L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-8 (1988-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Abentura eskatologikorik ez dago

 

Mikel Azurmendi

 

        Nik ere eskuratu nahi izan ditut tesoroak; enboskadak eginak ditut. Behin caballeria-koartel militar bat asaltatu nuen beste eskola kideekin batera, zamari-mandoen algarrobez geure poltsikoak bete, eta batere bajarik gabe erretiratu ginelarik. Sei urteko motil koxkorra besterik ez nintzen, eta Antigo-ko frontoi atzean zeuden koarteletan egin genuen guzti hori. Medikua ere izan nintzen garai haietan, eta nire arreba-lengusinak ederki asko txekeatzen ohi nituen nire behatz puntta xorrotx haiekin. Baina gazterik asko tokatu zitzaidan mundu-akabera bizitzea, ez uste; eta gerogo ere bat baino gehiago bizi izan ditut. Lehena etxe inguruan izan zen. Bi herensugeren suzko arrasto luzeak zeruan begiz jo nituenean, sagarrondo batean igoa nintzen, oiloei alea botazen, purra, purra! Hodeirik ez zeruan, baina goiko algodoi zuriko bi zinta zabal haiek gorritu egiten zizkidaten begiak eta neu dardaraz ezartzen. Herensugeak itsas orizonteraino jeitsi zirenean, arbolatik salto egin eta korrika hasi nintzen Antigo-ko elizarantz. Aguroegi konfesatu nintzen, nonbait, txahal guztiak bota ez, sobrare; eta mundu akaberak pekatuan hartuko ninduela jakin nuen zerura begira etxeratu nintzenean. Gaur arte beti niretzat gorde izan ditut arreba-lengusinarekin egindako kutizia atseginak, aitortzen dut, eta hori ez da abentura makala izan, desbenturatsua noski.

        Bigarren mundu-akaberak noiz non harrapatu ninduen kontatu aurretik, jakin ezazue nire munduko bi herensugeok a reacción a chorro-ko hegazkin bi izan zirela; eta nire mundua misterioan barrena zabalduaz joan zen eran jakin nuen hori: haur batek ez du geroari helburuak jarri arte haurtzaroa galtzen, baina geroa basamotz beti. Elurrez betetako peazara batekin andamio batera igo eta nire azpitik pasatzen zirenak pelotazoka ihardukitzen nituelarik, goitik behera blaust muturrez aurre erori eta Cruz Rojako pasillo batean esnatu nintzan. Sor Carmen neukan ondoan niri begira baina ni haren soineko azpiko bi titiei begiratzeko gauza ez nintzen oraindik, nire bi besoak neguko adar iher pitzatu bailira sentitzen bait nituen, eta haiei begiratu orduko, iheltsoak elurrez estaltzen zituela jabetu nintzen. Hamalau urte nuen mentura gaiztoko biaje hartan eta beste hamar urte pastuko ziren hurrengo mundu-akabera biziarte. Oraingo honetan ordea, ez nindoan armaturik, ezeta elurrezko pelota miserable bat ere ez bait neukan esku artean; halere Goardia Zibil batek rafaga bat bota zidan hiru metrotara eta kale egin zuela sentitu nuen bota eta gero "alto" esan zuelako. Hiru aste bete pasatu nituen korrika, baina eliza batera ailegatzeko bost bat ordu behar izan nuen oraingoan. Eta apaiz batek lagundu egin zidan, eta bera detenitu zuten handik gutxira, eta oraindik ez dizkiot eskerrak eman Letari, baina gaur ematen dizkiot publikoki. Beste mundu berri bat à l'abordage heldu nuen. Sokoako barra gainera salto egin nuenean, baporeko mariñelari agur egin nion bi eskuekin gero ikusiak eta irakurriak ditudan horrenbeste pelikula eta nobelatako pertsonai arrunt batek bezalaxe, malko beroen printzak begietan eztanda eginaz. Ez dut ezagutzen mariñel hau, eta segur aski berak ez du jakingo nire munduko heroerik handiena bera dela.

        Harrezkero maiatzek-68.ko barrikadetan egonda naiz, guztietan kasik, sous le pavé la plage aurkituko nuelakoan. Halako hartan, St. Michel-go aldapan gaueko hirurak inguruan edo, Patxi ataundarrarekin topo egin nuen behin, keaz begiak irakiten, zikin eta goseak, baina eskuartean geneuzken harriek entusiasmo gehiago pizten ziguten gure orainean, bankero bati urre gorriz jositako bere sotanora jeisteak baino. Patxi eta nire arteko lokarria inkobustiblea bihurtu da hartaz geroz.

        Handik gutira, itsasuntziz aldatu eta marxismo maoismoaren biaje fabulosoan sartu nintzen, baina menturak ni eraman ordez, neroni saiatu nintzen jadanik mentura azpiratzen, Prometeo prosaiko nintzen ni. Hau izan da fantasiarik gabeko nire joan-etorri bakarra; eta hartaraino nire untziak zeraman nondik-noragabeko ikur zuri Ulises-tiarra popatik behera bota eta ikurrin gorria jarri nuen mastil punta gorenean, etorkizunaren atzetik bait nindoan oraingoan, oraina tresna eta zubi hutsa zelakoan. Inozentziarik ez iadanik, ezeta halabehar misteriotsurik ere; nitasun infantil haren ordez gutasuna: orain bagenekien nora, nola eta zertara abiatuak ginen. Apokalipsiaren zaldiak oso gertu ikusi nituenean ordea, itsasora bota nuen neure burua eta hantxe dut gaurdaino —ahal dudan bezala— naufrago irauten, hondora joan nahi ez eta biharkorik gabe, menturak noiz norantz naraman ikusten. Ez dut trepatu, ez naiz arrepentitu, ez naiz inora arribatu.

        Itsas gaziak soldaduskara eraman ninduelarik, han bizi ahal izan nuen 34 urterekin nire azken mundu-akabera; demokraziaren transizioa hasi berri zen eta arrazoiaren eskatologia egunez egun argiago bihurtzen hasia. Gamarrako kanpamenduan arratsaldero bandera jeisten zutenean, ohe gainean ezartzen nintzen ni Vargas Llosa-ren "La guerra del fin del mundo" irakurri eta o fanatico Antonio Conselheiro eta Antikristoaren arteko borroka apokaliptikoa hezur mamitzen, rescapé guztien bidea eginaz neronek ere. Canudos-en gertatutakoa destrukzioaren edertasunez filmatua dago, antiabenturero guztiak bertan parte hartzen dutela. Gaur eguneroko politikan bezala, baina karetarik gabe. Zerua irabazi nahi izatea ala progresoaren erreinu askatzailea erakarri nahi izatea fantasia ortopediko berdinaren helburu bait dira: "denok ala inor ez, dena ala ezer ez" nahi izatea alegia.

        Nobela izugarri hau ez da milenarismoaren desbenturarena ezeta progresiaren menturarena ere; hemen apokaliptiko jende guztien biajea kontatzen da. Ezkeroztik, nire naufrajioan etorkizunari buruzko urek ez dute ia biderik egiten.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.