Hiribarren'en "Eskaldunac"
(1853-1953)
Ibinagabeitia'tar Andima
Euskal-literatura zelaiari begira iarten naizen bakoitzean, biotza erdiratzen zait, urratzen zait. Paris'ko "euskararen-egunez" nere itzaldia bukatu orduko, gure arteko gizon iakitun bat urbildu zitzaidan eta urrengo auxe ialki zidan aotik-ortzera: "pesimista goibel zaitut, adiskide, zure euskerari buruzko itzaldietan: beti ageri zera illunegi, beltzegi..."
Zer nai duzu, ene gizona, ezin dezaket biotzak agintzen didana baizik erasi. Bestela iardungo ba'nu, gezurretan ariko nintzake. Goibelak bear dute nire itzaldiak. Ez didazu ukatuko, orratio, egitiak ere diranik. Nik ez dakust inguru guztietan, gure izkerakiko arbuiorik negargarriena baizik, zeorrengandik asita, adiskide. Ezin gindezke kanta txorotan ari, euskaldunak izkera ostikopetuta dadukaten bitartean. Beltz ariko naiz, ez naiz iñoiz ere gezurraren aurrean makurtuko zu bezalako zenbaiti atsegin emateko...
Eta euskaldunen arbuio ori gure literatura guziarekikoa da izan; literatur zahar eta berriari buruzkoa. Ez da gure artean kritika zitalena baizik ageri, euskeraz zerbait egiten dugunok kaxkaratu ta bezteko. Kritika orren zioak ezagunak dira; garbiegi gabiltzala, zailegi ari gerala... Obe genukela antxiñako idazleen ariora idatzi... Oiek eta beste zozokeri aunitz ere idazten ditunei, erderaz iakiña, galdetuko nieke: Maizu andi; gure literatura zaharra ezagutzen al duzu gero? Geienetan ezezko borobillena iasoko nuke, gure zuzendari ez-iakin eta alotz oriengandik.
Euskal-basamortu negargarri ontan maiz bidari ibiltzen naiz, ioan aldietara begira, itzalpe ozkirririk nun arkituko, ene sukarra nolarebait epeltzeko. Eta arkitzen dizut; oraingo ontan Hiribarren apaizarekin topo egin dizut orlako itzalgune batean.
Egungo euskaldunak, geienak beintzat, ez dakite nor zenik ere apaiz iakitun eta argi ori. 1810'ean Azkainen iaio zan, etxadi euskalzale ta giriztino baten baitan. Aren iatorri-arbolak Naparroa'ko erreinu zarrean ere bere sustrai sendoak tinkatzen zituen. Xabiertarren odola bere zainetan zeraman, eta garra ere bai.
Atsegin lizate, apaiz onen bizi gora-bera guztien azterrenak iasotzea. Bainan, gaurkoan beintzat, ez dagokit orrelakorik. Ez dut ortarako ez betarik eztare tokirik. Aren euskal lanak banaka aipatzea ere luzeegi litzate. Geienak argitara gabe datzate oraindio. Euskal-iztegi aundia, ogeitamar mila itz baino geiego bere orrialdeetan dituela, liburu mardul asko ere bai, pillaka olerki eder ere zori berean arkitzen dira, ots, oraindik eguzki-argiaren laztanik artzeke. Auxe da izan ere euskal-idazle azkar geienen zoritxarra: itzalpean iraunbearra...
Hiribarren, bere garaian, poeta-otsez inguratuta agertzen zaigu. Bere adiskide guztiek orrela aitortzen dute; Aguztin Txaho'k, beti ere, "poeta maite" deitzen zien bere korrespondentzan. Bera dugu, Hiribarren, euskaldunok izan dugun aurreneko poemaren egillea, "Euskadunac" deritzan liburuaren egillea. 1853'ean argitara zuen poema ori; aurten mendebete ain zuzen ere. Merezi zuen aipamentxo bat apaiz gartsuaren lan garaienak.
Aipatu poema ez da luzeegia: 5.000 neurtitz gutxi-gorabera, kapitulu ta kantutan bereizia. Euskaldunak iñarrosteko idatzi zuen, asieran dionetik, arbasoen egiñak oroiteraziz lurraren eta izkeraren maitasunean pizkortzeko:
Escribatzerat noha gauza zahar asco:
Herritar gehienak dute prezatuko;
Ez da lan erechena, guehienak iakin,
Denbora gana dela hedoi handiekin.
Ondoren aldi zaharrenak barna murgiltzen zaigu olerkaria, illun-mende aiek nolarebait argitu naiez. Ua ere, garai artako seme, orduko uste bitxienez apaindurik agertzen zaigu euskaldunen ethorkiari buruz. Ondoren, gure erri ontako osogarriak oro, atalka kantatzen ditu: zazpi eskualdeak, mendiak, uriak, eta gure erri-barnean bizi diran iente-monta guztiak.
Euskalerriaren atalak banaka goraipa bear onek, poemaren batasuna gal erazten dio. Etorriaren mende ibilki, poemak bear luken asmo-batasunik ez du ageri; taiuz antolatutako poema baten ordez, poesi bilduma dala obeki esan genezake. Orrez gainera, olerkari baino neurtizlariago ageri zaigu Hiribarren. Alare ba ditu bere bertsu-aldietan poeta garaienak ere onartuko lituken ahapaldiak. Arrigarria benetan apaiz onez euskera nola menderatu eta erabiltzen zuen ikustea; txoriari tzinta bezin errex ta aisa ateratzen zaizkio bertsuak luma-muturretik.
Hiribarren'ek euskaldunen makurrak ere nabarmentzen ditu bere poeman, aundiena batez ere, ots, euskerakiko izan dugun betiko lazokeria. Txoraturik zeukan gure aberri-izkerak, bear bezalako euskaldunari dagokion lez, eta euskera guzien izkera nai zuen, Euskalerriko muga urruneteraino zabaldua. Iakingariak urrengo bertsuak, "Euskaldunac" en 88'garren orrialdetik artua:
Aphezpiku dago Baiona hirian;
Ikhasi du Euskara, atzea Francian;
Hartako Lacroix yauna Eskaldunak maite,
Bere mihian hori mintzatzen zaiote,
Erakutsiz guciei eskaldun mintzoa
Ez dela uste bezen ikhasten gachtoa.
Gaskoinak darasate, zazpi urthe bethez,
Debrua egon zela deus ikhasi gabez;
Munduko mintzoetan ezda hain garbirik;
Ez eta behar bada hain gai handicorik,
Damuric ezdirela herritaco yaunac
Bere mintzo ederra arthatzen dutenak.
Betikoa... Oraingo iaunak ordukoak bezala, ein berean arkitzen ditugu, euskerari ardura tipienik ere eskeñi gabe, batez ere iaun iakintsuen artean.
Irakaspen ederrenak bil genitzake liburuxka zoragarri ontan gure betiko auziari buruz, euskerarenari alegia. Iñoiz ere es dugu auzi ori garbituko, maila guzietako euskaldunok eta euskotarrok gere izkeraren barnemuinetan sartuko ez geran arte. Ordua dugu dagoeneko...
Iharruz Eskaldunac, zuen ilhunbeac,
Abia ordu luke arguien mendeac! (Eskaldunac-4'gr. orr.).
Paris'en Otsaila, 1953.
|