L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Igela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Igela-1 (1962-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskaldun garbia Espaniako modan

 

D. Peillen

 

Gure estadistika ganako joera eta bizioa ezagutzen duzute. Pentsa nere poza eta alagrantzia, egun hartan irakurri nuenean: Euskal Errian bi millioi jende laister biziko da. Nere artalde ixpiritua, euskaldunen gregarismu zaarra berpizten zitzaidan. Euskaldunak kantitatearen aldetik zerbait ginen. Errian bakarrik 2.000.000, baina kanpokoak kondatuz bost.

        Orduan gazte ezaxola, iñorante eta buru arina nintzan. Bearrez biaramenean Jel Enbaita izeneko euskaldun bat ezagutzen nuen. Enbaitarra, iritarra kaletarra zen eta anderea berdin. Erriko bi argi iturri omen ziren eta biekin ikasi bear nuen euskaldunak neurtzen, eta bereizten.

        Senar emazte biek pekatu latz bat zeramaten: ez ziren euskaldun garbiak edo beren izkuntzan ziotenez, ez ziren Euskaldun Jatorrak. Euskaraz itzegiten zuten, bai. Mezetarat goizero joaiten ziren, demokrata ziren, baina ezin eraman zuten BASERRITAR EZ IZATEA.

        Horrelaxe Enbaitatarren argien bidez, bi millionetatik bosteun milla euskaldunetarat jaitxi ginen, euskera jatorragatik. Laborari edo nekazari, demokrata, giristeño, euskal odol edo izen jatorraren faltagatik ogeitaamar milla euskaldun gelditu ziren. Gero euskoen oitura, ekandura, kostuma, usantxa eta ohidurak kontuan edukiz: 769 ziren euskaldun. Baina zazpieun irurogeitabederatzien artean zenbat oraindik bizi ziren. Artzaina lañopean galdua bezala ibili naiz, bat baino ez bazen, arrapatu naiean.

        Basotik agertzen den Eguzki famatu haren legean Jel Enbaitak argitu ninduen. Ez nuen alaz ere nere Zubero errian bertan Euskaldun Jatorra, Uskaldun hutsa, harrapatu uste. Ez nuen pentsatzen euskaldun garbia zitekenik. Errikoek gaitz-izenez Aran Beltza izendatzen zuten eta jende salbajeak gogoan edukiz, uste nuen larru beltzeko Kongotar basati bat, umez inguratua, topatzea.

        Non bizi zen jakinik eta ikustera joanda, poztu nintzan. Azken euskaldun garbia zen ordea. Maketoen, kaskoinen asmakeri asko baztertzen eta arbuiatzen zituen; hala nola, gauza zital, desonesta, gizakontrakoa: saboi garbikaia. Ain zitzaion garbiketa moda hori ezagrada Palmolive edo Cadum usain arinenak, gaizkitzen eta aldi txartzen baitzuen. Larrua buztin lurrarekin ikuzten zuen: hori zen, erdaldunen kontra gerra egiten zuteneko denboran, euskaldun jatorrek erakutsi oitura bat.

        Jendek zioten, sarri, euskera zaar eta garbia ematen zuela. Jakintsuak haren aotik atera eta jalgi itzen biltzera urrundik bazetozen. Egia zen, kokoen, maketoen kontsonante itsusiak f eta h ezin zituela pronunziatu, jota jatorra ordea bai; hortzaz konturatu nintzan "egun on" esan zidanean. Nekazale zirzil bat nere lalagrantzia zikintzen saiatu zen: "Aoan agiñen erdiak falta ditu atsoak, errez ditu "itz-berriak" asmatzen.

        Ez ziren bi minutu Aran Beltzaren etxean sartua nintzala. Azkatzen asten nintzan. Zerbaitek kilikatzen ninduen. Aran Beltxak orduan asarre:

        — Ixo, aixti, egon geldirik Xabin.

        Nori zuzentzen zen ez nion galdetzen. Aran Beltxa, euskaldun damaren bizitzean ba ote zen gizonik? Eta hura anderea bezin jatorra ote zen? Azkenean Xabin beatzen artean artu zuen. Predikatzea bururatu zuenean ni orduan asi:

        — Emen jaioa da, hemen sortua?

        — Ez urruti jaioa, Ibaizabal ondoan Euskal Errian. Aber'izena euskaldun du. Odola? Neri edaten dit egunero, ezin izan jatorrago.

        Eta beatzen artean zomorro gorria, zorria, mubitzen eta igitzen ikusten nuela nere gogoarekin ari nintzan: au etxe zoriontsua, Aran Beltxa, Aran Gorria lagun. Azken bi jatorrak, azken bi odol garbikoak ikusten nituen. Nik ez dut holako zorionik, izena paso, odola inbido txiki bat eta jaiotokia, sorlekua mus. Ez nintzan euskal jatorren jokuan sartzeko on.

        Aran Beltxak zer lan egiten zuen aitortu zidan. Banekien erriko beideizale, bei otsamaile ta akullatzale onena zela. Berak zion: —Aberek ulertzen ni, gizonek ez aberezalea naiz ta—. Aran Beltxa beien aurrean ibilten zenean, erriko jende gaiztoek zioten, euskalduntsa jatorraren zikiñak eskandalisatuak, bei ta idi asarretuak ondotik jarraitzen zizkiola, adarrekin txistatu bearrez. Beltxaren zaiak eta gonak edozein toreruen muleta baino geiago zitzaien.

        Urteak joan dira ez dudala Beltxa ikusi. Zorri onez inguraturik Aran gorria il zitzaion eta negar tartean zorriek enteratu, erortzi zuten. Geroztik Euskal Erriko zorri guziak doluan daude. Enteru egunean zorriek beren bigote ta bizar guztiak, illeka-illeka, biloka-biloka tiratu dituzte; geroztik ere euskozorriak erdal-zorrietatik errez dira bereizten, bigote, bizarrik ez baitaukate.

        Aurten azkenik gure zuberotar Beltxa il zaigu, baina non eta baitzen bere denboran pertsona bitxia, medikuak erortzi gabe haren gorputza zabaldu nai izan du. Azken Homo Aranistensis-aren eriotzak baino, autopsiak bazterrak jo ta inarrosi ditu. Aran Beltxari buru-muinak bakteriz beterik arkitu diozkate. Gero bakteriari inguru Mutxeta medikuak asmaketak egin ditu, zeinek Bonel Saria irabazierazi dioten. Bakteriari gure jakintsuak bacterium zozoa edo Zozobacterium tumaefaciens izena eman dio.

        Azken denboretan IGELA-ko idazle guziak konturatu gira guk ere kutsua genuela eta ordu zela erremedio bat atzeman zezen. Illabete barru Mutxeta jaunak, irrigei ta parregarri belarrez egindako edari bat asmatu digu: Elixir parregarrikua. Edariari esker salbatu uste dugu, artu bitza IGEL hunen bidez, jaun jakintsu harek, gure exkerrak eta goraintziak.

        Gure elixiraren artzeko ez da barurik izan bear. Cognac kopa on batek eta gure paperaren irakurtzeak lagunduko zaituzte. Erremedioa lasai, astiroki, emeki, polliki gozatzez, trago txikikaz iresten da.

        Alaz ere gure ipuinak ez bazindu konbertitu erremedioaren artzera oroitu zaitezte Beltxaren buruan, muinaren ordez bi milioi bakteria idoro dutela eta ideien lekuan toxinak. Ez aiztu zuek ere Beltxaren odol tanta zenbait daukazutela; zuek ere, haren gisa, uralo-hungaro-altaiku-kaukasiku-vasco, famili jatorretik zireztelakotz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.