Euskaldunen strip-teasea
Munduko kabaret guztietan erakhusten den strip-teasea gure aburuz egiazko euskal-folklorearen froga bat da. Batzuek diotenez spektakulu haur Parisen sorthu zen... eztakigu haren sortherria hori denz... Gure aburuz erran dugunez eta erakhutsi nahi gendukeienez, strip-teasa guztiz euskalduna da, behar bada euskal tradizionetan, zaharrena eta orain munduan hedatukien ezagutzen dena ere bai.
Badago bertze euskaldungoaren imperio bat, euskal txapelaren imperioa, bainan euskaldunek dakigun bezala, euskal txapela ezta bere iathorriz euskalduna, kanpotarra baizen.
Gure folklorearen ikherzale zaharrenek erakutsi deraukuten bezala euskaldunak paganoak ziren, bertze Europako herri guztiak giristinotu zirenean... (Hortakotz ere, oraiko neophyten garra hoin handia da euskaldunetan, zeren eta euskaldunak atzo ere paganoak baitziren).
Euskaldunen kultu zaharrena, bortxa naturalen adorazionea izaiten zen. Euskal kultu zaharrenen biltzar nabusiak, akhelarreak ziren, orain zelebratzen diren meza nabusiak bezala. Euskaldunak "sabbatho" arrestietan mendietako templetarat ioaiten ziren eta gauazko mezak oihan sagratuetan egiten zituzten.
Meza beltz haukietan, zeremonia nabusia egiazko strip-tease bat zen. Bainan geroz euskaldunak giristinotu ziren, eta euskaldunen ohidura onak... folklorismu pharregarria bilhakatu ziren. Egun egunotan Laburdiko emparantzetan ikhus ditzakegun representazione nakhaizgarriak, beren ithurburuan euskal kulturaren serbitzu ederra eta sublimeak ziren...
Euskaldunek, fede berriaz bere biziaren ohidura onak galdu zituten eta ohidura berriak onhartu. Fede berrian, kultu zaharraren praktikak gaitzetsiak ziren... eta euskaldunek bere iathorrizko ohidura onak mesprezatu zituten; beren buruen kontrako plazer haukietaz beren sentimendu nazionaletan, masokhistak bilhakatu ziren...
Bainan ohidura zaharrak, bethi danik herri baten fuinaren barnean bizi izan diren praktika zaharrak eztira hoin errazki funditzen... eta orain Pariseko eta Euskalherriko kabaretetan euskaldun striptitosak taldeka ikhus ditirogu...
Badirudi ezen euskaldunsek munduari erran nahi zeraukotela ezen striptisa euskal ohidura zaharra dela egiazko euskaldun folklorearen froga ederrena.
Orain Euskalherriko plaza eta herriska guztietan turisten sosak erremusinak bezala, euskal-folklore eskale-taldeek presentatzen duten nazional-prostituzionearen erkatzean, Pariseko eta Inglaterrako kabaretetan erakhusten den striptisak, behintzat alde hobeak baditu. Euskal folkloristek erremusinen biltzeko gure herriko kultua, turista zozoei erakhusten derauelarik, gure herriaren sakonguak aurkezten dituzte eta ahalkegabe gure intimitateak prostituitzen dituzte. Heien eretzean, striptisea gauza noblea da, striptitosek kabaret batetan, maitasunaren temple batetan bezala, beren dantzak dagitzate. Iguzkitan egiten den euskal nazional-prostituzionearen eretzean, kabareteko saletan erakhusten den strip-tise-dantza arthezko spektakulua da, euskal folklorearen exemplu iathorrena eta ederrena.
Laburdiko aberezaleen lendakariak
bere Ameriketako turnea egin du
Laburdiko aberezaleen buruzagiak Ameriketan egon da. Haranatar Simunek munduko berrian gaindi ibilia da, lekhuz-lekhu Euzkadiko politikari buruz mintzo zelarik. Bere bidaie apotheosiko huntan, Ameriketan bizi diren euskal koloni zaharrek eta refugiatu berriek, Sorkaldetik dathorren Propheta bat balitz bezala Harani agur eman zeraukoten.
Ameriketako aeroportu guztietan euskal aberezaleek erderazko ongiethorriak eman zioten, zeren eta euskal aberezaleak, salbu-eta bi hitz goiti-beheiti, bethi gaztelaniaz eta frantsesez mintzo baitira nehoiz ere euskarazko artikulurik ezpaitathor. Hunla bada euzko (hunla zetaz iguzkitik baitathorz) aberezale berriak, Laburdin ere frantsimanak dirade.
Trinketetan bere pilotaz eta Politikaren Agoran bere hitzez Euzkadiren kausa gerizatu zuen. Ameriketan bizi diren euskal revoluzionari bakhezaleak beren folklore-ezpatadantzariez heien militarezko bortxen demonstratione bakhetsua eman zeraukoten revoluzionari-reakzionari huni.
Televista ere Euskal pilotaren embaxadorearen serbitzuan egon zen. Erraiten dutenez, orain dano nehoiz ere etzuten euskal aberezaleek hunelako artellari-astuna bere demonstrazioneetan ukhan.
Ameriketako jurnaletan irakurri genduen, ezen Euskaldungoaren Ave Phoenyxa heldu zela, Ameriketan hautsen pean itzaltzen zen euskaldungoaren garra berphizteko.
Behar bada gure irakurleak orain arte eztaki zer den aberezale bat. Guk geuk ere ezkenekien... bainan pentsatu genduen ezen aberezalea abereak maitatzen zituen person bat zela, eta Euskal Herrian orain ere abereen geritzatzeko Biltzar bat kreatu nahi zutela... Batez ere haren Buruzagia Phoenyx bat zela irakurri genduenetik. Dudarik gabe hunelako Biltzar bat Euskal-Herrian eduki behar genduen, xoriak eta hegaztinak nola hilten dituten ikhusten dugunean... Hortakotz Zoologikorat ioan ginen gure aberezalei buruz zerbait entzutekotz...
Geroz ikasi genduen ezen Baionan publikatzen den revista batetan Euzkadiko kausa gerizatzen zela... irakurri nahi ukhen genduen, bainan aberezaleak... frantsimanak zirela ikhusi behar genituen; revista huntan, salbu eta titulua, guztia frantsesez izkiriatuta baitathor.
Hunla, beraz aberezale-bat Euskalherria zer den, geu ere iakin-gabe geratu gara... Zuk irakurlea, Biltzar zoologiko horri buruz iakin bazeneza ethor-araz iezaguzu.
Dena dela, dioitenez Aberezaleek beren lerroetan bethi Lendakari bat dute, eta motivu hunengatik ere, Harantar Simuni titulu haur eman deraukote. Ameriketan egon da euskal-aberezaleen Lendakari guztiak bezala.
Argentinan iurnalek erran zuten ezen Harantar Simun Euskal Herriko Makkhabeu berri zela... bertze lekhu batetan irakurri genduen Haranen persunaren baithan Euskaldungoaren Apostolu berria gendukala.
Orain, euskal aberezaleek badute beren kausaren gerizatzaille sutsua. Laburdin herririk-herri entzuten da ezen "Gure baitan sorthu da behar genduen Simon Petrua!"
Euskaldunak harrizkoak baitira, zu bezalako harrizko gizonak behar dituzte. Zuk eztuzu izkiriatzen lurrhezko luma batetaz Europan bizi diren herri degeneratuen, poeta degeneratu hoiek bezala. Zuk Harri-Zaroa danik guganat heldu den euskal kromagnon gizonak bezala, zuk, harrizko zizel batetaz euskal harpeetan zure "Gora Euzkadi" skulpitzen duzu. Erromatarren aldia danik aldatu ezkarela erakhutsi behar deraukozu munduari bethidaniko basatiak orain ere bai bagarela iakin bezate, erromatar degeneratu hoiek.
Euskaldunak orain ere, Herri Zaroan bizi garela erakhutsi behar dugu orain ere lehen bezalako aberezaleak garela iakin bezate! Egiazko euskaldunak, egiazko aberezaleak harpeetan eta lezeetan bizi dira... eztitugu maite herri degeneratuek ekharri derauzkiguten etxeak; etxe batetan bizi izaitea degenerazionea baita. Euskaldun batek mendietan, oihanetan, harpetan behar luke bizi izan, batez ere aberezalea den guztietan. Behera erromatarrek ekharri derauzkiguten lukainkak! Gora euskaldunen bizi naturalea! Gora kromagnon epokha! Agur zuri, Simon Petruari.
|