L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-7 (1987-urria) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hortik zehar—

 

Quevedo eta Epicuro

 

Esteban Antxustegi

 

        Bi autore klasiko dakarzkigu orrialde hauetara, Seneka eta Epicuro hain zuzen. Bakoitzak joera filosofiko bat proposatu zuen, hainbat aldiz aurkakoak kontsideratu izan diren eritziak defendatuz.

        Seneka estoizismo berriaren partaide dugu. Eskola «historiko» honek erromatar inperio garaian izugarrizko garapena izan zuen, neurri handi batez une hartako pentsamolde politiko eta intelektuala eraiki zuelarik. Jarrera honen bultzatzaile garrantzitsu bat, dudarik gabe, Seneka izan zen.

        Epikuro, aldiz, bere izena hartzen duen eskolaren sortzailetzat jotzen da, dotrina honen ezaugarri nagusi eta oinarrizkoenak haren idazkietan finkatzen direlarik.

        Bestalde —literatura eta filosofiaren arteko lokarria aurkitu nahirik— badute zer esanik ikuspegi filosofiko hauek gure arteko tradizio literarioan, Senekaren ildotik batez ere.

        Horrela, Urrezko Mendea deritzaion garaiko idazleen joera guztiz estoikoa da, dotrina honek proposatzen dituen balore eta kontzepzioak behin eta berriro azalduz, erabat imitagarri eta funtsezkotzat jotzen direlarik. Espainiako gizarteak ere eragin hau bortizki jaso zuen (barne ikuspegia, ohorea, birtutea...) eta koordenada hauetatik kanpo, autore askorentzat, benetan ulertezina gertatzen da.

        Baina, estoizismoa onuragarritzat jotzen den bitartean, epikureismoa baztertu egiten da, ikuspegi honen eritziak gehiegikerietan oinarritzen direla etengabe errepikatuz. Jarrera nagusi hanek, aldiz, aurkakorik izango du, hauetako bat Francisco de Quevedo dugularik.

        Quevedo-rentzat, eta hala dio «Defensa de Epicuro contra la común opinión» bere idazkian, filosofo hau iraindu duten guztiak ezjakintasunean oinarritu dira. Berarentzat, eta Seneka hartzen du lekuko, greko hau ez da ulertua izan eta; bere lanak sakonki aztertzen badira, ez dago diferentzia handirik bi eskola hauen artean; are gehiago, batak bestea osatzen du, eta hobetu gainera.

        Quevedoren ustez; birtute eta zoriontasun kontzeptua, nahikaria baztertzea, gauzak ongi egitearen beharra bakardadea, zintzotasuna, pobrezi aberatsa, abstinentzia... Epikuroren ezaugarri etengabeak ditugu; nahiz eta beste era batez aipatuak izan, eta Senekak berak ere behin baino gehiagotan hauxe ematen du aditzera. Horregatik Senekaren obrarekin Epikuroren ideiak konparatu eta hauen arteko parekotasunak plazaratzen saiatuko da. Guzti hau, hori bai, estilo zoragarri, fin eta ironiko baten bidez.

        Hobe izango dugu, beraz, Senekaren ideia nagusienak aipatzea, eta horretarako «De brevitate vitae» bere idazkia aztertuko dugu. Zeresanik ez autore kontradiktorioa dugula eta, alde batetik, gizarte erromatarrari zegozkion diziplina moralak defendituz lurreko ondasun eta heriotzarekiko mespretxua azaltzen duenean etika zorrotz eta erostezina proposatzen duen bitartean, bestalde, ez du inolako prolemarik izango Inperioko kargu politikoak es kuratzeko eta botere honetaz ongi baliatu. Hortan datza, seguraski, eta estilo zuzen eta zehatzean irakurlea liluratzeko ahalmena.

        Senekak proposatzen duen ideala gizon indartsu, burujabe eta eguneroko errealitatearen gain igotzen dena (naturaren legeak gaindituz) izango litzateke, horrela goreneko helburua lortuko duelakoaren ustez.

        «Jakintsuaren iraupenarekiko» lanean jakintsuaren irudia denbora eta zortearen aldakuntzetatik kanpo dagoenarena azaltzen digu, bere nagusitasunetaz ziur sentitzen denarena, nahiz egia hau frogatzeko presarik ez adierazi.

        «Probidentziari buruz» elkarrizketan irakurleari gertaturiko porrot eta ezbeharren aurrean etsipena eta axolagabetasuna proposatzen dio. Bertan eszeptizismoaren osagaiak nabaritzen dira, kontzeptu etiko boluntarista eta agonikoak aditzera emanez. Horrela, jakintsuaren helburua —goi mailako gizona izaki— borrokan kokatzen du, belaunikaturik gertatuta ere, eta hondamena ezinbestekoa balitz —premonizio hunkigarria— irtenbide bakarra suizidoa izango da.

        «Bizitzaren laburtasuna» izeneko atal batetan bizi izandako esperientzi gogorretatik ateratako ondorioak aztertzen ditu; diruak, botereak eta mundu honetan izandako arrakasta iheskorrak dakarten fruitu eskasak esplikatuz, osotasunerako bidea erabat mozten bait dute. Horregatik goi mailako gizonek edozein eratako harrokeriari ihes egin behar diote, munduan iraungo duten denbora jakinduria haunditzeko erabiliz; iraunkortasuna lortzeko bide bakarra hauxe izanik. Bizitza luzea da, dio Senekak, probetxua jaso nahi eta munduarekiko dauden alferrikako kezketatik kanpo gelditu nahi duenarentzat.

        Hala ere, idazleak bere egoera soziala aldatu bezain pronto badu beste eritzirik eta «Bizitza zoriontsua» obran (Neron enperadorearen maisu eta bere lehen ministrari boteretsua dugularik) helburu pedagogiko eta moralizanteak azaltzen dizkigu.

        59. urtean Agripina, bizitzan zehar bere babesle izan zuena, hil zen —Neron bere semeak asesinatua— eta beldurrak jota ihes egiten du gobernutik. Orduan «Arimaren lasaitasuna» idazteari ekiten dio eta bizitza publikotik kanpora kontenplazioaren nagusitasuna proposatuko du.

        Baina gure idazlea ez zen geldi egotekoa eta 64. urtean Pison-ek gidaturiko kospirazioaren barne aurkitzen dugu —badirudi inperioko gidaritzapean bere eskuetan utzi nahi zutela— baina, zorigaiztoz, Neronen agenteak kontuan erori eta filosofoa bizia kenduaraztera bultzatua izan zen.

        Hona hemen zer dioen idazleak —ironia handi batez— bere azken idazkian: «...baina estatua hain usteldua badago eta askatzeko inolako posibilitaterik ez badu, jakintsuak ez du inolaz ere alfer lanean aritu behar». Agudeziaz, umore lehun eta desenkantatuaz Senekak bere irakurleei zori eta eragozpenetan, guztiz pairagabe, oreka mantentzea aholkatzen die. Aldi honetan, eta heriotzeraino, badirudi jarraitu zuela filosofoak bere kontseilu propioa.

        Lehen esan bezala, XV eta XVI. mendean, jarraitzaile asko izan zituen, Espainiako katolizismo eta izaeraren funtsezko atala bilakatuz. Gainera, kristautasunak bereganatu nahi izan zituen idazlearen hainbat obra; nahiz Senekak sostengaturiko etika estoikoa erabat kontrakoa izan kristautasunak proposatutako anaitasun eta, karitatearekin.

        Horrela, eragin estoiko garbia Lope de Vega, Quevedo (Epikuro ere estoikotzat jo nahirik) eta Shakespeare-ren obretan aurki ditzakegu. Egile hauek, estoikoak bezala, gizon arruntarengana zuzentzen dira, krisi kontzientzia daukan gizakiarengana; eta egoera horretaz jabetu eta barneratzen den istantetik aurrera salbazio orokorra eskeintzen diote, indar eta adore etengabean oinarrituko den salbazio orokorra. Horretarako, heriotzaren aurrean izan behar den jarreraren ikasketa, esistentziako itsaso nahasian sostengatu eta gogor eustea guztien eskuetan gelditzen da, guztiei aditzera eman behar zaie. Hori izan zen idazle hauen eginbeharra, hortan datza luzarotik Mendebalde gutzian irauten duen joera estoikoaren ardatza.

        Hauxe dio, honetaz, Maria Zambrano-k: «joera estoikoa bizitzak duen ardatz garrantzitsua dugu, krisia azaltzerakoan mendebaldeko gizakiak hartzen duen jarrera, krisialdi hortan egokitzeko bilatzen duen erabatekoa izan nahi duen asmo probisionala».

        Jarrai dezagun, gure aldetik, Senekaren idazkiak aztertzen. Aurrez «Paulinorentzat hitzaurrea»tik ondorengo obra guztian azaltzen diren ideiak aipatuko ditut, hala nola: denboraren galtzeak suposatzen duen arriskua, lasaitasunaren beharra (lasaitasun kontenplatiboa), zeregin antzuetaz aritzea, bizitza lanpetuaren laburtasuna, lanari ekiten dion gizonak eta jakintsuak dakiela bizi izaten.

        Elkarrizketan Luzilio-k Jainkoari buruz (Jainkoa = logos = Ordenua) galdetzen dionean, munduaren gobernuaz eta gizon zuzenei gaitzak gertatzeaz, hauxe erantzuten dio: «Unibertsoan ordenatzaileren bat egotea beharrezkoa dugu eta gaitzek gizona frogatu, gogortu eta beraren zerbitzurako prestatu egiten dute. Eragozpena, beraz, iustuaren froga dugu. Eta Ordenuak gizon zuzenari zortearen kolpeak ezartzen dizkionean honen onerako besterik ez du egiten, gertaera hau kontenplagarria zaiolarik logos-ari, poza ematen dio, bertan gizon gogor bat eragozpenei aurre egiten azaltzen bait da, gizon honek bere neurria adieraziz».

        Eragozpena, bada, probetxugarritzat hartu behar dugu. Gogorra, kontrakoa, nardargarri suertaturiko guztia, era honetaz, komenigarritzat jo beharko genuke. «Bizitza osoa etsairik ezagutu gabe pasatu baduzu ez du inork jakingo, ezta zuk ere, zenbateranoko gai zaren. Nola jakin daiteke zein den norberaren joera, bizitza guztian aberastasuna besterik ez bada aurkitzen? Nola ezagutu daiteke ignominia, zitalkeria eta gorrotoaren aurrean izango duzun joera txalo artean eta herriarekiko harrera samurrean bizi izan bazara?... Jainkoak, Ordenuak maisuek ikasleekiko duten joera bera adieraziko du; eta horrela, zenbat eta itxaropen gehiago batengan izan, orduan eta lan gehiago eginaraztera bultzatuko du».

        Baina birtutearen irakaskuntza ez da batere erraza. «Zorteak zigortu eta mintzen bagaitu jasan dezagun egoera hau, eta hemen ez . da krudeltasunik gertatzen, borroka baizik; zenbat eta gehiago borrokatu,gureindarrak hainbat eta handiagoak izango bait dira».

        Bada beste ideiarik ere, hots, atsegabea iustuarekin batera joango dela. Hona hemen idazleak dioena: «Gizon zuzenek beste guztien ondasunerako egiten dituzte beren ekintzat, gizartearen onerako. Zer egin behar du, bada, gizon birtutedunak? Patuarekin bat egin. Horrela, Unibertso osoarekin bat eginda joatea pozgarri gertatuko zaio, logos-a bera ere lege berberaren azpian bait dago».

        Eragozpena Ordenuaren faborea dugu. Gaitzak gizon zuzena jotzen duenean bere izaera gogortu egiten du, adorea eman kolpe guztien aurrean. Horrela, logos-a bera ere gainditu egiten du, gaitzetatik kanpo bait dago. «Mesprezatu pobrezia, gaitzetsi ezazu mina, arbuiatu heriotza, edota honek zure bizitza bukaraziko du, mespreza ezazu hondasuna... Gertaezinak egin nahi izan nituen, baina heriotza baino errezagorik ez dut aurkitu».

        «Bizitzaren zoriontasuna» idazkian Galion-i albokoaren eritzia huts-hutsean jarraitzea ez dela komenigarria aholkatzen dio. Aurrez, nora abiatuko garen erabaki beharko dugu, eta zergatik. Zoriontasunari dagokionez ez da hauteskundeetan legez erabakitzen, nagusigoaren arabera. Normalagoa da alderantziz gertatzea. Horregatik, ez da ohizkoa bilatu behar, komenigarria baizik.

        Zer da zoriontasuna? Honela defini genezake: «Naturarekin bat eginda bizitzea —arimaren osasunarekin lortzen dena—, adoretsu eta oldartsu izaki, egoerarekin erabat elkartuta, ikusbera baina urduritasunik gabe eta, bere esklabu izan arren, zortearen posibilitateak erabiltzeko prest dagoena».

        Senekaren idazlanetan, lehen esan bezala, autokontzientziaren ezaugarria maiz agertzen da. Birtutearen bidez, bada, gizonak ustelgaitz eta garaitezin izan behar du, bere buruari soilik kontu eginez eta zorte on edo okerraren aurrean prest aurkituz. Goi mailako ondasuna arimaren oreka dugu, hau da, birtuteak akordio eta batasunaren lekua hartzen duenean, haren lekuko bilakatuz.

        Plazera eta birtuteaz mintzatzera koan zera dio: «Zuk plazera aukeratzen duzu, nik aurre egiten diot; zuk berarekin gozatzen duzun bitartean nik, ostera, probetxua ateratzen diot; zuk goi mailako ondasuntzat hartzen duzunean, nik ez diot kontsiderazio hau ematen; zuk guztia plazeraren bidez ulertzen baduzu, nik ez dut ezertxo ere ulertzen».

        «Gozotasunetan erortzen denak birtutea pratikatzen duela uste du, birtutea eta plazera batera dihoazela esan bait zioten, era honetaz akatsak bidetzat harturik. Esan beharra dago, aldiz, pertsona hauek ez dutela bizioa aurrera eramaten Epikuroren ideiak jarraitzeagatik, bere haragikeria ezkutatzeko baizik, filosofo honen irakaskuntzak ez bait dituzte inoiz ulertuko. Birtuteruntz abiatzen denak nobleziazko jarrera adierazten du; plazeraren atzetik doana, aldiz, ahula dirudi eta akatsetan erortzeko pronto aurkituko dugu».

        «Horregatik, birtutea eta plazera elkartzen dituenak, parekotasun berbera ez izan arren, baten hauskortasunarekin bestea ahulduko du, lor zezakeen libertatea era berean galduz».

        Birtuteak zer aholkatzen duen galdetzerakoan honela erantzungo du: «Gaitza nola, Ongiaren aurrean mugigaitza izan zaitez eta, ahal duzun neurrian, Ordenuaren parekotasuna lortu ezazu».

        Autoestimaren arazoaz honelako eritzia plazaratzen du: «Ez naiz jakintsua eta, inork ez dezan gaizki ulertu, inoiz ere ez naiz izango. Nigandik hauxe eskatu beharko duzue: hoberenen artean onena ez banaiz ere, okerrenen artean hoberena izatea».

        Bizitzan zehar salaketa ugari entzun beharko dituzu, esaterako: «horrela diozu, baina bestera egiten duzu», «filosofoek ez duzue betetzen esaten duzuena»... Hona zer dioen Senekak antzeko egoeren aurrean: «Heriotzaz hitzegiten zidatenean jartzen nuen aurpegi berberarekin so egingo diot heriotzari aurrean suertatzen zaidanean; eta lan guztietara, handiak badira ere, menperatuko dut nire gorputza arimarekin batera». Eta segidan hauxe idatziko du: «Xehe jokatu dut nire lagunekin, begiko eta borondate onez nire etsaiekin; eman eskatu baino lehen eta eskaera iustuei beti aurre hartu». Azkenik, honela bukatzen du: «logos-era bideratuko ditut nire urratsak eta, nire helburua lortzen ez badut ere, paregabeko ekintza batetan eroriko naiz».

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.