Gernika'rako
Gizabidea
Espuru
Gizabiderik zuzenena, Jainkoaren legeko amar aginduetan erakutsi zaigu. Jainkoa maitatzea, ta lagun urkoa geren buruak bezala. Bi oietara bildurik daude amarrak. Jainkoa maitatzea? Nork du maite? Anaia maite dunak. Begiz ikusten dun anaia maiteko ote du? Aita baten seme geran azkero, elkar maita dezagula. "Gizona gizonari otso", esan zun norbaitek. Gure egunotan zer esan ote lezake? Amezketako Perrando'rena zait gogora: "Erri ontan zer berri? Begietako bista ona, ta elkar ezin-ikusia."
Nork nori kalte egingo diogun gabiltza, bai ondsunetan bai gorputzean, eriotza opa ez ba'diogu. Eriotza ere bai, naiz geure eskuz, naiz besteren bidez, dirua tartetik sartzen ba'da. Gaurko bizimodua, lapurreta besterik ez dala esan diteke.
Gizonak ani diran bezala, erriak ere anai bear lukete Ala ote da? Or ari dira erriern nagusiak, agintariak, aski alperrik orain arte, pakea nola antolatuko, elkarrrekiko artu-emanak nola moldatuko. Guziak lelo bera dute: "pakea, pakea", bana pakerik ezin dute egin. Bakoitzak besteren bizkarretik nai du pakea. Ni lenbizi; nerekikoa egin dedila; besteak, antola or. Erri batzuen eskubideak besteenakin mugaturik daude, bana muga ori ezagutzen oso zail da. Nor bere mugabarrenean gelditzea ez dirudi sorkinkeri; bañan or dago giltza! Nerea nere, ta besterenetik ere au edo ua. Ezertxori etzaio uko egin nai. Besteak egin dezaila. Erri batek beste erri bat berea bezala maite ez da du ere, bestearen eskubideak ezagutu bederen egin bear lituke. Non egiten dute ori eta nola? Iñon ez, eta ezinbestean. Edozein gizonek eta edozein errik, eskubide berdiñak ditu... paperean; bañan etzaizkio ezagutu nai izanean, alako edo olako beste erriri komeni ez ba'zaio. Indarrarena beste eskubiderik ez da ageri, itzak bestera ba dira ere. Erri-Batzarre oiek zertako dira? Ezer gutxitako. Erria txiki izanik ere, indarra erakusten ba'du, auzia arek derama azkenean, juduekin gertatu dana. Garbi aski ikusten dugu. Edozein erriri, bere jabe izatea zor zaiola aitortzen dute alde batetik; bañan erri aundi oien menpean beste erriren bat baldin ba'dago, begira gero! Bi neurri beti: neretzat bat eta besterentzat beste bat.
Gizon bakarrari dagokionez ere, bi neurri erabili oi ditugu geienetan. Egin detzagun gauzka erdi bana. Esan ederki, bañan egin zer egiten dugu? Nerea nere, ta irea biontzako. Besteak ori nai ba'du, or burruka. Bein batean, apari bat egin genun Bilbao bost euskaldunek, ilabetero oituara genun bezala. Apal-ondoan au esan genion gutako bati (komunista zala esanez ari baitzan: "adi zak, i, bostok batera dezagun erdira sakelan daukagun dirua, ta gero egin dezagun ainbestena." Arek bakarrak etzun atera nai izan bere diru-zorroa. Besteri neurria egokitzen zion, baña berari egokitzerik nai ez. Bi neurri arek ere. Besterentzat legea ederki dakigu; arentzat ederki ikusten dugu. Guri egozten zaigunean, orduan iluntzen zaizkigu begiak. Ori olako dau alako, bestea bestelako. Ni nolako naizan konturik iñork ez du beretzat atera nai. Beste guziak onak ba lira, mundua besterik litzake; baña NI pakean utzi. Guziok NI biurtu gera. BESTE esaten zaien oiek bukatu dira. Ni ta ni, guziok ni, gauzak antolatzeko alderdi txarra.
Diogenes zakurra esaten zioten gizon jakintsu ua, bein batean gizon bila asi omen zan kandela batekin, eguerdiko eguzkitan. Ez dakit bat ere arkitu ote zun. Orain arkituko ote luke? Naiko lan. Diran bakanak ere izkutu daude. Gaiztakeria nabarben dabil, ontasuna xokoan. Ezin ukatu gizon onak ere ba-dirala; bestela Jainkoak bigarren aldiz mundua ondarazi lezake, ugoldez edo garrez. Abraham'ek berrogeitamar gizon zintzo nai zitun bere urian, aiengatik besteeri barka zekien. Azkenean, bostetarano jetxi zan, gutxituz gutxituz. Ni nagoneko uri aundi ontan bai ote dira berrogei, ogei, amar gizon zintzo? Nai luke oinbesteren aretan. Zer neurri ipiniko dugu ontasun ori neurtzeko?Lengoa: lagun urkoa geroa burua aiña maitazea, edota, kalterik inori ez egitea, beñipein. Jainkoaren legea betetzen dunaz ezer ez dut esango, aietakorik baldin ba'da. Askotan entzuten dugu: "Elizara doazen oiek..." Egia, ba-dira, bai, oietan ere Jainko enganatu nai dutenak, ez gutxi ere. Jainkoa agotan derabilte, baña biotza Arengandik urun daukate. Eta... Elizara joaten diranak oinbeste al dira? Ez, ez, Elizak utsik daude egunero; teatroak eta zinemak mukuru beteak. Ni bizi naizeneko balera ontan, Elizatxo bat da. Igandetan doi doi betetzen da. Astegunez gizon bat bakarra ikusten dut utsik egin gabe, (nere burua ez dut kontuan sartuko), ta dozenerdi bat emakume. Beste guzieri egun bateko jan-edana aski ote zaie Jainkoaren gose-egarri ez izateko? Beste Eliza bakoitzean ariora gertatzen baldin bada, uri ontan ba'dira berrogeitamar baño geiago zintzo izan nai luketenak. Eman dezagun, uri aundi ontan eun Eliza badirala, (ba-dira gehiago ere txiki ta aundi); eman dezagun bakoitzara egunero amar lagun joaten dirala (joaten dira geiago ere); eman dezagun, mila oietatik erdiak eta geiago oituzkoz joaten dirala ta itxurak egiteagatik. Ez ote dira guzien artean amar zintzo gertatuko? Oiek aski dira Jainkoaren asarrea eztitzeko. Oinbeste aur gaiztagabe, oinbeste... moja ta praile esatera nindoan, bañan auek ere besteak bezain gaizto omen ditugu; diru-gose omen dira, merkatu beltza ere egiten omen dute; patxaran bizi omen dira, jan, edan, bidez ibili. Oietatik ere ez ote dira amarretatik bat, bear bezalakoak? Nagusi edo agintariak alde batera utzirik, zenbat moja gaxo, zenbat praile kaskamotz (Mezarik ematen ez duten oietakoak) ari dira xokoan, etxeko lanetan eta otoitzean, olakorik egin gabe? Zergatik ez du Jainkoak mundu au suntsitzen? Baitira oraindik zokoetan, Moise'k bezala besoak zabaliki Aren gorrotoa ibiarazten dutenak. Ba dakizutea zerk biotza lasarazi ditan lengo batean?Astegun gorriz, ez-orduan, Eliza eder batean sartu naiz. Aldareko Gure Jauna beti agerian idukitzen baitute. Ba zeuden an, Jaunari agur egiten, dozenaren bat ziran. Ordu bete barru igaro ziran andik zenbait dozena. Jende ori ez da, naski, Elizara Igandez bakarrez joaten dan aietakoa. Ausaz ez dira guziak egunero joango; bañan, itxurak egitearren joaten diran oiek alde batera utzirik, zintzo onar oietaz geiago fiatuko nintzake ni, zineetara egunero joaten diran oietaz baño.
Ni ez naiz asiko, ez, Diogenes zakurra bezala, egun erdian argizagia piztuz, enparantzetan gizon bila. Eliza zoko ortan, (ondo zokoa alare, lurpean baitago) arkitu nezazke amar gizon emazte baño gehiago, gizabidean eta kristau-bidean ongi doazenak. Zer ikasten dute eskola izkutu ortan?Elkar maitatzen, elkarren anai izaten. Ori beste biderik ez da munduan, edonolako basakeriari uko eginik, egiazko jendabidean eta gizabidean aurreratzeko.
|