L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Gernika aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Gernika. 18. zkia (1952-urtarrila/martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

¡Agur, Azkue Jauna, Agur!

 

Altube'k

 

Amaikatxo kontu, (geienak irakastailleak, baita batzuk barreikarriak ere) entzunak ditugo jaun agurgarri orren ezpanetatik, eta ori, liburu ta idaz-lan ugari ta era guzitarikoetan agertu zizkigunak eztirala.

        Nik, bat edo beste kóntatuko det, aren ariotz tristearen oroigarriz...

        Azkue jaunak, jakiña degu, Bilbo izán zuan, urterik geienetan, lángintza-erri; baiña Lekeitio jaioterri, gaztaro-erri, baita geroetan atsenden-erri ere.

        Bilbo'tik Lekeitiorako joan-etorrietan, Gernika'n sarri-ta-sarri bixitatzen ninduan; eta nik ere bixita oik ordaintzen nizkion, pozik, Bilbo'ra joaten nintzanetan; eta au, Euskalzaindia sortu baiño len, bere etxean ("Campo Volantín" kalearen 15 garrenean).

        Bein-baten, etxe onetantxe, beti bezela, mintzaijakintzaz, euskal-jakintzaz ari giñalarik, atera zúan pillakatuta zeuzkan liburu ugarietatik bat, eta eskuratu zidan, auxe esanaz: "Liburu onetxek kéndu zizkidan, lenbizikoz, mintzai-jakintza gauzetan begiak illuntzen zizkidaten lausoak. Irakur zazú zuk ere lenbizi auxe, eta gero gerokoak." Liburu ura, ondo gongoan det zein zan: A. Hovelacque'ren "Linguistique"deritzaiona.

        Azkue-ren autorkuntza orrek, nere ustez, inportantzi aundiko zer auxe erágertzen digu.

        Azkue'k, gaztaroan (beste euskalzale askok eta askok egin degun bezela) erri-izkera, errespetu gutxiegiz bégiratzen zuan. Erriaren izkera, ez bakarrik aberastu (au legezko baita), baizik-eta aldatu ere egin génezakeala uste zuan; beste-itz-batez, izkera-oiturak, benetan diran baiño, askosaz aldatze-errezagoak dírala iruditu zitzaion.

        Uste oker ori agértu zuan lenengoz idatzi zuan Gramatika-liburuan, au da, "Euskal-Izkindea" izenaz agertu zuan artan.

        Egia esan, liburu orrek, etzituan agertzen aldakuntzakerri banaka batzuk izan ezik; eta euroak ere, etziran benetako berrikeriak, zerak baizik, egiz edo ustez, euskera zaarrea aurkitzen ziran esate-moduak baizik.

        Baña aldakuntzakeri oik zirala-ta, kanpotar izkuntzalari batek edo bestek, muxin egin zionten Azkue'ren euskalgramatika orri. Ezaguna degu Dodgson zanak jaurti zion irri-esakuna: "Ori ezta Vascuence, Azcuence baizik".

        Zirikaa zorrotz onek eraginda, noski, asi zán, Azkue, atzerritarren linguistika liburu batzuk irakurtzen eta ikasten; eta onek, zigurki, on egin zion; Azkue'k berak beintzat, Dodgson'en esakun bitxi ori, irriparrez kóntatzen zuan geroko aldietan.

        Dana-dala, arezkero, aldakuntzakeriak, edo-ta (berak esan oi zuan bezela) "txukuneriak" bertan-bera utzi, ta euskera dan bezela ikasten ási zan, au da, erriak (batez-era euskera beste izkerarik eztakian an-or-emengo erri-jendeak) egunero darabilkian euskera ikasten.

        Eta ikintza ortan Azkue'k egin duan lan izugarria, sinistu ere eziñezkoa degu; aratu ta ikertu Euskalerrikok eskualde ta txoko guziak; arretaz entzun éta ikasi euskera mota guzietakoak; entzunten zuan guzia apuntatu, beti gramatikalki ta esakun pilla amai-gabekoak ordenatú molt-sokatú, ta iñoiz amestu ere egin etzitezkean euskal-liburu baliozkoetan argitaratú.

        Berdin egín zuan bide-batez batu zituan ipuin; atsokontu, baita bertsuzko naiz doiñu-utsezko musika ugari-ugari ta zorogarriez ere...

        Benetan, Azkue'k, jakintza-gai oietan gein digun lana, etzan gizon bakar batek egitekoa. Baldin, olako lanik geyen eta bikaiñenak egin dukeanarentzako "premio Nobel" bezelako saririk balitz, mundu guzian, Azkue jauna génukean irabastaille. ¡Bai orixe!

        ¡Jaungoikoak saritu beza, zeru altuetan, Euskalerriari ainbeste mezede egin dion, eta guk mezede ori bear bezela sekula eskertuko eztiogun Azkue jaun beneragarri ta maitea!

 

El homenaje póstumo que, con la publicaciín de las anteriores páginas, ha rendido GERNIKA a la memoria de Don Resurrección María de Azkue, nos obliga a retirar del presente número varios trabajos ya compuestos de nuestros habituales colaboradores. Prometemos publicarlos en el próximo número, el cual estará consagrado, en buena parte, a conmemorar, como en años anteriores, la fecha del 26 de abril, décimoquinto aniversario de bombardeo de nuestra Villa Santa (N. de la R.).

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.