L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-7 (1987-urria) —Hurrengo artikulua




 

 

Aintzinako euskaldunen sinismenak

 

Karlox Barrentsoro

 

        Planeta zahar honen historian, herri guztiek eduki dituzte beren jainko, jainkosa, erdijainko, jeinu..., eta bestelako mitologi izadiak; eta beraien irudimenak asmatutako pertsonai hauen bitartez, izadiak planteatzen zizkien arazo ilun eta ezezagunei irtenbide jatorrago, logikoagorik emanez saiatzen ziren, baina askotan irtenbide hori benetako errealitatea baino askoz ilunago, irrazionalagoa bihurtzen zitzaien.

        Gaurko gizarte razional, programatu, soso eta hotzean murgildurik bizi garenez, gure garai bateko arbasoek asmatutako sinismen eta kontu zaharrek ez digute gauza haundirik esaten, baina agian oso irtenbide polita eta egokia izanen litzaizkiguke gaurko monotonia aspergarri, alineagarri eta nazkantetik irteten egunero saiatzen garenentzako.

 

        1. SINISMENEN HASTAPENETAN

        Hasiera hasieratik dana zegoen eta horregatik inork ez zuen ezer egiteko beharrik izan, eta betidanik eta betirako zegoen mundu eder horri, osotasun horri, globalitate horri izendatzeko euskarak bazuen izen zehatz bat: ORTZI. Betidanik eta betirako dagoen osotasun horren partaide gara denok: zeruak, itsasoak, lurrak, abereak, landareak..., eta baita gizaki guztiak ere, denok bait gara Ortziren zatiren bat, denok bait gara dibinitatearen apurraren bat. Hauxe da behintzat gure lehengo sinismen panteistek azaltzen digutena.

        Osotasun horren barruan gizakia ez da gauza haundirik, puntu ttiki bat, besterik ez; Horrela ikusten zuen behintzat, euskal gizakiak bere burua. Ortzi edo osotasunak ez zuen muga zehatzik. Beheko aldetik bizidun guztien azpian mugigaitz dagoen AMALUR, goiko aldetik, gure buru gainetik AIDE aldakorra. Baina lurra zenbaitetan moztu egiten da, eta horrela sortzen dira errekak eta ibaiak, eta beraiekin batera mugagabeko erreka zabala: ITSASO. Aidean berriz, zeruan, Amalurren alabak ziren ILAZKI edo ILARGI eta EKI edo EGUZKI jainkosa dizdiratsua.

        Euskal gizakiak, elkarrekin komunikatzeko, eta izadiaren orruak eta zaratak imitatuz, euskara sortu zuen, eta berak urteetan zehar euskal gizakia euskaldun bilakatu zuen. Euskaldunek geroxeago Euskal Herria sortuko dute. Baina paraleloki, beste gizkaki ezberdinek erdara ugari eta ezberdinak sortu zituzten, eta erdara horiek hamaika erdaldun ezberdin, eta azkenean hamaika erdaldun ezberdin horiek hamaika Erdal Herri ezberdin sortu egin zituzten. Honelaxe gure Euskal Herria, euskaldunen herria, euskaraz mintzatzen diren gizakien herria, hamaika erdal herri ezberdinez osaturiko itsaso batetan murgildurik gelditu zen.

        Baina bai Euskal Herria eta bai hamaika Erdal Herriak, Ortziren zatiak direnez, nahiz eta zeharo ezberdinak eta askotan etsaiak izan, funtsean gauza bera dira, eta nahiz eta bikotasun hau azaldu, osotasuna ez da inolaz ere hausten.

 

        2. AINTZINAKO SINISMENEN EZAUGARRI NABARMENAK

        a) Dagoen guztia Ortzi da, eta baita gizakia bera ere.

        b) Gizakiak bi multzotan banatzen dira: euskaldunak eta erdaldunak,eta beraien gainetik badaude beste zenbait izaki: laminak, sorginak, intxixuak, basajaunak, galtzagorriak...

        d) Euskal gizakia osotasunean, izadian, ondo integraturik dago, eta berak, naturista denez, bere burua osotasun horren piezatxo bat bezala ikusten du; Ez da judutar-latino gizakien modura, izadiaren eta munduaren nagusia kontsideratzen.

        e) Izadian ematen diren ekintza ezezagunak: tximistak, trumoiak, ekaitzak, lurrikarak, euri zaparrarak..., jainkoturik daude, edo bestela jainkoen ekintzen ondorioak dira.

        f) Bizitza eta heriotzak ez dute garrantzi haundirik, gure arbasoek sinisten zutenez, gizakia hiltzerakoan beste bizitza era ezberdinetara igarotzen bait da. Ez dado bukaerarik, aldaketa baizik. Ez dago mozterik, segida baizik.

        g) Gizakiak ez du animali eta landareek baino balio haundiagorik, balio bera baizik, nahiz eta ezberdin izan, azken finean denak izakiak bait dira.

 

        3. SINISMENEN KULTO ETA SINBOLOGIA

        Sinbolgiaren barruan hiru multzo egin ditzakegu: abereak, zuhaitzak eta landareak, eta azkenez harriak eta objetuak. Abereengan bi ezaugarri bilatzen ziren: ederrak, haundiak izatea, eta adarrak edukitzea, eta honi jarraituz hiru abere hauek aukeratu ziren kulto ekintzetako: akerrak, ahariak eta zezenak. Lehenengoak akelarretan erabiltzen ziren, eta sinisten zenez, Mikelats, Maju, Odei..., eta bestelako izadiaren indarrak beraiengan haragindu egiten ziren. Bigarrenak sakrifiziu eta afari erritualetan erabiltzen ziren, eta hirugarrenak zenbait jainkoren pertsonifikazioak azaltzeko orduan.

        Bigarren multzoari dagokionez, zuhaitzei bi ezaugarri eskatzen zitzaizkien: sendoak eta urtetan zaharrak izatea. Zuhaitz garrantzitsuena haritza izan zen, berarengan jainkoen doainak pertsonifikatu egiten bait ziren. Leinuetako arbaso zaharrak beren gerizpean bildu egiten ziren, jainkoen laguntzaz eta babesaz, legeak egiteko edo herrietako arazoez mintzatzeko. Gernikako Arbola dugu agian haritzenetako garrantzitsuenetakoa, eta Euskal Herriko libertateak etengabeki gogoratzen dizkiguna. Arteari esanahi bera ematen zioten, eta makina batzarre ospatu izan dira beren gerizpean. Askotan abere eta fruitu opak egiten zitzaizkien. Lizarra ere oso arbola ospetsua izan dugu gure artean. Majikoa zenez, bere egur eta ardaxkekin zenbait arma eta lanabes egiten ziren: geziak, azkonak, eskuare eta xarde kiherrak..., Gaztainondoa nahiko berria gure artean izan arren, Ameriketatik ekarria bait da, sinbologia honen barruan sartu egin zen nolabait, eta Zuberoan, Maulen, gaztanondo baten gerizpean biltzen ziren herriaren ordezkariak bertako legeak eta auziak aurrera atera ahal izateko. Bere ardaxka batetik urkatu zuten frantziar agintariek gure Matalaz (Manex Goienetxe), Zuberoko fueruen deseuztapena sinbolizatu nahiean. Barduliarren artean haginak oso garrantzi haundia hartu zuen, eta beraren zuku edo odolaren bitartez pozoindu egiten zituzten. Gaur egun, Gipuzkoako armarrian azaltzen diren hiru zuhaitzak haginak dira, agian bertako biztanle zaharrak ziren barduliarren oroimena azalduz.

        Landareei dagokienez, astolarrak, ekiloreak edo sorginloreak, hiru izenez ezagunak bait dira, izan dira erabilienetakoak, eta etxe edo baserrietako ateetan ipintzen ziren izadiaren indar ezezkorrei sarrera galeraziz. Gaur egun oraindik leku askotan ikus daitezke, nahiz eta zenbait tokitan bakar bakarrik ornamentazio gisa erabili. Beste zenbait belar erabili izan dira aztikeriak egiteko eta baita zenbait gaitz sendatzeko ere. Uztaibelarra oso erabilia izan zen aztiengandik euria soro legorretarantz erakartzeko eta baita sarritan ekaitz haundiak eta kazkabarrak urruntzeko ere.

        Hirugarren multzoan harriak eta beste zenbait objetu sartzen dira. Tximistarriak edo sukarriak oso apreziatuak izan ziren, beraietan bizitzaren jainkosa zen Eguzkiren indarra zegoela uste bait zuten. Bestalde bazituzten izadiak landutako harri eta haitz haundiak eta zorrotzak, eta beraien aurrean ospatu egiten zituzten beren zenbait erritual ekintza. Haitz natural hauek sorginarri izenaz bataiatu zituzten eta arront ugariak izan ziren aintzinatean. Hauen antzekoak dira habailarri edo jentilarri izenez bataiatutako haitz naturalak, baina herrikoi jakituriak dioenez, hauek dira jentilek kristauei habailaz jaurtitako harritzarrak. Adarra mendi aurrean badago hauetako bat, eta dirudienez behin Aranon kristau prozesioren bat egiten ari zirela herriko plaza nagusian, hango mendietan bizi zen jentil batek, harri izugarri bat hartu eta bere habailaren bidez, prozesioan zeudenei bota egin zien. Zorionez edo zorigaitzez habailarria bide erdian gelditu zen, eta kristauek beren prozesioa bukatu ahal izan zuten.

        Hirugarren talde honetan sar ditzakegu ere kuttunak, hilarriak, lauburuak, eta bestelako svastikak. Kuttunak edo talismanak normalean lizarrezko egurrez lantzen ziren, eta bertan zenbait ikur majiko ipintzen ziren indar ezezkorrak aldentzeko. Bazeuden bestelako kuttunak ere, esate baterako koneju edo lapin hankekin egindakoak, hauen zertarakoa berdin berdina zelarik. Gaur Donostiako San Telmo eta Baionako Euskal erakustetxeetan hauetako asko eta asko ikus daitezke.

        Hilarri edo estelen erabilketa oso zabalduta egon da zazpi euskal herrietan, eta gaur edozein kanposantutan hamaika eta hamaika ikus daitezke. Estela diskoidale hauetan zenbait ikur majiko ipintzen ziren eta askotan beraien ondoan hildakoaren izena edo izengoitia. Denboraren poderioz, hilarriak kristautu egin ziren, eta lehengo ikur paganoen aldamenean gurutzeak eta bestelako kristau ikurrak ipini ziren.

        Lauburuak aparteko kapitulua merezi du gure sinbologian, agian ez delako guztiz gurea, kontuan izan behar bait dugu munduko hamaika puntetan eta historiaren garai guztietan azaldu direla. Indian, Tibeten, Thulen, Ameriketan, Txinan, Troian, Grezian... Dirudienez, lauburuak eta bestelako svastikek (karratuak eta borobilduak, hiru, lau, zazpi edo zortzi burutakoak...) eguzkiaren irudia, bizitzaren kurpila adierazi nahi digute, eta Euskal Herrian aintzina aintzinatik erabili izan da. Diotenez, devogiroa baldin bada, hots ezkerretara begiratzen badu, baiezkorra adierazten du; eta destrogiroa baldin bada, hots eskuinetara begiratzen badu, aurkakoa: ezezkoa. Bi hitzetan lauburuaren mugimenduan bizitzaren bi aldeak azaltzen zaizkigu: alde baiezkorra, ona, ederra, jatorra, alaia, zorionekoa..., eta alde ezezkoa, gaiztoa, txarra, itsusia, goibeltza, zoritxarrekoa...

        Amaitzeko aipatu beharra dago aintzinako kultoari buruz dakigun ezer gutxia. Dirudienez, kulto bilerak udaburuan (San Juan, ekainak - 23an) eta neguburuan (abenduak - 21/24an) ospatu egiten ziren. Edo bestela martxoak - 21/24an (inauteriak) edo irailaren 21/24an; Hots ekinozio eta solstizioetan. Ilargi beteko gauak oso garrantzitsuak zirenez, sarritan kulto festa haundien lekuko izan dira, eta festa horietan dantza eta kanta erritualek oso paper haundia jokatu izan zuten. Diotenez, ilargi beteko zenbait gauetan soro majikoetan bildu egiten ziren gure arbasoak, eta indar ezezkorren jainkosa zen Ilargiari (Hil - Argi) ezpatadantzak eskaini egiten zizkioten nahigabeak euskal herrietara ekar ez zitzan. Bestelako egunak ba omen zeuden, baina tamalez gaur guztiz ezezagunak egiten zaizkigu ez bait dugu inolako zehazkizunarik ezer ziurtatzeko.

        Gaurko gizarte monotono eta ustelean makina sinbolo erabiltzen ditugu, makina txapa eta eranskina..., baina gure aintzinakoen eskuetatik datozkigunak arras bazterturik, ahazturik..., daude. Agian horregatik ez dugu ezer lortzen, agian bada ordua gure sinbolo zaharrak hauts tartetik ateratzeko eta bista bistan jartzeko. Agian, agian...!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.