Emeterio Arrese'ren Azken-Neurtitza...
A. L.
Aspaldi isilik egonagatik bizi da ta sendo oraindik entzute aundiko Emeterio Arrese olerkari tolosarra.
Zaartuxea dago noski baño beti pizkor eta beiñere ez alper, larogei urte bateak ditun arren.
Joane dan urtean «EGAN» deritzan Donostia'ko aldizkarian bertsu eder batzuek argitaratu zituen. Gaur berriz emen agertzen degu ARRESE'ren azken olerkia bere buruari egindakoa larogei urte bete zituen egunean. Iñon agertu gabea da ta gure irakurleak pozik irakurri dutelakoan ementxe doa.
GAIN BERA...
Larogei urte bete ditut
zartzez alderoka nabil,
nai ta nai arren iñolaz ere
pausorik zuzendu ezin,
ankak elbarri, burua motel,
ario mindu, erretxin,
urteen sitzaz joa nago-ta
aje guziak nerekin.
Naspil-irudi gaiztoa dakust
zartzaroko ekuspegian,
burutik egin, ala zer ote?...
Ez nago nere onian.
Gaztea nintzan garai artako
bizitz-iturri garbian
pittin bat edan al baneza gaur
eritasunik ez nigan.
Basaburuan toki naro bat,
bertan urjaiotz gardena,
onen ixuriz maizki ase zan
nere biotz egarbera.
Ots-egiten dit, ots eme, kutun
lengoxe deia berbera.
Malkarrik ez dun oroimen-bidez
noan iturri maitera.
....................................................................
Bizkorraldia! Bat-batez orain
urrats arin, gogo txosper,
ain txingar sortu zaidan kemenak
zut-zutik narabik, gallen.
Gero amilduko banaiz ere,
txalpalda loretsu baten
babesa orain arki dedanez
nere barru jairik onen!
Ikusi dezutenez ez du umorerik galdu gure olerkari zaarmaiteak. Bere buruaz iseka egiten daki guri irriparra sortzeagatik. Ez zaio ez bururik moteldu ta gutxiago Goi-arnasa.. Beti bezin txukun eta gallena da bere lana; ori bai, urteen goibeltasun eta trixturaz zerbait ikutua. Arrese 1869 Epaillaren 3'n Tolosa'n sortua da, beraz laister 81 urte beteko ditu. Gaztetan luzaroan Ameriketan ibillia da, New-York'etik Buenos-Aires'eraño, beti Euskal-Erria ta sorlekua gogoan zituala ordea.
Bi bertso liburu eder argitaratuak ditu. «NERE BIDEAN» (1913) eta «TXINDOR» (1932) eta beste olerki ta kopla asko aldizkari paperetan sakabanatuak daudenak. Irugarren liburu berri bat egiteko asmoetan dabil bertan aukerazko olerki ta azken koplak bildurik.
Ori izan bide da azken-naia bezala...
Jainkoak ordaiñez bear dituan grazia eta laguntza eman dezaizkiola; ta anitz urtez gure artean gorde dezaigula!
1950, Donostia'n.
|