L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Gernika aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Gernika. 17. zkia (1951-urria/abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskal liburu baten mendebetetzea

 

Ibinagabeitia'tar Andima

 

Amazortzigarren mendean euskal-elertia bizi berri batez anpatzen asi zitzaigund Larramendi, Kardaberatz, Mendiburu, Joannes Etxeberri saratarra, Euskalerriaren adiskide ta beste zenbaiten eragitez. Izkuntzaren loraldi betean sartzera giniozela uste zitekean. Bultzaldi orrek, ordea, euntaro aren azkentsutik urrengoaren erditsurarte edo, loaldi elkorrena ezagutu zuen. Erderaz ari zenitun zenbait, euskeraren arrigarriak argitara bearrez, Astarloa lekuko, bainan gere-gerea dugun euskal arloan bat ere ez, edo oso gutxi.

        Emeretzigarrenaren bigarren laurdenetik orratio, euskal idazle batzu asiko zitzaizkigun yatorren eta bearreneko lanean: euskal soroa lantzen. Euskaltzale, euskalari ta euskal-idazleak ordurartekoa baino taldetro yori ta eginkorragoa osotuko zuten.

        Argi-iturri batzu bezela yarriko nituke euskal gau beltzean txinpart yario: Zarautz'en Añibarro, Zabala, Uriarte, bizkaitarrak. Naparroan "Revista Euskara" ta aren ingurukoak. Donostian Manterola, "Eukalerria" ta billaldean loratu olerkari saldoa. Lapurdi'n, Harriet, Hiribarne, Duvoisin, Intxauspe eta beste aleun. Londres' en Louis Lucien Bonaparte Euskalerriko txoko guziak pizkortzen. Emeretzigarenaren azken-aldean euskal-igikun zoragarri onek Bizkaian arkituko zun erantzun bete-betea, gure literaturaren izangoa oñarritu ta betiko sendotuko zuna: Azkue, Agirre Txomin, eta Arana-Goiri'tar Sabin batik bat.

        Usu irakurri ta entzun ere izan dut euskal literaturaren istoria oraindik aztertu ta egiteko daukagula. Edozelako ezpai gabe, emeretzigarrenekoa beintzat ondo ikasi gabe daukagu eta ezin uka aldi ortako loraldia garaienetakoa ere dugunik. Norbait yarriko al da ortara mende orren izate betea, gure elertian; argi ta garbi nabarmentzeko.

        Gaurko nere egitekoa xumeagoa, apalagoa duzute. Zuberoeraz argitaratu libiruño baten mendebetetzea euskaldunei oroit-arazi. Gertakari ñimiñoa ta apurra noski, bainan gure urrikerian ezin gentzake zapuiztu ñimiñoenik ere. Ez gaituzu ain aberats eta otapurrik pitiñenak ere onez yaso ta muxukatu bearrean gaituzu.

        "Jincoac Guiconarski eguin patoac, edo eguiazko religionia" deritzan idaztiñoa Baiona'n, Foré eta Lasserre'ren irarkolan 1851 garren urtean argitaratu zan. Arrezkero beste argitaldi batzu ezagutu zituen eta azkenekoz, Baiona'n bertan 1883 garrenean "Jesu-Kristen Imitacionia" deitu liburuarekin batera, Lamaignère'nean.

        Idaztiñoa buruxka tipietan zatitua dator eta 83 orrialde baino ez ditu 8'rengo neurrian, beaz begi-klixkan irakurtzekoa. Onatx liburutxoaren guna buruxken izenetatik; "Jinkoa, Kreazionia, Bekatia Arrerosliaren itzemaitia. Gizonen gaiztatzia eta Dilubioa. Idoiatria edo Jinko faltsien adoratzia. Abrahamen eta populu berezi baten aitatzia. Moisa. Lege izkirabatia. Profetak, Jinkoak profetez eman salbatzaliaren siñaliak, Jinko Semiaren Guizonegitia, Salbatzaliaren sortzia eta gorderik egoitia. Jesusen Agertzia, Haren peredikiak eta mirakulliak. Jesu-Kristen Eliza, eta saintien parteliertasuna. Jesu Kristen iltzia eta arrapiztia. Jesu-Krist'en erreligioniaren establitzia. Erreligioniaren etsaiak: Protestanta-Mahometanak-Framasonak edo Arginbeltzak. Mirakulliak. Urenburuia."

        Intxauspe apaiz gazte ta euskaltzale argiak idatzi ta ilki-azi zuen. Atharratze'ko seme, geroago Bayona'ko eliz-barrutian apezpiku-ordezkari izango zan eta euskal lan zenbait argitaraziko zitun, are biotzean euskerarekiko maitasun aratz eta zintzoena iñoiz ere ezpaizan epelduko are gutxiago izoztuko. Lan oietan ezagunenak "Le Verbe Basque" Bonapartek argitaratu lan sakona, Itun-Zâr eta Berriko zenbait itzulpen, oiek ere printze aundiaren eskupean, et idazlan eta liburuño tipi ugariago ere. Bonaparte'n inguruan erne idazletarik yakintsu ta okituenetarik zenuten noski.

        Intxauspe'k ere berriro argitarazi zun 1864 garrenean Axular' en "GERO". Lapurdieraz, ez xubero-kutsu gabe alajaña, itzaurre sailu ta irakurgarria ezarri zion: an nabaritzen dizkigu bere euskaltzaletasun eta yakituria. Idazle antzetsu, pizkor eta ugaria.

        Itzaurre ori irakurri ondoren "Jinkoak gizonareki egin patoac" liburutxora loakenak, artatik ontara dagon aldea laister atzeman dezake. Itzaurrean garbiago ta apainago ageri zaigu. Liburu ontan aldiz, erdal-itz eta esakeraz nâsiago. Zer dala-ta ori?, galdetzen du Garriga'tar Gabin'ek Intxauspen libutxoaz oraintsu idatzi artikulu baten. Ez da ez orixe, aisa erantzutekoa. Gizaldi artakoak oi bezela idatzi zun. Ayen artean ere garbi-naia zabaltzen asi zen ordurako, bainan etziran geroenean bezela oldartu, eta zabarregi ari ziran garbi-bidean. Intxauspe ere garai artako zabarkeriz yota ageri zaigu ospa-gai dugun idazti ontan.

 

        ROMANERAK.—Aurrenekoz oro metatzera yarri nintzan, bainan aien kopurua ekurugaitz irudi zitzaidan. Mordoxka aundi bat orratio bildu dizut. Romanera auek apaingarritzat ote zerabilzkin? Aldi artan bear bada, gure ao-goxora etorri gabe zeuden ezkero, horrela artuko zituten itzok bestela neke da samalda izugarri ori, beste gabe, ontzat artzea. Orratx baten batzu:

        Desobeditu, destinatu, entelegi, fruta, errendatu (rendre), infidel, justicia, kariua, kambia, kriatura, laidorio libro, libroki, malerouda, manu, membria, mirakullu, okupatu, gloria, palacio, parteliant, pena, perfeita, piatere, probidentzia, salbatu, sofritu, suerte, sorte, traditu. Urgullia, zerratu (zelia zerratu) eta abar.

        Itz batzu azpilerrotu ditut, argi erakusten bai digute xuberoenak romanera zenbaitek baino garbiago laterazko itzak gorde dituela.

        Idaztian bertan arkitzen da esakeratxo au ere: feit ; "ikousten da feit hori, orduko autoritatez eta jakilego suerte guziez segurtaturik". Eta azken aldera beste auxe idazten dizu Intxauspe'k: "Bena deja capitulu hunec igaran ditu hobra houni emanic zire mugak".

        Geiegikeritxoa ere ba'deritzagu "feit" eta "deja" gabe erabiltzea. Ederki zekian bai gure idazleak itzok ordezkatzeko beste euskera, baita lenago aitatu ditugun geienak ere, izkuntza iatorrari ukorik egiteke alegia.

        Yoskerari gagozkiola romanera gutxi atxeman ditugu: trebea senuten Intxauspe euskera erabiltzen. Zoinek eta zoini, garai artako idazleetan ain erabiliak, birritan baizik ez ditugu idoro liburuxka ontan: "zoinek izan bear baitzian", "zoini itzeman beithu". Geroago idatzi "Axular'en itzaurrean, sarriago erabili zun romanera ori. Bestetxo bat, aunitzek egun ere darabilkitena "gainean" norbaitez edo zerbeitez diardutela adirazteko, esakune bitsuetan soilik ediro dizut: "libro bat egin du Jinkoak bere denboran egin mirakuiluan gainean "eta"medalla artan gainean eginik izan dan libruan". Beti ere atzizkia artzen dizu trebe to zuzen aski: "oro mintzo zaizku Jinkoa'z" "ark egin mirakuiluez librua" eta abar.

        EUSKAL-ITZAK.—Ainbeste romaneraz inguratu ta itota eusñal itz samalda ere arkitu diteke aren idoztiñoan. Egia esan, guretzat geienak ezagunak dira baita oituak ere gure artean. Dana dala, emen aldatuko ditut baten-batzu, irakurleari aren ugaritasunaren berri emateko:

Adelatu, aldikatzia aldikatu (zasuen aldikatziak, aolku caholkatu zian Eva), az-aita (Salvatzaliaren az-aita), azle (her artzainak edo hazliak), azkurri (lurrak bere beitharik eman behar zeien azkurria), bakoitz (manu bakoitz, seme-bakoitz) bekazteri (bekhaxteri handiareki ikhusi zian gizona), berainez (berainez (per se) izaterik eta pothererik gabe dira), betindanik, bilgia edo bilgoa (Jainkoa da batian ororen bilgia), eskupe (kreatura guziak ezari zitian hen eskupe), elki, eretze (Jinkoaren eretzeko eginbidiak), erridi (edo nazioniak), etxeki (oro etzhekitzen ditu bere potheriaren pian), gabezia (gabe'tik), erots (herotsik ezciala eginen plazetan), saie, iize, inazi (inaziz eta uhulguz tai gabe ikaraturik), izatia (Jainko orophoteretsu baten izatia), jabegoa (eman cien mundu guzien jabegoa), yakile-yakilego (jakile faltsugoarik eta gezurrik ez erratia), yakintsutu, luidor (itsaso gorriaren erditik igaran arazi zitian luidorrez), naia (oro ez deusetarik bere nahiaren potherez elkhi ditu), ogen (oben baino egokiago), oatu (orai diran estatian ohaturik izan gabe), ohiko, oiko(beti ohikoa), ondozkoa (elkarren ondozka aguertzen eta itzaltzen direla), ordari (Jesu-Kristek ezari du bere ordari-ordezkari-lurrian), sokitu —usteldu— (gizonkentia oro sokiturik izanen zela), tini deitu cian Sinaiko mendi tiniala), teiarsun (thuz theiarturik), ingurunia —ingununea— (seimila urteren ingurunia du gizonak bizi direla mundu ontan), unki (aien estatu esteyariaz unkhirik), uraizi (oliodura Jesu-Kristec establitu du erien urgaizteka), ustaltu (egarriaz ustalturik eta ezindurik), itzunlinguru (ekiaren eta izarren utzukunguru zuzenak), zoardi (euriak eta zoardiak), zotokatu, zuaina, eta abar.

        Aski aipatuak, Intxauspe'ren aberastasuna ere nabarmentzeko. Gure gizaldiko idazleak ez ditugu iñoiz ere idazle zârrak arbuiatu, ez orixe. Arrokeriaz esan genezake, iazti zâr oro ta ezkelgi guzietan ere pozik pulunpatu gerala baita obaririk aietatik yetzi ere. Garbi zale gaituzu, izango ere bai, bainan gure aurretikoek utzi ondoreari ukorik ez muxinik egin gabe. Ez dugu euskerarik murriztu nai, aberastu, oparotu baizik.

        GIZA-IZENAK.—Arana eta Goiri-tar Sabin'ek ixendegia antolatzerakoan gizakume izenak a elatzez mugatu zituan. Romanerak menperatuta zeuzkan euskaldun, euskaltzale ta abarrek, berrikeritzat yo zuten, eta aldarri gorria yazo irakasle aundiaren aurka. Orra nun " Jainkoak gizoneki egin patoak..."orain eun urte idatzitako liburuxkan a'rekin mugatutako gizakume izenak arkitzen ditudan, 83 orrialde tipi ditu, alare mordoxka polita antola dizut:

Moisa, Moisa'ri, Moisac (passim). Yeremia, Zakaria, Mikea, Athanasa, Yeroma, Dominika, Alfonsa. Beaz Arana ez zebillen ain deslai. I'z mugatutakoak arkitu ditut Antoni Paduakoa, Ambrosi, Gregori, Marzelin, Antonin, Konstantin eta abar.

        Oar bat amaitu baño len, beti ere begitan bear genukena: Romanerak, geienetan, euskal izkelgiak ondo ezagutzen ez dituten idazleak sar oi ditute idaz-lanetan. Euskaldun zenbaitek berea ez dun izkelgiari nardaz begiratzen die. Aunitzek, bizkaieraz idatzita dagoalako, beste gabe, idaztia alderar yaurtitzen dizue. Ergelak. Norbere izkelgiari itsatsiegi ez dugu bear. Orretara ezkero, aurrerapiderik ezin gentzake egin euskal-bidean. Egun, gure artean idazle gallen diranak, erro-errotik ezagutzen ditute izkelgi guziak. Ormaetxea batek bere yatorrizkoa bezin sakon dakizki Euskalerri'ko izkelgiak, beste ainbeste Azkue ta Zaitegi'k eta beste askok ere bai. Bagaituzu gere-gerea dugun izkelgia utzi-ta auzokoan ari gaituzunok, batasuna upatu bearrez. Bide ortatik iritxiko gaituzu obeki idaztera eta gere bulko-gogoetak apainki euskeraz-yaztera.

        Ontan ere yarraigarri Intzauspe bera. Xuberoeraz gainera lapurdieraz ere idazle bipila zenuten. Aren liburuaren mendebetetzean asmo zindo bat artu bear genuke: soin ta gogo gure euskeraren barnemuinetan murgiltzekoa, edonun tea edonoiz, itzez ta idatziz gure euskeraren edertasunak erakusteko.

 

Paris'en 1951 Urrilak 16.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.