L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-9 (1988-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Testu bat mutur aurrean

 

Juan Luis Zabala

 

        AITZINSOLASA

        Botho Strauss-en «Rumor» (1) izeneko elaberria irakurtzen ari nintzela, kalera irtetzeko ordua iritsi zitzaidan. Banuen gainera gogoa irakurketa utzi eta kanpora irtetzeko, bazen garaia eta. Azken orrialdeak ia-ia zertaz ari ziren konturatu gabean irakurri nituen, beste gauza batzutan pentsatzen, beste nonbait burua. Ez nuen deus ere aurkitu, nire orduko ustetan arkatzarekin azpimarratzea merezi zuenik.

        Gero, etxera albiste txar baten berri jakinda itzuli nintzen tristaturik. Lorik ezin hartuko nuela eta, Botho Straussen liburua hartzea erabaki nuen. Aurreko saioan erdipurdika besterik irakurri ez nituen orrialdeak hartu nituen, irakurketa berriari hasiera emateko, eta lehen oharkabean eta ezer azpimarratu gabe irakurritako hiru orrialdek harritu egin ninduten, gustoko esaldi ugari aurkitu bait nuen haietan (2).

        Irakurri ondoren ahanzturaren zoko ilunera botatzeak benetako pena ematen duten testu horietakoa zela benetan iruditu zitzaidan. Eta zera pentsatu nuen, orrialde haiek irakurtzerakoan jarri nuen arreta berezia jarri izan ez banu, oharkabean ihes egingo zidaketela orrialdeok ahanzturaren zoko ilun horretara.

        Eta zera ere pentsatu nuen ondoren, askotan era horretan ihes egiten digula irakurle guztioi hainbat eta hainbat orrialderen balioak edo eta lilurak. Oharkabean irakur ditzakegula batzutan, arreta handiagoa —edo aldez aurretiko bestelako jarrera bat ere inoiz— jarriz gero liluratu egingo gintuzketen testuak.

        Literatur kontutan ohitu gabeak hainbat lan literario irakurtzean izaten duen problema ere, berez, bide beretik doa, antzekoa da. Ihes egiten dio testuaren benetako lilurak. Arreta jartzerik ere ez du, arreta jartzeko ahaleginen antzutasunaz konturatu egiten delako.

        Tristuraren mutur ezkutu bat mintzeraino heldu zen nire gogoeten haria nik irakurri berri nuen testu hura ere ahanzturaren zokorik ilunenean galdu beharko zela ezinbestean pentsatzera iritsi nintzen unean. Testu hura erakutsi egin behar nuela sentitu nuen, ez zela aski testu hura argitalpen dotoreko liburutan egotea, milaka eta milaka ale salduko baziren ere, hizkuntza ezberdin ugaritan. Testu hura seinalatu eta erakutsi egin behar zen, denon mutur aurrean jarri, eta azaldu azaltzekoak, behar adina asti hartuta, presarik gabe eta egitekoak ondo burutu artean lanari ez lagatzekotan.

        Orain arteko lerroak inoizko pentsamendu eta sentimendu batzuren azalpena izan dira. Ondorengoek inoiz hartan pentsatu eta sentitutakoen ondorioz egindako lana osatuko dute.

 

        TESTUAREN AURKEZPENA

        Denon mutur aurrean jarri nahiko nukeen testua komatxo artean ageri da Straussen liburuan. Bekker protagonistak zentzu handirik ez duen gauza bat egin du. Nik ganberrokeria bat egin duela esango nuke. Alaba, Grit, errietan ari zaio, baina Bekkerrek ez du ezer erantzuten hark galdetzen dionean. Erasoa baretzen hasi denean, «bestaldetik zurrumurru luze eta ia somatu ezinezko bat iristen da, lehor eta kolpakor egiten duena soinu, ahaztutakoak eta burutik ihesitakoak hizketan hasiko bailiren».

        Zurrumurru hori da nik denon mutur aurrean jarri nahiko nukeen testuak jasotzen duena.

        Testua arretaz irakurri nuen aldian, arkatzarekin azpimarratu egin nituen liburu gainean hainbat pasarte. Horretan oinarriturik bereiziko ditut ondoren testuaren zatiak: zenbaki bakoitiz datozenak azpimarraturikoak dira; zenbaki bikoitiz datozenak, berriz, azpimarratu gabeak.

 

        TESTU BAT MUTUR AURREAN

        1) «Nik ezin nuen hitz egin Estatuaren aurrean. Guztiz mutu egon nintekeen bakarrik Estatuaren aurrean». Hitz hauek ederki daudela iruditzen zait. Estatuaren aurreko mututasun hori ez da txikitasun sentimendu batek eragina. Ez da behintzat txikiak handiari dion beldurra, eta ezta mirespena ere. Bekkerrek Estatuak ulertzen ez duen lengoaia bat erabili beharko luke egindakoa azaltzeko edo justifikatzeko. Horregatik mutu egon beharra. Gero ere ikusiko dugu gai hau. Horretaz aparte, nik urguilua ere ikusi nahi izango nuke mututasun borren jatorrian. Alegia, Estatuak guk berarekin hitz egitea nahiko lukeela, guk, geure txikitasunaren jakin gainean, berarekin ongi konpontzea, lasai hitz egitea, maitagarri izatea, berak galdetutakoan guk zintzo erantzutea eta geuk ere geure aldetik hainbat galdera egitea, betiere neurriak ondo gordeta eta hanka behar ez den tokian sartu gabe. Umiliaziotzat jotzen dugu ordea Estatuarekiko solasa, hark bait du solas horren gaineko agintea; eta urguilua da umiliazio hori jasan behar izatetik libratzera bultzatzen gaituena, mutu geratzen garelarik Estatuaren aurrean. Ez dut uste, nolanahi ere, Bekkerren buruan horrelakorik zebilenik, baina testuaren hasierako hitz hauek hori dena iradokitzen didate niri.

        2) «Baina ergelki kilimolo bat egiten dut Schmidt latineko irakaslearen aurrean, beti irakasle niretzat, eta, ikastun aulkiberoa naizenez, in tres laciunt collegium esaten dut, hiru horiek direnak direlarik ere. Orain berrogeita bi ditut, edo berrogeita bi t'erdi, jazten ditudan zapaten zenbaki bera. Txiki nago, eta oker, zola arinen gainean». Lerro hauek egon ez balita ere, alde handirik ez niretzat. Niretzat alde handirik ez, besterentzat ez jakin, noski.

        3) «Egitateak deseginda daude. Lengoaia, mamia, almendra, zatitu eta zatitu, eta zatitu egiten da eta besteak zatitzen ditu. Ehundaka mila! Ez, lege, hi, lege, ez haut ahazten!; hik, benetan, irakurri egiten nauk. Irakur nazak, maite, ozenki!» Hitz hauekin ere guztiz bat nator, bat egiten dut beraiekin. Egitateak deseginda dauden, lengoaiak zatitu eta desegin ditu, eta horregatik ezin izaten dugu inoiz ere ikusten duguna ondo ulertu. Bekkerrek ez du hizkuntzan bere azalpena emateko behar adina laguntza aurkitzen. Bere alabarekin erabil dezakeen lengoaian ezinezkoa da bere egintza azaltzea. Eta ez du legea ahazten. Legea gainetik ezarritako lengoaia da, gizabanakoak irakurtzen dituen lengoaia, gizabanakoaren lengoaia propioa ukatuz. Lengoaiaren arazo zaharra beraz, «language it's a virus» eta abar.

        4) «Zeren munduan, han behean, Lahn ibaiaren ondoan, bada bat, txikia eta okerra, sagarrak hartzen dituena, eta gauez gure fruta biltzen duena, denok ahantzia, han zintzilik. Eta txanoa ez zaio herrestatzen burutzarrean bere arbolaren kukulako ilargiaren goieran begiratzen duenean. Elkar agurtu ezazue, tira, hi, arbola, eta hi, gizona, efektuarekin, elkar agurtu ezazue berriz ere!...Tira, azkenean». Pasarte hau polita iruditzen zait, gizontxo horren irudiari iradokorra deritzot, baina ez dakit zer den iradokitzen didana.

        5) «Ezer ere ez demokrazia gazte batetan zahartzea bezalakorik. Gozoa..., galtza ipurdiari ondo egokitua, eta marasmoa. Jende argia, ondo prestatutakoa. Soilik suntsitzaileek dituzte zigor gogorrak. Haiek hain zuzen ere, atentatuak egiten dituztenak!... Estatuaren zentzugabekeriak...» Hemen ere Straussek bete-betean harrapatzen ditu nire sentimenduak. Demokraziaren irudi txukun dotorea ironiaz gaitzesten du. Ez du esaten faltsua denik edo antzekorik, baina sentierazi egiten du, niri behintzat sentierazi egiten dit. Demokrazia hori atentatugileen aurka dago. Bekkerrek, aitzitik, gero eta garbiago ikusiko dugunez, oso maiteak ditu atentatu gileak.

        Ez dakidana zera da, zein eratako atentatuak diren Bekkerrek maite dituenak. Testuan zehar ez da zehazten hori. Hortaz, norberak ikusi beharko du zer ulertzen duen hitz hori ageri denean.

        6) «...zeinak, bere aldetik, ezer gutxi bait daki gauzak nola izan behar dutenez, know how ugari izateaz eta presondegi-lorategi eder honen egile izateaz aparte...»

        7) «...gu guztiok batetik bestera korrika ibil gaitezkeen presondegi-lorategi hau, non batbederak aukera izaten duen denbora baterako zutabe baten goierara igotzeko, telebista dorre batetara demagun, eta behera begiratzeko». Tamaina eta kalitate ezberdinetako gartzelena irudi zaharra dugu, maiz erabilia literaturan ezezik baita solas arruntetan ere inoiz. Telebistako dorrearena gehiago gustatzen zait. Gaur egun jende asko da komunikabideetan bere hitza esateko aukera duena (telebista dorre batetara igo eta behera begiratzeko aukera, alegia). Eta asko dira komunikabide horietara iritsitakoan gauzak aldatu beharra azaltzen dutenak, baina horrek azken finean deus gutxi aldatzen du. Errebelatuen askatasun gosea enganiatzea da Estatuak horrekin lortzen duena.

        8) «Berrogeita hiru urte, bat bera ere ez gutxiago, egon zen han gora igota Simon Estilista». Ez dut morroi hori ezagutzen.

        9) «Gainera, esan bezala, Estatu horrek berak ez daki asko ondo dagoenari buruz eta ez zukeen atentatugileen kontra joan behar, atentatugileak bizitza bera bait dira, eskizomizeto guztiak bezala. Gero eta gutxiago geratzen da aberritik, zigor betetzaile deitzen da eta, baita ere, haziera emaile. Gezurraren soka okertuz eta okertuz doa eta estutuz». Atentatugileak eta eskizomizetoak omen, beraz, «bizitza bera». Eta ez al da hala? Neurri batean behintzat. Ez al da arauak apurtzea aurrera jotzeko biderik egokiena, gauza berriak sortzeko, biziari bizia emateko? Ba al daki hori Estatuak? Ez al daki gainera Estatuak atentatuak egiten dituztenek ere badakitela hizketan, badutela beren lengoaia? Atentatuak egiten dituztenak beren lengoaia hori denon mutur aurrean jarri nahiean dabiltza atentatua egiten dutenean. Noiz ikasi behar du Estatuak ez dela berea dagoen lengoaia bakarra? Nik uste jakin badakiela, baina ezjakinarena egitea komeni. Aberriaz hitz egiten dio gero Bekkerri zurrumurriak. Aberria Estatuari lotua dago, umeen heziketa zaintzen du —lengoaiaren ikasketa alegia— eta okerreko bidetik doazenen zigorra. Azkeneko perpausari eder eta iradokor deritzot, baina ez dut uste horretaz azalpenik ematea merezi duenik.

        10) «Ez ezazu honez gero ezein esku onar. Makur itzazu, herri, belarriak. Pailazoen taldea zimurtu eta larrutxatu egiten da. Lukurreroak dira nire solaskideak oro... Jaun maitea —idazten dit lukurrero batek urrundik—, ume antza duzu. Batere bisitarik ez! Ene, a zer gauzak! Egos itzazu opilak buru sukartian, edo eta zure aulkitxo txikian».

        11) «...Behin hitz egin dut irratian; tira, eta zer? Bakar-bakarrik gau atsedenaren orduan, are soinu zuzendari jauna ere kuluskadaka». Hemen berriro ere komunikabideen arazoa ageri da. Bekker izana da irratian, nahi zuena esateko aukera izan du; eta zer? Jendeak nahiago ditu kirolak, esate baterako. Bekker bezalako jendearentzat frustrazioa da beti komunikabideen erabilerari lotzen zaion sentimendua. Estatuaren lengoaia tinkoegi errotua dago.

        12) «Eta zer dela eta etorri zara hain dotore? —galdetzen dit—; ez du inork ikusiko... Tira —esaten diot—, gaurko gaua oso berezia da niretzat».

        13) «Bakarrik nago, ordu osoak, mikrofonoaren gurutzearen pean. Baina ez nuen inor estutzen eta ez nion inori errietarik egiten. Eta ez ninduen inork estutzen ere, ezta inork errietan egiten ere». Besterik ezean, komunikabidean goxotasuna aurkitu du. Ez da frustrazioa, beraz, komunikabideen erabilerari lotutako sentimendu bakarra ere. Ederki sentitu da, bakarrik, bere erara, eta ederra izan dela iruditzen zaio.

        14) «Hirian, ia dena nahiko gertu geratzen zen, leihotik hurbil. Lahn ibaiaren hegalean, garai batean, batek ehun kilometro pasa egin behar izango lituzke irratiaren erraietaraino helduko bazen. Eta, gainera, ez ninduketen ametituko, nire gehiegizko gaztetasuna zela eta... New York-en, 14 kalean, izan zen bat hizketan hasi zitzaidana, eta Carl Schmitt nor zen bazekiena. Ni, zoriontsu. Tira, emakumezkoen komuna, onartzen dut, beste norabait joango naiz egitera. Baina, honetarako, onarpen eskubidea gordeta? Zuek bai dituzuela hirazko bendak garaunen inguruan, zuek, uhinen hurrupatzaileok... Ez duzue kantuaren mukitasunik likitsenarentzako ere duintasunik». Oso polita da hemen bere buruaren goraipamenaren bidea etetzerakoan darabilen esaldia: «Tira, emakumezkoen komuna...» Hemen ere, beste leku askotan bezala, emakumeek badute zer esanik, kasu honetan Bekkerren kontra. Lengoaia kutsatua dagoela erantzun behar izango lieke Bekkerrek.

        15) «Egin daitekeen guztia zera da, arranopola, ostikoka hasi, urrats bat bera ere aurreratu gabe, eta eskuin-ezkerretara kolpeak bota». Nork ez du hau inoiz sentitu? Egia esan, ez da Bekker, ez da Strauss hau esaten duen lehenengoa, ezta gutxiagorik ere.

        16) «Gisa honetako egoeran, zein on handia egingo lukeen sendoago, sendoago pairatze lanetan, izango litzatekeen batenganako bihotz-bihotzezko entrega menekoak...; nire arbola halakoa da, hor dagoena, nire arbol Handia, nire Gaztainondoa. Gerta liteke hau penaz hiltzea bere giza-laguna hilez gero. Zeren nahiko denbora egon bait ginen batera. Ene, ene —diote orain haiek—, arbolen borondatea irabazi, hi, jada ondo ez dagoen puntu batetaraino!; eta alferrik galtzen didate gainera. Ez nuen egotea besterik egin, bakarrik, bere ondoan. Nik ezin nezakeen surik banatu. Eta erre egin nintzen; kiskalia, ikaztua, arraildua, deseginda geratu nintzen. Baina nire errautsei tindua eman diezaieten arduratuko naiz. Kolore horikoa, ni nintzen bezala: alemana». Puntu eta aparte egiten du hemen testuak. Ondoren testuko bigarren eta azken lerroaldea hasten da. «Seguraski zahartua nago, eta kanpoan ez dago jada ia deus ere. Uda, negua eta beren ezkontideak, hori bai geratzen dela oraindik ere. Baina deus gutxi du alaitzen. Orain dagoeneko biriken hego astunegien azpian zizpuratzen da. Bakarrik begiak, begiak..., bikotea. Parekatze azken kasu bat. Baina horretatik aparte, zer?».

        17) «Gizakia Lurraren borobiltasunarekiko desadostasun itsusian dago». Ez du iruzkin handirik merezi, nahiko argi delakoan nago.

        18) «Aingerua heltzen denean gure artean ordena ezartzeko, zutik daudenak erditik tolestuko ditu, burua oinak ukitzera behartuz».

 

        GIBELSOLASA

        Straussen testu hau denon mutur aurrean jarri nahiak bultzatu nau idatzitakoak idaztera. Mutur aurrean jarri nahi izan dizuet zuei behintzat. Aitzinsolasean aipatu dudan tristuraren mutur ezkutu haren mina sendatu nahiean neure buruari agindu nion lana burutu dut. Minbera segitzen du hala ere.

 

        (1) STRAUSS, Botho: Rumor, Alianza Editorial, Madrid, 1988.

        (2) 170, 171 eta 172. orrialdeetan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.