L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Gernika aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Gernika. 21. zkia (1952-urria/abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Esku-Iztegi bat

 

Orixe

 

Ikus zer dion Justo Garate iaunak, Azkue zaneren goratzarretan ari dala (GERNIKA'n, 18,5).

        "Etzegoan ain ongi Azkue zana, zionean Bera eta López Mendizabal'ek egindako iztegi txiki polita, plagio edo lapurketa zala. Gutxik onestuko zuten iritzi mingor ori, eta asko erabili ditunak daki ongi ori. Au esateko ordua zan, eta pozik esaten det."

        Gai ontaz iakingarri zaioke irakurleari —bai egilleari ere— Azkue'ren beraren azken urteetako aburua. Noiz eta nola aldatu zitzaion, lekuko naiz, eta nerekin Gergorio Maidagan iauna. Esan izan nion, ba-nun ainbeste bekoki, legeak eskatzen dunez etzezakela auzitara deitu L. Mendizabal iauna. Ixilik entzuten zun; baña lan bat egin bearra gertatu zitzaion itz sortuberri edo neologismo 'etaz, eta lan aren ondorenak burua makurtuazi zion.

        Azkue iaunak etzun irakurri oi euskeraz, idazten zan pixka ere; naiko lan ba-zeukan bere gauzak edazten eta, batez ere, etzun irakurtzen E. Gaztedi'koen euskera. Gaztedi orrek gogor eraso zion zanari ta Euskal zaindiari —bai neri ere—, ta, aldea batera, gauzak dakarrena da, aienik irakurri ez izatea. Nik irakurtzen nun, naiz erantzuteko, naiz... ikasteko, gutxi edo asko. Beraz aien itz sortuberri aietan poliki iantzirik nengon.

        Asi du Azkue'k bere lana. Arriandiaga, Zabala-Arana Zinkunegi (Balmes'en irispidea), eta abar aztertzeko asmoan. Berak etzekin itzen bat topo egiten zunean, neri deika asi zan, aldioro ez ba da ere, maiz aski. "Ez dakizula, Ormaetxea, itz onek zer esan nai dun?" —Bai, iauna; auxe. Beiñere ez nindun erantzirik arrapatzen. Alako batean dei egin dit apustua irabazi antzean, eta au galdegin: "Auxe, bai ez duzula asmatuko: zer da zagoralket ?" Bertantxe nik: bai ori ere. Aste Gurena deritzaion liburuan, Dabid'en Salmo batean dauka: "In medio Ecclesiae laudabo te": Batzarraren erdian za-goral-ket. Eusko Gaztedikoek goraldu esan oi dute, eta Bizkaian zargiket; ortatik za-goral-ket. Arriturik gelditu zan. Aztera zaude esan nion. On da irakurtzea. Eusko-Gaztedikoek ere gaizki egiten dute, Kardaberaz'i ta alakoeri muziñ egitea, mordollo ari izan ziralako; guk ere bai berrizale oiek ez irakurtzea. Beti zerbait ikasten da.

        Ari zan, ari zan gure Azkue egun guzian liburu berri oiek iraultzen eta aztertzen, lan eta lan, egun osoetan, izen-zerrendak atereaz. Seien bat illabete egin zitula nago, ta berak lan egiten zun bezala! Gai zan Azkue sei illabetean Esku-iztegi bat egiteko ere.

        Lana bukaturik, artzen du eskuetan L. Mendizabal'en Esku-iztegia, ta... banaka banaka... itz sortuberri guziak an arkitzen ditu. Ordun iabetu zan Azkue, L. Mendizabal'ek bere deitzeko aiña lan eta geiago bazeukala Iztegitxo arek.

        Justo Garate'k auzi au argitara atera dun ezkero, dakidana esatea ongi iduritu zait.

        Auzi ori dala bide, gure Ixaka zintzoa, lenbizitik barnean egon bear zukena, ez zan beiñere sartu Euskalzaindian. Gaur etxean ba'geunde, alkidun ez ezen, Buru egin bear genuke. Oinbeste lan eta ain ongi egin dulako, zor zaio, naski.

        iñor aiña ukabika egiñik nago Eusko-Gaztedikoekin; bañan ez ninduten artaraño itsutu. Aien euskera ikasi nun, eta gaur ez da neretzat itz sortuberririk. Besteak ala egin ba lute, ez giñake gaur mokoka ariko euskaldun otsaputzok. Itz sortuberrien aurka ari diranak oben aundiago dute. Euskeraz ezer egin ez duten aientzat ez dute esankizunik. Eta erderaz iardun marmar, alper ustel oiek. Olako euskera egitea politika iotzen ba zuten, batere ez egitea politika txarrago da.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.