Poloniako literatura
Koldo Etxabe
Polonian XX mendea 1918an hasi zen. Lehenago, zer esan? Iraultzak, matxinadak, iraultzaren kontrako iraultzak eta herri baten zapalkuntza. Orain errebolta haietatik urrunegi gaudela pentsatzen dugu, Polonian ez zela ezer gertatu, mundua aldatzeko ezer behintzat, baina egia esan, gertatu, gertatu zen. Hildakoak dira horren testimonioa. Hildakoak ugari. Deserriratuak, mundua betetzeko adina. Ondoko estaduek janda amaitu zen estadu batentzat. Eta horrek mende bateko literaturan eragina izan zuen, literatura herritik kanpo ez bait dago. Eta gainera nork jan dezake lasai-lasai, bapo eta lehertu arte ondoan goseak hiltzen ari direla ikusirik. Zerbait horrelakoa gertatzen da XIX mendean kolektibidade oso bat bere askatasunaren alde borrokatzen denean. Nola idatzi dezake bada edozein idazle edo poetak bere inguruan ezer gertatuko ez balitz bezala. Iragana hondar aletan irakurri daiteke beharbada, baina etorkizuna hitzean dago, hizkuntzaren baitan eta jendearen artean murgildurik. XIX mendeko Poloniako literatura herri izateko borroka horretan dago buru belarri. Treguarik gabe. 1918an independentzia lortu arte. Eta ondorengoa negar baten historia da.
Gezurra badirudi ere antza gehiegi dago euskal literatura eta Poloniako literaturaren artean. Nazio edo estadu horrek bere independentzia lortu zuen arte bertako literatura patriotikoa zen, abertzalea. Beti aipatzen zuen Poloniako arazoa, independentzia falta. Gaitzat zuen.
Poesia
1918an idazleek obsesio hori baztertzen dute eta libreago idazten dute. Jan Lechon-ek bere poema batetan zera dio: «Udaberrian utzi iezadazue udaberria ikusten, ez Polonia».
Ordutik aurrera bi literatur-mugimendu agertuko dira behintzat II munduko gerrateak eztanda egin arte: Skamander aldizkariaren inguruan biltzen dena; eta banguardista, bigarrena.
Lehendabizikoa mugimendu poetikoa izan zen batez ere eta poetarik ospetsuena Julian Tuwin (1894-1953). Ezaguna da honen (Bal w Operze - Dantza Operan). Diktadore faxista baten dantzak munduaren bukaera adierazten du, Charlie Chaplin-ek bere «Diktadore Haundia» izeneko pelikulan egiten duena. Honi buruz zera zioen Gombrowiczek «arpajolerik gabeko arpa» zela. Tuwin-en ezaugarria egunerokoa berebizikoa bihurtzeko ahalmena da.
Jaroslaw Iwaszkiewicz (1894-1980) da beste poeta indartsu eta kementsu bat. Baina aipagarriena Antonio Slonimsky (1805-1976) da. 1930. urteetan bizi zen krisiak katastrofeen profeta bihurtu zuten, Troiako Cassandra haren moduan. Horrela 1937an idatzi zuen nobelan, (Dwa konce swiata - Munduko bi mutur) izenekoan agertzen da Varsovia bonbek suntsituta eta diktadore baten menpean.
Banguardisten mugimenduak ezaugarri zehatz batzuk zituen: iraultzaileak ziren, komunistak eta gehienak Stalinen konzentrazio-zelaietan hil ziren, literatura konprometitua egin zuten, errealismo sozialistaren barruan. Aipatu daiteke Bruno Jasiensky (1901-1931).
Bi talde hauen arteko ezberdintasuna ikusi ditzagun bi poema zati: Bata lehen aipatutako Jan Lechon-ena: «Ez dago ez zeru ez lurrik, ez leize ez inpernurik: Beatriz besterik ez. Eta berak ere ez du esistitzen». Lechon hau Skamander taldekoa zen.
Eta beste taldekoa, banguardista, Julian Przybos: «Non naiz ni? Txorien deserriratu bat. Gainezka dago nire luma azpiko mahaia, bazter guztiak astinduz, erasotzeko prest dagoen tanke baten moduan».
Milosz
1931ean Lituaniako Vilnan talde bat sortu zen Zagary izeneko aldizkari baten inguruan. Bertan Czeslaw Milosz gailendu zen hasiera-hasieratik. Milosz disidentearen adibide ia tipikoa da. II gerratea ondoren diplomatikoa izan zen 1951era arte. Orduan estalinismoaren kontrako liburu bat publikatu zuen (Pentsamendu gatibua), eta gero Estatu Batuetan esiliatu. Harrez kero deserriaren poeta da eta esperientzia hori argigarria da berarentzat. Poloniako kultur-mugimenduan norbaitek frogatu nahi izan balu hori, Poloniako Emigrazio Haundian, XIX mendean, egin zen poesiara jotzerik besterik ez du. Deserrotzeak nortasuna kili-kolo jartzen duenez, poetaren aurrean konfliktoaren ikuspegia irekitzen du, idazteko opizioa betetzera behartuz, aberria edo hernia nostalgia bihurtzen delako konbentzimenduan, memoriaren espejismoa, imajinazioaren lehortea.
Urte asko dira Milosz, Europaren seme, Poloniatik eta Europatik urruti bizi dela. Berpizten ditu memoriarekin Europa horren kultura, bere forma sinbolikoak (mitoa, erlijioa, hizkuntza, artea), azkenean laberinto batetan bezala nahastuz. Estatu Batuetan dago, memoriarik gabeko zibilizazioan, Marvin Harris-ek gogoratzen digunez eta beti poloniarrez idazten du: «Nire jaiotzeko hizkuntza da eta horretan idaztea da niretzat bizitzan dagoen inportanteena».
Milosz-entzat poesia barne-bizitzako disziplina bat da, oso loturik jaiotze-hizkuntzari. Eta horixe da arriskuan dagoen indibidualidade batentzako gordelekua.
1969.ean hauxe zioen Poloniako literaturi buruz idaztean: «Gerraren aurrean hezitako poetek, nazien okupazioari iraun zutenek proba bat pasatu behar izan zuten eta proba hori izan zen beraien lan poetikoaren printzipioentzako erronka. Poetaren gelan torturatuen oihuak entzuten badira akaso idazteak ez al du giza-sufrimendua iraintzen?»
Adan Mickiewicz poeta erromantikoaren gisa Milosz arduratuegi dago gizonaren kodigo etiko eta estetikoaz. Eta etengabe galdetzen du zergatik hautsi zen bien arteko oreka Europako kultur-tradizioan, «Siglo de las Luces» delakoan zientzia eta erlijioaren arteko batasuna hautsi ondoren.
Baina Adan Mickiewicz eta Milosz-en arleko loturarik sendoena hauxe da: hizkuntza eta moralak elkarrekin joan behar duten sinesmena.. Horrek bakarrik itzuliko diola galdutako duintasuna.
Narratiba
Lehendabiziko gerra ostean talde bat sortu zen, literatura errealista egiten zuena. Bertatik idazle asko pasa zen baina hiru garrantzitsu eta ospetsuak: Bruno Schulz, Ignacy Witkiewicz eta Witold Gombrowicz.
Bruno Schulz-ek bi liburu idatzi zituen, nazien eskuetan, judutarra izateagatik, hil baino lehen: (Silepy cinamonowe - Kanelazko gordelekuak) eta (Sanatorium pod klepsydra - Urezko erlojuaren azpiko gordelekua). Errealismoaren eskutik sortu bazen ere fantasia-elementu ugari dago bere nobelagintzan..
Witkiewicz-ez esan daiteke bera nobela batetik sortutako pertsonaia zirudiela. Pintatzailea izan zen. I gerratean ofizial errusiarra, eta iraultza garaian komisari politikoa. Garrantzia du batez ere bere teatroagatik. 20 urte beranduago arrakasta izan zuen eta diotenez Beckett edo Ionescoren maixu hartu daiteke. Besteak beste gogoratu ditzagun izenburu batzuk: «Gaizkiago egin ez daitekeen ezer txarrik ez dago», «Ero bat eta leikame bat».
Ferdydurke
Gombrcwicz da dudarik gabe hiruren artean famarik haundiena lortu duena. «Ferdydurke» da libururik ezagunena. Dena den arras nekosoa suertatuko zaigu Gombrowicz-en emaitza literarioaren orrialde adierazgarrietatik zehar begiak abiatu ezkero Kodigoren bati iruzur egin, ordenaren bat hankaz gora jarri edo Formaren diktadura mugatzaileak (Ierarkia, Kultura Aberri) ezeztatu eta erabat parregarri utzi ez dituen personaiarik aurkizea.
Fartsa eta satira dira Gombrowicz ek gehien maite dituen arma ez nuklearrak, keinu, parre algara, errepikapen, izenlagun bihurtzen diren sustantibo, aditz jokatzen diren izen propioak eta antzekoen errepertorio zabal eta emankor batetaz lagunduta; oso nabarmena da. hori «Ferdydurke» liburuan, eta garbi azaltzen da bertan Gombrowicz-ek ez dituela balore dominatzaileak onartzen, ez duela haien beharraz sinisten. «Ferdydurke»n argi planteatzen den Formaren aurkako borroka horretan ordea, sinesmen bat edo agertzen du Gombrowicz-ek; hau da, heldugabetasuna bera dela balore bat, gutxiagotasunaren balorea hain zuzen ere, beste guztiak aldatzen dituena. Izan ere «Ferdydurke»ko protagonista den Kowalski haurtzarora itzultzen da, bere gainetik dagoen indar batek eraginda, gaztetasunaren ordena helduen baloreen gainetik ezarriaz.
Hasiera batetan mugagabeko egoeran azaltzen zaigu protagonista, hogeitamar urte inguru dituelarik. Ez da heldua ez ere heldugabea, ez gaztea ez ere zaharra. Pimko maixu eta gizon nagusia (Heldua) azaldu eta haurtzarora bultzatzen du, eskolara itzularazi eta familia oneko etxe batetara eraman. Familia horretako alabaz sentitzen duen atrakzioa eta eskolako hezkuntzaren konfluentziaren poderioz haur bihurturik Pimko maisua eta etxeko gurasoen heldutasun eta nagusitasuna txikitzen ditu. Hasierako indefinizioa berreskuratzen du Kowalski-k horrela.
Gombrowicz-ek berak esan zuenez, norberaren nortasuna, berea kasu honetan, defendatzeko asmoz hasi omen zen liburu hau idazten, baina, jakina, obra batek bere kasako ekintzarako grina agertzen ohi du sarritan eta satira mingarratz bat besterik izan nahi ez zuen nobela (panfleoa idazlearen eritzian), bere kasa abiatu, egilearen asmoak gainditu eta bere lege propioen arauera manejatu zuen Gombrowicz-en luma.
Zaila benetan horrelako liburu baten mamia azaltzen ahalegintzea. Ondoen definitu zuena Ernesto Sabato, Argentinako laguna izan zen: «Especie de grotesco sueño de un clown, con páginas de irresistible comicidad, con una fuerza de pronto rabelesiana, el reinado al parecer del puro absurdo. ¿Cómo adivinar que en el fondo era algo así como una payasada metafísica en que delirantemente estaban en juego los más grandes dilemas de la existencia humana?».
Hondarrak
II gerra ondorengo idazleei datxekienez egoera politiko latzetan bizi behar dute eta beraiei ez die leku izpirik uzten inongo banguardismorik. Izar diztiranta, bat balitz bezala Jerzy Andrejewski (1909-1983) nabarmentzen da. «Pasioastea» idatzi zuen Varsoviako errebelio eta ondorengo suntsidurari buruz. «Errautsak eta diamanteak» da bere nobelarik ezagunena, batez ere zinemako bertsioan. «Hona hemen mendietatik zehar saltaka datorrela» da bere beste nobelaren izenburua. Kultura modernoaren satira paregabea da.
Stanislaw Lem (1921-) zientzia-fikzioa lantzen duten artean ezaguna da.
Tadeusz Konwicky (1926-) zinemagile eta nobelagilea da. «Apokalipsi txikia» eta «Poloniar konplexua» dira bere lanik onenak.
Marek Hlasko (1934-1969) da interesgarriena, bere bizitzagatik batez ere. «Hilerriak» izeneko liburuak ez zuen zentsura pasa eta ondoren esiliatu egin zen. Azkenean Alemanian zegoela bere buruaz beste egin zuen.
|