Prensa - presse - berriketariak
D. Peillen
Mundu hontako gaitz guztiak jendeen ez-jakinetik, populuaren iñorantziatik sortzen dira. Hau da, joan diren bi mende argiek aurkitu eta ediren egia. Zori onez geroztik eskolak asmatu dira populua bere ez-jakin itsusi hortatik atheratzeko. Dakizuten bezala populuak ezkribitzen, irakurtzen eta botzkatzen ikasi duen herrietan orain ez da gehiago krima, gerra edo beste holako itsuskeriarik ikusten.
Naski erantzungo eta inhardetsiko duzu, jendeak irakurtzen ikasi arren guti leitzen duela. Bai eta halarik ere kasetak, periodikuak, egunkariak irakurten baditu aski da. Guziak dakizki. Beraz apur horrekin gure erria ezin liteke hola iñorantziaren ilhunpean egon.
Ni ere egunoroz bezala, nere erriko egunkari baten erostera ibili naiz. Frantses kasetan begiak lehen plaman, leen orrialdean landatzen ditut. Nere iñorantzia indarkaz hausteko letra handizko titulu larriek diote: hilketa itsusia atzo Nanterre-n, sarraski bat Lyon-en mila libera eramaiteko bere amama hil du. Eguerditan ehun pertsonen bixtan Norteko estazionean, lau diru-kutxa sosez beteak eraman dituzte.
Paperaren barrenean garrantzizko berriak dira: Margarola Erregiñak ez du Larrazken hontan haurrik izango. Fabiaretharen lehen haurrak neska baldin bada Malua izena hartuko du eta seme jaiotzen bada Marrabilla. Suntsitu da aireko bat Madeares Isla ondoan. Populuak berri horiekin bizitzea zer den ikas beza.
Urratu dut ondotik euskaldun kasetari inguru zen paper eraztuna: Gure jaun erretora parrokiaz kanbiatzen da. Bigigaineko serorak bizikleta bat badu erriak erosirik. Daigun astean Biginagan adorazionea eta gerokoan jaun apezpikuaren bisita. Behi bat galdu da Bost-Mendietatik, adarretan Laffite-Alçabehety marka badu. Ikusten duenak ezkriba beza Lafitte jaunari. Hor bereala ikusten dut gure herria abere-hazle dela eta bere artzainez asko kezkatzen edo hainitz arrenguratzen dela.
Beharrez oraino hirurgarren diario bat banuen, española: La voz del País Vasco. Hor ikasi dut Fulanar del Ebro-n joan dan urtean baino ehun kilo patata gehiago egin dela aurthen. Estatistikaren indarra nagusi da. Probintzi, iri eta herri bakoizka zenbat bizizale, zenbat bizikleta, zenbat ume-zurtz, neska zahar eta p... etxe, zenbat fabrika eta bide projektu.
Frantses melodrama eta euskaldun artzain-drama bazter utzirik nere gustuko kaseta hispano-científico-a hautatu dut. Egia da numeroen kontra, mathematikeri buruz deus ezin ditekela egin. Gainera atoma kako batzuz euskalduna naizenez eta espanolekin maiz arrolatzen, estatistikazale egin naiz eta seguru naiz Margarola, Ingrieta, Sofista edo Ginecolaren amorioek ez dutela Numero-Lerroka baten ondoan gatzik batere.
|