Denbora asko ez dela, egin ziezadakeen erregalorik aproposena egin dit adiskide batek: ARTZEren azken poema liburua, baldin eta poema liburua dei bageneza behintzat, ezen ene iduriko, poema liburua baino areago atsotitz, errefrau edo sententzi liburua bait da, batipat, usurbildarrak borobildu diguna.
Sekulan ez naiz literatur kritika egitearen aldeko izan; batetik: kritika egiteko gaitasunik eta oinarririk ez dudala uste izan dudalako; eta bestetik: neure naturaltasun eta libertade osoz esaten dudana jendeak sarritan oso bestelakotzat hartzen didalako. Alde honetatik badut eskarmenturik aski, baina, badakit ere, sekulan ez eskarmentatzea dela ene libre izaiteko modu bakarra. Nik kritika egiten badut, ikasteko egiten bait dut, ez irakasteko. Beraz, ondoren esaten dudana ere zuengandik ikasteko baizen ez dut esaten.
Hasteko, egiturari dagokionean, ispilu biren artean kokatu du bere burua poetak liburu honetan: zeru-lur konkabo-konbexuen artean. Eta ikusiko dugunez, bi ispilu horiek iraun eginen dute liburuaren hasieratik azkenera arte, gizonaren bizitzan bezalaxe. Baina, bi ispilu horien arteko espazioa IRUDI LERDEN batek habitatzen du: maitasunak, gizonaren ispiritualtasunak, humanismoak, edo nahi den modura dei genezakeen zera horrek. Eta poeta, liburuan zehar bi ispiluaren arteko maitasun irudi hori (gizatasun hori) interpretatzen baizik ez da saiatzen.
Baina, ikus dezagun atalka aurrez esana duguna. Lehen lehenik, ispilu biak liburu osoan zehar mantentzen direla esan dugu. Hona borren adibide batzuk:
Itsasoan sakonago
eta urdina ilhunago
Ortzian barrenago
eta urdina argiago (15.)
Lurra lorez da jazten
lotatik esnatzean
eguzkia agertzean
Ortzia izarrez
apaintzen
loak hartzean
eguzkia agurtzean (94.)
gerriz behera urdin ilhunetan
gerriz gora urdin argitan (16.)
itsas sakonaren ilhuna
ala ortzi barrenaren argia
zer zen biziago zure begian
bereixi ezinik? (96.)
Edan ura gizon egiteko
begira zerua haundi izateko (157.)
Honelako exenpluak erruz dira, poetak bere gogo-iharduna ispilu bi horien artean mugatzen duela erakusten dutenak. Baina, goazen bigarren atalera, ispilu bien artean aurkitzen den gizonagana, finean maitasuna baino ez denagana; egurats hutsez bere gorputza jantzirik bere burua espazioan kokatu duenarengana. Hona gizatasun edo maitasun honen zantzu ugariak:
Zilarrezko bidean zetorren
urrezko irudi lerden hura:
ez oinez, ia hegan, uraren gain:
oinak aparrez buru hodeiz eta
gorputza egurats hutsez jantzirik... (16.)
Zeru goiko izarrek
zelaietako loreek,
ba ote dute, maite,
zu eta ni arteko
kantuaren beharrik? (159)
Nork maita lezake heriotzarik ez balitz...?
Eta maitasunik gabe,
nor bizi daiteke?
nork heriotza gaindi,
maitasunik gabe7 (186)
ate,
maite,
bide! (211, 212, 213).
Liburuaren egitura mikroskopikoa dira azken hitzok. Zerua ate izango du pertsonak; lurra bide; eta bere burua, zeru-lurren arteko, ispilu bien arteko, gizatasuna, maitasuna baino ez. Beraz, ate hitzak zerua sinbolizatzen du, maite hitzak gizona bera, eta bide hitzak lurra. Hauxe da liburuaren laburpenik zehatzena ene ustez.
Hirugarren atala, zeru-lurren arteko gizonaren izatea interpretatzera mugatzen da. Hau da, liburuaren mamia esanen genukeena. Baina hemen ere, gauzak interpretatzeko modu berezia erabili du poetak. Gizonak begi biko izateagatik mundua eta mundukoak etengabeko dikotomian, beti bi ispilu kontrajarritan (edo osagarritan, hobe) ikusten ditu. Hona pasarte batzuk:
bi begien artean zitzaidan galdu
bi begien artean murgildu (16.)
Bi begiez, bata bizitzaz beterik,
bestea heriotzaz aserik
begiratzen duanean (85.)
itsas sakonean ilhuna
ala ortzi barrenean argia,
zer zen biziago zure begian
bereizi ezinik? (96.)
Beraz, bihotz bakarra izanagatik ere begi bi dituelako (85), dialektikari egiten dio gorazarre liburu honen egileak. Gizonek, bi begi ditugunez, gauza guztiak bi aldetik begiratu beharra daukagu, ikusten duguna oro bitan banatzen bait da gure begietara orduko. Horra hor zeru-turren artean bizi garen kreaturaon tragedia.
Agian begibakar bagina, ez ginateke gure munduko tragedia honen lekuko. Polifemo, edo Zeruaren eta Lurraren seme izan ziren aintzinako gizandi mitologiko begibakar haiek, ziklopeak, izan ditut gogoan ARTZEren liburu hau irakurtzerakoan. Baina, ez. Begi biko gara, eta honeko honelako sententzia mutur bikoz josiko dugu gure historia:
Atzokoa joan zaik
biharkoa ez etorri (79)
Ezin ote dezakegu
beste inota jakin
zein zaigun bizia min,
min bizia agertu aitzin! (90)
Egia, agian, begian garratz,
baina bihotzera orduko aratz.
Gezurra, ausaz, azalean leun,
hezurrera gabe, ordea, ilaun. (127)
Zertarako xara aurrenekoa
ez bada laguntzeko azkenekoa? (164)
Bakarrik sartzen gara mundura
bakarrik irteten mundutik (199)
Sortzean hasi bahaiz bizitzen
sortzean hasi haiz ere hiltzen (81)
Ez da larrosarikan arantzarik gabe...
ezta arantzarikan ere larrosarik gabe (101)
Eguzkiari badiozu atzea ematen
itzala agertuko zaizu aurrean (141)
Gauean itzaltzen da
goizean biztekotan (176)
Isiltasun gelditik gatoz
gelditasun isilera goaz (183)
Honelako sententzia mutur bikoak sarri ageri dira liburuan zehar, eta kontuak atera zernolako garrantzia izango duten egilearen gogoan, non bere biografia ere mutur biko dialektika hori erabiliaz utzi bat digu:
Aita Beterrikoa zuen, eta Beterrin
azken muturrekoa
Ama Goierrikoa, eta Goierrin
azken herrikoa.
Baina, arrazoi bidez onduriko hainbat sententzi eta gogapen irakurri ondoren (liburu hau, inola bada eta, arrazoi bidez umotu den fruitua bait da, eta ez lirismo edo sentimendu bidez), 51. orrialdean irakurri dudan poemak harritu nau. Arrazoiaren azpikoaz eta arrazoiaren gainetikoaz ari zaigu poeta, baina, arrazoia gutietsi egiten ote duen itxura hartu diot nik poema horri. Baina, nola liteke kasik arrazoi hutsez ondutako liburu batetan arrazoia bera ukatzea? Behar bada oker nabil. Halere, eman eginen dut ene eritzia, puntu honi dagokionean.
Sentimendurik ezin da adierazi arrazoiaren bidez ez bada. Hitzak berak ukatzen du sentimendua; hitza berez arrazoia bait da: sentimendua adierazteko erabiltzen den arrazoia. Sentimenduak ez du inolako adierazpide propiorik ez zuzenekorik; sentimendua arrazoiari esker existitzen da. Sentimendua berez, bere isiltasunean galtzeko sortzen da beti. Eta sentimendua adierazi nahia, arrazoiari amor ematea baizik ez da. Horixe da gizonaren tragedia: bera sendimenduak osotara adierazi nahiaren etengabeko ahalegina, eta horretarako arrazoia edo pentsamendua edo dena delakoa beste biderik ez du. Tristea da, baina, halaxe da. Denak badakigu benetan senditzen dugunaren eta adierazten dugunaren artean abismo izugarria geratzen dela, baina, abismo hori desegiteko gizakiak ez du oraingoz pentsamendua beste tresnarik: edo arrazoitu edo isildu. Are gehiago, arrazoiz gaindikoa ere, hau da, imajinazioa, fantasia edo irudimena ere, arrazoiaren bidez gauzatu beharra dauka gizonak. Han, oraindik tristeagoa da enetzako, baina, halaxe da. Hara zer dicen Italo Calvinok honetaz: «Lo fantástico en contra de lo que puede creerse, exige una manta lúcida, un control de la razón sobre la inspiración instintiva o subconsciente y disciplina en el estilo; exige que se sepa, a, un mismo tiempo, distinguir y mezclar ficción y verdad, juego y espanto, fascinación y distanciamiento, es decir leer el mundo en múltiples niveles y en múltiples lenguajes simultáneamente».
Pentsamendua da, oraingoz, gizonaren identitate bakarra; bestela, biologikoki ez bait du beste izakiengandiko desberdintasun haundirik. Beraz, pentsamentuaren tragedia hori asumitzen ez duena, gizona denik ere ohartu gabe joaten da mundu honetatik. Alde honetatik, hortaz, ARTZEren liburu hau ere pentsamendu hutsa da, edozein liburu pentsamendu hutsa den bezalaxe. Baina, horrez gain, Artzek bere pentsamendua gauzak arrazoitzeko erabili du, ez desarrazoitzeko; zeren pentsamendua gauzak desarrazoitzeko ere erabil bait daiteke, eta hala, erabili beharko genukeela esan duen idazlerik ere izan da gure artean. Agian, ez da Artzeren errua, berak uste gabe, berak jakin gabe, berak nahi gabe ere, (beste askori gertatzen zaigun bezala) pentsatu egiten badu.
Liburu honen beste alderdi bat, euskarari berari buruzko sententziek osatzen dute. Baliteke denbora gutxi barru gure taberna eta leku publikoetan honako honelako kartelak ikusi behar izatea, lehengo... «dakitenek hitzegiten ez dutelako baizik» haren ordez:
On gehiago egiten diote
euskarari laidoek euskaraz
ezen ez laudorioek erdaraz (151)
Noiz isilduko ote da herri honetan, euskaltasun eta euskalduntasun guztien aldeko kantu amaigabea? Nik uste nuen, gutxienez, poeten ahoan bederenik isildua izango zela. Baina, ez. Segitzen du oraindik, eta ez da batere seinale ona hurrengo orrira.
Euskararen ezinaren gisara, eguneroko leloa dela euskal poesia, pentsatuko bait du jendeak; eta poesiak kantariak ere kutsatu egiten ditu nonbait, ezen «euskal herrian euskarazka» eta «inoren euskaltasuna zer den esaka» ari bait zaizkigu oraindik. Herriaren ahotan ere honelako kantak entzuten dira maizenik. Ez. Ez da batere seinale ona; atera egin beharko genuke zirkulu bizioso horretatik.
Ahotsak edo fonologiak ere badu garrantzirik liburu honetan. Esate bateko, 19. orrialdean, tx, ts, tx, fonemak, badirudi poemaren ardatza direla, nolabait, euskal fonologiari gorazarre eginez gure ahoskeraren ezaugarririk bereizienen modura ematen direnak. Edota, 127. orrialdeko «egia, agian, begian,...» bezalako ahots jokoak nonahi aurki daitezke liburuan zehar. Eta zer esanik ez, ilhuna, ilhargia, othoi, erhoa, eta antzeko bitxikeriekin topo egiten denean. Ahotsaren tratamendu honi dagokionean, zera esanen nuke: hitz inprimatu isilak bere mugak badituela, eta ahotsari garrantzia ematekotan hobe dela poemak errezitatzen aritzea.
Erabili duen arkitektura espazialaren aldetik, beste hainbestetsu esanen nuke: poesia egiten bada, hitzari garrantzia ematen zaiolako da, eta espazio hutsari garrantzia ematekotan, hobe isiltasunari amor ematea. Ez naiz ni estetikaren kontrakoa. Eta poesiak badu berez estetika minimo baten beharra: (euskal inprimatzaileek, agi denez, gutxitxo senditzen duten beharra, gainera). Baina, liburu honetan espazio huts gehitxo aurkitu dut aukeran. Niri, poema liburu bat irakurtzerakoan, hitza eta hitz hori bera indartzen duen poemaren barne estetika interesatzen zaizkit, batipat; eta liburua oso ongi eta txukun landua dago alde honetatik ere; baina, hitz inprimatu soilak oso berezkoak ez dituen dimentsioak eransten gehitxo nekatu ote den iruditu zait egilea, hau da, liburu baten mugetatik at geratzen diren hitzaren dimentsioak adierazi nahian ahalegin alferrean aritu ez ote den. Espazio hutsa adierazteko hor dago arkitektura; ahotsaren grazia adierazteko hor musika; eta hitz inprimatu isilaren fantasia adierazteko hemen literatura; ezin dira, ordea, guztiak liburu batetan bildu. Ene iduriko hobe da, bakoitzak, bere adierazpidea zain eta gorde dezan.