Mugaldeko espiritua
J.A. Ayucar
"The spirit of the border" mutikoa nintzela irakurri nuen. Ezin izan nuen izenburuak nigan zuen atrakzioa baztertu, izan ere etxeko liburu urri eta exkasen artean erakargarriena bait zen. Orain ere hogei urte beranduago buruan dauzkat oso ondo gordeta Wetzel, "le vent de la mort" delako ehiztariak berarekin topo egiteko zoritxarra zuten shawni, huroi edo delawareei ematen zieten tratu eta jazarkundea.
Baliteke nobela bakoitzak bere irakurlea eukitzea. Horrela balitz liburuak aurkitu zuen nigan berea. Nobelak gizon-emakume batzuen epopeia kontatzen du norbera garai hartan egokitu zitzaion bete heharrean, XVIII mendean esploratuak ez diren lurraldeetan zehar borrokatzen dutelarik. Batzuek gizon txuriaren jabego ekonomiko edo espiritualak zabaldu asmotan dihardute, besteak aldiz herrien buruaren irabazi baten alde eta azkenak abentura bizitzeko irrikitan.
Kontatzen da ere txanponaren beste aurpegikoa: indioena, hauek Mendebaldeko kultura edo teknikaren aurrean hutsaren hurrengoak balira bezala agertu arren, baloratuak dira akzioko lekuari buruz duten ezagupideagatik eta batez ere herrien ingurua hain hasati izanik berarekin bat egitea lortzen dutelako. Ohio ibai ondoko oihan zatiak, haran itsuak eta arkaitz helezinak, guztiak Mendebaldeko mugaren ezaugarri gisan dira nobela honetako ingurua definitzen dutenak eta era berean nobela horretako protagonista bihurtzen direnak. Esan ere ingurua dela nobelan zehar zehaztuta dagoen protagonista bakarra. Haragizko protagonista asko azaltzen bazaigu ere, benetakotzat bi besterik ezin ditzakegu hartu: ingurua bera, hau era kariñoso batez deskribatua, eta horrekin batera "mugako gogoa", hau da, gizon-emakume bipil hauen grina, beraien interesengatik bi aldetatik oso ankerki borrokatzera bultzatzen zituena.
Nobela batek mundu berri bat deskribatuz (non pertsonaiaren batzuek beraien larrutik ordaindu beharko bait dute beraien esperientzia-eza eta lurralde basatietan nagusi diren lege ez idatzien ezjakintasunagatik), ausardia, indarra, zuhurtzia, nahitanahiezko baloreak diren mundua azalduz esaten duena baino gehiago adierazten dio estrainekoan nobela hartzen duenari, kontutan harturik estraineko hori helduen munduan eta "errealitate"an sartzeko prestatzen ari dela eta geroan gidatuko duten idealak bere barrenean eraikitzen.
Zane Grey-k ehiztaria, abentureroa, basa-gizona adulazioz goraipatzen ditu, legendako heroe bihurtzen ditu. Era berean errenegatuaren imajina erabiltzen du honi maltzur den guztia, gizatxarreko guztia leporatzeko. Zintzo eta gaiztoen nobela egiten du eta eskertzekoa da bai batak eta bai besteak arraza berekoak izatea. Irakurlea irakurtzeari lotzen zaio eta halakoa da erakarpena non irakurleak idazleak balore positiboentzat duen mirespena bereganatzen bait du, balore horien jabedunekin bat eginda amaitzen du eta protagonisten moduan, oihanean zehar deskubrituz joaten diren edertasunak liluraz hartzen ditu. Hauxe da, nere eritzian, idazlearen lorpenik handiena.
Gure etxean nobela honekin batera Emilio Salgarirena, eta M. Lafuente Estefaniaren ahaztuta daukadan izenburu mordoxka bat ikusi zitekeen apal berean. Liburudendetan ez da horrelakorik gertatzen. Kiosko eta paper-dendetatik itxurazko liburudendetara salto egin duen bakarra Salgariren Obra bait da. Zane Grey-ena E.D. Juventud argitaletxeak kaleratuta ikusi dut, erdi-bideko dendetan, eta nahizeta bakoitzaren lekua zein den esateko aproposena ez izan, esan behar dut ordutik ezkero ez dudala nire haragian M. Ender Bastianen moduan abenturaren sentsazioa jaso, ezta deskribatzen diren tokietan barneratu ere, orduan egin nuen aprezioz. Urteak aurrera doazen neurrian, egia esan, hango argumentu hura lainotuz joan da nire oroimenean. Hala ere garbi eta garden ageri da azken jazarkunde suharra, Wetzel ehiztariak Wingenud, delawareen buruzagiari, eragiten diona, azken hau nola inguratzen duen eta ihes egiteko indioaren abilidadea. Jazarkunde paregabe haien eredu egin zen nire baitan. Lerro hauek idatzi aurretik berrirakurketa azkar bat egin dut eta nire oroimenak eman zizkion neurriak lortzen ez dituela esan badezaket ere, egia da nire hamahiru urteak lekutan daudela...
|