L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<gaze0700>— Literatur Gazeta-7 (1987-urria) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskal nortasunaren animaliak (*)

 

Joxe Azurmendi

 

        Mitoak eta Mitologia izan dira aspaldi honetan zenbait frankotiradoreren helburu, beraiek deuseztatzeko, ustezko modernidade baten izenean. Ahazten dute horrelakoek hala ere mitoak direla gizonak bere bizitza osoan sortu dituen gauzarik politenetakoak. Horretaz aparte ezin da animaliarik gabe zenbait herriren pentsakera eta sinesmena ulertu, jakinik herri horiek harreman zuzen eta horiek harreman zuzenetan egon direla inguruarekin, tartean animaliak direlarik. Mikel Azurmendiren lana EUSKAL NORTASUNAREN ANIMALIAK azkenaldion argitaratu den inportanteenetakoa dugu horretarako.

        Liburuak saiakera dela jartzen du. Ez da guztiz egia. Hau tesis doktoral bat da ohorez eta loriaz pasea eta horregatik baloratzen hasteak ez du hemen pena merezi. Inpresio orokorretan hasteko, lan materiala, sistemaketa eta bilketa lana, izugarria da. Eta formalki, testu bat da. Orohar, lana benetan pozgarria da, ikusten bait da esperientzia eta trebetasun handiko norbait ibili dela horretan. Eta trebatua ez bakarrik filosofia gaietan, literaturan ere bai. Badaki ondo idazten eta erredaktatzen. Ez bait du hori beti egiten jakitunak.

        Titulua bitxia da; batek baino gehiagok galdetu dit horren zergatia. Niretzat garbi baldin badago, baliteke guztiontzat horrela ez izatea. Galdetu didatenei adibide bat jarri diet, beharbada ez oso polita. Norbait gaiztoa denean edo norbait intsultatu edo iraindu nahi dugunean esaten diogu: «hi putakume bat haiz». Gaur egun askotan horrela hitzegiten dugu. Edo: «hori lapur bat da», «beste hori traidorea». Esan litezke gauza horiek gizonen arteko harremanak guztiz desaforatu direnean: «hori txakurra», «hori astapotroa». Orduan euskaldunak bere mundua nola ikusi duen, zer ikusi duen bertute gisa, zer baloratu duen gizonen arteko harremanetan, etab, hori gehienbat edo neurri haundi batean animalien bidez adierazi du. Eta juxtu, euskal nortasunaren espresio gisa agertzen diren animaliak aztertzen dira liburu honetan. Horregatik du duen titulua: EUSKAL NORTASUNAREN ANIMALIAK.

        Justu horrexegatik esan behar dut ni ez naizela liburua ikertzeko gai sentitzen. Alderantziz, neu sentitu naiz liburuan zehar ikertua, euskaldun eta mendiko seme gisa. Ze hemen ikertzen den aintzinako euskaldun zaharra edo baserritarra naizela garbi ikusten dut, honelakoxe giroan hazia naizelako eta horrelako giroan bizi naizelako. Sarreran esaten den bezala gizonak ez du lurra abitatzen, gizonak metafora abitatzen du. Metafora batetan bizi gara. Eta horretaz gain hemen aipatzen den euskalduna egiazkoa dela uste dut. Liburu honetan aztertzen den euskalduna kariñoz aztertua da, gainera.

        Neri asko molestatu dit beti ondorengo hau. XIX mendeaz gero badago euskaldun bat mitifikatua eta orain berriro desmitifikatzen hasi da euskalduna. Euskaldunon historiak, mitologiak eta tratamenduak desmitifikatzeko joera dago; jende asko dabil horretan, batez ere mundu akademikoan eta arrakasta haundiarekin. Aranzadi, esaterako. Nik beti esan dut, orduan eta orain ere, gaur desmitifikatzen ari den euskaldun hori nik ez dudala ezagutzen. Liburu honetakoa ordea, bai.

        Pentsatu egin beharko da, eta juxtu hortik egin nahi nuke ohartxoren bat, ez direla animalia-irudiak eta irudi animalien metaforak bakarrik erabili euskal nortasunaren adierazgarri eta adibide gisa. Bestelakoak ere badira. Gernikako arbola da gure sinbolo nazionala, eta ez lehoi bat. Baina nolabait mugatu behar da lan bat egiteko. Badago Schnell izeneko autore bat, filosofia grekoa ikertzen aritu zena eta bere bizitza osoan liburu bat besterik ez zuen idatzi. Eta liburu horren sarreran harritu ninduen esaldi hau dago: «Liburu hau nik nahi nuen bezala egin izan banu, beste hau eta hau eta hau aurkeztu beharko nituen, baina azkenean inportanteago iruditu zait liburua hil baino lehen ateratzea».

        Eta seguruenik horrelako zerbait gertatu zaio honi ere. Inportanteago da batzutan lan bat bukatzea eta eskerrak kasu honetan bukatuta dagoen.

        Aurkibidea begiratzen baduzue gure inguruan erabili izan diren animalia guztiak agertzen dira: txoria, ikuilu barneko abereak, artaldea etab. Gero kapitulu batetan zakurra eta katua, tabuak adierazteko erabiltzen diren animaliak. Neri, kultura honetakoa naizenez, irakurri ahala mila gauza etorri zait burura eta pentsatzen dut zuetako edozeini berdin gertatuko zaiola.

        Adibidez agur, augur, agorero hitza ez dago garbi nondik datorrenik baina, badirudi, latinez —etimologistek diotenez— agorero, augur horrek zer ikusirik baduela txoriarekin. Horregatik nik pentsatzen dut Zorion hitzak Txori on esan nahi duela. Ba dirudi beste hizkuntza batzuetan fatum hori (zortea) txoriarekin adierazia izan dela. Eta jasota dauzkat, bai Horazio eta bai Ovidiori ere zitatxo batzuk mala avis eta bona avis zoria adierazteko. Zoriona eta, zoritxarra txoriekiko interrelazioa, adierazten zutenak ziren beharbada euskaraz.

        Jasotzen da baita ere liburuaren barrenean txoriaren kantua, txantxangorria eta kukuarena. Badakizue kukuak kantatzen duenean, zorte onaren seinale dela, aberastasunarena. Baina kukuak ere heriotza adierazi dezake. Nik entzunda daukat amari, gerrari buruz hitzegiten duenean, hauxe esaten duela: «Gizonaren bizitzak garai hartan ez zuen txoriarena balio...». Gizonaren bizitza laburra eta hauskorra zela adierazteko esaten du esaldi hori.

        Gero hegazki batzuk erabiltzen ditu alferkeriaren seinale bezala. Eta orain aipatuko ditut jasota dauzkadan zenbait esaldi : «Gizona, zer egiten dek hor oilagorraren moduan parauta». Hau kuriosoa da parauta ez bait da Zegaman, nere herrian, esaten. Lehenagotik, horrelaxe datorren esaldi bat da «alferrak Zegaman oilagorraren moduan egoten dira parauta». Baita esaldi hau ere: «Zer hago hor hontzaren moduan alperrari begira». Eta nere arrebak bere ume txikiari askotan esaten dio hau: «Jesus, nere txorie!». Eta ume txikiari buruz hitzegiten duenean: «Non dogo txorikumea?».

        Guzti hau lehendabiziko kapituloari buruz, txoriari buruz bait da. Eta han horrelako adibide ugari aurkitu daitezke. Erraz irakurtzen da eta gainera informazio mordo bat ematen du. Literaturan ere jasoak daude horrelako gauzak, adibidez XVIeko lirikari buruz egindako azterketetan. Txoriak, eperrak, tortolak, usoak agertzen dira. Txoria, hegaztia, sinbolo moduan maitasunaren munduan, lirikan asko erabilia izan zen.

        Animalien gaiaz segituz, esan dezadan goierritarrek elkarri animalien izenez hitzegiten diogula. Eta hori aipatzen da liburuan, herri pilo baten ezizen edo gaitzizen esanaz. Zegamarrak adibidez beleak gara. Dena den guztiak ez dira agertzen. Esate baterako, mutiloarrak txerrigorriak direla ez dut aurkitzen, edo-ta, zeraindarrak xaguak direnik. Herriak jeneralean animalien izenez ezagutzen dira.

        Esan bezala, zegamarrak beleak gara. Eta «Alos Torrean» eta beste testuretan bela beltza agertzen da. Badirudi imajina hori zaharra bihurtzen dela. Baina beleak jakintsuak dira ere. Nik zera daukat irakurrita: belea jainkoen mandataria zela mundu germanikoan eta susmoa geratzen zait esaldi batzutan ez ote den horrela agertzen. Gertaera zahar bat suertatu denean eta belea agertzen denean, beleak badaki. Norbait hil da, gure ahaideren bat etxetik urruti hiltzen denean beleak badaki jakituna delako, ez hainbeste zaharra izateagatik, jainkoen mandataria delako baizik. Eta hemen jasotzen den beste esaldi batetan hau esaten da: «Belea lapurra da». Eta errefrau zaharretan belea ez da lapurra, mika da. «Indak mika bat orban bada, diada neskea gatxbaga» agertzen da Bizkaiko errefrau zahar batetan. Mika lapur ez denik ez dagoen bezala, ez dago gaitz gabeko neskarik.

        Jarraitu liteke animaliekin ere. Beti kuriosoenetako bat tabuena da, tabuen mundu hori. Liburuan agertzen dira zakurra eta katuaren funtzioak tabuen espresiorako. Ni beti intrigatzen ninduen euskaldunen historian kapitulo batek, eta zera zen: gotzaiek garai batetan ezin zutela euskaldunen lurra ikutu, ezin zuten bertan bizi eta kanpoan egon behar zuten. Etorri omen zen Errege Katolikoekin gotzai bat Bermeora eta Bermeon atera zen itsas-untzitik juramentoak egitera eta bermeotarrak oso haserretuta zeuden. Eta gotzai hori behartu zuten itsas-untzia hartzera eta berak oinekin ikutu zuen lurra aitzur batekin bildu, zaku batetan sartu eta zaku horretan katu beltz bat sartu eta bota omen zuten zaku hori itsasora. Gotzai baten oinek lurralde hau inpuro bihurtzen zutelako. Historia horrek intrigatzen ninduen batez ere ez nuelako ulertzen zakuan zergatik sartu zuten katu beltza. Orain ulertu dut, ez Umberto Ecorengatik, batez ere Mikelen liburuan irakurrita. Liburuan datu asko aurkitu bait daitezke.

        Nik nere aldetik badauzkat datu batzuk apuntatuta. Beharbada ez dute zer ikusirik. Ez naiz ni ausartzen gauza hauetan baina fuegos fatuos euskaraz argi-txahurrak dira.

        Anekdotarioaz aparte neri lana interesgarria iruditzen zait projektu posible baten bide bezala eta, gainera, orain garbi ikusi dut projektu hori bideragarria dela. Hildakotzat ematen dugun euskal nekazari mundu hori seguruenik ez dago batere hilda eta mundu hori «pre-razionala» edo «ez arrazionala» deitzen den mundu hori ere ez. Beste gauza bat da, azpimarratzen ez dena, hauxe: hizkuntzara iristen den kontzeptua da aurretik dauzkan modeloen arauera. Euskaraz huts erabiltzen du Zulaikak. Izan daiteke bi aurkako kontzeptu adierazteko: etxe hutsa (vacio) edo euskara hutsa (lleno) adibideetan.

        Erabileran hitz bat iritsi daiteke hizkuntzean «acto lingüístico» bat izatera, erabili kontrarioetan ere. Eta hau da bere figura lehenago batetan horrelako kontradizioan ez dagoelako. Espazio horiek deskubritu nahi dituelako.

        Pentsamendu «pre razional» edo «ez arrazional» hau posible da aztertzea eta estudiatzea. Liburu honetan ez da beharbada aski esplotatu eta ez dago zer esplotatzerik ere. Baina beharbada estudio honetan gauza kuriosoa da, bertan agertzen diren datuen artean animaliek hitzegiten dute, elkarrekin hitzegiten dute, gizonari hitzegiten diote. Baina belarrak animaliari ere hitzegiten dio. Sorginek pertsonari hitzegiten diote eta baratzeari ere bai. Hemen hizkuntza guztietako unibertsoa dago. Hemen espazioak berak ere egiten du hitz eta lekuek hitzegiten dute. Eta hitzaurrean agertzen den frase hau azpimarratuko nuke: «Bizi, metaforan bizi gara eta poesia azkenean elkarrizketa da».

        Espazioarekin euskalduna nola mintzatzen den aztertzea, euskalduna espazioari eta espazioa euskaldunari nola elkarri mintzatu zaizkion aztertzea da liburu honen lorpenetako bat. Bestea, hau bizi berritzea.

        Hildakoak ez dira pizten, baina beharbada hildakoak ez gaude horren hilda. Hau esatean esan nahi dut kultura piska bat duen edonork, nahita edo nahi ez, hartu du kultura grekotik elementu pilo bat. Eta hori ez da heredatu duelako, hori ez da egia. Nolabait heredatu egin dugu, kultura grekoa behin eta berriro berpizten utzi dugulako. Eta hori horrela da. Mikelek askotan aipatzen duen Hölderlinek, eta bere belaunaldiak Alemanian, Europa guztiarentzako lortu zuten. Euskal mundua baldin badago, hila ba dago, berpizten uzten diogu. Baina nik ez dut uste hilda dagoenik. Hala ere egin beharko litzateke ahalegin bat hori errekuperatzeko, berpizteko, eta alde guztietatik. Baina denek hizkuntza, sentsibilitaterik izan behar ez dutenez gero, gutxien batzuk egin dezatela posible. Lehenik artistek, literatoek gutxienik. Baita mito-zaleek ere, zentzurik positiboenean, mitoa bait da sortu den gauzarik eleganteenetako bat.

        Gaur, dugun historia, gure historia, gure joerak eta nahiak, gure desirak desmitologizatzeko joera dago, niretzat katastrofikoa, eta horren kontra baloratu behar da gure joera «pre razionala», gure metaforak, gure hizkuntza eta gure mundua. Gero ez du inportik zertarako erabiltzen den, zerbaiten legitinitzaile bezala erabiltzen den ala ez. Gurea hau baldin bada, errekuperatu beharko litzateke.

        Eta horretarako dago hemen lan izugarria.

 

        (*) Liburua Joxe Azurmendik aurkeztu zuen udaberrian Donostian. Hitzeginez egin zuen Joxek bere solasa, eta hitz ederrak haizeak eraman ohi dituelako, geuk zintaz jaso ahal izan genituen. Eta hartu bezala, ematen ari gara, ahozkotasunari grafiak beti mesede ez egin arren.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.