L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-8 (1988-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Eskola-garaian

 

Esteban Antxustegi

 

        Espainiako mapa. Kolore askotakoa. Probintzi, hiri nagusi, errejio, mendi, industri, fruitu, mendi, abere eta ibaiak nahaspilan.

        Irakaslearen lekzioa. Gu hemen bizi gara. Mapa handiaren zati puska batetan. Txikia benetan. Badira, aldiz, tamaino handiagoko lekuak.

        Gainera, irlak ere baditugu. Mediterraneo deritzaion itsasoan eta ur handiagoak dituen ozeanoan ere, Atlantikoan alegia.

        Aintzinako inperiotik lurralde eskas gelditzen zaizkigu. Afrika aldean besterik ez. Hauen izenak Sahara, Ifni, Fernando Poo eta Rio Muni. Bertako aberastasuna auntz, arrai, kafe eta egurrean datza. Ez da gehiegirik, baina liburuetako orrialde batzuk betetzen dituzte. Garai batetako historiaren ondarea. Gure izaeraren ispilu.

        Isiltasuna klasean. Mundu berria gure aurrean. Parean, arbelean eskegita, mapa handia. Kolore guztietakoa, izenez josita. Ibai, mendi eta irudiz bete-beterik. Komentarioak ikasleen artean. Guztia ikasi behar ote.

        Atsedena. Atseden laburra. Politika klasea. Estatuaren egitura azaldu digute. Ez dugu ezer ulertu. Demokrazia organikoa, sindikatua, jefatura, mugimendua, lege fundamentalak. Guztia nahasian. Azkenean Franco-taz hitzegin du. Orain bai, orain guztiok isildu gara. Belarriak erne jarri ditugu. Baina berehala murgildu gara imajinazioaren erreinuan.

        Atera da maisua klasetik. Gelako jakintsuari galdetu diogu eta esan digu hurrengo saiorako famili eta munizipioaz arituko dela. Galderak egiteko asmoa ere aipatu du. Dena den, ez zirudien irakasle gogorra. Hori bai, asko erretzen zuen.

        Errekreorako txirrinak jo du. Tropelean atera gara. Batzuk futbolean, besteok korrika, kaniketan, borrokak ere. Mementu batez patio txikia gainezka gelditu da. Baten bat, beti bezela, irakasleen gelara abiatu da. Pelota.

        Arratsalderako planak egin behar ditugu. Hemendik hurbil norbaitek etxola bat deskubritu du. Esplorazio taldea osatu eta klasea bukatu bezain pronto hara joango gara. Hori bai, kontu handia izan behar dugu. Beste inork ezin du ezer jakin. Gure arteko sekretua dugu.

        Agian, Erid Blyton-en liburuetan bezalako abenturak gerta dakizkiguke. Udara honetan ere, baserri abandonatu hartan, estu xamar hartu gintuzten. Eskerrak anka bizkorrak ditugula. Eta gure artean traidoreren bat egotea ere ezin da baztertu. Hala balitz ikusiko luke.

        Berriro klasera. Kaka zaharra. Oraindik ez dugu ongi zehaztu arratsaldeko ekintza. Ai ene, aditzak ikasi behar ditugu gaur. Gainera, konjugazio pasiboa. Maisuak esan ahala guk errepikatzen dugu.

        Esplikazio teorikoa ere eman digu. Forma aktiboan sujetoak burutzen duela ekintza. Ea suertea dugun arratsaldean eta ondo ateratzen zaigun gure ekitaldia. Gero forma aktiboaz aritu da. Aizkolari bat enborra mozten jarri digu exenplu gisara. Orain sujetoa enborra dugu, baina pazientea. Ez dut ongi ulertzen. Ea gure artean traidore bat daukagun. Lehen bait lehen argitu beharra daukagu.

        Biharko konjugazio pasiboa ikasi behar dugula esan digu. Hau gehiegizkoa da. Partizipioa, ablatibo agentea. Ez naiz ezertaz aklaratzen. Gainera, gaur eginbehar ugari izango ditugu. Etxola hartako sekretua desestali, hori da gure helburua.

        Hainbeste aditzekin sabelean korapiloa sentitzen dut. Gosea ere badut. Azkenengo saioa, bazkal aurretik, falta zaigu. Amerikako konkistaz hitzegingo digute. Hernan Cortes dugu gaia. Abenturero bat, dudarik ez. Lurralde ikaragarriak eskuratu zituen. Buruzagi argia eta trebea. Indioak engainatzen erabat abila. Ausarta ere bai. Itsasuntziak erre atzera egin baino lehenago. Gosea, gaisotasunak, sufrimenduak jasan baina finean irabazi. Gizon paregabea.

        Batzutan gogor azaldu behar da kideen aurrean. Salgariren liburuko kapitainak behin eta berriro errepikatzen du mezu hau. Helburuak ere garbi egon behar dute. Behin erabakia hartuz gero tinko ekin behar zaio bukaera arte. Garaipena lortu edo bertan erori.

        Etxola hartan, gainera, gauza harrigarriak aurkituko ditugu. Ziur naiz. Beharbada altxorren bat, agian Verneren nobeletan bezalako aparailu misteriotsu eta zoragarria. Batek daki.

        Taldearen arteko batasuna gordetzea dugu garrantzitsuena. Beste inork ezin du gure asmoaren berri izan. Txirrinak jo du. Bazkaltzeko ordua. Etxerako bidean zehaztuko dugu gehiago gure ekintza.

        Presaka jan. Eskolara lehenago joan behar dugunaren aitzakia jarri eta taldea bilduko gara. Gerorako guztia ongi prestatua egon behar du. Arratsaldeko klaseak irentsi eta abenturazaleak, esploradore gisara, misterioan barneratuko gara. Batek daki, agian, Fatty eta bere taldea bezala, ezagunak izango gara, liburuetan azaldu. Herri honek, arratsalde honek badu misteriorik. Argitu beharra dago, eta gu izan gara aukeratuak.

        Gainera, inportanteena ez da helburua, abentura bera baizik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.