Txoriontasun
J. Mirande
Egun batez nuelarik
Biotza txit gaixoa
Edanikan geiegitxo
Eusko-ardo goxoa,
Entzun nuen oianean
Kantuz eusko-xoxoa.
Pino baten adar-puntan,
Pino sendo, jasoa,
Jarria zen, ta nik hara
Eman nuen pausoa
Hurbildikan entzutekotz
Kantan eusko-xoxoa.
Euskeraz zuen kantatzen
Bere txori bertsoa,
Goraipatuz Lege Zarrak
Ta jainkoa, zintzoa
Baitzen pino hartan kantuz
Zegon eusko-zozoa...
Esan nion: "Ulertzen dut
Nekez zure mintzoa,
Hain delakotz jori, landu,
Sakon eta jasoa,
Bainan eder duzu botza,
Goitar eusko-zozoa!
Txoritxoa, gaua da ta
Illuna da basoa,
Ez al duzu beldurrikan?
Oi! ba letor otsoa?
"Jaunaz beste, deusen beldur
Ez da eusko-zozoa."
Esan nion: "Nor da ote
Zure jabe, xoxoa?"
Hark: "Euskotar ondrauren bat
Ez zatar ez atsoa
Eder, gazte... Izena du
Euskolastikatxoa.
Esan nion: "Biotza dut
Eroria, lazoa...
Zure kantak al ba leza
Berriz ezar jasoa!
Nai zaitut bai musuz bete.
Zato eusko-zozoa.
Estu nuen eni kontra
Txori polit gaixoa,
Eman nion egatxetan
Musu bero gozoa
Eta nere poz negarrez
Busti nuen xoxoa.
Esan nion: "Entzutekotz
Zure kanta gozoa
Beste pino baten ondo
Zai da nere auzoa,
Haren gana orain zoaz
Arin, eusko-zozoa! "
Egatu zen pinoz pino
Poztuz oian osoa,
Zeruraino jaikia zen
Eusko-pino-basoa...
Eta pino bakoitzean
Egondu zen xoxoa.
1961-2-8 I
|