L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Igela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Igela-3 (1962-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Behiak

 

Joanes Mirande

 

        = Sed Perak e c'heller ober doneezed ac'hanomp e'broiu zo, ha doneezed om en wir. (Goulehenn PENNAOD, Prezegen SULAKTA, bretouak.)

        = Hortakoz jinkosa egiten gitie herri zunbaitetan eta jinkosa gira egiaz (üskaaz emanik G. PENNAOD breton poetaren erran bat).

 

Etxia eta etxenkuak ützi dütüt, goiz huntan eta, sorhoetara juan niz, ene herriko sorho berde batetara. Ebia ari zen, beliak hegalez ba zabiltzan zelian, min zaharren ezin ahatzen aanak ene goguan iratzarriz beren kua, kua-kua-z.

        Bena berde zen belharra eta gizen, eta behi gorhats eli bat hor baziren alhen.

        Ene heltzian, ükhüratü ziren alhatzetik eta eni so jarriz.

        Bai eta nik ere so egin nereien behier eta hala mintzatü nintzaien:

        — Oi behiak, jinkosa anpliak, ez khexü izan: ez nitzaizie horra sorhuetako bake handia nahastera. Dolorus eta ümil horra benitzaizie ez khexü izan...

        Eta behiak etzan ziren ene unduan, ükhür-ükhürrian eni so:

        — Behiak, nik erran nereien, ederrak zirade ta laket zait zien begien bake hori. Bena ni gizon seme bat baizik ez niz, eñhatü niz lanetan, min düt ene bürian, ene aragian.

        Eta behiek arrapostü egin zereitaden:

        — Zertarako giza semea? Lürra biribil dük; üngürakan ari dük; egün batek emana besteak eramaiten dik. Bena belhar berdia goxo dük bethi, etzan adi belharraen gainen phausü bat har'ezak.

        — Behiak, nik erran neren, eder zirade eta laket zait zien bilho koloria. Bena ni gizonen seme bat baizik ez niz, maithatü düt, min ükhen düt bihotzian...

        Eta behiek eni arrapostü:

        — Zer dük bihotza gizon semea? Lürra biribil dük, lürreko sorho güzi orotan gozatzen gütük segürez, gu eta gure ahizpak, jauzten gütialarik jinko-zezenak. Bena belhar goxo jatea, hanitxez gozoago dük... Etzan adi belharraren gainen, plazer har'ezak!

        — Behiak erran nerien berriz eder zirade eta laket zait zien ederra, bena ni gizon seme bat baizik ez niz: herri minez bizi nintzan hebenti hürrün eta ikhus! herri hau dela kausa düt orai min...

        Behiek aldiz eni:

        — Zergatik min gizon seme! Lürra biribil dük, heben eta han ba dük sorho berderik, heben ala han belhar goxua bardin dük gozo... Etzan adi gureki belhar gaiñen et'ase hadi ahaztez!...

        — Behi —behier nik erran nereien— eder eta zühür ziraie eta hun da ziekin izatea. Ni haatik gizon seme bat niz eta gizon enthelegü minez, min düt... Beha zitie; ene anaie bat lehen, zien gana jin zen, jinko-gose, ziek jinkosatzea. Galdü düt anaie hori, galdü düt ene gosea. Erradazie othoi! berriz edireiterik ta anaie besta berririk badatekia geruan?

        Behiek ez zien aldi huntan arrapostü eman —bena luze

lüzaz ere so egin eni. Eta hen begitan ezagütü nian... errikarkaza handi, ixil bat. Ordian nik ere erri egin nien behieki batetan. Belharraen gaiñen etzan nintzan, haien artian, goizeko ekhiak, bere ebi odei-oheti jaitxirik argitzen güntialarik belhar-sorho, behiak eta ni.

Züberuan 1951

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.