Aukerako ezpalak
Bele-jolasak
Juan Gartzia
Ipui hau itzuli bat da haurtzaro garaira, eta garai hartako hezkuntza moeta batetara, erlijio-etxeek ematen zuten hartara. Juan Gartzia egilea ezaguna da euskal letren munduan, bere artikulu eta ipuinengatik. Berak irabazi du Gasteizko azken «Ignacio Aldecoa» ipui lehiaketa.
«¿Qué es mentir?
Mentir es decir lo contrario de lo que se piensa con intención de engañar».
(Buruz ikasitako katezismotik)
Gero gertatuko zirenak gertatuko baziren, Gratuitatik gurera iristeko patioan dibujaturik zegoen eskubaloi zelaiaren ertzetik pasa beharko zuen, gutxi gora-behera ezker extremoak ohi duen zona markatuz.
Zahartxoa zen, ile zuritua ordurako (nahiz horretaz mutil koxkor baten irudipenak ez oso fidagarri izan), eta bapateko garraisiaz eta arrazoigabeko espantuz hornitzen zituen bere klaseak. Gratuitarekin loturik egoteaz aparte (beste inor aritzen ote zen han?) euskalzalea zela esan beharra dago.
Haren euskarazko klase efimeroez (por libre. Hamaika urte edukiko genituen?), eliz kontuz, eta Anai Donostiak debalde erakusitako gabon kantaz osa litekeenaz beste euskal kulturarik ez zuen fraile eskola hartan aipagarria dela uste dut, bestela kontakizun honekin inolako zerikusirik ez duen ezaugarri hori.
Bautista Donibane Lasaiekoa, ordenaren Fundadore eta hesitzaileen Patroi Handiaren bizitza euskaratuarekin eta zenbakiekin ahalegin gogorrak egingatik, han, patiotik igota hirugarren pisuan, baina atzetik, plazatik, ia kalearen parean gelditzen ziren gela haietan saiatu ginen mukizuon maila ere, ez zen askoz gorago igo (ze alturatatik gentozen gu, ba, Juantxo, Josean...?). Barkakizun gerta albailekizkit euskalduntze herren horrek eragindako hankasartze eta garbiezkeriak.
Imajina dezagun, horrenbestez, lasaietar histeriko samar hura, eta eguzki kupidagabe haren azpian ere sotana bezain beltza ez den bere itzala, mugitzen direla han behean, patio bazter hartan, beren traiektoriarekin bi eraikuntzek osatu gabe utzi ohi duten triangulo iheskor bat hirukituz.
Atetik sartzen denean itzalak abandonatu egin du bigarren-pisuan dagoen almazenera daramaten maila eta deskantsilloak igotzen utziko dugu guk ere.
Gratuita hori beti izan da guretzat, pagokoontzat, leku arrotza, ezezagun eta ignoratua. Papozuri harrapari haien kontzientzia txarraren aplakagarri edo, gela pare bat zuten han, besteetatik (zentzu guztietan) berezirik. Nonbait pobreentzat zenez oinarri oinarrizko ikasketa besterik ematen ez zen errukizko obra hartan babestuei ez zitzaien banatuko hileroko sobretxo urdin zekena, (geroago teorizatuko genuen bezala) plusbalia-odoluste instituzionalizatua zen El Recibo hura, inoiz barnean zekarren regaliz barratxoak goxatua.
Kontsolatzeko eta saritzeko (notak eta) eta libreriako Matusalem urretsuar hark kanbiorik ez zuenerako, edozertarako erabiltzen zuten belebeltzek regaliza. Kolejioan bertan fabrika klandestinoren bat ez ote zeukaten susmoa ere egina genuen ia.
Izan ere, beti ekarri ohi dit regalizak eskola urteen oroitzapena; hobeki esan, beti eraman izan nau (Ave María Purísima) diretoreak (Sin Pecado Concebida) notak banatzen eta lehenengooi regalizez saritzen zizkiguneko urduritasun erritual hartara, eta regaliz lirdingaren gustoarekin batera pupitreen usai argizariztatua datorkit (dame un cacho jodé) nagoen lekuaren errealtasuna apur batez lausotu (jodé si tienes un montón) ere egiten zaidalarik.
Freudkeria irudituko zaizue beharbada, baina kontzientziaren mailarik ezkutuenetaraino sarturik genuekan koloreko falotxo irabaztun hura promozionatzeko arrazoi garbirik ez dut ikusten... Agian Marxen dotrinara jo beharko honetan ere, sikoanalisirako tentazioak baztertuz: alegia, ezer merkeagorik ez bide zela eta deus hoberik emanez gero biziatuko ginela edo (non ekonomi arrazoi sakona etikaz apaintzen den, munduan beste asko lez).
Kontuak kontu, ez zen gutartean inor, edo ez zait akordatzen behintzat, ditxosozko regaliz (zergatik izen hori?!) hura gustatzen ez zitzaionik, eta han ibiltzen ginen, nota banaketa eguneko makilaje (bestelakoa ere askorenean izango zen noski) bitxia bailitzan, sotana koloreko regaliz esker onez txupatuaz ezpain guztiak pintaturik.
Datu batzuri buruzko zalantza (ez dut uste gertakarien funtsa aladatuko duenik) agertu dudan arren, ordua prezeski finkatzeko moduan gaude. Kuarto batxiller egiten ari ginen eta (badakizue, rebalida eta) obrero formal batek baino ordu gehiago sartu beharra geneukan, eskolaren ospe eta arrakastari eutsiko bazitzaion. Goizekoez gain, arratsaldean lau ordurekin konformatzen ziren pedagogo sutsu haiek, kastigurik suertatzen ez zitzaigun egunetan behinikbehin.
Bai, hiruretan sartu, problemak eman eta haietan murgildurik geundenean, eztul bat egitera ere ausartzen ez ginen Matematikako klase bi orduko hartan, orduantsu, hiru t'erdiak aldera, irten ohi zen gure gelatik laugarren pisuko pasillotik desagertuz.
Ezizenak erasteko edo izen desberdinez deitzeko joera nabarmena zuen. «Joshé» esaten zidan neri, eta oraindik eskertzen diot, goxotasun hori (ya andáis con chicas, ¿Joshé?), goxokeria fisikoagoetara pasako ote zen eta pasatzen zelako beldurra kendu ezinik ibiltzen ere. Tenore horretarako begi urdin handiak irekiegi, mugigaitzegi edukiko zituen, bestetan hain zorrotza zirudien begiratu sakon hartatik arimak ihes egin eta berreskuratzekotan kliskik ere egin gabe egon behar bailuen, ia niniak urtzeraino. Ezpain zizaroso bazkalondoz handituagoek ere lerdo itxura piska bat zegioten; esan zitekeen, umorez zegoenean bonbardino imajinario bat hain egoki jotzen zuten ezpain lodi haiek Louis Amstrong musuzuritu bat bihurtzen zutela, nahiz denak «genekien» zurrutarena zela.
Jakin genekien bezala, irtenaldi haiek bodegatzar ere erabiltzen zen bigarren pisuko almazen hartara zeramatela.
Hor doa beraz, oraindik laugarren pisuko pasilloan zehar, pauso bizkorrez, auskalogarren zerbezaren bila, kuarto eta terzeroko beste bi geletatik sotana tripaundia ahalik disimulatuen pasa, eta inertzia bentzutzeko ezker eskuaz barandari helduz eskaileretan behera, bonbardino ikustezinak doinu ezagun bati (atleti atleti klu?) ekiten diolarik.
Patioko atean itzalgabetu dugun goruntz datorren sotanakideari berriz, klasiko bat legokioke, musika deskriptiboa, piktorikoa...
Guridiren «Eusko Irudiak» ahapeka txistukatuz dator beraz, notatxo arinak eskaileretan gora hegaldatzen goitik amilka datozen beste lodi haiekin nahasi eta duo bitxi entzungarriren bat sortzen ote den esateko lekukorik ez dagoelarik.
Matematikako klase abandonatu hartan ere ez dela txintik ateratzen neu naiz testigu. Izan ere, boligrafo hots deskuidozko, isilaren hurrengoak berak ere, bere onetik atera, eta Apokalipsiko Zaldunen boskarren lagun oinezkoa bihurtzen duen, bonbardinojole frustratua noiz itzul daitekeen asmatzerik ez dago, ondo kalkulatua dirudien irregulartasun sistematikoa baitute haren txangotxo aldizkakoek.
«In absentia» ere diogun errespetu isil amorratuan hor ari gara tronkokonoren baten azalera asmatu nahirik koaderno gainean makurturik, klasera arteko balonzesto partidu jendetsu bezain eguzkitsuak eragindako izerdiak buru zifraz irakinaren berotasunekin nahasirik bizkarraldetik atereaz, ke heze antzo.
Enpolloi izatearen bentajak, leiho ondoko hirugarren pupitretik bista ederra dago: altura honetatik, berritzen ari diren Udaletxeko teilatua ikus daiteke besteak beste, eta klaseoroko berdinkeria monotonoan ia ZIRKO ATLAS da (ekilibristak!) teila gorri berrien gainean mugitzen diren islada haien lana.
Barruan, patioan, gure izerdietako saskibaloi zelaia hutsik dago patioak osatzen duen errektangulo irregularrean zeharka Gratuitaren eta frontoiaren artean, eskubaloikoarekin zati amankomun handi samarra duelarik. Zortzirehun arima errugabe zaratatsuz, esku, saski... zernahi-baloi, futbol eta bestelako jolas setati norberekasokoan pill-pill egon ohi den asfaltu zapaldu horren bakardade gris laua lasaigarri gertatzen da airetikako lista abantailazkotik.
Begietikako freskura dario frontoi estaliak ere, nahiz eta bai patio zabalean bai frontoi gaineko terrazan (behean dabilenarentzat islada beltzen pasealeku mehatxuzkoa den baranda ondoan) eguzki gordina hedatzen den. Frontoiaren harunzkaldeko frontis gainean, «Siberia»ko geletan, kintokoek (El quinto, no te matarás) aurreko kurtsoko rebalidaren erresaka astun luzea destilatzen dute bi fraile berriren begiratupean.
Sotana-baberodunak dira biak (artean etortzeke zeuden paisanozko «iraultzaileak» gurera, baina horiena beste ixtoria bat da), biak nahiko gazte. Zeinekin gelditu erabaki behar eta, gelatik irten den horrenak akzio gehiago agintzen duenez, abia gaitezen berarekin gela desterratu haien aurreko korredoretik eta frontoiaren eta terrazaren arteko luzera guztia hartzen duen kapillara sartu.
Erdi ilunpetan dagoen arren aisa ikus daiteke bizardun jator itxurako hura banku-artetik pasatzen, bizkor antxean baina lekuari dagokion konpostura galtzeke. Beharbada sakratuaren itzal horregatik, eskailerak igo-jaisten utzi ditugunak ez bezala, ez dakar honek inolako musikarik.
Isiltasunean bankuetako argizari gure ipurdiek lustratuegiaren usai eztiska bakarrik kulunkatzen da leunki sotanaren atzetik, eta aldare ondora iristean ezkerrean ireki den atea ixtearekin batera intzentsuarenarekin nahasten.
Goiko pisuan, Komunitatean, klaserik ez eta, bazkalondoko meditazio zurrungatsua dagienak ez du ate hotsik somatu.
Begitarte garbiko aurpegiak ageri duen expresioan antzematen zaio zer egin utziezinezkoren batek deiturik doala, ezkerretara larogeitamar graduko jiroa eginik, segundo, primero, ingresoko geletatik arin, alturaren kausaz mutiko begiarinen batek ikusi ere ikusten duelarik, pauso bakoitzarekin kaskoa goiko kristal gardenetatik haien azpiko trasluzidoetan murgilduz grafika sinusoidal bat trazatzen duelarik, nahiz ingresoko horrek oraindik horrelakorik ez dakien, gixajoak.
Gu bai, kuartokook, tronkokono bihurriaren azalera inkognitoa daeskubritzeko puntuan gauden ikertzaile trebe izerdituok, kapaz ginateke hura zehazki deskribatzeko, baina grafikagilea, sarrerako atetzar burdinazkoaren gainetik igarorik, bi pisu beheragoko pasillotik ari da pasatzen, juxtu gure azpian, jadanik Porteriaren gaineko almazen-edo, hura dagoen deskantsilloa begien irispidean duelarik, urrats bakan batzuetara baizik ez.
Beti bigarren pisutik kolejioaren perimetro erdia korriturik datorren bokazio freskuko fraile arnaslarritu hari ez zitzaion bururatuko, sukarrik eroenean, ere, bere begiz ikusi ez balu, ate hark gordetzen zion ikuskizunik. Perito agrikola (edo injeniero agronomo?) zen karreraz, eta baliatuko al zitzaion egun hartako pasadizo deitoragarriaren ondoren (eta, akaso, ondorioz) sotana eskegi zuenetik aurrera ere.
Pasadizoa esan badut ere; imajina estatiko bezala etortzen zait gogora eszena hura, gainerantzekoa ilunpetan utzirik bonbila biluzi bakarrak goitik eta eskuinetik argitzen duen erretablo mutu gisa. Kortozirkuito kosmiko batek paralizatuko bailuen dena. Ez dut esplikazio konbentzigarririk nola daitekeen esateko, baina ate ondoko kaja artean begiak beharrean gelditu denaren tokitik, haren lekuan banengo bezala ikusten dut oroimenaren laberintoetatik behin eta berriro datorkidan irudi hori.
Denboraren gurpila zorojiraka hasi eta imajinak aldatu beharrean flash obsesiboa etengabe errepikatuko balitz bezala dakuskit ardo kaja desordenatuen gainean eserita.
Jantzi beltz zimurtuak regaliza bezala biguindu direlarik eta likistu, kutsu higuin hartan itsatsirik gelditu dira esku zurbilak, eta martiri gra-gra-gratuitoak begiak gora jasorik dituela (malko baten diztira?) rinozeronte sotanadunak musu damaio lizunki, mutur ezpain erraldoiduna moko zimelarekin elkartzean babero okertuetara lerdea dariola.
Iluntze hartan, zazpietako kanpaia jo zutenean, ez dut uste inor kastigaturik gelditu zenik, Tronkokono izerdituaren azalera zenbatekoa atera zitzaidan, etxera orduko ahaztua nuen.
|