L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-9 (1988-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskal literatura kritikaz zenbait ohar

 

Gotzon Garate

 

        Benetako kritika egiteko garaia heldu da euskal literaturan, sasikeria guztiak sasi guztien azpitik gordeaz. Oraingo artikulu hau eta atzean datozenak aspaldian esan beharreko zirenen adierazgarri dira.

Orain arte esan ezbadira ere, hobe da berandu inoiz ez baino, aspaldiko esaera batek dioenari errespetu emanez. Kritika finkatzeko, seinalatzeko, bereizteko tresnatzat ditugu, gure mundutxo honetan den dena nahasi beharrean, argitzeko. Agian.

 

        1.0. LITERATURA LANAREN BALIOA

        Zein da literatura kritikaren eginkizuna? Ez da erraz ihardesten. Hauxe bai esan litekeela: literatura kritikak, serio izango bada, baliozko lanak zein diren esan behar digu.

        Eta literatura lanak balio duela esatean lan hori arte dela esan nahi dugu. Behar bada ahaztuxea dugu egia hau. Nik hemen elaberriaz ihardungo dut batez ere. Zer esan nahi du elaberri bat arte-mailara jaso dela? Pertsonaiak, egitura, hizkera, kontamoldeak... batasun artistikoa iristen dutela.

        Hauxe azpimarratu behar dugu haseratik, baina. Artea lanari berari dagokiola. Errusiar formalisten oinarrizko ideiak egungo egunean ere balio du: lana bera epaitu behar da, ez idazlea eta haren asmoak, eritziak eta bizitzea.

        Elaberri edo ipuinen bat ikertzerakoan kritikak lan horretan benetan musikarik dagoenez esan beharko liguke, ea lanaren puskak, mailak eta osagarriak orkestan bezala batasun artistikoa lortzen duten, Mozart edo Beethovenen sinfonietan sumatzen dugun antzekoa.

        Artea ipuin ttipian edo elaberri luzean izan liteke, artea kuadro handitan edo ttikitan, musika gorena sinfonietan edo melodia laburretan aurkitzen den bezala. Artea, beraz, ez dago handi-ttikian, edertasunean, barneko musikan eta antzetasunean baizik.

        Lan baten balioa artea sortzea bada, badirudi ondorio hau atera beharko genuela: literaturaren xedea arte sortzea dela. Nik badakit askok ez duela hau onartuko. Literatura «engagée» izan behar omen da, politikari edo gizartea aldatzeko asmoei lotua. Eritzi errespetagarria da, baina neuk onartzen ez dudana.

        Elaberrietan politika, iraultza, gizarteko borrokak agertzea on da; literatasunari kalte egiteke, artea zimurtu eta itsutu gabe baina. Ideologia azpian ezartzen diren literatura lanak eskas gelditzen dira.

 

        1.1. Batasuna.

        Kritikari guziek literatura lanari hauxe eskatzen diote. Koherente izatea. Honetan denak bat datoz. Elaberrian inkoherentziak agertzen badira, lan osoari begira koherente bihurtzen diren inkoherentziak izan bebar dira. Funtzioren bat bete behar dute.

        «Im Roman von Rang tritt das Kunstproduckt als ein Ganzen in Erscheinung, in sich selbst sinnvoll und geschlossen». Goi mailatako elaberriek batasuna lortzen dute, zentzuzko eta ongi borobildutako batasuna». (KILLY, Walter: Romane des 19. Jahrhunderts; Vandenhoeck & Ruprecht in Göttingen, 1976, 15 or.)

        Honek hauxe esan nahi du: elaberriak ez duela nahitaez egia, gizartea, gure mundua edo experientzia ispilatu behar. Ezin irudimenari mugarik ezarri. Zientzia fikziozko elaberrietan arte sor liteke; mundu barrigarrietan eta azti paradisuetan arte aurki liteke, Borjesen lanetan edireiten dugun bezala.

        Idazlea ezin dugu, mundu jakin bati lotu. Berak sortzen ditu mundu berriak: «literary language and the particulars it renders have a special status: they less refer to an external world than create a reality within the text, less represent one world than realize another» (LODGE, David. Essays in Stylistic, Cornell, N.Y. 1977, 50-51).

        Literaturaren hitz egiturak textu barruan dute zentzurik:

        «In all literary verbal structures the final direction of meaning is inward». (FRYE, Northrop: Anatomy of Criticism, Princeton Univer. Press, 1981, 74 or.)

        Literatura lanak ez du bere balioa erreferentziatik jasotzen, hots, egiaren edo gezurraren itxuragatik, barruko koherentzia eta egituragatik baizik. Textuaren beraren literatasuna ematen dio balioa.

        Euskalerriko kritika anitzetan literatura balioa hain zuzen ere erreferentziagatik epaitua izan da. Horrelako kasu ezagunak: Garoa eta Orixeren Euskaldunak.

        Lan horiek gutietsiak izan dira egiazko Euskal Herria ispilatzen ez dutelako. Galdera ez dago oso ongi egina. Lan horietan mundu koherenterik agertzen ahal da? Koherentzia horretan arterik lortzen ahal da? Hauetxek dira galdekizunak.

        Bestela Iliada, adibidez, zapuztu egin beharko genuke greziar gizarteko zenbait alderdi oso inportanteak agertzen ez direlako.

        Artistari hauxe ezin diogu barkatu: lanean koherentziarik ez lortzea.

        «The unforgivable artistic fault in a novelist is failure to maintain consistency of tone». (WELLEK, Rene & WARREN, Austin: Theory of Literature, New York, Harcourt, Brace and Torld, 1970, 214 or. )

 

        2.0. AZTERBIDEAK

        Literaturaren emaitza arte denez gero, azterbideak textuan arte hori aurkitzen lagundu beharko luke. Ez da aski semiologia edo beste azterbideren bat erabiliz lanaren puskak ikertzea.

        Egungo kritika askotan horixe ikusten da. Textuaren zatiak aurkezten dira, puzzle baten zatiak balira bezala; azkenean, ordea, ez dakigu puzzlea ederra zenez, artea zenez; pastelaren osagarriak badakizkigu; ez dakigu, ostera, pastela zinez on eta gozo ote den; badakizkigu musikaren notak, baina musika merituzkoa denez, benetan arte mailara jaso den ezjakinean gelditzen gara.

        Beste aldetik, errazago da egitura estrukturalak eta semiotikoak aurkitzea estilistikoak baino. Estilo azterketa sakonak egitea zailtxo da, eta batez ere euskaraz, arauak eta normak egin gabe bait dauzkagu.

        Errazena ideologia aztertzea da. Zer esaten duen baino askoz zailago da nola esaten duen ongi ikertzea. Aski da elaberriaren hizkuntza ongi ulertzea adieraziaz jabetzeko, janzkera sinbolikoa edo alegorikoa handia delarik ere.

        Eta hau okerrago da kritika politizatu egiten denean. Orduan adierazlea aldebat utziz, ia erabat ideologian ezartzen da lanaren meritua.

        «The truth is that little attention has been directed to the possibility of building up an objective, cumulatively rewarding discipline of studies in fictional styles. Most criticism of novels in the past generation or two has been fundamentally, though not always overtly, polemical». (KROEBER, Karl: Styles in Fictional Structure. The Art of Jane Austen Charlotte Bronte, George Eliot. Princeton University Press, 1981. 4-5 orr.)

        Euskal Herrian, berriz, politika noraino sartua den gauza jakina da. Maiz literatura kritika baino sistima sozial diferenteen arteko borroka ikusten ari garela dirudi. Elaberriak filosofia edo soziologia trataduak direla esango genuke.

 

        3.0. LITERATASUNAZ LANDA DIREN ERITZIAK

        Politikaztatzeak jokabide okerretara eramaten gaitu. Berrikitan esan du batek badirela batzuk Onaindia eta Saizarbitoria irakurtzen ez dituztenak, horien jokabide politikoarekin bat ez datozelako. Orixe-ri azken denborotan egin zaion hutsunea aldez hortik dator. Ez meriturik ez duelako, haren Euskal Herriari eta erlijioari buruzko eritziak onartzen ez dituztelako.

        Entzun egin beharko Douvrovsky-ren aholkua: «il y a toujours priorité de l'oeuvre sur l'auteur» (DOUVROVSKY, Serge: Pourquoi la nouvelle critique, Paris, Denoël/Gonthier, 1966, 231 or.).

        Hots, funtzio poetikoari begiratu beharrean, idazlearen pentsamoldeari so egiten zaio. Biografia sartzen da tartean, esan nahi da, literatasunaz kanpo dagoen zerbait.

        Ez da kontu hau gurea bakarrik. Gogora ditzagun bi idazle entzutetsu: Céline eta Ezra Pound. Nolako ixiltasunez zigortuak izan ziren.

        Gure artean, ordea, badirudi neurriz gainezka sartu direla politika eta ideologia. Ezkertarrek ez dute eskubitarrik irensten, eta aitzitik. Espainolistak eta abertzaleak maiztxo lana serioski ikertu beharrean, elkarri harri tiraka.

 

        3.1. Beste alderdi seinalagarririk ere bada. Gora handia ematen zaio idazlearen asmoari. Idazleak elaberria asmo handitan idazten badu, gizarteko bidegabeak kentzeko edo munduko zapalduei jareiteko, lana merituago izanen da.

        Ostera, idazleak denbora pasa edo idaztea gustatzen zaiolako edo barruak eskatzen diolako idazten badu, lanak meritutan asko galtzen du.

        Uste honen arauera Gorkiren Ama Dostoevskiren Karamatsov anaiak edo Gaizkiegina eta zigorra baino askoz bobea da, Dostoievskik diru irabazteko idatzi bait zituen elaberriok. Gorkik, ordea, munduan sozialismoa zabaltzeko eta gizadiari salbazioa ekartzeko.

        Hor ari da, adibidez, kritikari bat zenbait elaberriri meritu kentzen, elaberri horiek azpitituluan «irakurgai» edo «ipuinberri» dakartelako. Kritikari horren ustez, elaberriok jendeak zerbait irakurtzeko eduki lezan idatzirik izan ziren. Beraz, ez zuten gizartea ikertzeko edo salbatzeko asmotan idatzi.

        Hauxe esan behar: «Irakurgaia» edo «ipuinberri» izenak elaberri izenaren ordez jarriak direla. Nobela erdal izena ez zitzaien atsegin. Ez zuten elaberri hitza ezagutzen eta zerbait ezarri behar. Kritikari horrek izen horietarik atera nahi dituen ondorioek deus gutti balio dute.

        Egia esan, gozoki egileak pastelak mundua salbatzeko edo dirua irabazteko egiteak ez dio ardura handirik. Pasteleroak pastel onak egin ditzala. Idazleak arte egin dezala. Gainerako kontuak anekdotario barruan sartzen dira.

        Beste puntu aipagarria. Euskal literatura ez da Guinnes Record liburua. Hark euskaraz lehengo aldiz alderdi hau ikutu duela, beste batek lehen molde hura erabili duela, urliak elaberririk luzeena idatzi duela, sandiak egituran halako eta holako berritasunak sartu dituela.

        Pozgarria da, ez da dudarik, berritasunik ikustea. Beste galdera ere horren ondoan egin beharko genuke baina. Ea berritasun horren bidez arterik lortu duen.

        Nouveau Roman-ek zenbait teknika objetibo berri sartu zuelako, Robbe-Grilleten lanak Tolstoienak baino hobeak direnik ezin esan. Euskal Herrian ia dena egin gabe dago. Erdaraz aspalditan erabiliak izan diren teknikak edo gaiak erabiltzea, besterik gabe ez da meritu aski.

        Molde eta gai berriak erabiliz, elaberria arte mailara iritsi denez galdetu behar. Behar bada bai; hor dago meritua ez gai berriak edo teknika berriak erabiltzen. Dozenaka daude teknika berriak zein diren erakusten duten liburuak. Teknika horien bidez lan sakon, ongi moldatuak, artistikoak sortzea, hor dago kontua.

 

        4.0. TRESNAK ARTISTIKOKI ERABILTZEA

        Alperrik da pintzelik hoberena pintore kaxkarrari ematea. Ez du kuadro onik pintatuko. Alferrik erraketarik aproposena tenislari txarrari ematea. Lendl-ek erraz irabaziko dio erraketa askoz txarragoz. Tresna onez ongi baliatu behar.

        Euskal idazleak erabili behar duen lehenbiziko tresna euskara da. Egin ahal liteke euskarazko lan artistikorik euskaraz ongi jakin gabe? Izan ahal liteke «gran narrador» euskara lardaskatzen duena?

        Garbi dago. Ezinezkoa da. Eta ez dezagun ahantz. Gauza bat da euskal gramatika jakitea eta beste bat euskaraz ongi jakitea. Gramatika inglesa ingelesek baino hobeki dakite New Yorken bizi diren arrotz askok. Hitz egiten eta idazten ez. Askoz gaizkiago.

        Zenbaiten lanak irakurtzea lehergailuz josita dagoen alorrean barna joatea bezala da. Lasai zoaz irakurtzen eta bat batean hanka azpian bonba lehertu: aldrebeskeria euskaraz. Esaldi okerra. Aurrera berriz. Laster, bum!, beste aldrebeskeria. Eta horrela behin eta berriz esaldi aldrebesak. Azkenean ezin iraun horrelako soloan eta elaberria bazterrean utzi behar. Holako lanetan literatura arterik gutxi; euskara harrapatzeko arte hots, harrapagailu, xedera eta tranpa askotxo.

        Eta ez pentsa gero horrelako aldrebeskeriak gauza zailak esatean egiten direnik, gizarte modernoaren sofistikeriak azaltzerakoan. Ez, eguneroko perpausetan, baserritarrik xumeenak sekula hutsik egingo ez zukeen esaldietan.

 

        4.1. Euskaraz idaztea zail dela esan du idazle batek baino gehiagok. Egia handia. Eta hauxe erantsi behar: batez ere erdaraz pentsatzen bada. Euskaraz pentsatzen ez duenak ez du sekula euskaraz ongi idatziko. Ingelesez pentsatzen ez duenak ez du sekula ingeleseraz lan artistikorik egingo.

        Egia honi beste bat loturik dator. Ez dago bi hizkuntzez ongi idazten duen idazlerik, batez ere literaturan. Nahiko lan ematen du hizkuntza batez egitea; bitan ezinezkoa. Beste nazioetan ez da sekula gertatu eta Euskal Herrian ere ez, batzuk bai erdaraz eta bai euskaraz oso ederki idazten dutela uste izan arren.

        Erdaraz ondotxo idazten duten batzuk euskaraz huts asko egiten dituzte, beraiek eta irakurlerik gehienak horretaz ohartu ez arren.

        Jon Juaristik zenbait euskal idazleri euskara utzi eta erdaraz idazteko esan dielako haserretu egin dira batzuk. Jon Juaristi ohartu da apika horien erdal lanak beraien euskal lanekin konparatuz, erdaraz askoz hobeki idazten dutela.

        Bide batez hauxe esan nahi nuke. Aspaldidanik ezagutzen dut Jon Juaristi eta beti gizon zintzo iruditu zait. Beraren uste guziak ez nituzke onartuko. Eta erantzunak goxoago emango balitu hobe. Puntu honetan ere, baina, zuzen jokatu du. Berak erdaraz idazten du, euskaraz baino hobeki idazten duelako.

        Gure herriaren trajeria hauxe da: euskaraz ongi dakitenek ez dakite idazten, eta idazten dakiten askok ez dakite ongi euskaraz. Euskaraz dakitenek gramatikarik eta gramatikan maisu direnen euskara latratsa da sarri.

        Euskaldunok poliki poliki Manuel Seco-k egin duena egin beharko genuke. Idazleen hutsak hiztegi batetan bildu, izen eta guzti (Diccionario de dudas y dificultades de la lengua española. Madrid. Espasa Calpe 1986). Horrela idazleek ardura handiagoz ihardungo lukete. Euskaraz idazten diren aldrebeskeriak erdaraz idatziko balira, jende asko protestan hasiko litzateke.

 

        5.0. LITERATURA KRITIKARIAK

        Euskaraz tutik jakin ez, bederatzi hilabetez ikasi, elaberri bat idatzi eta saria irabazi zuen batek. Harriturik zeuden batzuk baino epaimahaian nor zeuden jakinez gero ez zen harritzeko. Euskaraz sarituaren parean zeuden; hots, oso gaizki zekiten.

        Lehenago egin dugun galdera alderantziz egingo dugu. Izan ahal liteke literatura kritikari ona euskaraz ongi jakin gabe? Ingeleseraz pixkat ikasi duena ez lukete Ingalaterran epaimahian ezarriko. Euskal Herrian bai. Horrelako mirariak Euskal Herrian bakarrik gertatzen dira.

        Euskal kitikari batzuentzat Axularren, Orixeren, Felix Bilbaoren euskara edo bi urtean gramatika pixkat ikasi duenaren euskara berdintsu da. Edo azkenarena hobea, usain hobea hartzen bait diote erdaraz pentsatzen duenaren euskarari.

        Horrela esan zidan kritikari batek, Feliz Bilbaoren ipuinak «Kaka zaharra» zirela, «praile gixajo baten txotxolokeriak».

        Horrelakoekin ez da erraz mintzatzen. Alferrik da musikaz gozatzeko gauza ez denari Mozartez mintzatzea. Berak astoaren arrantza Mozarten sinfonia guziak baino maiteago duela esango dizu.

        Axularren, Orixeren, Felix Bilbaoren musika hor dago, musika belarria duenarentzat. Kritikari askotxo dago, ordea, musika hori sumatzeko eta ederresteko inongo belarririk ez duena. Berezko dohainik ez izatea baino espainolez ongi eta euskaraz gaizki dakitelako.

 

        5.1. Kritikariak inkisidoreak bezala ari direla diote batzuk, onespenak eta eskomikuak ematen. Behar bada, horixe da kritikarien lana, baina beti arrazoi emanez.

        Eta ezin liteke arrazoirik eman lanak irakurtzen ez badira. Aitor dezagun apalki: ezinezko da literaturaren alor guziak ongi ezagutzea.

        Literatura Vasca-n garbi ageri da, adibidez, Jon Juaristik zenbait elaberri irakurtzeko astirik izan ez duela; elaberria baino hobekixeago dazagula ahozko literatura.

        Barbier-en Piarres elaberriaz hauxe dio: «presenta una asombrosa semejanza en cuanto a los temas tratados, ambientes, fórmulas» (93). Elaberri horren merituaz ez naiz mintzatuko baina hain zuzen ere «tema tratado» erabat berria da, beste inon agertzen ez dena: 1914-18 gerrari hamar kapitulu eskeintzen dizkio.

        Edo beste hura: «Leturiaren egunkari ezkutua es la primera novela vasca cuya acción se sitúa en un medio urbano». (114). Hau behin eta berriz esan dute beste batzuk ere, behar bada Anabitarteren Donostia ez dazagutelako.

        Bada beste kritikari bat maiz esaten duena Ehun metro lehen elaberri elebiduna dela. Horrek ere ez du nonbait Donostia irakurri.

        Horrek berorrek esaten du Leturia dela lehen «antiheroe». Kontua ez da horren xinplea. Irazustaren Joañixio da aurreneko antiheroea. Bide batez hauxe esango nuke. Joañixio eta Bizia garratza da 1957 arte idatzi ziren erromanik onenak direla eta gero ere ez dira asko heldu horien mailara, adierazia eta adierazlea, biok kontutan hartuz gero.

        Honetaz idatziko dudan liburuan emango ditut arrazoi zehatzak. Euskal Herrian elaberri errealista Irazustaren Joañixio antiheroearekin hasi zen, hark ispilarazi zuen eguneroko bizitzarekin, haren elkarrizketa eta euskara arruntarekin.

        Apalak bagina, Historia de la Literatura Vasca idatzi beharrean, Historia de los libros que yo he leido idatzi beharko genuke. Bedeinkazioak eta eskomikuak arrazoirik eman gabe, «retablo de las maravillas» sinestea da.

        Eta puntu hau bukatzeko hauxe. Ezagun da Karl Marxen esana: herri bakoitzak merezi duen gobernua izaten du. Alemanez ez baina euskaraz ongi dakiten baserritarren hitzetan esateko: «nolako herria holako gobernua». Zuzen zebilen Marx.

        Hitzok itzulikatu egin genitzake. Nolako literatura holako kritikariak. Jon Juaristik uste du euskal literaturak —salbuespen batzuk gutxigorabehera— gauza on guti eman duela. Literatura txarra, kritikari onak?

        Batzutan badirudi kritika egiterakoan, idazleak baino kritikariak berak kritikatuago gelditzen direla.

 

        5.2. Nor kritikatu

        Euskaraz idazten duten guziek txaloak merezi dituzte. Neuk ez ditut aurpegiz ezagutzen baina horrenbeste gazte euskaraz idazten ikustea pozgarri da. Zenbat eta gehiagok idatzi, onak aurrera erteten errazago.

        Kritika idazle guziei egin behar zaie. Gizasemeei eta emakumeei ere bai. Kritika serioa, amorrorik gabea, arrazoi eta ikerketan oinarritua.

        Emakumeei ere egin behar zaie kritika. Ez egiteak zalantzan ezarriko lituke horien merituak. Errukia eman eta barkatu egiten ditugula. Meriturik ez balute, onak direla esatea ez legoke ongi. Eta zinez arte lanak badira, kritikak merituago eta estimagarriago egongo ditu.

        Kritika, kritikaren izena mereziko badu, alderdikeriarik gabea izan behar da. Euskal Herriko kritika maiz adiskide-etsai usain handiegia du. Aski da aldizkarietan idazten dena irakurtzea. Zenbait idazle izarretara jasoak; beste batzuk inpernuetaraino gutiesteak.

        Arrazoi bila joan eta arrazoirik ez. Arrazoi bakarra kritikariaren kritikatuarenganako maitasun-amorroa.

        Kritikak, berriz, idazlearen alderdi bakar bat ere azter lezake. Axularrengan adierazia eta adierazlea aztertuak izan dira, mamia eta euskara. Eta euskaran berean zenbait alderdi diferente: perpausak, aditza, konjuntzioak, preposizioak, lexikoa...

        Bizi diren idazleekin ere gauza bera egin liteke. Elaberriak onak badira, horrelako azterketez idazlearen antzea eta artea argiago azalduko dira. Eta ez badira horren baliotsu, ikerketok egia azaleratuko dute.

        Kritikak, ongi eginak badira, idazlearentzat oso mesedegarri izaten dira. Hutsak non dituen jakinda, hurrengoan horietarik begiratzeko; zein bertute duen ohartu eta bide hortatik aintzinera jotzeko. Dialektika onuragarria dago kritikariaren eta idazlearen artean, batzutan dialektika hori mingarri bada ere.

 

        5.3. Euskal kritika erdaraz

        Euskal Herrian orain arte euskal literaturaz egin diren kritikarik gehientsuenak erdaraz egin dira. Horrekin bakarrik esanda dago, literatura kritika gure herrian zein mailatan dagoen.

        Egin ahal liteke erdaraz, euskal literatura lanez kritika sakonik? Azter ahal liteke serioski El Quijote alemanieraz?

        Azalezko kritika egin liteke, bai, batez ere funtzio erreferentzialaz denaz bezanbatean. Eta ez erabat. Literaturan funtzio erreferentziala bera ere Tynianov-ek eta Barthes-ek maiz esan duten bezala, funtzio poetikoarekin giltzaturik bait dago.

        Kritika, barnakor izango bada, funtzio poetikoaz axolatu behar da. Funtzio poetikoa, berriz, hizkuntzaren baliapidez emanik dago. Eta hizkuntzaren baliapideak, aztertzen ari den hizkuntza beraz adierazi behar dira.

        El Quijote-ren estiloa, idaztankera, erritmoa, erranmoldeak, hitz batez, artea eta atsegin estetikoa espanieraz emanik dagoenez gero, espainieraz adierazi behar. Pastela zinez on denez jakiteko, pastela bera jan behar da. Analogia eskasa ogia jatea.

 

        6. Agian kritikari esker gero eta literatura lan egokiagoak sortuko al dira! Bide luzea dugu geure aurrean. Luzea eta zaila, funtsean oraindik Euskal Herria Erdal Herria delako.

        Aspalditan esana dut ez direla zinez elaberri onak izango batez ere hiri handiak euskaldundu arte.

        Ez dugu oraindik euskal burjeseria ispilatzen duen elaberririk. Beraz zailtxo da burjeseriaren gorabeherak, katramilak, goranahiak eta akatsak ispilatu eta arte mailara jasotzea. Horretarako oso trebe izan behar da xepelkeria errazetan ez erortzeko.

        Euskal idazleak eragozpen berezia du, ordea. Hain zuzen ere Euskal Herrian burjeseria da —batez ere goi burjeseria— gizarteko mailarik erdaldunena, euskarazko mundutik hurrunen dagoena. Mundu hori euskaraz ematea, erdal pertsonaiak horiek euskaraz mintza eraztea arfizial samar ager liteke.

        Horrenbeste idazlek subjetibitasunera jotzeak, barnera itzultzeak hemen du aldez oinarria. Nolabait erdal errealitatetik euskal mundura ihes egin nahia, euskal mundu hori norberaren baitan bakarrik aurkitzen dutelako.

        Euskal literaturan bada alderdi ilunik eta argirik ere bai. Badira literatura baliapide guziak dakizkitela eta euskaraz aldrebes idatzi arren, Orixek baino hobeki idazten dutela uste dutenak. Horrelakoek ez dute etorkizunik.

        Idazle gazteek alde batetik teknikan eta bestetik euskaraz aurreratzen ahaleginak egiten badituzte, luzaro gabe lan oso bikainak emango dituzte.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.