L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-11/12 (1989-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Nire esukz hil nuen

 

ESKUZ egindako lanean, akatsak beti; baina tira... «ESKU hotzak amodio beroa»

 

Inazio Mujika Iraola

 

        1. Bai, ni izan nintzen.

        Arazoa, Pernando Amezketarraren ixtorioak irakurtzen hasi nintzenean sortu zitzaidan. Nire lehen euskal liburua izaki eta fraile eskola leihodunean pasatako urte luzeen ondorioz ahuldutako hizkuntza nireaz saiatu nintzenean. Ez nuen han irakurtzen nuena, etxean aspaldian aditu nituenekin identifikatzen. Orduan sartu zitzaidan hezur barneraino nire hizkuntzan analfabeto huts nintzeneko ustea eta baieztapen latza.

        Hiztegi modernoa (Jainkoarren «modernoa!») aldamenean hartuta euskaraz eta soilik euskaraz irakurtzeari eman nion. Nonean irakurria nuen Axularren «Gero» euskal Quijotea zela eta horregatik hasi nintzen letzen. Lehen orrialdea osorik apenas egingo nuen ordea. Hura al zen bada euskara?...

        Hasieran ezer askorik ez dakiten guztiak bezala, purista nintzen oso, badakizue: «urrutizkina» badugu zergatik «telefonoa», edota «abestu»... e.a. Horregatik agian, ez nuen Arestiren hizkuntza batere gogoko. Gero etorri ziren Saizarbitoria eta Txillardegi. Gogoan dut «Egunero hasten delako» erosi nuela portadako aurpegia Perturrena iruditu zitzaidalako. Liburuan barrena ikasi nuen «laket» hitza zer zen, «eulia» elbia zela, «ausartu» ere azpimarratua dut, «zati=trozo», «bederen=por lo menos», «popa=trasero», «joan hadi popatik hartzera=vete a tomar por culo». Txillardegiri berriz, hozkirria, urmaela, ozta-ozta, bide... eta beste hainbat.

        Bizpairu urtez ez nuen euskaraz baizik irakurri, literaturarik behintzat.

        Irakurmenaren ondorioz sortzen da idazmena ere eta jakina, erdaraz ez hain gaizki ondutzen nituen maitasun poema enpalagosoak:

        «Ahora que me reflejo en el límpido cristal de tus ojos castaños...» euskaraz lardaskatzeari ekin nion: «Orain zure begien kristal garbietan isladatzen naizenean...»

        Gaizki. Oso gaizki ordea.

        Galdutako denboraren errekuperazio zorabiozko batean murgildu nintzen eta erdara etapa hartan ur geldi bihurtu nuen. Jakina, atzera esku artean hartu nahi izan nuenerako, konturatua nintzen kamustua nuela erabat sormenerako. Egiten nuena gainera, barrokismo zaharkitu batean erortzen zen sarritan.

        Orduan jaso nuen erdara nire eskuz hil nueneko lehen inpresioa. Nire behatz artean estutu nuen amets gaizto ala lokamuts ikaratian, more-more egina jarri zitzaion aurpegia eta azken hasperenak eman zituen sorkuntza lanetarako.

        Gogorra da aitortzea, baina hala da. Neu izan nintzen.

 

        2. Eta ez nuen gorrotatzeko arrazoirik.

        Erdara, azken-azkenean, amona goxoaren antzera agertu zitzaidan-eta ume garaian. Eskutik hartu eme eta fantasiaren erresuma eder eta berrietara garraiatu ninduen, bere magalean uzten zituen jostailuen bidez eta bere ahotik aditzen nituen ixtorio xarmantak zirela-eta. Han ezagutu nituen Caribe eta Bengala, Bombay eta Tanzania, irla misteriosuak eta pirata ondraduak, ume heroeak eta Errege zoriontsuak. Lurralde ezezagun eta exotikoak esploratu nituen amona haren magalean.

        Eta gaur egun ere berak erakusten dizkit gehien bat literaturaren alor luzeak, oraingo honetan maitale bihurtua. Berak egiten dit bidelagunarena.

        Nola gorrotatu bada, erdara.

        Baina sorkuntza lana beste gauza bat da. Ez dakit asmatu nuen ala ez euskara hartu nuenean sorkuntzarako tresna bezala. Lanak ematen dizkit, baina euskaraz egiten dudana erdaraz egiteko gauza ote nintzateke? Zeren ez baitut uste hizkuntza bat hitz eta soinu hutsen nahasketa arrazoizkoa denik. Hizkuntza bat bizitza ulertzeko era bat da. Filosofia bat nolabait esateko.

        Dena dela, erabakiak azken muturreraino eraman zale naizenez euskara dut hartuko aurrerantzean ere sorkuntzarako tresna bezala. Eta ez dut halaere erdara baztertua utzi nahi. Ez diot ukorik egin nahi, baina esku artean hil nuenean nire karta jokatu nuen. Alferrik ibiliko naiz berpiztu nahaian. Neu izan nintzen asesinoa.

        Agian, gure ondoren datozenak normaltasun oso eta sanoagoz tratatuko dute elebitasunaren arazoa.

 

        3. Arazoa nire ustez, itzulpenen bidez atera behar dugu aurrera. Aspaldian esan da auzotik gureganatzea bezain garrantzitsua dela gurea auzoratzea. Baina nik, beldur haundiegiak ikusten ditut gure alorrean eta errezelo larregi besterenean. Ez dakit ongi ez ote garen bizi gure literatur minoritarioaren anonimatoan edota elefantearen errua ote den euliak aurreratu ezina...

        Halaere, itzulpenaren arazo honetan gauza bat eduki beharko genuke garbi. Ahaztu egin behar dugu bakoitzak bere lana itzultzearen kontu hori. Horretarako erdaraz idatzi eta kitto, esango luke norbaitek, baina ez da denbora galtzearen arazoa bakarrik larritzen nauena. Iruditzen bait zait oso ezberdinak direla bi hizkuntzak, ezin diegu biei trenpua sorkuntzakoa behar bezala hartu, salbuespenak salbuespen jakina (Hizkuntza guztietan daude jenioak). Ez dezagun katalanen ereduarekin ametsik egin. Katalana, hizkuntza erromanikoa da eta itzulpena errazago doa batere zalantzarik gabe.

        Nik (injenuo honek) puntu honetan ikusten dut (orain ez bada luzarora begira) Euskalerriko idazleen arteko kolaborazioa. Erdaraz ala euskaraz idatzi. Badira erdaraz idazten duten idazle euskaldunak (euskaradunak) eta horiek dira itzulpena euskaratik erdarara egin beharko luketenak eta alderantziz. jakina, horretarako predisposizio hobeak ikusi beharko lirateke gure artean eta topalekuak izan beharko genituzke, nik hizkuntzarekin egin nuena, idazle euskaldunak erdaldunekin eta erdaldunak euskaldunekin egin ez dezagun.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.