beraien izaera dute, sentipen propioak, sentsazio ezberdinen biltoki dira. Beraien beharrak asetu behar dituzte. Gizon emakumeen arteko mundua den enkante horretan, larrean, horrek maitasuna eta sexoaren arteko ezberdintasun zehatza dakar.

        Biak nahastu nahi direnean sortzen da kontraesana, eta bidenabar erridikuloa. Adibidez Agurra (5) izeneko nobelan. Ruzena eritzaina Klima musikalariaz maitemintzen da berarekin gaua pasa ondoren. Haurdun dagoela sinistu nahi du baina Klima ezkondua dago eta bere emazteaz maitemindurik. Ruzenak nahastu egiten ditu sexoa eta maitasuna, gorputzaren janaria arimarenarekin batera hartzen du eta hori berarentzat kaltegarria, tragikoa bihurtuko da. Kunderaren pertsonaia gizonezkoek argi eta garbi bait dakite non hasten den bata eta non bestea. Hedonistak dira, bizizale, askotan misogino, eta zenbait kasutan poeta. Azken hauek dira gehienetan erridikuloan erortzen direnak, hauek ere nahasten bait dituzte beharrak eta sentimenduak.

        Horrela agertzen da Parrearen eta ahantziaren liburua-n «Uler nazazue. Misoginoak ez ditu emakumeak despreziatzen. Misoginoari gustatzen ez zaiona feminidadea da. Gizonak betidanik bi arlotan banatu izan dira. Emakumeen adoratzaileak, poeta deitzen direnak, eta misoginoak, hobeto esanda ginofoboak. Adoratzaile edo poetek emakumearen balore tradizionalak adoratzen dituzte: sentimentua, etxea, amatasuna, emankortasuna, histeriaren izpi santuak eta Naturalezaren ahots dibinoa gugan. Misoginoei balore horiek beldurra sartzen diete. Adoratzaileek emakume batengandik femenidadea hartzen dute eta misoginoek emakumea bera. Ez ahaztu hala ere gauza batetaz. Emakumeek zoriontsu izateko misogino bat behar dute. Ez dago emakumerik poeta batekin zoriontsu izan denik».

        Trianguloa da estadu perfektoa, sexo eta maitasunaren arteko oreka hori lortu dezakeen forma bakarra. Tomasek Izakiaren arintasun jasanezina (6) izentzat daraman nobelako pertsonaiak ongitxo daki hori. Gauza da maitasunezko trianguloak, tenploak balira bezala, sortzeko eta birrintzeko, eraiki eta deuseztatzeko. Baina horrek ez dio ezertxotan kentzen Teresa bere emaztearengana sentitzen dionari. Bien arteko loturak gorputzaz haruntzagokoak bait dira, sexoa jokoa bait da, bizitza bezain garrantzitsua eta gozoa.

        Jokoa da azkenaren azkenaz eta maitasunaren eta gorrotoaren aurrean, sentimendu haundi guztien aintzinean Kunderak proposatzen diguna, beraien pertsonaien bidez begia ñikatuz. Joko batetan sartzen da Ludvik Broma izeneko nobelako pertsonaia. Mengaizo bat prestatzen du broma bat egin zuela eta bera defenestratu zuen gizonaren kontra. Emaztea kendu nahi dio eta ironiaz emazte horren izena Helena da. (Gogoratu Menelao Espartako erregearen emaztea Helena zela eta Leiendak dioenez Paris Troiako semeak bahitu zuela). Emakumea asekaitza da, erridikulo eta miserableen artean kokatu daitekeena. Ludvik-ez maitemintzen da eta honek eskuan dauka horrenbeste amestutako mengaizoa baina nahiago du joko moduan hartzea eta horren arauera fina ematea.

        Eta fina, bukaera ere askotan absurdoa da. Helenak bere burua hil nahiko du pastila batzuk hartuz, baina laxanteak dira eta estomagoa nahasteaz aparte ez diote ezer egingo.

        Ruzena, Agur nobelako protagonista hil egiten da berarentzat ez zen benenoa hartzen duenean.

        Tomas eta Teresa istripu baten bidez hiltzen dira.

        Bizitza bestaldean dago (7) nobelako pertsonaiek ez diote heriotzari beldurrik, erridikuloari baizik. Horregatik ez dira suizidatzen ausartzen, bai bait dakite suizidioa tragikoa baldin bada, oker ateratako suizidioa erridikuloa dela.

        Eta berriro gatoz erridikulora. Kunderaren pertsonaiek hiltzean ere baztertu ezin dezaketen sentimendua, parregarria.

 

        Ondorioak

        Umorea umorearekin ordaintzen da, begia begiaren truke den bezala. Estaduak bere menpekoengandik ikasten du eta azkenean bromazalerik handiena bihurtzen da. Aingeruak deabruarengandik ikasten du. Ez al da bada parregarria 1968an sobietarrak Txekoslobakian sartu zirenean, Dubcek orduko estadu-buru tranbietako inspektore izendatzea? Ez al da bada broma Gutun 77 izeneko manifestua sinatu zuten haietako bati egin ziotena? Bi polizia joan zitzaizkion etxera hil-kutxa batekin. Baina sinatzaile hura ez zegoen hilda. Ala bai?

        Umorea lege bihurtzen du estaduak, baina orduan ez da umorea, legea beraren eskuetan lege ez den bezala. Hori da Kunderaren azken gerra: parrearen autoritarismoaren, totalismoaren kontra. Parre libre eta berdadero baten alde. Pertsona libreena.

 

        (1) El libro de los amores ridículos. Tusquets editores.

        (2) El libro de la risa y del olvido. Seix Barral.

        (3) La broma. Seix Barral.

        (4) El libro de los amores ridículos. Tusquets editores.

        (5) La despedida, Tusquets editores.

        (6) La insoportable levedad del ser. Tusquets editores.

        (7) La vida está en otra parte. Seix Barral.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.