L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Gernika aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<gern1700>— Gernika. 17. zkia (1951-urria/abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Bidasoa eta Irun itzen sorkuna

 

Lopez Mendizabal'dar Ixaka'k

 

Irun'en agertzen dan " El Bidasoa"k egin duen zenbañi berezi ederran idazki irakurgarri asko datoz, eta oen artean bi, bata Indart jaunarena Bidasoa-itzaren sorkunaz itz egiñaz, eta bestea Lekuona Aba agurgarriarena Irun-itzarenaz bere iritzia agertuaz. Biak oso txalogarriak dira, eta batez ere bigarrenean bere egilleak gai oetan duen bere jakintza, garbi erakusten digu. Ala ere ez gera beren iritzi osokoak, eta argatik lerro batzuek, gure asmo onenaz, ipiñi nai ditugu, aspaldiko gai oei argi apur bat geiago eramateko.

Bidasoa, gure ustez, sorkun garbikoa da: iraso'tik dator, noski, erderazko helechal. Bidaso, Iraso eta Irazu berdiñak dira. Baita ere Bidasu (onela deitzen diote geienak, eta ez Bidaso) eta Mirasu, Endaia aldeko abizena, berdiñak dira, Biarritz eta Miarritze berkiñak diran bezela. Asierako B eta M oek, geroztik itz zarrai erantsiak dira, Altzaga eta Maltzaga, Ezkia eta Mezkia, berdiñak diran bezela.

        Asierako izki oei erderaz "letras protéticas" deitzen diote, eta onelakoak gure toki-izenetan ugari arkitzen ditugu.

        Beraz, asierako B ori kenuezkero, idasu, iratz'etik dator, azkenean zuatzizkia erantsiaz. Argatik beste iritzi geienak okertzak jotzen ditugu. Itz ortan ez dako iñundik, gure ustez, bide itzik. Guretzat Bidarte eta Iriarte, Bidaurreta eta Irarreta edo Iraurreta, Bidondo eta Iriondo berdiñak dira eta bide itza, ez degu esango beti, bañan bai geienetan ide, ire, ira, helecho dala eta ez bide, camino. Bidaurrazaga eta Irauzarraga bat dira, eta onelako izen berdiñak eunka ipiñiko giñituzke. Biriatu, edo Bidiatu, beste bat zuek dioten bezela, ez dator bide'tik, ira edo ire, helecho'tik baizik.

Emen esan degunak erakusten digu ere Irun-itzak sorkun berdiña duela. Irun eta Beraun (eta biak toki batean arkitzen dira) berdiñak dira, Irulegi eta Berolegi, Iroiz eta Beroiz, berdiñak diran bezela. Irun eta Iruña eta Urruña berdiñak dira, eta Naparroan lenago, eta orain ere toki batzuetan, beren erri nagusiari deitzen diote Uruña eta ez Iruña, i eta u bat diralako, Irailla eta Buruilla derdiñak diran bezela, erderazko septiembre erakusteko. Argatik ere Iranzu, Naparroa'ko izena, eta Uranzu berdiñak dira.

        Gure iritziz Irun ez da bada juncal baizik helechal (Ira-un, sitio de helechos, Beraun bezela). Iun bai litzake juncal, bañan Irun'en ikusten dan r orrek ira'ren, antza geiago ematen dio ia rena baño. Uranzu eta Irun guretzat berdiñak dira, eta dirudienez aspaldian gaurko erriaren bi zati bezela ziran, eta beren sorkuna bat da.

        I edo Ia'tik sortutako toki-izenak, uste degunez, gutxi arkitu ditugu, bañan ira, iratz eta onelakotik eunka eta eunka. Ba dirudi gure erriko alde guziak ira, garo edo iratzaz beteak nunai zeudela.

Juncal, erderazko izen ori, agi danean, Ama Neskutzaren irudia agertu zanekoa izango da, oitura izan bai da arkitu izan dan tokiko izena ematea, Arantzazu, Izaskun eta abar. Irudi ori Gipuzkoa'ko zarrena izan omen diteke, Lizarralde Abak dion bezela, XII edo XIII garren eunkikoa. Eta ien artean arkitu ba zan, Isasti'k bere Edestian dion bezela, errez izango zan lenengo egunetik Juncal deitzea, ordurako erdera naikoa sartua bai zan, eta ez Irun-izena euskeratik itzuliaz.

Ir asiera duten toki-izenetan ditugu Irura, Irureta, Irurtia, Irulegi, Iruña, Iruñuela, Irular, Irujo, Irurozki, Irurita, Iruega, Irurtzun, Iraurgi, Irazoki, Irauregi eta beste asko, eta beti erderazko helecho agertzen digute, eta ez beñere juncal.

        Azkenik esan dezagun bada, gure ustez Bidasoa edo Bidasu, eta Irun eta Uranzu'k erderazko helechal esan nahi dutela.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.