Poiesis versus ratio
Luis Daniel Izpizua
Bere atzera begiratu eta kritikoak eunuko baten itzala ikusten du. Idazle izan ahal ezkero, zein izango litzateke kritikoa?
George Steiner
Egia. Baina oso ondo zaintzen dute eunukoek kalifaren lorategia, eta ez da errarua izaten hau berbera ere, zikiratuen lan ixilez miresturik, haien lore zaintzan arduratzea. Hor bestela lekuko nire hitzok egiaztatzeko, Goethe, Coleridge, Valery, T.S. Elliot, Navokov, Blanchot, Borges edo Cernuda beste zenbait idazleren artean. Bada, ez ote dabil, azken finean, eunukoen itzal hori historian zehar idatziak izan diren libururik handienen orrien barruan ixil baina zital? Are gehiago, ez ote da, gure alboan nabaritu ondoren, itzal hori, Steinerrek berak idaztearen ziztaitzailetzat aipaturiko «le pur desir de durer» horren zirikaria izango? Gure gibelean Herioak astintzen ditu guraize errukigabeak. Idazleek erdoildu egiten omen dizkiote, baina susmo naiz ea kritikoen odola izango ez ote den erdoildu baino amoztu egiten dutenak guraize hoiek. Ez da harritzekoa, beraz, eta botere hori usaindu ondoren, Herioarekin berberarekin nahasiak izatea maiz eunukoak, eta oso ulergarria hauen fereku ziztrin bat ere lortu nahian, lorategiko emakumeen artean eme, kalifa ikustea soinekoz jantzita eta panderoa jotzen. «Mais tirex sur ce critique aux mains calleuses», kritikoa denez gero ez baitu gehiegi iraungo eta beste bat etorriko da horren atzetik nire betiereko iraunpena ziurtatuko didana. Ohorea argiak darraikienei!
Eunukoa ez, baina itsua zen historia guzti hau hasi zuena, eta Iliada eta Odisea idatzi beharrean Bibliaren antzeko zerbait idatzi izan balu gaur ez genuke ez literaturarik ez kritikarik edukiko. Eta ez bata eta ez bestea diot, ze ia hasiera-hasieratik joan ziren biak elkarri lotuta, batak sortzen zituen irudi eta doinuak besteak aztertu eta finkatu egiten zituelarik, nahiz eta batarengana bakarrik makurtu bestearen laguntzaz lortutako ohorea. Bada denok dakigu Homero nor izan zen, baina nekez asmatuko genuke Alejandriako filologoen izen bat ere esaten, eta Greziako «filologoen» artean Aristotelesen izena ezaguna baldin badugu, ziur ez dela «Poetika» idatzi zuelako, baizik eta filosofoen artean gailen agertzen zaigulako betidanik. Idazle eta irakurlearen artean, beraz, aspaldi da beste hirugarren elemento bat sartu zela, eta Homeroren liburuak, hau da Greziarrentzat bakarrik zen «tradizioa» aztertu nahian, gaur arte dirauen beste «tradizio» bat zabaldu zuten filologoek ikasketa literarioak eskoletan sartuz gramatikaren bitartez. Bada, Quintilianori jarraituz, bi sail omen zituen mende haietan ikasten zen gramatikak: «recte loquendi scientiam» eta «poetarum enarrationem», ahaztutzeko ez delarik eztare «litteratura» hitza gramatikaren itzulpen zehatza dela, poesia ikertzaileak izanik mende haietan benetazko literatoak eta ez idazleak gaur gertatzen denaren arabera.
Baina «gramatika» deitua izan ala «literatura», nekez ulertuko genuke, beronen prestijioaren medioz ez balitz, Kristoren eleizak sortu zenean, eta garbi dago ez zela literatura irakasteko sortu, hainbeste jainko, jainkosa, ninfa, satiro eta gainontzeko numen zoragarriz betetako liburuak onartzea onartu zituen bezala. Eztabaida latzak gainditu behar izan ziren, halan guztiz, poesia onartua izan aurretik, baina gramatikak irakurtzen irakasten zuen, eta San Jeronimok, San Agustinek eta San Bedak garbi ikusi zuten Homero eta Virgiliorengan aurkitzen zituzten schemata eta tropoak Biblian ere aurki ziratekeela, eta hau nahikoa ez balitz, haiengan baino hobeak gainera. Hor non Liburu Sakaratua liburu literarioa bihurtua. Eta Mendebaleko kulturaren oinarriak Karlomagnok ipini izan bazituen, entzun ditzagun beronen hitzak Baugulfo abadeari bidalitako ediktoan:
«Cum autem in sacris paginis schemata, tropi et cetera his similia inserta inueniuntur, nulli dubium est quod ea unusquisque legens tanto citius spiritualiter intellegit, quanto prius in litterarum magisterio plenius instructus fuerit». (1).
Literaturak bazuen, beraz, aurrerantzean leku bat gure kulturan. Homerori esker, baina bai eta haren liburuak ikertzeko tradizio berri bat, hots ikasketa literarioena, ireki zutenei. Hauen lanak gabe, Homero greziar kultura erdi ahaztuaren lanbroetan galduko litzateke eta literatura ez zen gaur ezagutzen duguna izango. Ez eta gure kultura ere. Kunderak dioenez, nobela omen da Mendebalak ekoiztu duen gauzarik orijinalena. Gogor egin behar izan zuten eunukoek lana hau hala gerta zedin, eta liburu literarioa liburu sakaratua bihurtu zen ondorioz. Hala bedi!
Orain arte idatzitakoak ikusirik, badirudi kritikoa idazlearen gainetik ipintzen dudala. Ez da horrela, eta garbi mintzatuko naiz aurreago gai horretaz hoietako bakoitza nire ustez egon beharko lukeen tokian ipiniz. Badirudi halaber, filologoak eta kritikoak nahastu egiten ditudala, kontutan hartu gabe zein ezberdinak diren gaur egun bi hoien eginbeharrak. Ez dut ez azken ezberdintasun hau ahazten, baina garbi utzi nahi izan dut zer nolako loturak dauden aintzinako filologia eta gaurko kritikaren artean, bada lan filologikoa azterketa bat izanik, ateak zabalik uzten dizkio epaiketari. Gaurko kritika handik dator, eta filologia klasikoak posibilitate guztiak zabaldu zizkien bai Fernando de Herrerari Garcilasoren liburua ikertu zuenean bai eta, Francisco Cascalesi Gongoraren aurka idazteko bere, eta begira tituloari, «Cartas filológicas» zeritzan liburuan. Dudarik ez baitare, kritikari ohore eman nahi izan diodala eginkizun horretarako aintzinako filologiaren merito ukaezinak aipatuz. Dakusagun orain aintzinako kritikak merezitako ohore hoiek gaurkoak ere merezi dituen.
Beste erdi itsu batek, hau da James Joycek, Ulises nobela ospetsua argitaratu zuen 1922an. Berak zioenez urrengo 300 urtetan kritikoak arduratuak egon zitezen idatzi omen zuen hura. Ez zen prententsio txikia huraxe, baina Joycek oso ondo ezagutzen zituen, bere buruaren balioz gain, liburu baten ondorioak zein ziren, ez baitzuen alferrik jesuiten ikastetxe batetan estudiatu eta jesuitek oso heziketa literario ona eskeintzen zuten, orain dela gutxi arte behinik behin. Gainera «Homer is my example» aldarrikatu zuen, eta berak sortaraziko kritikoak gogotsu bideratu ziren Odisearen aztarrenen bila kultorako idatzia zirudien liburu haren orrietan barne. Bai, Homero zen haren eredu, baina, eta honen liburuen eragina ukatu gabe. Homero idazlea baino Homero leader kulturala esango genuke hartu zuela hark eredutzat. Ulises bere aurretik idatzitako literatura guztiaren sintesia da, XX. mendeko «Summa atheologika» izugarria. Baina, aski ez balitz, ez da horrekin bakarrik konformatzen eta etorkizunerantz zabaltzen ditu bere orriak sentsibilitate berri bat sortu nahian eta bere protagonista den Leopold Bloom irlandar-judutarra heroe moderno bat bezala eraikiz. Heroe ahula benetan Caribdisen zurrunbilotik irten ezinik Itakara inoiz iritxiko ez dena! Gaurko irakurleek askoz ere nahiagoak dituzte polizi eta lapurren arteko izkanbilak, hoietan beti aurki baitezakete benetazko heroeren bat nahiz eta honek Humphrey Bogarten aurpegi bentzutua eduki. Eta kritikoek? Zer dute maiteago kritikoek?
Inglesek oso ondo bereizten dute «criticism» eta «review»-ren artean, azkenengo hau egunkari eta astekarietan egiten den liburu argitaratu berrien kritikari deituz. Beraz, oso gutxi, erreferentzi gisa ez bada, interesatuko zaizkie Leopold Bloomen abenturak gaur egundo «reviewers»-i; «critics»-i, aldiz, interesa dakizkieke nahiz eta derrigorrezkoa ez izan interes hori. Aldizkarietako kritikoak Ulisesen edizio berri baten aurrean bakarrik idatziko lukete liburu horretaz, eta hori interesgarria irudituko balitzaie gainera. Ikus daitekeenez, boterea kritiko mota honen eskuetan datza, edo hauen lumaren bitartez agertzen da behinik behin.
Ez dugu ezer deskubritzen literaturaren atzetik industri handi bat ba dagoela esaten badugu. Milaka liburu argitaratzen dira urtero eta liburu guzti hoiek saldu egin behar izaten dira. Errazegi atera zitekeen hemendik ondorioz liburu literarioa liburu industriala bihurtu dela, eta liburuak kotxe edo telebisten pareko erabiltzen dituela gure gizarteak hoien bitartez dirua eta besterik ez atera nahian, baina holako zerbait babagoela ezagutuarren, guk ez dugu ontzat emango sinpleegia iruditzen zaigun ondorio hau. Industria ez da kasu honetan, gainontzeko kasuetan bezalaxe bestalde, entelekia bat, eta nahiz eta ohituak gauden industria eta kultura elkarren etsai ipintzen (gure heziketa hipokritak bideratu baikaitu bigarrena bitrina batetan ipintzera, lehenarekin edozein basakeria egiteko baimendurik garenez), industria literarioa ez da mugitzen kultoen, hau da idazle eta kritikoen aholkurik gabe. Literaturarekin harremanetan dagoen jendez josita aurkituko ditugu beti argitaletxeak, eta hauek merkatuari begira ateratzen badituzte beren produktoak literatur jendearen baimenaz izango da. André Gidek arbuiatu zuen Proust-en liburua eta ez Gallimard-ek.
Badute, beraz, eritzi literarioa gaur egun liburuak argitaratzen dituztenek, baina egia ere da eritzi literarioaz elikatuto dela ateraberri den liburuaren ospea eta ondorioz bere salmenta eta kritikoen beharra izaten dutela aurrerantzean editoreek bizitza luze bat ziurtatzeko honi. Voila le «reviewer»!. Eta egia da, bai, aldizkarietako kritikoa sartzen da une honetan liburuaren bizitzan, egia den bezala... argitaletxeei salduta diruditela maiz kritiko hoiek, hain izaten dira sarritan berdinak hoiek egindako kritika eta liburuaren solapan agertzen diren argitaletxearen eritzi literarioak. Ez gaitezen, ordea, gaizki pentsatuak izan, eta diruzko erosketari (hau da materiari) egotzi beharrean zorroztasun kritiko hori, atxeki dezaiogun erosketa espiritualari (hau da lilurari), ze gaurko argital mundua Hollywooden antza ari da hartzen erabat. Ezaguna da zer garrantzia zuen Hollywooden filma-ekoizlearen eskuak; eta gaurko liburuetan ere «marka» ari da garrantzitsuena bihurtzen. Tristeena zera da, gehien irakurtzen duen jendearen artean ari dela hau gertatzen eta kritikoa irakurlego liluratu (ala «enteratu») horren bozeroa izaten dela gehienbat. La «voix de mes amis». Ikus daitekeenez liburu eta irakurlearen arteko harremanak ez dira oso gardenak izaten, nahiz eta irakurlegoaren soziologia bat beharko genukeen hori garbi jakiteko. Eta kritikoa, bada... irakurle bat izaten da bai... egunkari batetan lana aurkitu duen irakurle bat, edota bere lagunak baino argiagoa sentitzen den irakurle bat. Lastima!
«Periodical literature is a huge open mouth which has to be fed» (2) zioen Henry Jamesek, eta hori esan eta gero tren batekin konparatzen zituen aldizkari literarioak. Tren horrek irteteko ordu fijoak zituen, baina betea joan behar, bestela ez zen ateratzen. Beraz, betetzeko jendea falta zenean manikiak ipintzen zituzten jarlekuetan eta trenak ez zuen behin ere irteteko arazorik izaten. Horrela eraiki omen da zenbait egun bateko lore. Bai eta bizitza luzeko zenbait lore ere, gaineratuko genuke geuk, edo eraikia ezik bai behinik behin mantendua bere edertasun gizenduan. Bada onak iruditu zaizkigun liburuak bakarrik kritikatu behar baldin baditugu, hots kritikak beti positiboak esan behar badute, ea zein aldizkari ausartzen den idazle konsagratu baten liburu txar bat kritikatu gabe uzten. Garcia Marquezen hurrengo liburua txarra balitz ez zen horregatik kritikatua izan gabe geldituko, eta kritika positiboak edo ez behintzat oso negatiboak jasoko lituzke gainera. Eta gu ados gaude idazle konsagratuei derrigorrezko kritika egin behar horretaz, baina txarrak balira hoiek ateratako liburuak kritika negatiboak jaso beharko lituzkete. Egon bitez ixilduak bigarren, hirugarren edo laugarren mailako idazleen liburu txarrak, baina Süskind, Marquez edo Eco «marken» azpitik katua saltzen zaigunean (edo «Anagrama» edo «Seix-Barral» «marken» azpitik, eta dudarik ez «markak» bihurtzen ari direla ea bestela zergatik «Planetak» edo Larak agian? bi izenekin jokatzen duen) gure eginkizun morala da liburu hoien huskeria salatzea. Zergatik salatu beharko genukeen? Irakurleak defenditzeko erantzungo banu urrutitik entzungo nituzke zeuon farrak, baina ez bildurtu nire asmoa ez da inor defenditzea eta. Pentsamendua karrakela hustua bihurtzen denean, sentsibilitatea muturretan lehertzen zaigun traka ustela, estiloa mamu baten jantzia (eta irakur azken gai honi buruz Borgesen «La supersticiosa ética del lector» artikuluxka), zerbait esan beharra dagoela uste dut, eta inor ez idazle ospetsuak bezain ahaltsu pentsamendua, sentsibilitatea eta estiloa okertu eta pikoetara bidaltzeko beren ospearen medioz. Handiek handi izan behar dute, eta garbi dago denak ez direla hain handi gaur adiera ematen zaigunaren arabera. Jenioz beterik aurkitzen dugu gaur literatur mundua eta makurtu egin behar burua jenioaren aurrean, mututu egin behar bere lehen orriak idatzi ahala jeniotzat aldarrikatua izan den idazle jainkotu horren aurrean. Arinegi erabiltzen da gaur egun «jenio» hitz hori eta oso ondo saltzen delako besterik ez da. Jenioak ez dira, ordea, perretxikoak bezain ugari sortzen eta oso gizon gutxi heldu da jenialtasunera historian zehar. Idazleen artean hierarkia bat ezartzea ere kritikoen eginbeharra da.
Horra hor, beraz, zergatik defenditzen dudan kritikoen kritika negatiboak egiteko eskubidea. «The writer is authorized to reply, but not to complain» (3) zioen Coleridgek zeinek muga bakarra ipintzen zion kritikoari, hau da idazle kritikatuaren liburuetatik atera zezakeen baino gehiago ez esatea, alegia «kotila» bat ez bihurtzea, eta Lessing hartzen zuen kritikoaren ereduz hitz hauekin: «a model of acute, spirited, sometimes stinging, but always argumentative and honorable criticism» (4). Ez da, ez, eredu txarra eta berari jarraituz soberan egongo lirateke, bestalde, kritikak irakurtzerakoan sarri aukitzen ditugun saskarkeriak eta irainak. Oso onak izango dira espektakuloa emateko, baina ez dut uste literaturari mesede handirik egiten diotenik, nahiz eta kritikalariari ospe dexentea eman. Baina tira, espektakuloaren atzetik doa mendea eta badirudi berdin gertatzen ari zaigula literatura alorrean ere. Warholek guztioi bost minututako gloria agindu zigunean, oso gertu ipini zigun «zerua», eta hara irixteko bideak erabat aldatu ziren aldiberean guztiz erraztuz. Gainera, benetazko zeruan bezalaxe, denok izango ginen berdinak, eta benetazko zeruaren bestalde ez zen inor hara sartu gabe geldituko purgatorio edo infernuko bidexka kizkalduetan galduta. Shakespearek ez zekien gerorako iraungo zuen historian. Gaurko idazlea, aldiz, historiaren trailerretan (hau da telebistan) ager daiteke, eta hor dabil geroaren suspirio horren atzetik, bere izenari hil ondoren zer gertatuko zaion ez dakielarik ezhilkortasunaren dizdira hil aurretik eskuratu nahian. Eta berdindu egiten gaituen zeru horren atzetik idazlea ez dabil bakarrik. Kritikoa ere gertu dabilkio, historian zehar lehenengo aldiz gloriari hatzemateko aukera ikusiz. Guretzat, ordea, idazlea kritikoaren aurretik doa, eta gure preferentzi guztia du. Telebistan, aldiz, askoz ere hobeto gelditzen dira telefilmak idazleak eta kritikoak baino.
Garbi dago, panorama hau ikusi ondoren, Joyceren Ulisesek ez dituela Homeroren Odisearen ondoren kritikoak izango. Astunegia, zailegia, guretzat idatzia izan zen liburuak gure bizkarrekin egiten du topo. «Herrixka globaleko» Leopold Bloomek ez du barne-monologorik, azaleko keinuetara bakarrik mugatzen da eta. Bada keinua da, eta ez hitza, ikusi egiten dena, eta hitza baino askoz ere azkarragoa gainera, aproposa, beraz azkartasuna eskatzen digu gizarte honetarako. Azkarragoa ez ezik, egokiagoa ere bada zirrarak eragiteko, eta zirrarak dira agintari unibertsoa inguratzen duen, baina unibertsalegia ez den, herrizka modernoan. Ez da harritzekoa literatura mirestuta ikusten badugu keinu hoietaz. Hauek bezala zirrarak nahi dizkigu eragin, eta helburu hori lortzeko behar dituen tresneria zaratatsuak erabiliz zera ahazten du: ixiltasunaren gertu ipini zuela berak hitza gogapenari espazio zabalak irekiz. Kitschak ez du errealitatea zuritu bakarrik egiten, bai eta pentsamentua lurperatu ere. «Herrixka globalean» pentsamenduak ezer gutxi du egiteko kirio-bukaerak bakarrik direla, nahitaezkoak irauteko kaos ertzean bizi behar duen baserri informatizatu horretan. Ulisesek gordetzen zuen jada bere barnean kaos hori, baina liburu handi guztiak bezala horren gainetik gailentzen zen. Liburua bera zen kaosaren menperatzailea eta hala izanik ezaguera tresna bat bezala eskeintzen zitzaigun. Asko baloratu ohi ditugu bere teknikak, baina, ezinbestean, gehien gustatu zaiguna hark gordetzen zuen kaosa dela uste dut.
Literaturak ordea, kaos hori menperatzen saiatu behar du eta ez dio oso atzetik jarraitu behar kritikak eginkizun horretan. Asko aipatu ohi da «literaltasuna» literaturaren ezaugarri berezitzat, kritika «literaltasun» hori aztertu eta defendituko lukeen aktibitatea izango litzatekeelarik. Baina «literaltasuna», azken finean, hizkera mota bat besterik ez da, edota edukia egituratzeko modu berezi bat, eta teoria horrek extutu baino ez ditu egiten literaturaren alor zabalak. Iliada, Danteren «Komedia», Cervantesen Don Kixote edo Shakespeareren obra osoa ez dira hizkera mota batzuk bakarrik, «A la recherche du temps perdu», «El hombre sin atributos», edo «Ulises», irakurle eta idazleen arteko harreman berriak finkatzen dituzten obrak bakarrik ez diren bezalaxe. Ez, guretzat, literatura jakintzaren leku pribilegiatu eta berezi bat da. Perspektiba gorena non arrazoia eta unkimena, jakintza eta sentsibilitatea, unibertsala eta partikularra elkartu egiten diren kaosa zegoen tokian errealitatea sortaraziz. Jenioek bakarrik lortu ahal izaten dute perspektiba goren hori, baina bideak badaude horreraino iristeko, eta bide hoiek eta beren abiapuntuak dira Literatura osatzen dutenak. Erraza, beraz, asmatzea kritikaren eginbeharra zein den: Funtsezko perspektiba aske hori defenditzea. Beraren laguntzarik gabe politika, industria, denborapasa edo auskalo beste zeren menpean eror daiteke literatura hitzaren leku pribilejiatua hutsik lagaz.
Hasieran Hitza omen zen. Eta egia da, zeren hitzak ez baitu Literatura bakarrik ekoizten, baizik eta azken honen bitartez mundua. Eta hitzaren, hau da Literaturaren hondamenak lekarzkeen ondorioak adierazteko, ekar ditzagun honera Henry Jamesek esandakoak bere garaiko aldizkari-kritikoen arintasunek ekar zitzatekeenak salatuz: «the failure of ditinction, the failure of style, the failure of knowledge, the failure of thougth» (5). Galera konponezin hoiek gerta ez daitezen borrokatu behar dute idazleek eta kritikoek. Kultura estimatu eta Literatura irakurleen denborapasarako idaztea baino zerbait handiago dela pentsatzen badugu behinik behin.
(1) Nola Liburu Sakaratuan irudi erretorikoak, tropoak eta, hauen antzeko gainerakoak aurkitzen diren, dudaezinezkoa da edozein irakurlek are azkarrago ulertuko duela hura bere izpirituan, zenbat eta literatur heziketa batetan lehenago irakatsia izan denean.
(2) Aldizkari literarioa elikatua izan behar duen aho zabal itzela da.
(3) Idazleak erantzuteko eskubidea du, baina ez kexatzekoa.
(4) Kritika zorrotz, kementsu, noizbait ziztaduna, baina beti argudioz betea eta ohoretsu denaren eredua.
(5) Bereizpenaren, estiloaren, jakintzaren, pentsamenduaren hondamena.
|