L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-7 (1987-urria) —Hurrengo artikulua




 

 

Ez da kuxidadea nere mesanotxearena

 

Inazio Mujika Iraola

 

        «Hau ezta kuxidadia» aipatu dit maizegi azken boladan amak, mesanotxe gaineko anabasa txukundu nahiean hasi eta bertan behera utzi duenean ezinezkoa zelako ustean nonbait. Eta aitortu beharra dago, ama batek baino arrazoin haundiagoa duela oraingoan ere gure amak.

        Ez da kuxidadea nere mesanotxearena.

        Zintzarri ankerra, liburu pilatuen gainean kili-kolo; erresekoetarako ur basoa lurrera erortzeko puntu-puntuan; lanparatxoa doi-doi bonbila ikusten zaiola liburuz itoa eta Jaunartze garaiko erretratoa nola edo hala hau ere, ez zutik ez etzanda. Liburua da nagusi mesanotxe gainean. Hor pilatzen dira irakurri ditudanak eta irakurtzeko gogo biziz zain dauzkadanak.

        Azkar jarri naiz ordenatze lanetan, behingoz. Irakurritakoak ahantziaren apalera eraman eta uda honetan irakurri beharrezkoak denak, lerro-lerro, kurioso-kurioso utzi.

        Hasi, dirudienez modan jarri den jenero batekin hasiko naiz. BIOGRAFIAK. Irakurri dut berriki Buñuelen «Mi último suspiro» eta konturatu naiz zein puntutaraino garen mediokreak eta zein gutxi bizi izan dugun. Irakurri dut ere «Kavafis, una biografía crítica» Robert Liddellena eta eredu iruditu zait bere jeneroan. O. Wellesena ere irakurri berri naiz, errekomendagarria oso. Leitzekoak ditut oraindik «Los Baroja» eta Huston-en «A libro abierto». Udak jango ditu.

        POESIAri lekua utzi behar zaio eta hasi eta bukatu egiten ez dugunez, sei bat baditugu piskanaka irakurtzen ari garenak: Yorgos Seferis eta Alianzak atera duen bere poema guztien bilduma. Kavafis gustokoa duenak gustokoa izango du greziarra ere. Paul Verlainen antologia Triestek plazaratua. Ez dakit zer den ederrena hemen, poesia edo presentazioa eta papera. Badakite Triestekoek poesia argitaratzen. Prosa poetikoa nahi duenak eta metaforaren lilura dastatu ahal izateko: «El candelabro de los siete brazos» Cansinos-Assensena. Poesia soziala gustokoago duenak berriz, Euskalerriko poeta ahaztuxearen obra guztiak eros eta irakur bitza: Figuera Aymerich, Hiperion uneoro gogoratuz Nazim Hikmeten hura «oilaritearekin batera / Grezian afuzilatzen dituztela gure bihotzak». Eta azkenik bi poeta euskaldun: Felipe Juaristi eta bere «Hiriaren melankolia», «Denbora, nostalgia» irakurri duenak, zail izango bait du liburu berria irakurri gabe uztea. Eta Patxi (Emily / Joannes) Perurena. Nafarraren «Emily» gogoz irakur daiteke zatika edo atzekoz aurrera nahi izanez gero.

        NARRATIBArena beste kontu bat da. Hor aurkitu dut Kundera «El libro de los amores ridículos». Nobela egiteko beste modu bat du Kunderak. Eguneko nobedadeen kurpilean egon beharra dago eta mesanotxeak ia atera zenetik ezagutzen du «La buena terrorista» Doris Lessing-ena. Udarako irakurketa aproposa. Laister aterako du gainera Literatur Gazetak zerbait, gai honi buruz. Pereza haundia ematen dit Albert Cohenen 2.900 kilotako liburukotearekin hasteak, «Bella del señor», baina hori omen da nobela noski konpletoa! Erosi beharko dugu afariren bati muzin eginez; baina lekua ere libratu beharko zaio mesanotxe gainean eta ez nolanahikoa horratik... Tira, Lars Gustafssonen «Muerte de un apicultor», Sanchez Ostiz Iruñar prolifikoaren «Tanger-Bar» eta Navocov ahantzi ezinaren «Ada o el ardor» kenduko ditut irakurri berritan. Eta gainera, begira, Flannery O'Connoren «Los profetas» eguberritan irakurri eta oraindik hemen dago. Honek gogora ekartzen dit Lumenek atera dituela gainerantzeko bere obrak. Gogokoa dut Estatu Batuetako giro sudista. Ez dakit «La ruta del tabaco» eta...

        Uda honetarako gordea dut frantses kuttun bat: Marcel Schwob «Viaje a Samoa». Gogoangarriak dira bere tituluak «Corazón doble», «Vidas imaginarias», «EL rey de la máscara de oro» (euskaraz ere irakur daitekeena Pamielan) «Mimoak» Mikel Lasak itzuliak Barojan...

        Españolen bat ere jarri beharko dugu eta «La fuente de la edad» (Luis Mateo Diez) aukeratu dut. Sariak sari. Euskarak berriz, lehen lerroan dauzkat «Olagarroa» eta «Irene» Mario eta Pakorenak, batak besteari xirri eginez eta «(H)aur besoetakoa» berrirakurtzeko irrikian nago, baina oraingoan Miranderen jatorrizko edizioan (Pamiela). Ez da irakurtzen ari naizelako baina gogoak ematen dit une honetan Martin Ugalde errekomendatzea. Ze koño! Euskaraz eta erdaraz maixu ahaztuxea eta balio haundikoa nere ustez. Hartu «Tres Relatos Vascos», «Cuentos Inmiqrantes» edota «Mantal Urdina», bestela, esango didazue.

        Euskaraz irakurtzeko beti izaten da mesanotxean klasiko bat. Momentuan Asteasuko Agirre dago, animarako eta batez ere hizkuntzaren aberastasunerako on eta probetxugarri eta Axular bera baino lehenago irakurri beharko genukeena giputzok. Izaten dut ere herri literaturako zerbait esku artean, horretarako dago Auspoa. Gogoratu besterik ez «Lengo egunak gogoan» (Uztapide) eta La Gran Enciclopedia Vasca eta orain Ereinen ateratako Joxe Arratibelen «Kontu Zaarrak». Momentuan «Odol-kutsua»-rekin ari naiz Atañorena. Hobe luke zenbait idazlek irakurriko balu.

        Castelao ere hor dago gizarajoa denbora apurren baten zain eta Aresti osoa irakurtzeko asmo sendoa badut ere udazkenerako utzi beharko dudala uste dut. Halaere, biziki errekomendatuko nuke Susak ateratako hamar tomo horietan azkena, artikuluak, gutunak eta hitzaldiak biltzen dituena. Bilbaoko poeta eta bere garaia ezagutzeko ezinbestekoa. Unkigarria.

        GUTUNAK aipatu ditugu eta Oscar Wilderenak bere bihotzeko mutil Bosieri eginak irakurri ditugu egun hauetan, irlandar maskarazalearen biografia Alianzan, «De profundis» eta Peter Ackroyden «El último testamento de Oscar Wilde» irakurri eta xoratu dituenantzat ineskusablea. Leitzen duenak jakingo du oinazearen berri eta erreparatuko du Wilden jenioarekin, talentoa ezagutzeko bere obrara jo beharko badu ere.

        Itxura polita dute Italo Calvinok aukeratutako «El ojo sin párpado» bildumako bi liburukiek zeintzutan XIX. mendeko ipuin fantastiko zenbait biltzen diren. Italiarrak maiteak izaki nere italiar trinitatearen bigarren bertizera joko dugu. Cesare Pavese eta bere artikuluak Ediciones B. Barcelonak atera dituenak «Literatura norteamericana y otros ensayos» izenburupean. Bi bertize aipatu ditugunez ea dezagun hirugarrena Sciascia eta bota dezagun obra bat oraindik irakurri ez duenarentzat: «El mar de color de vino». Hirukote polita eguzkiperako.

        SAIAKERArekin segituz Jon Juaristi ikusten dut hurren. «El linaje de Aitor» eta «Literatura Vasca». Beti entzun beharrekoa da Juaristi, azken boladako «enfant terrible»-etako bat. Euskaldunoi buruz desmitologizazio ariketa katartikoa egiten du askotan baina zenbaitetan injustu xamarra ere bada (ikus bestela Mirandez dioena). Bestalde, norbaitek far pixkat egin nahi badu, hor daude bere azken poema liburuak Pamielan, desigual xamarrak badira ere.

        Eta azkenik, pimienta apur bat ezarriz mesanotxeko kuxidade berriari Eduardo Mendicuttiren «Siete contra Georgia» (La Sonrisa Vertical) jarriko dut errekomendatuen artean. Algarak bederatzigarrenetik ere adituak izan daitezke. (Viciosas/os abstenerse).

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.