Nere haurtzaroko irakurketak
Santiago Aizarna
Nik baditut denok ditugun bezela nere ume-giroko liburuak. Beti gogoratuko naizen bazter batean uzten ditut nere lehen-eskolako irakurketak nahiz-eta hoietan ere egon neri hainbeste gustatzen zitzaizkidan ipui politak eta nola ez gogoratu, bestez-beste, Edmundo de Amicis-en «Corazón», etab.? bainan garai hartako irakurketari oroimen begirada luze bat botzen badiot, hainbeste eta hainbeste ume-ipuien inguruan nobela baten izena sortzen zait lehendabizi irakurritakoarena bezela. Behar-bada, orduko garaiari begiraka jarri-ta, eta orduan zer moduko gaiak inguratzen zitzaizkigun liburutegiko apaletatik ikusirik, ez da harritzekoa izango nobela hau ipar-amerikako mendebaleko, hau da 'western' deitzen dioten hoietakoetako bat izatea. Ttiki-ttikitandik hartzen ditugu guk gero beti gurekin izango diren griñak eta honela, era berean, gure irakurketeekin ere. "Western" gaiak zeukaten orduan beren bolada, eta hontaz ezta harritzekoa izango nere lehendabizi-nobela, hau da, nik lehendabizi irakurri nuen nobela 'western' bat izatea: Hoffman Birneyren «El oro de Aguas Perdidas» (gaztelerara itzulitako nobela zen eta gazteleraraz jarri behar bere izenburua).
Gogoratzen dut, baita ere, nun eta nola erosi izandu nuen. Nere zortzi-bederatzi urteekin, Oronozko kolejioara eraman ninduten nere gurasoek eta hara nindoala erosi nuen nobela hori, Irungo 'topo'-ko geltokiko zurubi edo eskail buruan zegoen kiosko batean. Bukaera txarra eraman zuen nobela izan zen. Nik irakurri ondoren hantxe neukan nere beste eskol-liburuen artean eta honelako batean, batzu-batzuetan gertatzen zen modura, liburu-garbiketa bat egitea gogoratzu zitzaien kolegio hortako praileei eta nobelaki eta beste honelako irakur-gaiak sutara botzea erabaki zuten. Honela ba, nere lehen-nobela suak eramana dut bainan hala ere eta suak ere etzuen lortu nere burutik kentzea eta oraindik gogoan daukat ze-nolako portada zuen eta baita han kontatzen ziren pasadizo batzuen itzala ere.
Gogoan daukat, baita ere, ordu hartan Hoffman Bimeyren beste nobela batzuk azaldu zirela. Oso gaizki ez banago, Hymssa argitaldarian argitaratua zen nobela hau, bainan orduko gai-hontako izugarri nobela interesgarriak eskeintzen ari zena Editorial Molino dugu. Hemen, argitaletxe honetan daukazkigu gure amets beroenak zintzilik orduan mutil-kozkorrak ginen guztiok eta orain ia hirurogei urte inguru gabiltzanok. Honek, Editorial Molino-k, bere 'Biblioteca Oro' kolekzioan, hiru sail atera zituen hasiera hasieratik, han, 1933 garrengo urtearen bukaeran, eta hiru sail hoiek eman zuten nahiko muskil urteen buruan. Gogoratzen dut, sail hoietako bat, urdina zela eta atal honetan sartzen ziren 'western'-ak. Lehendabiziko tituluak hoietxek izan ziran: W. Byron Mowerry-ren «El Ruiseñor del Noroeste»; Zane Grey-ren «Lluvia de oro»; eta Laurie York Erskineren «Un tejano en el Canadá» (tituluei etzaio kaso haundirik egin behar, zergatik eta itzultzaileek aldatu egiten bait zituzten, eta honela, azkeneko nobela honek, bere izenburu edo titulu zehatza «The laughing rider» zuen. Esan beharra dago hau ere, alde honetatik ere jator jokatzen bait zuten argitaletxeek eta nahizta guk orduan kaso askorik ez egin gure ingeles jakinduriak hutsak zirenez, halataz ere, nobela haieteko bakoitzak beren egitazko izenburua jarria eramaten bait zuen hala jarri behar den bezela). Beste saila edo 'serie', horia zan, eta hemen 'polizi nobela' deitzen zaien hoietakoak azaltzen ziren. Saila ereki zutenak, Edgard Wallaceren «La banda de la rana»; Wyndham Martynen «Antonio Trent, el perfecto ladrón», eta Valentin Williamsen «El verdugo espera». Hirugarren saila, nahiko klasiko antzeko abentura saila zen, eta hasiera eman zutenak, Alejandro Dumasen «Los tres mosqueteros» eta «El conde de Montecristo», eta Rafael Sabatiniren «El Halcón del mar». Denbora haietako idazleak, geroago berriz eta berriz hoien liburu gehiago atera-ta ezagutzera iritxi ginenak ditugu. R. Ames Bennet, Max Brand, G. Edward Whiteg Rex Beach, etb. Nahiko denbora eta nahiko leku nahi nuke izan arrastada emateko. Agian, ez dut uste baino, horrenbestera iritxiko gara...
Bainan, eta Editorial Molino honengatik ari garenez hitzegiten, esan dezagun, baita ere, hemendik sortu zitzaizkigula behar bada, gogoan ditugun irakurketa gozoenak... Hemen aurkitu zuten tokia hainbeste eta hainbeste izen, entzun ordu begietan pozkida berexi bat pixten digutenak. Hemen, bestez-beste, Capitan Marryat, Fenimore Cooper, Mayne Reid, Jack London, eta hemen, ala berean, sekulan ahaztuko ez ditugun pertsonai batzuk, hoiek iparramerikatar 'pulp' literaturtik sortutakoak, ba da Kenneth Robertsonen "Doc Savage"; Austin Gridleyren "Pele Rice", George L. Eatonen "Bill Barnes" eta Maxwell Granten "La Sombra". Denbora bakoitzak bere ibai-urak daramazki eta seguru aski, irakurketa haiek ez dira berriz itzuliko denbora hoietara eta gaurko umeek ba dituzte, behar bada, beste irakur-jolasketa moduak "science fiction" jenero horrekin...
|