L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-11/12 (1989-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Kontraesaka

 

Juan Luis Zabala

 

        (Gaizka Arostegi-ren «Autobideko erromantzea» irakurri ondorengo gogoetak belaunaldien adierazpideei buruz).

 

        Etxera iritsi berria, boligrafoa eta papera hartu eta idazten hasten naiz. Gose naizen arren ez naiz ezer jaten hasiko testu hasi berri hau amaitu artean. Aldameneko herri batean enkargu bat egin eta autobusean etorri berria naiz udazkeneko astegun buruzuri bati dagokion ilunabar goibel honetan. Zorionez, ohituraren kontra, autobusaren txoferrak barneko argiak piztu egin ditu eta bidaian zehar horretarako propio aldean neraman liburua irakurtzen etorri naiz. Liburua Gaizka Arostegi-ren «Made in USA (Benetazko zapore amerikarra)» ipuin bilduma zen (1). Eta ordu erdi osoa ere iraun ez duen bidaian egokitu zaidan ipuina «Autobideko erromantzea».

        Izenburuaren berri jakinda eta aurreko ipuinak irakurri ondoren egilearen joera nagusien jakinaren gainean izanda, lehen lerroak irakurtzea aski izan zait ipuinaren argumentua aldez aurretik asmatzeko. Eredu jakin bati erantzuten dion istorioa bait da, bi bidaiari gazteren artean gau bakar bateko amodio istorio eder eta tristea, iradokorra. Baina oso ondo pasatu dut jakineko istorio honek bere baitan gordetzen zituen xehetasun partikularrak ezagutuz irakurketaren bitartez: neska judua, betaurrekoduna, porroak erretzen dituena... Apartekorik ezer ez, baina dena oso iradokorra hala ere. Bai, ipuina gustatu egin zait. Eredu edo klitxe jakin bati dagokion kontaketa da baina ezaugarri hori bera ere erakargarria egin zait kasu honetan.

        Nolabaiteko poza eman dit ipuinaren irakurketak, eta liburu osoarenak ere oro har. Eta nolabaiteko poz hori liburuaren atzeko azalean irakur daitezkeen azken lerroekin lotuta zegoela sentitu dut: «Guzti hori, belaunaldi gazteko idazle baten kezka eta ikuspuntuarekin». Pasarte asko dira ipuin honetan ezezik liburu osoan zehar alde horretatik zalantzarik uzten ez dutenak: Honela dio ipuineko kontalaria ere baden pertsonaiak Alemaniako gasolindegi galdu batean gauez bakar-bakarrik stop egiten ari zeneko unea gogoratuz: «Pozik nengoen hala ere, gustora. Nire barrua bakean zegoen, nire pentsamenduak aske, nire burmuina lasaitasun eta pozezko sentsazioz betea. Zoriontsua nintzela uste dut orain, gau honetan, nire gelako bakardadetik gogoratzen. Batzuetan, hain gauza nimiño eta gutxi behar ditugu zoriontsuak izateko, geure buruarekin poz eta lauso sentitzeko. Oso urrun zirudien orduan nire hiriak, nire hiri gris eta ilun hark. Kaleetan zehar zebilen jende arrunta, inoiz ez ziren titiriteroak, langabetuen kopuruari buruzko azken estadistikak, kale garbitzaileen azkeneko greba mugagabea eta hainbeste nazkatzen ninduen gobernuko presidentearen aurpegi aurrezegindakoak». (60 eta 61. orr.). Bai, hau nire belaunaldia da, Pete Townshend «zaharra»k aspaldi samar esan zuen bezala, gure belaunaldia, ez dago zalantzarik. Identifikazioa dei diezaiokegu fenomeno honi hala nahi izanez gero; ez dakit hitz egokiaren erabilerak zenbaterainoko axola duen une honetan. Kontua da poza ematen duela, gustora sentitzen dela bat irakurtzen dituen liburu desberdinen artean, gutxitan bada ere inoiz behintzat, bere eguneroko lagunarte —oraindik— gazteetan somatzen dituen «sentipentsalaipenak» (2) isladaturik ikusten dituenean. Eta hau, gutxinaka-gutxinaka, gero eta gehiago gertatzen zait euskal literatura irakurtzean baina oraindik sail handiak ikusten dira lantzeko.

        Pentsatzen jardun dut autobusean, irakurtzea une batez utzi eta leihatilatik zehar kanpoko iluntasunari begira, belaunaldi bakoitzak bere izaera azaldu eta adierazteko era asko dituela, eta horien arteko batzu bide artistikoak direla. Ez bide dira seguru asko adierazpiderik zuzen eta zintzoenak beti, baina bai agian gehien zabaltzen direnak eta baita azkenean gerorako tinkoago eta iraunkorrago geratzen direnak ere. Esate baterako, mozkortutako punki batek iskanbila izaten baldin badu udaltzain batekin, gau pasa baten ondorengo egunsenti narrazean, bere belaunaldiaren adierazpide ezin zuzen eta zintzoago bati ekiten dio, baina adierazpen hori ez da asko zabalduko eta gainera berehala ahaztua izango da. Agian hedatuagoak eta iraunkorragoak izan daitezke hala ere, adibidez, Gaztetxe, irrati libre, etxe okupatu eta abarretako gazte jendeak —belaunaldikideek alegia— antolatutako ekitaldiak, ekintzak eta ekintzondoak, oso jende gutxi baldin bada ere ikuspuntu honetatik begiratzen dituena.

        Jakina, belaunaldi bat non hasi eta non bukatzen den zehaztea ezinezkoa da, azken-azkenean belaunaldia berezko izaerarik ez duen zer abstraktu baten izena besterik ez denez gero. Bestalde, belaunaldi bakoitzaren barnean joera desberdin ugari aurkituko dugu beti, are guztiz kontrakoak ere. Eztabaida luzeak izan litezke horiek horretan jardun nahiko luketenentzat. Zerbait jaten hasi aurretiko idazketa labur honen asmoa apalagoa da. Nik besterik gabe ilunabarreko autobusean Gaizka Arostegi-ren «Autobideko erromantzea» irakurtzean sentitu dudan pozaren motiboak aztertu eta azaldu nahi izan ditut, gogoeta interesgarrietan sartzeko abiapuntutzat jo dudalako lan hori. Nahiz eta berez gure belaunaldiak gogoeta interesgarriekiko izan ohi duen fedea halamoduzkoa izan. Azken finean, zalantza izpirik gabe, gure belaunaldiaren ezaugarri nabarmenenetako bat kontraesana da.

        Kontuak kontu, kontraesanak kontraesan, orain zerbait jan behar dut, eta ondoren liburuko azken ipuina irakurri.

 

        (1) Gaizka Arostegi: Made in USA (Benetazko zapore amerikarra), Elkar, Donostia, 1988.

        (2) Hitz hau nire belaunaldiko lagun eta adiskide estimatu batek asmatutako neologismoa da, hitz horixe bera izenburutzat duen ipuinaren egilea: Patxi Zubizarreta.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.